1934ko Urria, Gerra aurreko langileen altxamendua

  • Urria iraultzarekin lotu izan da beti: boltxebikeek urrian "botere guztia Sobietentzat!" aldarrikatu zuten eta urriaren lehen batean berriz, Maok Txinako Errepublika Popularra sortu zuen. Urriari oldartze lurrina dario eta lurrin horrekin busti ziren orain 70 urte Asturias, Katalunia eta baita Euskal Herria ere. Ez ziren idealista fanatikoak, langile arruntak baizik. Beti amestutako gizartea gertu zela ikusi zuten eta horregatik irten ziren kalera.

1934ko Maiatzaren 1a Eibarren.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urte horietan ez zen giro Europan. Sortu berria zen Sobiet Batasunak, mundu guztiko ezkertiarrak esnarazi zituen "sozialismo errealaren" alde apustu egiteko. Baina modu berean, herrialde askotan autoritarismoak boterea hartu zuen, Mussoliniren faxismoa eta Hitlerren nazismoa kasu. Espainian, kontserbadoreek ez zuten sekula 1931ko II. Errepublika onartu, bertako politikan parte hartu zuten ordea eta 1933an hauteskundeak irabazi zituzten, aurreko gobernu ezkertiarraren ekimenak atzera bota eta berriro ere neurri atzerakoiak eta autoritarismoa bultzatuz. Alderdi ezkertiarrek, gobernu eskuindarrak faxismorako bidea hartu zuela uste zuten eta horren aurrean, "iraultza osorako" garaia heldu zela.

Iraultzarako deia Espainiako Estatu guztian zabaldu bazen ere, Asturiasen bakarrik nagusitu zen. Horretarako badago azalpenik: lurralde honetan anarkistek iraultzara jo zuten baita ere, gainerako lekuetan ordea CNTk »sindikatu anarkista printzipalenak»- ez zuen ofizialki parte hartu. Urriaren 5ean, meatzari asturiarrak probintziaren jabe egin eta Oviedo setiatu zuten. Ejertzitoak, dinamita eta fusil zaharrak besterik ez zituzten 30.000 bat langileei gogor erantzun zien; aste baten buruan ehunka langilek eta hainbat soldaduk bizia galdu zuten borroka haietan. Harrezkero, Asturias mito bilakatu zen, langile iraultzaileen mito.

Katalunian, iraultzak beste era bateko izaera izan zuen. Madrilgo gobernu kontserbadore harekin, 1932an lorturiko Autonomia Estatutua garatzeko aukera gutxi zutela ikusi zuten; horregatik, urriaren 5ean grebarako deia zabaldu zenean, Companys presidenteak "Kataluniako Errepublika" aldarrikatu zuen, baina langile katalanen artean nagusi zen CNTren laguntzarik gabe ezer gutxi egin zezakeen mugimendu horrek. Ondorioz, Generalitateko kide guztiak kartzelaratuak izan ziren, Companys barne.

II. Errepublikako Euskal Herria

Gizarte gatazkak Euskal Herria ere harrapatu zuen eta ez nolanahi gainera. Gaztaka honetan hainbat funtsezko elementu aurki ditzakegu: erlijioa, abertzaletasuna, nafar eta arabar karlismoa, industriguneetako sozialismoa... 1931ko hauteskundeetan eskuindarrak garaile irten ziren arren »EAJ hauen artean», sozialistek hiriguneetan emaitza onak izan zituzten. Lehen urte horietan erlijio borroka sutsuak sortu ziren bi sektore hauen artean; 1931ko uda hartan, Ezkioko birjinaren ustezko agerpenek fedearen inguruko afera agerian utzi eta arazo sozial sakon bat zegoela erakutsi zuten. Tartean beste auzi bat zegoen gainera: Estatutua.

1931tik abertzaleak Autonomi Estatutu baten eskean ibili ziren, lehenik alderdi kontserbadoreekin eta gero ezkertiarrekin; batzuen eta besteen trabak zirela-eta, 1933a arte ez zen erreferendumik egin "Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian baiezkoa irten zen, Nafarroan berriz ez zen galdeketarik egin, udalen oposizioagatik". Baina Madrilgo gobernu eskuindarrak ez zituen emaitzak onartu eta gainera Kontzertu Ekonomikoak bermatzen zuen ardoaren zerga kendu nahi izan zuen, Euskal Herriko udalen altxamendua eraginez. Gauzak horrela, 1934tik euskal abertzale eta espainiar eskuindarren arteko tentsioa izugarri handitu zen.

Errepublika ezarri zenetik Araba eta batez ere Nafarroako mendiak errekete karlisten maniobren testigu izan ziren, altxamendu faxista gauzatzen zenerako zain. Nafarroan karlismoa erabatekoa zen, Erribera ezkertiarrean izan ezik, jornalarien feudo. Sektore ezkertiarrak, euskal abertzaletasunari eta karlismoari kontrajarri nahian, bizitasun handia erakutsi zuen urte hauetan. Industriguneetan gehiengo ziren eta beraz, Euskal Herriko hiri garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten. Euskal sozialistek Indalecio Prieto buruzagi bilbotarraren moderazio eta lasaitasuna erakutsi zuten, baina 1933ko hauteskundeetan izandako porrotaren ondoren, ezkertiarren jarrera gogortu egin zen, iraultzarako ateak zabaldu zituzten.

Bilboko San Franciskon grebalarien atxiloketa.
1934ko urria: garaipena Eibar eta Arrasaten

Batez ere sozialistek antolatu izanagatik »ezkertiarren artean pisu gehien zutenak baitziren», logikoa da hauek gehiengo ziren lekuetan iraultzak nolabaiteko arrakasta izatea. Horrela gertatu zen Eibarren, Errepublika aldarrikatu zen herrian. Tradizio sozialista handikoa dugu Eibar, armagintzako industriaren zamagatik ezaguna »iraultza egiteko arma asko bertatik lortu ziren». Iraultza hasten zenean jarraitu beharreko pausoak eta kontsignen zerrenda aspaldi iritsi ziren herri honetara. Aste batzuk lehenago, militante askok Kalamua mendian tiro praktikak burutu zituzten eta farmazeutiko sozialista batek egindako "Jotake" izeneko suzko lehergailuz ere hornitu ziren; arma hauek guztiak hilerrian ezkutatu zituzten.

Urriaren 4ko arratsean, hurrengo egunsentian greba orokorra eta iraultza hasteko agindua jaso zen Donostian eta Eibarren. Deialdia haizea bezala zabaldu zen taberna eta leku ezagunenetan. Urriaren 5eko goizaldean lehen tiroketak hasi ziren, Eibarren iraultzaileek Armeria Eskola, udaletxea eta herri gune guztia bereganatu zuten; Guardia Zibila berriz, bere kuarteletik irten ezinik egon zen ia egun osoan. Tiroketa eta borroka hauetan hainbat iraultzailek bizia galdu zuten, baita borrokarekin zerikusirik ez zuen pertsona batek ere. Carlos Larraña enpresariari berriz "Eibarko tradizionalista ezagun bat" miliziar batek nahigabean tiroa jo zion eta egun batzuk beranduago hil zen.

Orduek aurrera egin ahala, egoera larrituz joan zen, arma-lantegi eta egoitzetara egindako erasoak gero eta bortitzagoak ziren, gainera, iraultzak Espainiako Estatuan porrot egin zuela ohartu ziren eta Donostia nahiz Bilbotik bidalitako Asaltorako Guardiak laster bertan izango ziren altxamendua zapaltzeko. Urriaren 5eko ilunabarrean Toribio Etxeberriak, sozialisten buruak, errenditu egin zen Guardia Zibilaren kuartelean eta berarekin batera beste 170 matxino atxilotu zituzten.

Eibarko grebalarien aurkako epaiketa.

Arrasaten, abertzaleak gehiago baziren ere, Unión Cerrajera eta beste zenbait lantegitako langileen indarra ez zen edonolakoa. Horrek azalduko luke herri honetan, Eibarren bezalatsu, altxamenduak aurrera egin izana. Eibartik iraultza oihua heldu bezain laster, iraultzaileek puntu estrategiko guztiak eskuratu zituzten. Erresistentzi gune bakarra Guardia Zibilaren kuartela zen. Bando batean "Errepublika Sozialista" aldarrikatu eta berdintasun sozialaren aldeko neurriak hartu ziren. Baina ilunabarrerako, iraultzaren deskalabrua ikusi zen; infanteria herrian sartu eta hurrengo goizean sozialisten egoitza eraso zuen. Bertan ez zegoen inor ordea, denek inguruko mendietara ihes egin baitzuten ordurako.

Beste herrietako saiakera antzua


Euskal Herriko gainerako lekuetan iraultza armatuak eragin gutxi izan zuen, kasu gehienetan greba orokorrera jo zen, baina modu baketsuan. Dena den, zenbait gunetan armak hartu zituzten, Nerbioi ezkerraldean eta mehatze inguruetan esaterako. Portugalete, Sestao, Barakaldo, Triano, Zugastieta edo Galdames bezalako herriak langileen esku geratu ziren hainbat egunez, baina ez zen borrokarik burutu ia. Hernanin, urriaren 4ko gau hartan telefono operadorean eta tren geltokian lehergailuak jarri zituzten; poliziak berriz, udaletxea babestu behar izan zuen. Tolosan, hildako bat egon zen tiroketa baten ondorioz eta Pasaian arrain biltegiei su eman zieten; herri honetan gainera, urriaren 8an ejertzitoak 6 grebalari hil zituen.

Pasaian asaltoko guardiak eta Guardia Zibilak sei langile hil zituen tirokatuta.


Guztira, greba iraultzaileak eta ondorengo errepresioak 40 hildako eragin zituen. Greba pasiboak urriren 11 edo 12 arte iraun zuen eta Euskal Herriko leku gehienetan erabatekoa izan zen, baina borroka armaturako saiakera bere horretan geratu zen, porrota agerikoa zen. Urriaren 11n etenda zegoen garraio publikoa martxan jarri zen eta hurrengo egunean egunkari gehienak berriro kalera irten ziren. Kalean normaltasuna; kartzelan berriz, tortura eta kolpeak.

Erbestea, kartzela eta errepresioa


1934ko iraultza haren garrantzia ez da bakarrik gertakizunetan neurtu behar, ondorengo errepresioak ere eragin handia izan zuen hurrengo urteetako politikan. Euskal Herriari dagokionez, 1.500 atxilotu inguru egon ziren, hauen artean buruzagi ezkertiar gehienak »batzuk, mugaz bestaldean erbesteratzea lortu zuten arren». Presondegietan torturak eta tratu txarrak arrunt bilakatu ziren eta atxilotu asko gerra-kontseiluetatik pasa zituzten, urte askotako kartzela zigorrak ezarriz. Kalean, salbuespen egoerak hainbat hilabetez iraun zuen eta lantegietan berriz, langile ugari kanporatu zituzten; Arrasateko Unión Cerrajerako 92 kaleratzeak dira horren adibide.

Alderdi eta sindikatu ezkertiarrek "batik bat UGTk" gogotik ordaindu zuten iraultzan izandako parte hartzea. Beraien egoitzak eta egunkariak itxi, elkartzeko eta bilkurak egiteko eskubidea ukatu… azken finean, edozer ekimen burutzeko gaitasunik gabe geratu ziren. Baina errepresioaren atzaparretan ustekabean erori zenik ere izan zen, hori gertatu zitzaien iraultzan zuzenki parte hartu ez zuten talde anarkista eta abertzaleei. Talde hauetako kide asko, zuzendaritzari jaramonik egin gabe borrokara irten ziren »batez ere anarkistak, ELA-STVko militanteak eta ANV-EAEko kideak». Aitzakia horrekin, garaituen zaku berdinean sartu zituzten eta baita zenbait buruzagi abertzale atxilotu ere -Bizkai Buru Batzarreko zuzendaritza guztia esaterako, Agirre hauen artean zela-.

Polizia grebalarien aurka gogor aritu zen Bilbon.



1935 eta 1936 artean preso zeuden iraultzaileen askatasuna lortzeko amnistia mugimendu zabal bat sortu zen. Amnistia desiratua Frente Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazitakoan etorri zen, baina hilabete batzuk geroago, 1934an armak hartu zituzten preso askok berriro ere borrokara jo behar izan zuten, altxamendu faxistaren kontra egiteko.

Marcelino Orejaren hilketa
Arrasaten, egun osoan zehar, enpresari eta tradizionalista zenbait atxilotu zituzten, hauen artean Marcelino Oreja enpresaria »gaur egungo Mayor Orejaren ahaidea». Madrilen diputatua izan zen, politikari kontserbadoreen artean oso ezaguna, enpresari kristauaren eredua baitzen. "Lege zaharren" eta Estatutuaren defendatzaile sutsua izanagatik, abertzale eskuindarrek ere estimatzen zuten. Arrasateko langileen artean ordea ez zuen horrelako osperik, hauteskunde kanpainetan langile errepublikarren kontra jaurtitzen zituen esaldi gogorrengatik ezagunagoa zen, honela esan omen zuen behin: "… Errepublikar batek nire lantegiko lurra zapaldu baino lehenago, belarra jan beharko du. Nire etxean ez dago ogirik ezta lanik ere hauentzako."

Gasteiztik bidalitako infanteria tropak Arrasaten sartzear zirela, iraultzaileek politikari tradizionalista hil zuten, Ricardo Azkoaga enpresa administrariarekin batera. Hilketa honek eragin handia izan zuen, iraultza osteko errepresioa areagotu baitzuen; egun batzuen buruan, Orejaren ustezko hiltzaileetako baten zerraldoa aurkitu zen inguruko zoko batean.

Eusko Abertzale Ekintza
EAJk ez bezala, ANV-EAEk ez zuen sekula iraultza honetan izandako parte hartzea ukatu. Alderdi hau 1930ean EAJtik bereiztu zen, azken honek baino aurrerakoitasun eta justizia sozial handiagoa nahi zuen eta akonfesionaltasuna ere aldarrikatzen zuen. Errepublika garaian zenbait herrietan nolabaiteko garrantzia lortu zuen, batez ere Barakaldon. Segidako testigantza hau Santiago Zubiagak »Barakaldoko ANV-EAEko kidea» eman zuen 1984an eginiko mahai-inguru batean:
Alderdiaren jarrera
"Eusko Abertzale Ekintzak 1933an sozialistekin izan zituen liskarrak igaro ziren jadanik, zenbait tiroketa eta hildakoren bat egon ziren urte hartan. 1934ean EAEk, aurreko ezbehar horiek ahaztu eta urriko iraultzari ongietorria eman zion; moralki mugimendura batu zen, bere gazteei bertan parte hartzea debekatu gabe".

Barakaldo
"EAEko gazteak Eibar edo Barakaldo bezalako herrietan armarik gabe borrokatu ziren, piketeen bidez sozialistei lagunduz. Barakaldo EAEren sehaska eta nerbioa izan zen, militante gehien zuen herria, 1.250 inguru; bertan, alderdiak edozertarako prest zegoen gazteria zuen. Eusko Etxea egoitzak, iraultzan armarik gabe parte hartzea erabaki zuen eta piketeen bidez Asaltorako Guardien patruilei erasotzen genien".

Errepresioa
"Gure artean zenbait atxiloketa egon ziren, baina ez asko. Errepresio handiena, niretzako, Estatutuaren geldialdia izan zen, guk ezkerrarekin kolaboratu genuelako justifikatu nahi izan zuten hau".
(1984ko mahai-ingurua, IPES).

Gorrotoaren hazia
Urriko iraultzak, gorrotoz beteriko hondarrak utzi zituen gizartean. Bi talde oso ezberdinen ezinikusia areagotzeaz gain, gerra zibilerako erregai arriskutsu bilakatu zen. Honako bi dokumentu hauek, bi ideia kontrajarrien arteko amildegia nolako sakona zen erakusten dute:

Ezkerra: "...Bakea nahi dute eta gero iraultzaile deitzen digute: zer uste duzue, hipokriten moduan egunero mezara eta igandero jauna hartzera zoaztelako, zuen azpijoko eta doilorkeriak barkatuko zaizkizuela? Ez, Jesukristok ez zuen sekula hori predikatu. (...) Iritsiko da eguna Gora Askatasuna garrasiarekin batera, injustizia hauekin eta jazarri diguzuen boikotarekin amaituko duguna. Gora U.G.T!".
(Unión Cerrajeratik kanporatua izan zen langile baten eskutitza)

Eskuina: "...Arrasate eta Eibarreko hilketekin zikinduriko euskal lurrak, herri kristau eta zintzo honetan Internazionalismo marxisten orden kriminalak gauzatu nahi zuen profanazio iraultzailearen kontra oihukatzen du. (...) Kontrairaultzarako kandidatura honek, gure herriaren berezko protesta hau gizon-haragizko egin nahi du".
(1936ko hauteskundeetan "Koalizio kontrairaultzailea" izenpean aurkeztu ziren eskuindar espainiarren eskutitza)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2025-07-09 | Ahotsa.info
Familiek 47 urteko zigorgabetasuna salatu dute Germán Rodriguezen eta Joseba Barandiaranen hilketen ostean

2025ean 40 urte beteko dira Mikel Zabalza hil zutenetik, eta 47 urte Germán Rodríguez eta Joseba Barandiaran hil zituztenetik. Horiek guztiak Estatuko Segurtasun Indarren biktimak dira, eta Sanfermines78 Gogoan elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio "Estatuaren... [+]


2025-07-09 | Irutxuloko Hitza
‘Atzera begira, Dinamitarekin’, Donostia beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldi historikoa

IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour egitasmoak 36ko gerra Donostian nolakoa izan zen eta hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldia antolatu dute elkarlanean, uztailaren 21erako. Elkargunea Bretxako Sarriegi plazako estatua izango da, 19:30ean, eta Amararaino joango dira... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


Zirgariak etorbidea: Erandiok itsasadarraren langileei aitortza egingo die kale izen aldaketagaz

Altzagatik itsasadarraren parean doan BI-711 errepidearen Jose Luis Goyoaga etorbidearen izena aldatzeko herritarren parte-hartze prozesuaren ondoren, kale horren izen berria Zirgariak etorbidea izango da.


Iruñeko eta Gasteizko gertakarien gaineko erantzukizuna aitor dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari

78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.


Iragan-minez

Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Urgulleko ‘Jesusen Bihotza’ eskultura “erregimen frankista goraipatzeko” sinboloa dela ebatzi dute

Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.


2025-05-07
Carme Puig Antich. Lekukoaren zuzia
“Saiatzen zara hau eta hura egiten, baina hortxe da beti Salvadorren heriotzaren zauria”

Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]


Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 253 euskaldun omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]


Memoriaren herbarioak

Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Eguneraketa berriak daude