Naval ontziolen erantzukizunak


2005eko urtarrilaren 16an
Sestaoko Naval ontziolen berehalako etorkizuna honezkero erabakita dago: pribatizazioa eta langileriaren izugarrizko murrizketa 52 urtetik gorako langileak dagokiena baino goizago jubilatuz. Egia esan, aurreikusteko modukoa zen; behintzat, sindikatu guztiek bazekiten horrenbeste prozesuaren hasieran, "Naval publikoa" oihukatu eta suzko barrikadak egin arren. Akordioak Navalen nagusi diren CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du, eta CAT eta ELAk ezetsi dute. Langileen gehiengoak berretsi egin du. Akordioak, aldiz, ez du ezer esaten enpresa laguntzaileetako langileei buruz. Horiek dira euskal ontzioletako krisiaren benetako paganoak: ez aurretiko erretirorik, ez kontrapartidarik, langabezia besterik ez. Haientzat alferrik da Gizarte Asegurantza berean kotizatzea. Beste diskriminazio injustu baten aurrean gaude! Sindikatuek, berriz, entzungor egiten dutela dirudi.

Prozesu horretan guztian zehar, berriro ere nabarmen ikusi da euskaldunok ez dugula ez subiranotasun ekonomikorik, ez politikorik, erabakiak Madrilen eta Bruselan hartu direlako. Non galdu da hauteskundeetako marketingak erakarri zuen argazki hura? Enpresa batzordea, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, legebiltzarreko kideak, PSOE salbu, baina Alderdi Popularreko kideen presentziarekin, agintean egon ondoren ontziolen egoeraren funtsezko erantzulea izan arren. Zer egin du Eusko Jaurlaritzak, hauteskundeetako argazki eta ontziolen izaera publiko espainiarra eskatzeaz gain, bere politika neoliberal eta pribatizatzailea hain begi bistakoa denean? Zergatik ez du urrats sendorik egin euskal ontziolen kontrolaren jabe egiteko? Euskal sindikatuak, bestalde, Naval ontziolen izaera publikoa eskatzerakoan, nahiko anbiguoak izan dira. Ohikoez gain, jarduera militarrak ere izan zitzakeen ontziola euskaldunak nahi al zituzten? Izan ere, horixe baita gaur egun Espainiako ontziolek duten alderik errentagarriena. Hala ere, ez dute horri buruzko hitzik esan prozesu osoan zehar. Oso beharrezkoa izango zatekeen baina.

ELA-LAB, aurrez aurre

Mugimendu sindikalistak ez du batere modu onean hasi urtea. ELA eta LABen artean ageri diren liskarrak dira horren seinale. Azkena Gipuzkoako Metalaren hitzarmenaren sinadurak eragin du: Rafa Diezek CCOO eta UGTrekin batera adostu zuen, ez, ordea, ELAk. Halako ekintzen ondorioz, Elorrietaren sindikatuaren zuzendaritzak argi adierazi du LABek batasun sindikaleko estrategiak garatu dituela abertzaleak ez diren beste sindikatu batzuekin; Diezen sindikatuak, aldiz, etengabe ezeztatu izan du halako harremanik. Sakonera handiko zerbait gertatzen ari da Euskal Herriko bi sindikatu abertzaleen arteko hartu-emanetan. Edozer dela, Euskal Herriko langileen hobe beharrez eta gure herriak etorkizunik izan dezan, ezinbestekoa da urruntasun eta liskar dinamika hori etetea. Herrialde honek bizi duen une historikoak era guztietako sakrifizioak eskatzen ditu. Aski ezaguna baita ELA eta LABen arteko batasuna ezaugarri erabakitzailea izan zela Lizarra-Garaziko prozesuan, baita espektro politiko abertzalea errotik aldatzeko ere. 140.000 kidek (105.000 ELAkoak) gure gizartean etorkizunerako edozein ekimenek behar duen funtsezko babesa eman dezakete. Era berean, ELAk azken adierazpen eta kanpainetan hainbestetan azpimarratu dituen kapitalismoaren eta boterearen aurkako zehar-lerroak, ezin mespreza daitekeen LABen sindikalismoarekin lotzeko aukera ezin hobea dira. Potentzial sindikal eta politiko hori guztia uretara botatzea abertzaletasunaren aurkako ekintza suizida besterik ez litzateke izango. Batzuek zein besteek egungo egoera birbideratzeko ahalegina egin beharko lukete.

BBVA-ko «erasoaren» zenbait gako

Ez da lehenengoa izan eta ziurrenik ez da azkena izango. Lerro hauek idazten dihardugula, ezin jakin genezake zehazki zein izango den iragan den hilean zenbait inbestitzailek abian jarritako BBVAko prozesuaren azken emaitza, ziurrenik otsailean izango den hurrengo batzar orokorra baino lehen argituko den arren. Gure informazio-iturrien arabera, honako hauek dira prozesuaren gakoetako batzuk: lehenik eta behin, PSOEren Gobernuak interes berezia azaldu du BBVAren zuzendaritza bere konfiantzapeko pertsonei itzul dakien; izan ere, gaur egungo presidentea den Francisco Gonzalez, FG, Ratoren laguna, Alderdi Popularraren Gobernuak goratu baitzuen. Bestalde, BBVAko kontseilari ohi batzuek ere gobernuak besteko interesa azaldu dute FGri kalerako bidea erakuts dakion, presidenteak berak, denen buru Pedro Ampuero zela, lehenago kontseilari taldetxo honi egin zion modu berean. Hirugarren gakoa: Sacyr-Vallehermosok aurkeztu nahi duen kapitalak, Ampuerok koordinatutako zenbait akzionistaren akzioekin batera, bankuaren kapital sozialaren %5 gaindi lezake eta horrek administrazio-kontseiluan parte hartzeko eskubidea emango lieke. Laugarrena: zenbaiten ustez, operazio guztiaren burua La Caixa omen da. Eta bosgarrena: hurrengo presidentea Alderdi Sozialistaren konfiantza osoa izango lukeen Pedro Perez izan liteke, Espainiako Bankuko kargu ohia. Hala ere, batzuek egungo kontseilari delegatua eta gestore ona den Goirigolzarri ikusten dute presidente; horrela, ez litzateke kargu jarraitasunik etengo eta bide batez, bere abizen euskaldunak beste interes politiko batzuen mesedegarri izango zatekeen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ontzigintza
2021-03-10 | ARGIA
La Navalen likidazioa beste urrats bat da Ezkerraldeko desindustrializazioan, ELAren ustez

ELAk salatu du La Navalek jasan duen desegite eta likidazioa, eta berentzat, amaiera ez da ezustekoa. "Gasteizko Gobernuaren industria-politika ez da existitzen, eta Ezkerraldea desindustrializatzen ari da", adierazi dute.


Euskaldunaren kolapsoa

Abenduaren 1ean, duela 35 urte, Euskaldunako langileen emazteek 24 orduko itxialdia egin zuten. Itzaleko borroka horren lekuko da Nosotras las mujeres de Euskalduna dokumentala. Euskaldunako beharginek egunak zeramatzaten poliziari ahal zuten guztiarekin aurre egiten... [+]


2019-03-05 | ARGIA
La Navaleko 173 langileak kaleratu ditu epailearen ebazpenak

Sestaoko (Bizkaia) ontziolako enpresa zuzendaritzak jakinarazi duenez epaitegiak igorri du ebazpena, zeinaren arabera langileak La Navaleko behargin izateari utzi dioten otsailaren 28az geroztik.


Arcelorrek zazpi eguneko lan-erregulazio plana iragarri du 2019rako

Espainiako Estatuko lau lantegitan eragingo du; tartean, Etxebarrin eta Lesakan. Datorren urtarrilean, otsailean eta martxoan izango da.


"Prestige"-ren hondamendiak 1.500 milioiko kalte ordainak izango ditu

Inoizko hondamendi ekologiko handiena eragin zuen gertakariaren auzia erabat amaitu dela adierazi du Gorenak. Espero baino hiru aldiz gehiago da kalte ordainen zenbatekoa.


Eguneraketa berriak daude