2000 ARGIA: Titaniozko jauregia... eta prezintozko kaiola

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Euritako arropaz jantzitako gazte batek egin zion tiro Ordoñezi. Baina horrek euritako arropaz jantzitako edozein gazte susmagarri bihurtzen al zuen? Bada, antzeko logika erabilita ekin zion Baltasar Garzonek 18/98 sumarioari, ETAren usaina bazter guztietan hartzeko ahalmen berezi horrekin. Bere usaimenak Hernaniko Eziago Poligonora eraman zuen, Polizia Nazionala lagun, eta Egin egunkaria eta irratia itxi zituen. «Gogorra bezain gordina eta batez ere, erreala» idatzi zuen Xabier Letonak ARGIAn, gertatutakoa sinestea oraindik zaila zenean. «Espainiako ‘demokrazia gaztean’ itxi den egunkari bakarra» zioen segidan. Eta bakarra zen orduan, 1998ko uztailean. Bost urte geroago etorriko zen Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Eta tartean Joxemi Zumalabe Fundazioa, Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak... elkarte eta pertsona mordoaren izenekin gizendu zuen epaileak bere makrosumarioa. Lehen epaiketaren sententzia, Haika-Segirena, eman berri dute, baina Garzonen «obra» erraldoiaren amaiera ikusteko dago oraindik.

Ikusteko zegoen 1997ko uda amaieran Itoitzen eraikitzen ari ziren beste obra erraldoi baten amaiera ere. Bide politikotik ezinezkoa zela ikusita, urtegiaren aurkakoek epaitegietara jo eta emaitza positiboak lortzen ari zirela zirudien. 97ko irailean, Entzutegi Nazionalak urtegiaren lanak gelditzeko erabakia hartu zain zeuden. Itoizko Koordinakundeko Patxi Gorraiz baikor zen, Gontzal Agotek lortuko ote zuten galdetu zionean: «Nik uste dut baietz, gelditu behar dute. Hori bai, gelditzen dutenean, hasiko gara mota guztietako erantzukizunak eskatzen, penalak, politikoak...». Aldi berean, zuhur izateko arrazoiak ere bazituen «gai honen inguruan denetarik gertatu delako eta oraindik edozein gauza gerta daitekeelako».


Titaniozko etorkizuna

Hormigoizko hormatzarra baino estetikoagoa zen Guggenheim Museoa Bilbon eraikitzeko proiektua, baita ekologikoagoa ere. Eta, hala ere, aurkako iritziak ez ziren gutxi izan. Zein mesede egingo zion euskal kulturari atzerriko artistentzako museoa egiteko diru kopuru izugarria eskaintzeak? Lehen harria ipini eta lau urtetara, 1997ko urrian, inauguratu zen Bilboko Guggenheim. Eta badirudi titanioaren distirak mutututa utzi zituela kritikoak, eta bere obra inolaz ere bertan ikusi nahi ez zuen Oteizak berak museoarekin hitzarmena sinatuko zuen gerora.

Frank Gehryren eraikin futuristak etorkizunera begira jarri omen zuen gizartea. Baina gizarteak hobe zukeen poltsikora begira jartzea, etorkizunak euroa ekarriko baitzion berehala. 1997ko udaberrian Daniel Udalaitzek txanpon berriaren inguruko zalantza guztiak argitu zizkion ARGIAko irakurleari. «Prezioak igoko al dira?» galderari zera erantzun zion: «Teorian ez dago horretarako arrazoirik. Baina euro/pezeta edo euro/libera ganbiotik atera daitekeen prezioa bitxia gerta dakiguke. Adibidez, ogi batek 50 pezeta edo 3 libera balio baditu, eurotan 0,312 izango da bere balioa. Honen aurrean zenbait dendarik salneurriak gainetik borobiltzeko joera hartuko bide dute». Hori da borobiltzea, hori!

Baina etorkizunera begira jarri gintuena Internet izan zen. 1996an, nabigatzea itsasoan ibiltzea zela pentsatzen genuenean, ARGIAk froga bat egin zuen: bilatzaile nagusiak hartu eta Euskal Herriak sarean tokirik ba ote zuen ikertu zuten. Lycosek eman zuen ezustekoa: «200dik gora erreferentzia eskaintzen ditu Euskal Herriaren inguruan». Askok norberaren izen abizenak ipini eta erantzun gehiago lortzen ditu gaur egun. Zalantzarik ez dago Internetek jauzi izugarria izan duela -Asisko Urmenetak astero bere lana e-mailez bidaltzeraino!-.

Internet Aroaren hastapenetan, batzuk ia Harri Arora egin zuten atzera -eta hor daude oraindik-, Hondarribiko eta Irungo alardeetan emakumerik nahi ez zutela hitzetan eta ekintzetan aldarrikatuz. Idoia Estornes historialaria saiatu zen polemika gordinaren zentzugabekeria garbi azaltzen: Garibaik berak idatzita utzi zuen 1522ko jatorrizko alarde hartan emakumeek parte hartu zutela. Baina alferrik.

Eta alferrik izan ziren halaber 98ko iraileko itxaropen guztiak. Lizarrako adierazpena etorri zen lehenik; ETAren su-etena berehala. «Oraingoz bederen, ETAk berea egin du, Espainiako gobernuaren txanda da eta, ondoren, gainerako alderdi eta giza erakunde guztiena. Euskal gizarteak nekez ahaztuko luke bidean trabarik jartzea» zioen ARGIAko artikuluak. Baina trabak etorri ziren eta ez zen bakerik lortu. Agian Jon Idigorasek arrazoi zuen: «Bakea lortzeko hemen ez dugu kimika edo ingenieritzako Nobel saridunik behar, zentzu piska bat baino ez». ARGIAren 1.553. zenbakian esan zuen hori, eta 2000 zenbaki beharko dira gutxienez zentzu apur hori topatzeko.

Adsltzineko ARGIA (Asisko Urmeneta. 90eko hamarkada hasieran hasi zen ARGIArentzat marrazkiak egiten eta 96tik gaurdaino «Gora pro nobis» saila egiten du)

Mattin eta Morauren eskutik sartu nintzen ARGIAn; ronkalesan abiatu, eta autostopez itzuli, karpetatzarra besapean. Eta bai, 20 urte gazteago ginen orduan; gazte ginen, oneski errateko.
Iñakik eta Petrik hartu gintuzten bertan, eta nire komikiak onartu! Baldintza ekonomikoak ere aise pasatu ziren: ideia bat egiteko, oraiko eurotan, zero. Erran gabe doa onartu egin nuela tratoa, eta bilera amaiturik, ni Amara aldera, eta nire nagusi berriak kamionetaren deskargatzera. Gazte bai.
Horrenbertzez hasi nintzen ARGIAn kolaboratzen: 11:15etako ronkalesara ateratzen nintzen lasterka, tinta eta tipexezko azken ukituak airean idortzen, geltokirako bidean; eta leihatilan betiko lentedun ozpinerrekarekin sesioa, baizik eta berantegi zela, eta bla.
Bitonoak egiteko ere preteknologikoak ginen: orijinalaren fotokopia egin, -argazkia neologismo suizida onartu badugu, zerendako ez argazkikopia?-, eta haren gainean arkatz gorriz markatu bigarren tintaren esparruak. Mirakulua zitzaidan hurrengo astean ene lanak poliki argitaratuen usaintzea!
Aldizkariari koloreak hasi zitzaizkion loratzen, azalekoak hasmentan eta barnekoak gero, Pelloren gidaritzapean; eta ronkalesak fiteago eramaten komikia autobian barrena, leihatilan betiko lentedun ozpinerreka egonagatik ere. Eta Xamarrekin elkarlanean hasi nintzen Gora Pro Nobis horretan, eta bankuko kontuan sosak ere lili, eta kopetan ileak urri, eta ezpontzorren bat kexu marrazki baten gora behera, eta norbaitek interneta asmatu zuen, eta orain da orduan. Eta ARGIA ez bada zerbaitetan aldatu urte hauetan guztietan zerean da: aulki bat eta zenbait belarri pare aurkitu izan ditut beti, edozein proiekturen behatzeko. Zoroa izanagatik ere. Eta zenbaitzuk gauzatu izan ditugu jadaneko: I'am Pellot, Mantxut, Gartxot... eta ez dugu fini oraindik...
Zooorionak ARGIAkideoi, eta aunitz alez!

Eskerrik asko Euskal Herria (Jabier Salutregi. Argia, 1.681. zenbakia,1998ko uztailak 26)

Uztailaren 15a egun betza izan zen demokraziarentzat eta herri honentzat. Estatu espainiarrak, botereen arteko elkar jarduera susmagarrian, Euskal Herriaren zati bat mututzea erabaki zuen. Egineko Administrazio Kontseilu desberdinetako kideak izan diren hamaika pertsonen atxiloketak -ez zigorrak, ezta espetxeratzeak ere, atxiloketa soilak- egunkari honen eta Egin Irratiaren «behin-behineko itxiera» eragin zuen. Inork ez zituen Banesto eta Antena3 itxi Mario Conde atxilotu zutenean. Ezta espetxeratu zutenean ere. Entzutegi Nazionaleko eskaileratan gora eta behera ikusi dugu Polanko, auziperatua. Itxi al zen egun bakarrean El País? Ser irrati kateak utzi al zion igortzeari ordu bakar batez ere? Eta Canal Plusek?
(...) Horregatik da hau adierazpen askatasunaren aurkako erasoa. Euskal Herri osoan hedatzen ari den salbuespen egoera ezarri zaiolako Egini.
Ezerk ez gaitu harritzen. Ezagutzen ditugu Estatu espainiarreko buruzagiak, frankismoa ezagutu genuen eta azken bi urte hauetan berraragiztatzen ikusten ari gara. PPk, PSOEren laguntza eta IUren elkarlanarekin, gurutzada baten banderadun dakusa bere burua. Aritu dena «justizia» dela diotenen aurrean, Santa Inquisiscion zelako hura ere auzitegia zela gogora liteke.
Zergatik esker ona orduan? Herri batek horrelako une gaitzetan erakusten duelako bizirik dagoela.

Ez da harritzekoa (Joxemari Iturralde. Argia,1.1626. zenbakia, 1997ko maiatzak 25)

(...) Gauzak gaizki egin direlako. Adibidez, Guggenheim Museoaren kasuan. Begiratzea besterik ez dago nola erabaki eta baita aurrera eraman duten proiektu faraoniko hori. Hots, zer nolako dirutza gastatu den eta gastatzen ari diren (begira non geratu diren hasiera batean eman ziren diru-zifrak) zein garbitasun gutxi egon den prozesu guztian, nola batzuek aurrera eraman duten proiektua inolako kontsultarik gabe.
Denon dirua (denon zergak) eta gutxi batzuen kapritxoa, guztion diruarekin, baita botoa erabaki hori hartu dutenen partiduei ematen ez dietenarekin ere, baita botoa (abstentzioa dela-eta) inori eman ez diotenen (hauteskunde askotan ia ehuneko berrogeitamarreraino iritsi izan da) diruarekin ere. Hau da, tartatik zatitxo bat besterik hartu behar ez zutenek osoa hartu dute eta horrela egin dituzte gauzak, edozein eratan. Eta gauzak, jakina, horrela gaizki egin ohi dira.
Bestalde, Picassoren «Guernica» koadroa inoiz ekarriko balitz Euskalerrira esan beharrik ez dago Gernika hiria litzatekeela bere kokaleku bakarra eta ez Bilboko MacDonalds... barkatu, Mac Guggenheim museoa.

Gregorio Ordoñez hil du eta lurrikara eragin ETAk (Pello Zubiria. Argia, 1.515. zenbakia, 1995eko urtarrilak 29)

ETA Militarrak ez zuen parlamentari bat hil sekula. Frankismo garaiko politikarekin inplikatutako herritarrik bai, baina ez trantsizioaz geroztikakorik.
(...) Ajuria Eneko mahaiaren bileraren bezperatan gertatu da, Herri Batasunaren barne eztabaidaren erdian, Hegoaldeko instituzio gehienak erabakiko diren hauteskundeen atarian. Gertatu denak »latza izanik ere» erremediorik ez duelakoan ondorioak kalkulatzen eta irtenbideak bilatzen ibili ohi gara kazetariok. Ordoñezen hilketak kalkulu guztiak suntsitu dizkigu, eta galderatan murgilduta utzi.

San Martzialetako Alardea, edo lehendik pattal zebilena nola txartu (Idoia Estornes. Argia,1.582. zenbakia, 1996ko ekainak 16)

Ospakizun horrekin gogoratzen da izan zela Aldabeko haitzetan euskaldunen arteko gatazka gogorrik 1522an. (...) Eta hortxe sortzen da abertzaleen kezka: «Nolatan ospatu Aldabeko haitzetan nafarrek galdu egin zutela gudua, aldi berean Amaiurko gazteluan -'independentzia nazionalaren azken gotorlekuan'- ausardia eta erresistentzia goraipatzen badira?». (...) Tradizioa aldatu behar, ideologia berriei egokitu, Batailari justifikazio berriak bilatu.
(...) Milizia haiek sortu zirenetik gaurdaino izan du aldaketarik gizarteak. Eta horietan aipagarrienetakoa emakumezkoen plazaratzea izan da. Foru miliziak munizipalak zirenez, horretan ere festa egokitu beharrean gara, emakumezkoon zergak ere erabiltzen baitira hori ordaintzeko. Nola justifikatu biztanleriaren erdia festatik bazterrera uztea?
(...) Foru miliziak hartzea aitzakiatzat Alarde berria sortzeko ez dator bat egiarekin, baina balekotzat jo genezake. Emakumezkoak festa eremutik kanpo utzi nahi dituzte, ordea. Eta Garibai historialariak diosku zorioneko bataila hartan Irungo emakumeek ere izan zutela parte-hartzerik, guztiz erabakigarria gainera.
Tradizioaren aldaketa, Nafarroa eta antimilitarismoari dagokenez, onuragarria eta txalogarria izan da. Baina, zer dela-eta hainbeste gizon (eta emakume ere; matxismoak ez du sexurik) haserre eta asaldaturik Irungo emakumeek ere Alardean alaitsu desfilatu nahi dutelako, beren aurrekoek aspalditxo, 1522an, egin zuten modura?


Azkenak
Harrotasunez bete dituzte Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, E28ko manifestazioetan

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek... [+]


Rosa Zarraren familiak Atutxari eskatu dio “barkamena eskatzeko aukera” ez galtzeko

Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.


2025-06-30 | Behe Banda
Madril A, Madril B

Bécquer no era idiota ni Machado un ganapán… Hogeita hamabost gradutan eta Gabinete Caligari-ren Camino Soria entzunez igaro dut bidaiaren gehiengoa, errepide ertzean noizbehinka agertzen diren zezen beltz erraldoiei agur eginez. Laugarren orduan sartzear,... [+]


Irantzu Mugeta hil da, gerra zikinak kolpatutako antifaxismoaren sinboloa

Bere konpromiso politikoagatik eta unibertsitatean zuen militantziagatik, eskuin muturreko taldeen hainbat eraso pairatu zituen 1987 eta 1988 urteetan. Hemezortzi urterekin pairatu zuen lehen erasoa, Bilboko Santutxu auzoan bizi zen eraikineko igogailuan; geroztik, hiru eraso... [+]


Tentsioa eta liskarra Gasteizko Udaleko osoko bilkuran, herritarrek PPko zinegotzi Antépararen negozioak salatzean

Ekainaren 20ko osoko bilkuran, herritarren txanda baliatuta, hitza hartu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak, gasteiztar guztiei errolda eskubidea bermatzea aldarrikatzeko. Etxebizitza sareko kideek PPko zinegotzi Gustavo Antépararen negozioak ere salatu zituzten, eta... [+]


San Martzial eguna, Irungo Udalak elikaturiko marmotaren eguna

Irungo udal gobernua ez da gai izan 29 urte luzetan alardeari lotutako gatazka konpontzeko… ez duelako nahi izan, beste alde batera begiratu duelako, alarde baztertzailea babestea aukeratu duelako, ausardia politiko falta eta arduragabekeria instituzional itzela erakutsi... [+]


Oporretako plana

Ostirala da, bero handia egin du gaur ere. Baserriko lanak bukatu ditugu, belarretan egin dugu. Nekatuta, izerditan, berotuta, baina pozik! Denon artean lortu dugu, denok bat ekinda lana hobeto egiten da.


2025-06-30 | Nagore Zaldua
Itsaso bat zahagi gardenetan

Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe... [+]


2025-06-30 | Jakoba Errekondo
Zelai gorrietako gorbela eta patata

Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen zuena. Gorbel arrea eta gorbel gorria izaten ziren eta gu bezalako... [+]


2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe
Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin

Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena erabiltzea bultzatu nahi dugu, kanpoko... [+]


2025-06-30 | Uriola.eus
Ertzaintza auzokideei oldartu zaie Bilboko Alde Zaharreko familiaren etxegabetzean

Goizean goiz bildu dira ostiralean (ekainak 27) AZET Etxebizitza Sindikatuko kideak eta Alde Zaharreko auzokideak etxegabetzearen aurrean deitutako auzo erantzunera. Bi ordu baino gutxiagoan adin txikiko seme-alabak dituen familia bat etxegabetu dute Bidebarrieta kalean... [+]


2025-06-30 | Irutxuloko Hitza
Zortzi errefuxiatu familia etxegabetuko dituztela salatu du Donostiako Etxebizitza sindikatuak

Ostiral arratsaldean (ekainak 27) egindako agerraldian, Etxebizitza sindikatuak elkartasuna adierazi die etxegabetuko dituzten zortzi errefuxiatu familiei, tartean adin txikikoak daude, eta haien egoera salatu du. 


Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”

Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Eguneraketa berriak daude