JOSTAILUEN INBASIOA

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Olentzerori zer eskatu hautatzeak lanak ditu, iragarkitan lau ordutan 149 produktu ikusita. Jostailu horiek guztiak hamaika ataletan sailka daitezke. Multzorik handiena, panpina ñimiñoena da, "Barbie"ren gisako panpinatxo moñoña, militar gizontxo eta maskotez osatua (34 marka atera dira). Kopuruz gertu dabiltza etxe eta espazioak irudikatzen dituzten jostailuak (24 denera), mahai jokoak (19), jaioberri itxurako panpinak (18 markatakoak), auto zein bestelako ibilgailuak (16 klasetakoak) eta eskulanak egitekoak (15). Umeei zuzendutako bideoak askoz gehiago iragarri dira (11), bideo-jolasak baino (4 baino ez zaizkigu aurkeztu, merkatuan duten arrakastarekin alderatuta). Eraikuntzarako diren jolasak ere lau mota baino ez dira agertu, eta irratiak zein musika CDak, bina.


ZENBATERAINOKO ERAGINA DUTE IRAGARKIEK?

Galdera honek erantzun ezberdinak ditu publizitate egileen, pediatria akademien edo jostailu etxeen ahotan. Europako Batasunean Estatu bakoitzak bere arauak ditu umeei zuzendutako telebista iragarkiei dagokienean. Suedian, esaterako, iragarkiok erabat debekatuta daude. Luxenburgo eta Belgikan, umeen saioen aurreko eta ondorengo bost minutuetan soilik sar daitezke iragarkiak.
Frantziako Canal J kate tematikoko zuzendariak, Claude-Yves Robinek dionez, umea gero eta diktadoreagoa da, eta gero eta goizago azaltzen du zeintzuk diren bere gustuak. Gatazkak saihesteko, gurasoen erdiak baino gehiagok euren umeen eskakizunei ameto ematen omen diete. AEBetako Pediatria Akademiak, berriz, alarma piztu zuen, ikerketa askoren emaitzak ikusita: zortzi urtez beherako umeak ez omen dira gai telebistako emisio bat eta iragarki bat bereizteko.
Baina beste hainbeste argudio ere ematen dituzte, umeengan publizitateak eraginik batere ez edo oso gutxi duela defendatzen dutenek ere. Dena jolastorduan, patioan erabakitzen dela ziurtatzen du Robert Gerson, Mattel jostailu etxeko Frantziako lehendakariordeak. Utrecht-eko Unibertsitateko ikerlari batek, Jeffrey Goldsteinek ondorio hauxe atera zuen: iragarkiek umeen baloreei, elikadura ohiturei, tabako eta alkohol kontsumoari eragiten diotela esateko froga erabakigarririk ez dago. Umeengan askoz eragin handiagoa omen dute euren guraso eta gertuko lagunek, komunikabideek baino.
Publizitateak hainbesterainoko eraginik ez duela frogatzeko beste argumentu bat, prezioarena da. Ume baten audientziak heldu batenak baino hiru aldiz gutxiago balio du. Belaunaldi berria, heterogeneoagoa denez zailagoa da konkistatzeko eta mantentzeko. Gauza berriek arreta deitzen badiete ere, era berean umeak zailagoak dira harrapatzeko.

JOSTAILU ARROSAK ETA URDINAK.

Telebista aurrean gure pentsamenduak beste kezka batera egin du zapping: iragarkiek noraino azpimarratzen duten jostailu bakoitza «neskentzat» ala «mutilentzat» den. Betiko topikoa da, baina hain gordin azaltzen da! Neskak bakarrik ageri dira ume jaioberrien imitaziozko panpinekin jolasean. Hemezortzi panpina zeuden aukeran, eta bakar batean ere ez da mutilik ageri. Egin dezagun salto panpina ñimiñoen iragarkietara, eskuaren neurriko panpina eta maskoten atalera. 18 iragarkitan neskak bakarrik ageri dira, 10 iragarkitan mutilak soilik, eta 6 iragarkitan neska-mutilak. Neskek eskutan dituzten panpinatxoak, plastikozko "top model"ak dira, arropaz aldatu beharrekoak, ilea orraztea eskatzen dutenak, azken modaren bila. Lanbide jakinik ez dute, tarteka printzesaren bat ageri da, edo bere alabarekin pasteltxoak egiten dituen etxekoandrea. Neskek eskuartean dituzten maskotak, berriz, txakurtxoak dira, kalean paseatzeko horietakoak. Goazen mutilak ageri diren panpinatxoen iragarkietara: hara miniaturazko militarrak, "jostailu bat baino gehiago: lagun bat" dio esloganak. Super heroiak dira besteak, ausartak, karratuak. Eta maskotak? Zakurrak-eta horrelakoak ez: pantera bat, edo dragoi gorri bat, edo robot telegidatua bestela. Panpinatxoen atalean, sei iragarkitan aurkitu ditugu neska-mutilak jolasten. Txikienentzat pentsatutako panpinak dira, ume itxura ez, telebistako pertsonaien itxura dutenak, gaueko beldurrari aurre egiteko besarkatzen diren horietakoak.
Har ditzagun maketa txikiak diren jostailuak. Neskak atondu beharreko etxetxoekin ari dira jolasean, edo haurtzaindegiekin, edo zakur ile apaindegiekin, edo poney granjekin… dena oso "fashion" dela oroitarazten digute esloganek. Bitartean, mutilak erreskatea prestatzen ari dira itsasontziekin, edo espazioa konkistatu dute, edo txirrindularien biran lider doaz, edo barku piratan lemazain dira. Espazioak irudikatzen dituzten 24 jostailuetatik, bakarrean ageri dira neska-mutilak jolasean: animalia granja bat da.
Zer esan auto eta gainerako ibilgailuei buruz! Badirudi, telegidatuak nesken eskutan uztea "arrisku publikoa" dela. Hamasei ibilgailutatik hamabitan mutilak ageri dira gidatzen; denak dira auto turboak edo kamioi erraldoiak. Hiru iragarkitan, berriz, neskak dira protagonista: karabana familiar bat eta mikrobusa dira hain zuzen, eta hirugarrena moto lasterketa bat da, gidari denak emakumeak dituena, arrosa koloreko kaskoekin. Neska-mutilak batzen dituena, 16 iragarkiotan, auto zirkuitu bat da.
Iragarkietan, non arraio jolasten dute, orduan, neska-mutilek elkarrekin? Bada, mahai-jokoetan, edota eskulanak egiteko jokoetan bestela, baldin eta eskulan hori pasteltxoak egin edo soinekoak diseinatzea ez bada, jakina.


BALORE BABALORE.

Jostailuaren bidez aurkezten den errealitate horren atzean, balore oso markatuak daude. Neskek amatasuna landu behar dute, eta euren estetika, eta eremu pribatua. Sekretuak eta kontutxoak dituzte ezkutatzeko, norberaren etxeak lagunena baino ederragoa izan behar du, eta autokarabana bat erostea abenturaren sinonimo da. Jostailu hauek hamaika osagarri dituzte, plastikozko panpinek haragizkoek baino gehiago kontsumitzen dute arropa, sehaska, auto, ile-apaindegitan; neskentzat helduak imitatzea, neurrigabeko kontsumoan jardutea da, nonbait.
Mutilentzat indarra, ausardia, lehia, abiadura eta akzioa dira jostailu horiek duten lilura. Eurena etxetik kanpoko espazioa da, abenturatako protagonistak gizonak dira jostailuetan. Gizartea zuzentzen dutenak gizonak direla diote jostailuzko maketa txikiek, emakumeak etxe arrosatan gordetzen diren bitartean.
Kezkagarriena, akaso, ez da iragarkiek zer errealitate itxuratzen duten, jolasez ezkutatuta, umeen begietara. Kezkagarriena da, iragarkiok modu horretan egiten direnerako, gizartean halaxe funtzionatzen dutelako dela; helduen munduan horrela "salgarri" diren seinale

«Bizitza guztian sustatu behar genuke jolasa, garapenerako ona baita»
Jostailuek zer garrantzia dute?

Jostailuak baino garrantzia handiagoa jolasak berak dauka. Jolasa mundu sinboliko oso bat da, umearentzat hain itzela den errealitatea barneratzeko modu bat da, errepresentazio modu bat, errealitatea ulertzeko, onartzeko, egokitzeko modu bat. Jolasak badu beste ezaugarri bat garapenerako oso garrantzitsua dena, eta askotan eten egiten duguna: jakin-mina. Jakin-mina, guk "jolasa" esaten diogun hori, haurraren aktibitate nagusia da. Jakin-min hori elikatu egin behar da, bai komunikazio aldetik eta bai manipulazio aldetik, bestela iristen da une bat umeak interesa galtzen duena, galdetzeari uzten diona, ukitzeari uzten diona… lotu egiten duguna.

Zer hartu behar da kontuan jostailu bat hautatzeko unean?
Batetik umea bera, eta bestetik bere ingurunea. Ume jakin horri erreparatu behar zaio, zer trebetasun dituen landuenak eta zeintzuk gehiago garatu beharrekoak, nortasun aldetik zer premia dituen, zein zaletasun dituen. Haur hori bere gurasoek ezagutzen dute inork baino hobeto. Horrez gain, ez da pentsatu behar oparia haur horrek jasotzeko bakarrik denik, haurrak jolasteko dela baizik, beraz, ingurunean jostailu horrekin jolasteko aukera behar du izan, espazioa aproposa behar du izan, eta norekin jolastu eduki behar du. Jostailua ez da isolatzeko gauza bat, elkarbanatzeko gauza bat da, eta askotan hartu-emanak eraikitzeko, komunikaziorako elementu bat izan daiteke.

Jostailuak adinka sailkatzen dira dendatan. Hori ere ez al da kontsumorako beste amu bat?
Bai, halaxe da. Jostailu bat izan daiteke erratz bat, edo egur pusketa bat. Nik ez nuke joko esatera: "Jostailu aproposenak dira jostailu didaktiko labela daukatenak, eta halako adinetik halako adinetara". Ikusi umeak zer zaletasun dituen eta haur horren garapenerako erabili. Merkatua itzela da, eta beti jotzen dugu halako "jostailu" formatura, baina askotan pintza kutxa bat ume batentzat ikaragarrizko jostailua izan daiteke. Halako opariak gutxietsi egiten ditugu, eta sasoi batean erabiltzen genituen ikaragarri. Zer gertatzen da? Sasoi batean ere ez zegoela halako aukerarik, egoera sozio-ekonomikoa ere estuagoa zela, eta gehitu horri gaurko hedabideak, eta gaurko inguru soziala, eta gaurko kontsumo gizartea, eta…

Badirudi behin adin batetik aurrera jostailuak ez direla opari "egokiak".
Jolasa ume garaira bakarrik mugatzen dugu, bai, eta tristea da oso. Bizitza guztian sustatu behar genuke jolasa, garapenerako ona baita. Helduok jolastea "umekeriatzat" jotzen dugu, baina jolasteko beharra izan badugunez, beste itxura bat eman behar izaten diete helduen jolasei, mahai-joko edo rol jokoei, esaterako.
Jakina, hor ere merkatuak oso garbi ikusten du etekin ekonomikoak nondik ateratzen dituen. Aurrekontuen zati handi bat umeei begira egindako opariak dira. Gazteei zer oparitu ere ez dakigu askotan, baina jostailurik ez behintzat; eta helduei ere jostailurik ez, mesedez! Eta aiton-amonak? Inkognita, horiek jada ez dira existitzen iragarkietan. Zer egiten da aiton-amonen ludikotasuna lantzeko? Ez dago eskaintzarik, dagoeneko ez baitira kontsumo elementu. Eta zergatik ez dute jolastu behar eraikuntza piezekin, edo galdera-erantzun mahai jokoekin?

Gabonetan derrigor egin beharreko oparia bihurtu da jostailua. Horrek zer dakar?
Hasteko, gaur egun jostailuak kasik data jakin horretan bakarrik oparitzen dira, eta berez ez dago garairik jostailuentzat. Jostailuak eta jolasa edozein unetan oparitu, jaso, eman daitezke. Heziketaren osagarri den elementu bat baita jolastea.
Gabonetan, berriz, presio soziala itzela da. Bai guraso, bai familia, behartuta daude batetik oparitzera, eta bestetik jostailuak oparitzera. Jada halako puntu batera iritsi gara, pentsatzen dugula gainera diru bat alferrik galtzen ari garela, baina gastatu beharreko dirua dela. Ez gara pentsatzen ari: "Ea nolakoa den gure umea, eta zein jostailu den beretzat aproposa", baizik eta diru bat gastatu behar dugula, eta ea berak zer eskatzen duen. Eta berak zer eskatzen du? Bada, berak ez daki zer eskatu, eta begiratuko du ea lagunek zer eskatzen duten, telebistako iragarkiek zer dioten… Etxeko postontzietan egunero jasotzen ditugu jostailu denda handietako dosier osoak direnak. Dagoeneko guraso askok eta askok, zer da egiten dutena? Hasteko, non erosi ikusi, umeari katalogo jakin bat eman, eta esan "markatu ‘x’ batez zuk nahi duzuna". Umeak ere badaki sasoi horretan jostailua jaso behar duela, beraz, espero du. Baina ez du espero halako irrikaz, "ea nahi nuen hura lortzen dudan", baizik eta "beno, jasoko dudanez ea zer eskatzen dudan".
Gero urtean zehar oparitzen direnean jostailuak, batez ere urtebetetzeetan egiten dira, eta hor bai iruditzen zait umeak libreagoak direla eskatzeko, eta gurasoek ere beste askatasun bat dutela aukeratzeko, erlaxatuagoak daude.

Guraso askok opari gehiegikeriari aurre egin nahi izaten dio, baina inguruaren presioa itzela da.
Azkenean guztiok erortzen gara zulo berera, ez dugulako gure ingurukoek sufritzerik nahi. Ohartzen gara derrigorrezko elementu batzuk direla, nahiz eta zentzugabekoak izan. Oparirik ez egitean, zapuzketa sortzen da, bazterketa sortzen da, eta hori ez dugu inork nahi. Gainera, zoritxarrez, Gabonetako opariak umeentzat taldeko integrazio elementu bilakatu dira gaur egun. Opariak jaso eta gero galdeketa dator beti lagun taldean: "Eta zuri zer oparitu dizute? ", eta hor ebazpen bat dago, eta zenbat edo nolako jostailuak jaso, taldean bere tokia finkatzeko edo kolokan jartzeko neurgailu bat ere bada.
Irtenbidea, oparia zentzudun jokatuz erostea da, edo bihotzari kasu eginez, berdin zait, baina ez poltsikoarekin. Aprobetxa dezagun oparia erosteko erritual hori, garapenerako lagungarri izango den oparia erosteko. Merkatua oso zabala da, eta produktuak ikaragarri daude; gertatzen dena da, sasoi honetan zentratu egiten dela, eta eskaintza ugariagoa baina murritzagoa dela. Miatzeko jarrera hartu behar da, zentzudun jokatuz erosteko. Eta bestetik, heziketa prozesua dago. Haur eta gazteekin kontsumo presio horren zentzugabekeria eta interesak landu egin behar dira. Eta landu benetan bere gustuak, bere interesak nondik doazen, bere burua indartzeko, eta halako irizpide kritiko bat sortzeko. Eurak kontziente baldin badira, hor egongo da lagun taldea, baina taldeak ez dio hainbesterako eraginik egingo, eta gai izango dira taldearen aurrean justifikatzeko. Oso memento aproposa da hau, (nabarmena delako), haurrarekin hedabideak lantzeko, agertzen diren iragarkiek zer duten errealitate eta zer fikzio ikusteko, engainua igartzeko… Baina horretarako gurasook seme-alabekin egon behar dugu, eta komunikazioak existitu behar du, eta etengabeko hezkuntzaren txipa behar dugu izan, memento bakoitzak seme-alaben garapenerako eman dezakeena aprobetxatzeko. Hedabiderik gabe biziko ez garenez, irizpide kritikoa landu beharko dugu, hedabideak nola erabili jakin dezaten, eragin kaltegarriak saihesteko. Alde txar guztietatik ere atera liteke irakaspenik eta aprobetxatu daitezke hezkuntza prozesuetarako.


Azkenak
Bilboko superportua eta Getariako hegalabur haztegia, 2025eko “bandera beltz” nagusiak

Ekologistak Martxanek Bandera Beltzak 2025 txostena argitaratu du, urtero legez, "itsasertzeko kutsadura eta ingurumen-kudeaketa txarraren kasu esanguratsuenak ezagutarazteko". Hego Euskal Herriko kostaldeari dagokionez, Bilboko superportuari eta Getariako arrain... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


Nafarroako larrialdi zerbitzuen saturazioa salatu dute langileek, eta langile kopurua igotzea eskatu dute

Langileak kexu agertu ziren ekainaren hasieran. Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilariak erantzun zien "euren eskuetan" zegoen guztia egiten ari zirela, baina baliabideak "mugatuak" zirela.


Iragan-minez

Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan... [+]


Gazara Martxako Euskal Herriko ordezkaritzaren komunikatua Egiptotik
Okupazioa dagoen bitartean, erresistentzia egongo da

Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.

Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]


Donostiako Guardetxearen epaiketa urriaren 7an izango da

Donostiako Udalak jakinarazpena bidali dio Alde Zaharreko Gazte Asanbladari, epaiketaren data zehazteko. Asanbladak azaldu duenez, epaiketa aurreko hilabeteetan ezin dira desalojatuak izan, epaileak agindua eman arte.


Egiptok Gazarako martxaren aurkako errepresioa gogortu du, ekimena amaitutzat eman badute ere

Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


Hilberria
Fermin Leizaola etnografoa hil da, 81 urterekin

Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.


17 urteko neska bat elektrokutatuta hil da Araiako tren geltokian

Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.


2025-06-17 | Mikel Aramendi
“Lur arraroak” edo “mineral estrategikoak”?

Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]


Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela

Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela... [+]


Eguneraketa berriak daude