Albisteak 

1880. alea
2002-12-15
alde 0    kontra 0

KORRIKA LAGUNTZEKO ESKAERA

AEK-k Korrika 13 egingo du datorren urteko apirilaren 4tik 13ra bitartean. Maulen hasiko da eta Iruñean amaituko. Arduradunek adierazi dutenez, Koordinakundea egoera ekonomiko larrian dago eta herritarren laguntza ekonomikoa eskatu dute Korrika 13 antolatzeko. «Korrika laguntzailea» ekimenaren bitartez, herritarrek metro sinbolikoak erosi ahal izango dituzte hamar euroren truke.


SAREKO ARGIA BUBER SARIETARAKO HAUTAGAI

Urteko euskal web gune onenak saritu zituzten abenduaren 11n Bilboko Euskalduna jauregian banatu ziren Buber sarietan. Aldizkaria ixteko orduan ez genuen irabazleen izenik, bai ordea hautagaiena. 11 sari banatu zituzten eta horretarako 20 hautagai zeuden. SAREKO ARGIA gure web gunea Interneten euskara bultzatzeko egindako ahaleginagatik hautagaien artean zegoen.


EUSKARA OPARITZEKO KANPAINA

Hirugarren urtez euskarazko jokoen berri emateko kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Euskara da oparirik onena» lelopean, haurrek astialdian euskaraz egitea du jomuga Aldundiaren ekimenak. Horretarako, Errege Eguna bitartean, salmenta guneetan standak jarriko dituzte euskarazko jokoen berri emateko eta, lehen aldiz, telebistan iragarkiak egingo dituzte. Hiru eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat dauden 100dik gora produktuen berri emango dute. Bestalde, Buruntzaldeko udaletako (Gipuzkoa) euskara zerbitzuek euskarazko produktuen katalogoa plazaratu dute eta eskualdeko etxe eta ikastetxeetan banatu.



«BAI EUSKARARI» ZIURTAGIRIAK IPARRALDEAN

Iparraldeko 46 gizarte eragilek «Bai Euskarari» ziurtagiria eskuratu dute Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren eskutik. Lehen aldiz banatu dira ziurtagiri horiek han. 45 gizarte eragilek «Bidean» ziurtagiria jaso dute, normalizaziorako gutxieneko neurriak hartzeagatik eta Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuak «Guk zerbitzua euskaraz» ziurtagiria jaso du zerbitzua euskaraz eskaintzeagatik.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1879
 
azala1878

1880 zenbakia.
2002ko abenduaren 15a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys