Lilura lur gainean zein azpian

  • Aste honetan ez dugu ibilaldi zehatz bat proposatuko, baina ibilaldi labur eta atsegin asko eskaintzen duen ingurua aurkeztuko dizuegu. Euskal Herriko mendebaldeko ertzera joko dugu, Karrantzara. Bizkaiko udalerri zabalenaz ari gara; orrialde hauetan dugun lekua baino dezente zabalagoa, egia esatera. Horregatik, Enkarterriko haran eder honen iparraldea jorratuko dugu batik bat, eta gero gerokoak.

    Orain dela hilabete batzuk ere Karrantzari egin zion bisita Ihesi atal honek. Orduko hartan, Kantabriatik doan bidea gomendatu genizuen bertara iristeko, eta honako honetan berretsi egingo dugu gomendio hori. Gure esanari jaramon eginez gero, haitz handi biren arteko arroilan aurkituko duzue Euskal Herrira ongi etorria opa dizuen errotulua. Ezkerreko haitzean, hain zuzen, gure lehenengo geltokia dago: Pozalaguako leizea.
50 herrixka inguruk osatzen dute udalerria, 138 kilometro koadroko haranean zipriztinduta. Errepidean aurrera, Las Cadenas aurkituko dugu lehenbizi, eta ia berehala Pozalaguarako bidea iragartzen duen seinalea. Ezkerretara egin behar da, esan dugunez. Eta gora. Bide erdian Ranero auzoa pasa eta handik aurrera bidea estutu egingo da baina berehalaxe helduko gara Pozalaguako aparkalekura.

Autoa utzita, alde batean jatetxea dugu, eta metro batzuk harago, begiratokia. Ia Karrantza osoa ikus daiteke bertatik, eta zer ikusten ari garen azalduko digu bide batez, horretarako jarritako panelak. Zinez merezi du minutu batzuk behatze lanetan ematea.
Behatokian gaudela, Ordunteko mendilerroak galaraziko dugu Karrantzatik harago ikustea. Hori da udalerriaren hegoaldeko muga, eta bertan dira Bizkaiko mendirik garaienetako batzuk. Iparraldean berriz, egitura karstiko ikusgarri batek egiten du Kantabriarekiko muga. Karst horretan urak egindako lanik ezagunena, hain zuzen, Pozalaguako kobazuloa da, Ranero haitzaren erraietan eraikitako naturaren miraria. Goazen, bada, haren atariraino.

Munduko leizerik “eszentrikoena”

Pozalagua 1957an aurkitu zuten, ezustean, alboko harrobian lanean zebiltzan langileek. Aurten 50 urte beteko dira beraz, eta hainbat ekitaldi antolatu dute hori gogoratzeko. Harrobia, bestalde, lo dago aspaldidanik, leherketek arriskuan jartzen baitzuten leizearen egitura.

Zerk egiten du ospetsu Pozalagua? Zalantzarik gabe, munduko estalaktitarik bitxienetakoak bertan egoteak. Estalaktita eszentrikoak, hain justu. Leizearen erdian dagoen aretoko sabai osoa betetzen dute, eta esan liteke grabitatearen legeari aurre egin nahi diotela, jaio ostean gorantz itzultzen baitira, era guztietako itxurak hartuz, elkarrekin korapilatuz eta batzuetan, ostera ere, sabaiarekin elkartuz. Munduan halako estalaktita gehien daukan kobazuloa omen da Pozalagua.

Berriz kalera irtenda, eta jatetxe ondora hurreratuta, Armañongo parke naturalaren zati handi bat ikus dezakegu. Orain gutxi hala izendatua, Karrantzako iparralde osoa hartzen du, Raneroko haitzetatik El Sucesoko elizaraino, eta baita Turtzioz herriko zati bat ere. Haranaren alde honetan abeltzaintzak ez du izan beste leku batzuetan adinako indarra, eta horrek eragin du ingurunea hobeto gorde izana. Aipatzekoa da, Armañon barruan, Sopeñako artadia, labar baten magalean. Labar horrek ipar haize hotza sartzea galarazi eta eguzkiaren beroa gordetzen du. Hala sortu den mikroklima bereziak ahalbidetu du mediterranear erako artadi ederra jagotea mendiak.

Paules eta Biañez

Paules herritik abiatu gaitezke Sopeñako artadira. Txango labur eta erraza da, hasierako kilometroak betoizko bide batetik egiten dituena. Paulesera heltzeko, berriz, Pozalaguatik jaitsi, errepide nagusiarekin bat egin eta aurrerantz jarraituko dugu. Ambasaguas herria zeharkatu eta gutxira, El Callejo auzoan, ezkerretara igoko gara, Karpin abentura parkera doan bidetik. Karpinen, bide batez, hamaika piztia ikusi ahal izango ditugu, nolabaiteko askatasunean. Leku zoragarria umeentzat. Pare bat kilometro gorago dago Paules, Enkarterrietako arkitektura ale eder batzuk erakutsiko dizkigun herrixka lasaia.

Paulesera doan bide berean, baina Karpinera iritsi baino lehenago, Biañez dago. Bertan, elizak dira azpimarratzekoak. Eliza berria herri barruan dago, eta XIX. mende amaieran hasi ziren eraikitzen, Romualdo Chavarri indianoak emandako dirutzari esker. Chavarri, Puerto Ricon aberastutako biañeztarra, berez zen eskuzabala eta herri-lan ugari finantzatu zituen, baina eliza berriari dagokionez asmo berekoiagoek bultzatu zuten poltsikoa arintzera: ordurako debekatuta zegoen inor tenplu barruan ehorztea. Chavarrik bere herrikoan hilobiratu zezatela nahi zuen ordea. Horretan tematuta, eliza berria eraiki zuen zaharraren jabegoa eskuratzeko asmoz. Baita lortu ere. Gaur egun, Chavarriren gorpuak, –haren ondorengo batzuenak ere bai–, Biañezeko eliza zaharra du atsedenleku. Herrira heldu baino apur bat lehenago, ezkerrean, ikusiko duzue.

1989an, eliza zaharra berriztatzen ari zirela, Errenazimenduko margoz betetako horma bat geratu zen agerian; 92 metro koadro guztira. Orain dela lau urtetik hona, erlijio-ondareaz arduratzen den elkarte batek eliza zabaltzen du larunbat, igande eta jaiegunetan, bisita gidatuak egite aldera. Atarian, Romualdo Chavarriren estatua batek egiten digu harrera, ikur masonikoz gainezka.

Berriro errepide nagusian, bospasei kilometro gehiago egin beharko ditugu El Sucesoraino. Hark adierazten du Karrantzaren ekialdeko muga. El Sucesoko amabirjinaren omenezko santutegia dago bertan, eta hari itsatsita, siamdar bikiak bailiran, zezen plaza zaharra. Santutegia XVII. mendean eraiki zuten, eta mende bat geroagokoa da bere barruko erretaula barroko ikusgarria.

Mundu oso bat lurpean

Armañongo parkeak gauza asko eskaintzen dio ikusmenari lurrazalean, eta baita lur azpian ere. Lehenbizikoen artean aipatzekoak dira zenbait trikuharri. Lurpean, berriz, ondare oparoa dugu zain, Pozalagua ez ezik. Torca del Carlista, esaterako, Europako osin-areto handiena da, eta munduko hirugarrena. Eta Sopeña inguruetan, leize baten barruan, EAEko osinik sakonena dago. Adibide batzuk baino ez dira.

Karrantzara sartu garen lekuan, Bizkaian gaudela dioen errotulutik oso gertu, Ventalaperra haitzuloa dago, aurre-historiako grabatu eta guzti. Santimamiñekoak baino 15.000 urte zaharragoak dira Ventalaperrako irudiak.

Horrelako altxorrek tentatu baizaituzte, lasai edonork dauka-eta espeleologia pixka bat egiteko aukera, iazko udan Udaletxeak irekitako Angela meategian, Matienzon. Meategiko bideek 30 kilometro baino gehiago dituzte, bisitarientzako ibilbideak bi eta erdi baino ez. Gidari baten laguntzaz, eta ordu eta erdiz, hainbat leku liluragarri ikusteko aukera izango duzue. Argia eta kaskoa bertako zaindariek emango dizkizuete; uretarako oinetako egokiak eta jaka ona norberak eraman behar ditu. Aurten, maiatzean dira meategia berriz irekitzekoak.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 20a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude