Txileko ametsak amesgaizto bihurtu zirenekoa


2005eko abenduaren 25an

Aymarek jarria omen da Mónica Echeverria eta bere alabaren aberriaren izena, Chilli (lurra bukatzen den lekua). Beste edozein lurralde bezala, aberats multzotxo bat eta milaka pobre ezagututako herria da. Noizean behin, sozializazio asmoak eta askatasun aireak ezagutu ditu, baina sarritan jende txiroaren nahi horiek porrotera bidali dituen norbait azaldu zaio, Mónica Echeverriak gogoratzen duenetik behintzat.

1920an sortu zen emakume hau, milioi erdi bat biztanle besterik ez zituen Txileko Santiago lasaian -egun, sei milioitik gora ditu, eta etxeorratzez eta kutsaduraz gainezka dago-. Etxe aberats samar bateko alaba dugu: José Rafael Echeverria Larrain, bere aita, aristokrata kontserbadore familia batekoa zen; bere ama, Flora Yáñez Bianchi, berriz, La Nación egunkari liberal eta aurrerakoiaren jabea zen Eliodoro Yáñezen alaba izaki, kulturari garrantzia handia ematen zitzaion giroan hazia eta eleberrigile ospetsua izan zen. Nolanahi ere, Eliodoro Yáñez aitonak zioenari men egiten omen zioten beti Mónicaren etxekoek, eta diktadura batek egunkaria kendu eta erbestera bidali zuenean, 1927an, berarekin joan ziren Frantziara senar-emazteak eta haien haurrak, Mónica barne. 1930. urte arte ez ziren berriz ere Txilera itzuliko.

Mónica Echeverriak gogoratzen duen haur eta gazte garaian, oligarkia zen Txilen guztiz nagusi. Hala ere, hiritartzat jotakoen artean baziren hain aristokratiko ez ziren batzuk ere, hain zuzen aristokratak gaizki ikusi eta siúticos deitzen zituztenak, eta gero behe erdi mailako funtzionarioak zeuden. Hauentzat guztientzat herri xehea -los rotos-, Txileko biztanleen %70a, hutsaren hurrengo baino ez zen. Soilik Salvador Allenderen Unidad Popular delakoak hartuko zituen kontuan.

Familia aberatseko alaba on bezala, ursulinetan ikasi zuen Mónicak, eta 1944an Fernando Castillo arkitektu gaztearekin ezkondu zen. Berak aitortzen duenez "txoriak bezala bizi ginen, inguruan genuen pobreziaz eta bidegabekeriaz guztiz axolagabe".

Baina ezin esan erabat tradizionalak zirenik, orduan ere: Mónicak unibertsitatean ikasi zuen -emakume oso gutxi joaten zen garaian-, antzerki munduan ere murgildu zen, eta seme-alaba txikiak zituela Espainiara etortzeko beka irabazi zuenean, senarra eta haurrak Txilen utzi eta itsasoaz bestalde urtebete pasa zuen mingain gaiztoek ziotenari kasurik egin gabe. Senarra baino ez omen zen egon ados bere erabaki harekin.

Carmen Castillo

Emakume ausart honen lehendabiziko alaba da Carmen Castillo. Ama ez bezala, oso gazterik hasi zen ezker muturreko taldeetan parte hartzen. 1967an Salvador Allenderen iloba batekin -MIReko (Ezker Iraultzailearen Mugimenduko) Andrés Pascal buruzagiarekin- ezkondu eta alaba bat izan zuen harekin; Unidad Popular-aren garaian Beatriz Allenderekin La Moneda jauregian lan egin zuen, eta Estatu kolpea gertatu zenean MIReko Miguel Enriquez buruzagiarekin klandestinitatean bizitzen jarri zen.

Allende lehendakari izandako garaia (1969-1973) berdintasuna eta askatasuna maite zutenen aro labur bezain itxaropentsua izan zen Txilen. Mónica Echeverriak eta bere senarrak Radomiro Tomic-en ezker kristau-demokraten aldeko botoa eman bazuten ere, Allendek irabazi ondoren haren alde jarri ziren bete-betean, bere klaseko asko ez bezala. "Komunistei saldutako burgesak" zirela aurpegiratzen omen zieten haiek.

Allendek Balmaceda bezala

1973ko irailaren 11 iritsi zen ordea, hau da, AEBek eta Txile bertako oligarkiak CIAren bitartez, militarrak xaxatuz lortutako militarren kolpea, milaka txiletar hil eta lurraldean maila sozialean lortutako aurrerapen guztiak erabat ezabatu zituena. Herriak bere esku utzitako agintea militar doilor haiei eman baino lehen bere buruaz beste egitea nahiago izan zuen Salvador Allende lehendakariak -El vuelo de la memorian Mónica Echeverriak gogoratzen du antzeko egoeran hildako beste lehendakari txiletar bat, Balmaceda (1886-1891), gizarte lege aurrerakoi batzuk ezartzen saiatu, erantzun gisa gerra zibila piztu, eta porrotaren aurrean bere buruaz beste egitea erabaki zuen lehendakaria, hain zuzen. Allendek askotan ekartzen omen zuen Balmaceda kontura-.

"Milico"en sarraskiaren aurrean, ihesari eman zion ahal izan zuen guztiak, salbu MIReko partaideek. Izan ere, marxista-leninista, troskista eta libertario jendea batzen zuen mugimendu iraultzaile honek Txilen jarraitzea eta bertan etsaiari aurre egitea erabaki baitzuen. Izu giro hartan, gutxi batzuen laguntza baino ez zuen eskuratu, haien artean Mónica Echeverriarena eta, harrigarriagoa dena, honen amarena. Nahiko aristokratikoa ei zen emakume hau, eta seme-alabentzat egolatra samarra ere bai, baina bere MIReko bilobak estuasunean ikusi zituenean haietako bati -Cristian, Carmenen anaiari- laguntzea erabaki zuen. Kontua da halako batean "milico"ak bere etxean sartu zirela, eta emakumea atxiloturik eraman zutela, 85 urte bazituen ere. Geroztik ez zituen bere klaseko Pinochet zaleak asko maite izan, jakina.

Ama bahitu zuten hartarako, Mónica eta bere senarra erbestean ziren, Ingalaterran. Eta hantxe jakin zuten 1974ko urriaren 5ean gertatu zena: "milico"ek bere alaba eta Miguel Enriquez bizi ziren ezkutalekua aurkitu zutela, haiei aurre egin nahian gizona hil egin zutela, eta haur esperoan zegoen Carmen atxilotu -jasandako torturen ondorioz galduko zuen umea emakumeak-.

"Bakoitzak bere atzerria bizi du"

Bere gurasoek Ingalaterran eta munduko beste bazter askotako lagunek bakoitzak bere lekuan egindako presioaren eraginez lortu zuen Carmen Castillok militarren eskuetatik libratzea eta Ingalaterrara atzerriratzea. Baina laster joan zen Parisera bizitzera. Gaur egun bertan bizitzen jarraitzen du.

Dena den, Paris bizileku bazuen ere, Europako makina bat hiriburu bisitatu zituen Carmen Castillok garai hartan, Txileko erresistentziarentzat laguntza eskean. Unetik unera, ordea, okerrago sentitzen zen berarentzat itxurakeriatik gertu zegoen "alargun heroikoa"ren paper hartan, are gehiago Beatriz Allende lagun kuttunak bere buruaz beste egin eta atzerriko kide askoren artean ikusi zuen erantzunaren ondoren. Orduan ekin zion Miguel Enriquezekin bizitako azken egunak azaltzen dituen Un día de octubre en Santiago liburua idazteari. Emakume honen iritziz, ez dago atzerri bat, erbesteratu bakoitzak berari dagokion atzerria bizi du. Eta berearen zarrasta behintzat garbiki azaltzen du El vuelo de la memorian.

Pinocheti umorez aurre eginez

Mónica Echeverria, Fernando Castillo eta bien seme-alaba gazteenak 1978an itzuli ziren Txilera. Militarren diktadura puri-purian zegoen, eta Unidad Popular-aren garaiko alaitasun guztia erabat deserroturik. Poliki-poliki, lehendabizi Mapoche Kultur Elkartean, eta gero Mujeres por la vida-n aurkitutako lagunekin hasi zuen Mónicak Pinocheten erregimenaren aurkako erronka. Errepresio giro hartan beste askorik ezin zela egin-eta, umore beltza erabiltzea erabaki zuten lagun hauek. Adibidez, zerri bat Pinochet generalaren trajearekin jantzi eta Santiagoko kaleetan laster bizian korrika jarri zutenekoa. Garai honetako eta geroztikako pasadizo franko azaltzen ditu Mónica Echeverriak liburuan, hala nola 1983az geroztik burutu ziren greba orokorrak eta manifestazioak, Manuel Rodríguez Fronte Abertzaleak Pinochet hiltzeko egindako saiakeraren porrotak izan zituen ondorioak, Txileren jaun eta jabe zelakoan erregimenak bere alde antolatutako plebiszituan ezezkoak irabaztea nola lortu zen, eta haren ondoren jasan izan behar izan zuten -eta, tamalez, oraindik duten- "demokraziarantz doan trantsizioa".

Torturak behea joarazitakoak
Carmen Castillok Un día de octubre en Santiago eta Ligne de Fuite liburuak idazteaz gainera, dokumental asko eginak ditu Nikaraguak, Mexikok, Kolonbiak, Portugalek eta Txilek bizi duten errealitateaz. 1993an Cannes-eko urrezko FIPA, eta beste hainbat sari ere irabazi dituen La Flaca Alejandra filmaren zuzenketan parte hartu zuen. Doku-drama horretan "milico"en torturak behea joarazi zuen MIReko emakume baten benetako lekukotza agertzen da. Emakume horrek Pinocheten zerbitzu sekretuekin lan egin zuen urte askoan, bere kide izandako makina bat gizon-emakume salduz. Azkenean, ordea, bereganatu zuen DINAkoekin hausteko eta biktimen familiartekoen zerbitzura jartzeko adina ausardia.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude