Kepa Junkera: «Lehen diskoa izan zen urrezkoa, platinozkoa eta uraniozkoa»

  • Ez dauka ahaztua lehenengo eskusoinu hura lortu zuenekoa, lagun baten osabak utzitako soinu zahar-zahar bati urtetan hautsak harrotu ostean. Donostiako Bikondoa dendan erosi zuen, eta Zabaleta lagunak eta biek ezin izan zioten pozari eutsi Bilbora bidean. Zornotzako festetan gelditu ziren, kalean jotzen. Ilusio hori, amorru hori izan zen Ekonomia ikasketak utzi eta trikitira eraman zuena, ofizio ez zen garaian. Gauzak kostata lortutakoan jakiten da zer balio duten.
Bilboko Errekalde auzokoa zara. Nola iritsi zen trikitia zure eskuetara?
Errekalde oso auzo bizia da, elkarte askokoa, eta baita mestizaia askokoa ere. 1975eko Bilbo hartan euskal kulturara iristen ez zen erraza. Eduki nuen zortea da nire ama dantzaria zela (Txilibrin albokariaren dantza bikotea zen), eta aititak, Roman Urrazak, panderoa jotzen zuela, Salbador Ugarte trikitilariarekin. Gogoan dut asteburuetan Salbador eta aitita nola topatzen genituen auzoan barrena jotzen. Beti hunkitu ninduen soinu horrek, erritmoak, alaitasunak. Gurasoek ahalegin handia egin zuten ni bederatzi urterekin solfeora bidaltzeko eta akordeoia ikasi ahal izateko. Beti Jai Alai dantza taldean txistua ere jotzen nuen, eta hor ikasi nituen dantzak.
Udak Zumaian pasatzen genituen, eta hiru urtean han bizi izan ginen. Zumaian baziren trikitilariak, eta han errotu zen aititarengandik jasotako pasio ezkutu hori. Eta nahiz trikitia izan den gerora gehien gustatu zaidana, errotze hori instrumentu batekiko baino euskal musikarekiko izan zen, erritmo horrekiko.

Ekonomia ikasketak utzi eta trikiti klaseak ematen hasi zinen. Bizkaian hutsune handi bat zegoen belaunaldien artean, Rufino Arrola bat zen zure aurreko katebegia. Halako tartea egonda, trikiti mundu horrek erakartzen zintuen?
Bai, huraxe baita gehien gustatzen zaidan trikitia. Barrutik irteten zen, bihotzetik. Jakina, profesionalki ez ziren horretara dedikatzen, beraz zutena zen benetako zaletasuna, bizi egiten zuten. Trikitia eurentzat hizkuntza oso bat zen. Orain gazte batek ikas dezake musika eskola batean, edo ia edonon aurki dezake. Eta agian ez dago hizkuntza horren bidez transmititzeko lehen zuten behar hori. Orduko denboretan, trikitia bazen elkarren arteko harremanetarako modu bat. Asko miresten dut belaunaldi hura. Disko maiteenak garai hartakoak ditut.

Musikenen (Musikako Goi Mailako Zentroan) ere irakasten duzu gaur. Zein metodotan sinesten duzu?
Imajinatu nuen etorkizuneko musikariak zer izan behar zuen: ez da soilik trikitia jotzen dakien musikaria, baizik eta dakiena jotzen trikitia, eta alboka, eta txalaparta, eta pianoa, eta dakiena konposizioaz, armoniaz... Denetik pixka bat dakiena, edo denetik asko, bakoitzaren arabera. Gure idiosinkrasia musikal eta kultural propioa baliatu behar dugu. Musikaren zentzu zabalago batean sinesten dut, ez instrumentu bakarrean. Ikasle bat ez nuke mugatuko, bideratuko nuke bere burua aurkitzera, beti bere nortasuna sustatzen, gero berak hautatzeko.

Ikasle denek ez dute konposatzera jotzen. Zu nola hasi zinen?
Erromeriatan edo besteen diskotan entzundako piezak ateratzen hasi nintzen. Jabetu nintzen ez zitzaidala gustatzen abesti bat beti modu berean jotzea, eta hasi nintzen gauzatxoak aldatzen. Trikitiak bere mugak ditu, eta muga horien barruan nortasun bat bilatzen saiatu nintzen. Erabakigarria izan zen txapelketei lotuta hartu nuen bidea. Piezak konposatu nituen, erritmoa, melodia, armonia ulertzeko nire modua eramateko txapelketetara. Orduan hasi nintzen ideia hori zimendatzen, alegia, kantu bat zuk aldatu zenezakeela, inprobisatu, jolastu erritmoak duen misterio guztiarekin. Erromeriatan eta ezkontzatan ere jotzen nuen. Eta agian beste bide horretatik jo izan banu, jendeari gustatzen zaiona soilik jotzen, ez nukeen sakonduko beste fazeta hori.

Trikitiaren mugen barruan bilatu zenuen zure nortasuna. Aldiz, zurea ez zela trikitia kritikatzen zizuten.
Kuriosoa behintzat bazen kritika hori. 1980ko txapelketan (ni ez nintzen joan), Lajari eta Martini abestiak konposatu zizkien Pepe Yantzi akordeoilariak. Eta oso pieza ederrak ziren, baina aireagatik ezberdindu daitezke trikitiaren espirituarekin eginak diren edo ez. Aldiz nik trikitiaren idiosinkrasiarekin konposatu nuen, eta niri kritikatzen zidaten "hura ez zela trikitia". Hein batean jendearen erreakzioa ere ulertzen dut, nire proposamenak agian baziren hausten zutenak garai hartan.

Zuri ere konposatzerakoan haustura bat iruditzen zitzaizun, edo naturala egiten zitzaizun?
Mota guztietako musika entzuten nuen. Beti izan dut ikasteko eta mentalki bidaiatzeko gogoa. Azkenean konposatzea, edo proiektuena ere, etengabeko bide bat da. Inoiz ez dut sentitu iritsi naizenik norabait. Gauza bat egin dudan unetik, beste batean pentsatzen ari naiz. Inoiz ez zara leku batera iristen, beti bidean zoaz.

Nola oroitzen duzu 1988ko Txapelketa, Donostiako Belodromoan, 8.000 pertsonaren aurrean?
Zorte handikoa sentitzen nintzen, trikitiari esker mundu bat ezagutu nuelako, agian bestela Bilbo hartan ezagutuko ez nukeena, eta miresten nuen jendearekin egoteko aukera izan nuelako.
Gero epaileei ez zitzaiela gustatu, publikoak abestiei txistu jo ziela... Baina hori ikuskizunaren parte da. Jakina, orain ez nago ados, abesti bat ezin da zenbaki batekin puntuatu. Musika ez da lehia. Garai hartan txapelketa zen niretzat trikiti munduan iritsi zintezkeen puntu gorena. Denborarekin ikusten duzu ez dela hala, eta gaur sinesten dut autore bakoitzaren musikan; ez da ez hobea ez txarragoa besteena baino. Ulertzen dut gazteak animatu behar direla moduren batean, eta niri txapelketek balio izan zidaten une hartan. Baina uste dut txapelketarik gabe ere aurrera egin izango nukeela. Sinetsi nahi dut zure bidea egiteko ez duzula zertan lehiatu.
Baina oso harro nago etapa hura bizi izanaz. Joseba Tapiak irabazi zuen bi urte haietan (1986an eta 1988an), eta nik Tapia beti miretsi dut. Gainera detaile benetan polita izan zuen. 1988an trikiti bat eman zioten sari. Ni hirugarren gelditu nintzen, publikoaren eta epaileen kritika horrekin. Bada Tapia biharamunean Bilbora etorri zen, nire etxeraino joan, eta trikitia eman egin zidan. Hunkigarria izan zen.

Inguruak ez ulertua izatetik, pasa zara disko gehien saltzen dituena izatera. Aldaketa hori nola esplikatzen da?
Ez dakit. Pentsatu nahi dut izango dela lan egiteko moduagatik, mundu honen inguruan dauden detaile guztiak zaintzen joan izanagatik. Jendea irabazten da banaka-banaka, ez milaka. Eta horrek urtetako lana eskatzen du. Ni Euskal Herriko jendeak ezagutu nau duela bost urte, baina bitartean urteetan aritu behar izan dut bide horretan; eta agian oraingo gazte asko ez litzateke gai izango hori egiteko. Pazientzia behar duzu eta benetan gustatu egin behar zaizu egiten duzuna, gizartearen gainetik. Askotan, 1.000 lagunek esaten badizute ez zoazela bide onetik, bidea aldatu eta ondo irtengo zaizu. Baina agian oker daudenak 1.000 horiek dira, edo agian ez dago oker inor. Ez dago eskulibururik esaten duenik jendeari zer gustatuko zaion. Bilatu behar duzu zer den zuk kontatu nahi duzuna.
Nire abiapuntua da hemen badugula nortasun eta idiosinkrasia bat, ustiatu behar duguna. Dugun zortea da edukitzea musika ulertzeko modu bat, Mendebaldekoa izanik ere, berezitasun bat baduena erritmoak ulertzeko moduaren aldetik. Edo txalaparta eta alboka bezalako elementuak izatea, edo hizkuntza bera. Hori baliatu behar duzu, horixe baita New Yorkeko edo Cuencako tipo bati eskaintzerik dudana. Niri jazza izugarri gustatzen zait, baina errespetu handia diot. Oso konplexua da bat-batean hemendik bide bat irekitzea jazz munduan. Jo nahi baduzu zeure gustuz, ondo dago. Gauza bat da zesta puntan jokatzen hastea, eta bestea nire nahia izatea Urrezko Zestara iristea. Horretarako lehendik badauden profesionalen mailaraino iritsi behar nuke eta gainditu.

Nola bizi izan duzu ez ulertua zineneko garaia, eta oraingoa?
Ulertzen ez nindutenean ere ondo tratatu naute. Beti izan ditut ideiak eta proiektuak. Ingurukoek esandakoak eragiten dizu, baina hondoratu ere ez. Eta ez da ona ez gehiegi kritikatzea, eta ezta gehiegi goratzea ere. Zuk zure bidea segi behar duzu.
Urrezko disko bi lortu ditut, euskal musikan oso zaila dena, baina niretzat lehen diskoa izan zen urrezkoa, platinozkoa eta uraniozkoa. Une hartan niretzat gorena zen. Gizartean arau batzuk markatuta daude eta badirudi norabait iristea dela disko asko saltzea edo famatua izatea. Niri gauza horiek ez didate ezer esaten. Nahi dudana da jarraitzea honekin gozatzen, eta jendeari gustatzea. 50.000 direla? Gehiago poztuko naiz. Baina egunen batean 1.000 izan behar badute, saiatu beharko dut hausnartzen zergatik diren 1.000 horiek, eta pozik egoten. Orain egiten dudana ere ez dakit ondo hartua izango den. Karrera hauetan prestatua egon behar duzu maila guztietarako. Ni beti sentitu naiz ondo, jakinda batzuetan gizarteari ez zaiola gustatuko egiten duzun lana, edo ez dutela ezagutuko. Oso zaila baita jendeak nor zaren ezagutzea, ezin diezu azaldu zure lanaren zergatia.

Ez da saldu beharraren presioa izaten?
Zeure buruari jarri nahi diozun presioa izango duzu beti. Niretzat hasieran presioa zen lehen diskoa ateratzea, gero disko batean musikari portugaldar bat atera nahi izatea... Gauza jakin batean gelditu nahi ez duzunean, beti bila ari zarenean, hala izango da beti.

Nazioarteko merkatuan musika etnikoa ere ez da beste moda bat bihurtu?
Denetik egon daiteke. Niretzat musika ez da moda bat, hizkuntza bat da. Hasi nintzenean, pentsatu banu Errekalden trikitia ez dagoela modan, zer egin behar nuen, ez jo? Modan dago Armeniako instrumentuak sartzea? Ez, baina nik ez dut horren arabera funtzionatzen. Apasionatzen banau Armeniako instrumentu batek saiatzen naiz toki bat egiten sortzen noan mundu horretan.

Nazioarteko merkatuan zabaltzen denak kalte egin diezaioke herri bakoitzeko musikari, merkatu lokala dutenei?
Ezin da saihestu eragin bat izatea. Baina badago borroka bat ere bereizten zaituzten elementuak bilatzekoa. Zure kulturaren eta zure ezagutzen batze hori bilatzen baduzu, hortik egin dezakezu zure bidea. Baina saiatzen bazara kanpotik datorren mugimendua kopiatzen, zeuk ateratzen duzunerako musika horren gailurra jada harago dago. Hori da Euskal Herrian askotan gertatu dena, forma musikal asko dira berandu egindako kopia bat. Gakoa da sinestea norberaren nortasunean.

Epe motzean zer proiektu dituzu?
Ibon Koteron albokariaren diskoa ekoizten ari gara, martxoan aterako dena. Airea du izena, eta beste kulturatako alboka sistemako haizezko instrumentuekin osatua da. Estudio digitalean muntatu dugu abesti bakoitza. Teknikoak Unai Gonzalez, Asier Hercilla eta ni izan gara.
ETXAK, Euskadiko Txalaparta Konpainiarekin, txalapartaren munduari buruz ikuskizuna osatuko dugu gero. Amurizaren diskoa ere ekoiztu behar dut; Bizkaiko Kopla Zaharrena da, baina sorpresa batzuekin. Kontzertu eta bira asko ditut. Musikenen ere ikastaroarekin ari naiz, eta ideia dezente ditut formazio aldetik. Lan asko dut.

Ustekabe politak
"Batzuetan gutxien espero duzunarengana iristen zara zeuk batere planifikatu gabe, eta ustekabean harrapatzen zaituzte. Oreka TX, Harkaitz Martinez eta Igor Otxoa txalapartarien diskoa egiten ari ginela, maketa Miguel Boseri bidali nion. Afari batean hondoko musika gisa jarri zuen, eta Nacho Duatok orduan entzun zuen lehen aldiz txalaparta. Deitu egin zidan, ekoizlea nintzenez, esanaz Balet Nazionalaren koreografia baterako nahi zuela musika hori.
Gero jakin nuen Pedro Almodovarrek, Hable con ella filmaren gidoia idatzi bitartean Maitia nun zira abestia entzuten zuela, Bilbao 00:00 diskotik. Hunkitu egiten zaituzten bitxikeriak dira».

Curriculuma
Jaio: Bilbon, 1965ean.
Musikaria.

Bederatzi urterekin hasi zituen solfeo eta teklazko akordeoi ikasketak. Alboka eta txistua ere jo zituen, trikitian hasi aurretik.
Unibertsitatean Ekonomia ikasketak egin ondoren bi urtez, trikiti klaseak ematen hasi zen. Metodo bat sortu zuen, solfeoa eta zenbakien teknika batzen zituena.
Musikene, Musikako Goi Mailako Zentroan irakasle da, Musika Tradizionaleko joera Berriak kurtsoan.

Diskoak:
Kepa, Zabaleta eta Motriku (1988).Triki Up (1990). Trikitixa Zoom (1991). Trans-Europe Diatonique (1993). Kalejira Al-buk (1994). Lau eskutara (1995). Leonen Orroak (1996). Bilbao 00:00 (1999).
Tricky (2000). Maren (2001). K (2003).

liburua:
Trikitixa (2000) izeneko liburuan jaso du bere ibilbidea.


Kontzertu birak:
Besteak beste, birak egin ditu AEBetan, Japonian, Eskozian, Finlandian, Marokon eta Txinan.

Sari garrantzitsuenak:
-Bi Urrezko Disko jaso ditu (50.000 ale baino gehiago saltzeagatik), Bilbao 00:00 eta Maren lanekin.
-Grammy Latinoen Sarietara izendatu zuten Maren diskoa.
-Songlines aldizkari ingelesak munduko musikari onenen artean izendatu zuen 1999an.

Bertsoa

Doinua: Mando baten gainian

Doinuak belarrian,
soinua hatzetan,
hitzak notatan daude
ta notak hitzetan.
Zernahi bila daiteke
lotura horretan,
geratu nahi ez bada
gauza jakinetan
mundu haundi bat dago
soinu txikietan.

Zuzenekoa
«Kontzertuen magia kuriosoa da. Ez dakizu oso ondo jendea zergatik etorri den ikustera, edo zuk ere ez dakizu oso ondo zergatik irteten zaren. Eta lortzen baduzu publiko anitz horrengana iristea, une hori magikoa da. Oholtzan intentzio bat izan dut beti: zerbait gertatu behar du, jendeak ikusi egin behar ditu gauzak. Sekula ez dut pieza bat modu berean jo. Inprobisazioa erlatiboa ere bada, teknika batzuk baitaude. Beti saiatzen naiz pixka bat zailago egiten, monotonian ez erortzeko, behin teknika batzuk ikasita arriskua baitago taulara irten eta jada musikariari ez ezer gertatzeko».


ASTEKARIA
2004ko martxoaren 07a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude