Aznarren gobernuak prebarikatu al zuen BBVAko presidentearen alde?

  • BBVAko Akziodunen Batzar Nagusiak aurki egitekoa duen bilkura, antza denez, erakundearen egungo presidentearen kontrako ofentsiba handiaren erdian egingo da. Francisco Gonzalez, Ratoren eta Aznarren adiskidea, PPren gobernuak goratu zuen presidentzia horretara, bankuak Argentariarekin bat egin ondoren. Ofentsiba horren azken fasean, aurreko bere burtsa-enpresan egin zituen ustezko irregularitateak aztertuko dira, eta Aznarren gobernuak Balore Merkatuko Komisio Nazionalaren (CNMV) bitartez bere mesederako egin zuen ustezko prebarikazioa ikertuko da.

2005eko otsailaren 13an
Francisco Gonzalez, PPko gobernuak bere garaian eman zion sostenguari esker BBVAko presidentea dena, urakanaren begian dago orain. Noiz eta orain, otsailaren 26an Bilbon 2004ko ekitaldiari dagokion Akziodunen Batzar Nagusia egitekoa denean. Izan ere, milioi askoko mozkinen marka berria erakusteko aukera izango du. Hala ere, publikoki eta ofizialki egin beharko dio aurre presidentziatik erorarazteko duela hilabete batzuk abiatu den ofentsibari. Gonzalezek, BBVAko kopresidentziara iritsi zenean, aurreko goi-kargudunak erorarazi zituen, Emilio Ybarra eta Pedro Luis Uriarte buru zirela, eta orduan bezala, orain ere bada botika bera eman nahi dionik, kargutik botatzeko.

Ofentsiba

Bi dira ofentsiba horretako gertaera garrantzizkoenak: inbertitzaile-talde batek administrazio-kontseilua kontrolatzeko egindako saiakera eta FGk (Francisco Gonzalez) aurreko bere burtsa-enpresaren (FG Valores) gestioan egindako ustezko irregularitateak argitara ateratzea. Lehenik eta behin, inbertitzaile-talde batek, SACYR eraikuntzako enpresa buru dela, Euskal Herriko banku horren kapital sozialaren %5 bereganatu nahi du. Horrek administrazio-kontseiluan egoteko aukera emango lieke, baita presidentziara heltzekoa ere. Helburu horretarako, enpresa horrek baditu bere indarrak, baina, horrez gain, beharrezkoa gertatuko balitz ere, akzioetarako kolaborazioa hitzartua dauka BBVAko kontseilari ohi batzuekin; besteak beste, Pedro Ampuerorekin. Neguriko enpresari horren hurbileko norbaitek entzun dio FG "erorarazteko" gogoa duela esaten, hark kenarazi baitzuen, beste batzuk bezala, kontseiluko kargutik.

Akzioen arloko ofentsiba horrekin batera, azken asteetan, FGk bere aurreko burtsa-enpresan (FG Valores) egin zituen ustezko irregularitateak harrotu dira; hain zuzen ere, enpresa hori 1996an Merrill Lynch banku amerikarrari saldu zionean egin bide zituenak. Banku horrek salatu duenez, ingeniaritza finantzarioko operazio oso sofistikatua egin zuten, akziodunei "kontabilitatean gutxienez 800 milioi pezetako zorpekoa" ezkutatzeko bidea eman zuena. Horrexegatik, Merrill Lynchek dioenez, erosketako prezioa hasieran itundutako 12.000 milioi pezetetatik 2.000 milioira beheratu zuten (hasierako prezioa baino 10.000 milioi gutxiago). Halako egoera ikusita, banku amerikarrak uko egin zion sozietatea erosteari, eta operazioa FG Valores enpresaren aktiboak eroste hutsean geratu zen. Egoera hori 1996ko ekainean salatu zuten CNMVn (Balore Merkatuko Komisio Nazionala), PPko gobernuak FG Argentariako presidente izendatu eta handik gutxira. Garai hartan PPk kontrolatzen zuen CNMVk ez zuen inolako neurririk hartu orduan. FGk Juan Fernandez-Armesto abokatuaren esku utzi zuen gaia, eta hura izendatu zuten, hilabete batzuk geroago, CNMVko presidente.

Suntsitutako salaketak CNMVn

FGk argudiatzen du "kontabilitateko akatsak" baizik ez zirela izan, eta enplegatu bati leporatu dio erantzukizuna. Orain mahai gainean jarri den arazoa da azken aste hauek arte gaia ahazturik zegoela. Ezagutarazitakoan, orain PSOEko gobernuak kontrolatzen duen CNMVk ikerketa abiatu zuen, nahiz eta ohartarazi zuen horri buruzko edozein delitu honezkero preskribitua dagoela. Onartu zuen, hala ere, artxiboetan ez dela ageri gaiari buruzko inolako salaketarik, eta horrek bide eman dio salaketa hori bere garaian suntsitu egingo zutelako tesiari. Hori egia izanez gero, prebarikazioko delitu ustezkoa inplika lezake, CNMVren baitan FGren mesedetan egindakoa, eta ondorioz, Korrupzioaren Kontrako Fiskaltzara eraman liteke. Hala ere, oraingo CNMVk ofizialki "itxi" du kasua, hiru eguneko ikerketaren ondoren, argudiatuz ia ezinezkoa dela 1996an gertatu zena argitzea... Itxura guztien arabera, modu faltsuan itxi zen, eta beste fronte berri batzuk agertuko dira.

Zerikusirik izan al zuten FGk eta Aznarren gobernuak CNMVn artxiboak desagertzearekin? Edozein kasutan, BBVAko egungo presidentearen irudia, delituak preskribituak baleude ere, ez da hoberena euskal bankuko presidente izaten jarraitzeko. Eta, itxura guztien arabera, FGren erorketa seguruago gerta liteke orain azaleratutako gertaera horiengatik ezen ez SACYR bezalako inbertitzaile berrien bidetik. Jakina, FG PPren gobernuak jarri zuen BBVAko presidentzian. Eta, orain, PSOEren gobernua da BBVA kontrola dezakeena, zeren Argentaria, BBVrekin bat egin zuena, banku publikoa baitzen.


Lau urteko kartzela-zigorra eskatzen dute Ybarra presidente ohiarentzat
Dagoeneko jarri dute Madrilgo Auzitegi Nazionalean Emilio Ybarra BBVAko presidente ohiari eta banku horretako beste lau zuzendari ohiri ahozko ikustaldia egiteko data. Apirilaren 4tik 13ra izango da. BBVtik zetozen kontseilarien alde paradisu fiskaletan eratutako pentsio-funtsen ALICO kasu ezagunagatik dago akusatua Ybarra. Kasua orain urte batzuk atera zen iritzi publikora, eta krisi sakona sorrarazi zuen BBVAn. Emilio Ybarra Churruca, orduan BBVAko presidentea zena, eta haren presidenteorde eta kontseilari delegatua, Pedro Luis Uriarte, kargua uztera behartu zituen, Francisco Gonzalez kopresidentearen erabakiz. Fiskalak lau urteko kartzela-zigorra eta hamar hilabetez egunean 300 euroko isuna ordaintzeko zigorra eskatzen ditu. Beste kontseilari ohi batentzat eta hiru zuzendari ohirentzat ere hainbat zigor eskatu du, eta haiek ere akusatuen aulkian eseriko dira.

Ybarraren kalbario judiziala ez da hemen amaituko. Garzon epaileak beste prozedura bat dauka kontu sekretu batzuk direla medio eta Venezuelako hauteskunde kanpainan, 1998an, Hugo Chavez presidentearentzako BBVk jarritako 1,5 milioi dolar direla eta. Ybarraz gain segidakoak daude inputatuta: BBVko Pedro Luis Uriarte, Jose Domingo Ampuero eta Gervasio Collar kontseilari ohiak eta zuzendaritzakoak izandako Bastida eta Molinuevo.

BBVk Jerseyn zituen funtsak

Hurrengo judizio-ikustaldiak American Life Insurance (ALICO) aseguru-etxearen pentsio-funtsekin du zerikusia. 1987an eratu ziren zenbait paradisu fiskaletan, hala nola Jerseyn (Erresuma Batua), BBVtik zetozen kontseilarien alde, zein gero BBVAkoak izan baitziren, BBVk eta Argentariak bat egin ondoren. Jerseyra desbideratutako funts horien zenbateko osoa ia 20 milioi dolarrera iritsi zen (orduko 3.278 milioi pezeta), eta depositu bana eratzeko xedearekin egin zen. Depositu horien errentagarritasunaren kudeatzailea ALICO izan zen, Wilmington-goa (Delaware, AEB). Pentsio-funtsen helburua BBVtik zetozen eta fusioaren ondoren BBVAko Administrazio Kontseilura pasatu ziren kontseilari guztien diru-sarrerak konpentsatzea zen. Akusazio fiskalak dioenez, funts horiek bankuaren kontabilitatetik kanpo mantendu eta kudeatu zituzten. Eta, fiskalaren arabera, kontua ez zen Argentariako kontseilariei operazioa ezkutatzea bakarrik, baizik eta BBVren eta Argentariaren fusiotik sortutako BBVAko kontroleko departamentu berriek ez detektatzea.

Kasua Garzón epailearen eskuetara heldu zen, eta deklaratzera deitu zituen, ez Ybarra eta Uriarte soilik, baizik eta BBVtik zetozen kontseilari guztiak. Kontseilari horietarik gehienak erantzukizunetatik salbuetsiak geratu ziren, zeren, haien deklarazioetatik ondorioztatu zenez, ez zuten funts horiek eratu izanaren berri, eta erabili ere ez zituzten egin. Prozesatuak geratu ziren bakarrak inbertsio-funts horiek Jerseyn eratu zituena (Emilio Ybarra) eta kontseilari ohi bat (Juan Urrutia, funts horren parte bat erabili zuelako) izan ziren, BBVko hiru zuzendari ohirekin batera (funtsetan parte hartzeagatik eta haiek kudeatzeagatik): Jose Maria Concejo, Administrazio Kontseiluko idazkaria eta Luis Bastida eta Rodolfo Molinuevo, zuzendari finantzario ohiak).

Fiskalaren eskaerak
Akusazioa Antikorrupzioko David Martinez Madero fiskalaren esku egongo da. Auzitegiak apirilaren 4an eta 5ean galdekatuko du Ybarra. Lau urteko kartzela-zigorraz gain, 10 hilabetez egunean 300 euroko isuna ordaintzeko zigorra eskatzen dute Ybarrarentzat. "Faltsifikazioko eta administrazio desleialeko delitu sozietarioaz" akusatuko lukete, Jerseyko paradisu fiskalera desbideratutako bankuko funtsak (hogei milioi dolarreko baliokoak) ustez bidegabeki bereganatzeagatik. Zenbateko horretatik, betiere fiskalaren arabera, Ybarrak ia hiru milioi dolar bereganatu zituen, eta 1,2 milioitan finkatu zuen Urrutiarentzako konpentsazioa, zeinek zenbateko hori onartu baitzuen "bankuari kalte ekonomikoa ekarriko ziola jakinda". Urrutiarentzat, fiskalak bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eta lau hilabetez egunean 250 euroko isuna ordaintzeko zigorra eskatu du.

Bestalde, Concejok, fiskalaren arabera, "Ybarragandik espresuki eta pertsonalki jaso zuen BBVko kontseilari ohien konpentsazioak juridikoki artikulatzeko agindua, nahiz eta jakin fusioko akordioaren kontra zihoala erabat". Akusazio fiskalak dioenez, Concejok 465.000 dolar bereganatu zituen. Fiskalak Urrutiaren kondena bera eskatzen du harentzat. Akusazio fiskalaren arabera, beste bi zuzendariak izan ziren, Bastida eta Molinuevo, funtsak Jerseyn eratzeko operazio materiala burutu zutenak, Ybarrak aginduta. Bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eta lau hilabetez egunean 200 euroko isuna ordaintzeko zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude