KAZETARITZA ETA LITERATURAREN ARTEKO AMODIO ETA DESAMODIOAK


2002ko abenduaren 15an
Hiru zatitan paratuta dugu kazetaritza eta literaturaren gaineko erreportaje hau. Batetik, Leioan joan den urrian gaiari buruz EHUk eta EIEk antolatutako jardunaldietan bilduriko hainbat gogoeta; eta bestetik, gaia ondo ezagutzen duen Karmelo Landaren idazki iradokigarri bat paratu dugu. Jarraian, berriz, Joxean Agirre, Juan Luis Zabala eta Arantxa Iturbe idazle eta kazetariekin gaiaren inguruan izandako solasaldia. Egiari zor, solasaldiaren parte bat.

Kazetari eta idazle gisa zuen eskarmentua izanen dugu abiapuntu. Kazetaritza eta literatura bereizi ote daitezke? Horren joera arrunta al da bi jarduerak ez bereiztea?
ARANTXA ITURBE: Uste dut bereizi bereiz litezkeela, eta bakoitzak gure eskarmentuan eta praktikan bereizten ditugula. Hala ere, oso lotuak daude norberaren kasuari. Nik txikitan idazle izan nahi nuen, oso garbi neukan hori. Baina idazle izateko ikasketa unibertsitariorik ez zegoenez, kazetaritza egin nezakeela esan zidaten, idaztearekin loturarik izan zezakeelako-edo. Kazetaritza ikasi, lizentziatu eta irratian hasi nintzen, baina ez kazetaritza lana egiten baizik magazin bat egiten, eta ez dakit zeregin horrek zenbat daukan literaturatik, kazetaritzatik edota bestetik. Idazle izan nahi ote nuen ere ahaztu zitzaidan ia-ia, bat-batean berriz ere idazten hasi nintzen arte. Beraz, nire kasuan, bi bokazioak nahastuta joan dira, baina, praktikan, nik uste bereizten ditudala, idazten hastean ez naiz kazetariaren mentalitatearekin hasten -baldin eta kazetari mentalitaterik baldin badago-, biak oso nahasiak agertzen zaizkidan arren. Batean benetan gertatutako gauzez ari naiz eta bestean askoz sormen zabalagoarekin. Lan egiteko erak ere ezberdinak dira.
JOXEAN AGIRRE: Nik inpresioa daukat bereiziak daudela berez, kontziente naiz horretaz. Hamasei urterekin ez nuela idazle izan behar erabaki nuen, memento hartan eskakizun politiko batzuk zeudelako, gizarte zientzia, soziologia, historia, edota kazetaritza -geroago egin nuenez- ikastea eta bide honetatik joatea erabaki nuen. Gizarteak sekulako buelta emango zuelakoan, aldaketak gertu eta berehalakoak izango zirelakoan prestatu behar genuela pentsatu genuen. Gero, halako desengainu politikoaren ondoren, itzuli nintzen ni literaturara, eta bi jarduerak oso bereiziak ditut. Azken bolada honetan Jaka bekarekin nobela bat bukatzen ari naizenez gero, egunero bizpahiru orduz idazten dut goizean goizik, beste guztia bigarren mailakoa dela pentsatuz ateratzen naiz etxetik, kazetaritzak ez duela horrenbeste neke merezi, ez diodala inolako ahaleginik eskaini behar pentsatuz. Kazetaritza ez dut maite, esaten dut askotan. Ordea, lehen prentsaurrekoan sartzen naiz, emozionatzen naiz eta egun osoa horretan ahalegintzen naiz. Baina niretzat izugarri ezberdina da goizeko ariketa literarioa eta egun osoko beste jarduera. Labur esanda, literatura errepresentazioaren arloari dagokio, artearen arloari, eta kazetaritza, aldiz, komunikazioarenari. Literaturan nitasunak leku zabala du, neurri handi batean literatura nitasunari buruzko diskurtsoa dela esan daiteke. Literaturan sorkuntzak ez du mugarik. Kazetaritzan, aldiz, sorkuntzak muga oso estuak ditu eta ideologiaren zama askoz ere nabariagoa da, erakunde edo talde batentzat egiten baita lana. Hor nitasunak apenas duenpisurik, genero jakin batzuetan ez bada.
JUAN LUIS ZABALA: Ni Arantxarekin bat nator, bi jardueren arteko lotura badago, nolabait. Gertatzen dena da kazetaritza beste norbaiti begira egiten dela, kazetaritzako enpresa batentzat, edo enkarguz. Alegia, kazetariak irakurle jakin bati bideratzen dio lana. Literaturan ere bada irakurle bat buruan, baina irakurle hori idazleak aukeratzen du, askatasun osoz, libreago da. Idazleak, funtsean, bere buruarentzat idazten du, berak irakurri nahiko lukeena saiatzen da idazten. Badakit batzuek ez dutela horretan sinesten, baina idazlearen oinarrizko asmoa, sakonekoa, hori dela uste dut.
A. ITURBE: Kazetaritzaz hitz egiten ari gara eta ematen du gauza bakar bat dela kazetaritza. Hau da, prentsaurreko batera joan, halako batek hau esan du eta hori ahalik eta egokien kontatuko dut. Hori kazetaritza modu bat da, zoritxarrez, egunerokoa. Baina, har dezagun kazetaritza lan bat eskaintzen digutela: ez dakigu non, nola eta zergatik gertatu den zerbait eta badauzkazu zortzi hilabete hori ikertzeko eta erreportaje bat egiteko. Hori beste kazetaritza lan mota da.
J. AGIRRE: Hala ere, kazetaritzan errealitatearekiko fideltasun bat dago beti, pertsona aipatuekiko konpromiso bat, literaturak ez daukana. Literatura gezurraren praktika da, kamuflatzea, errealitatea distortsionatzea, kazetaritzarekin konparatuta, praktikan, erabat kontrakoa da, eta askoz ere libreagoa. Literaturan nahi duzuna egin dezakezu eta kazetaritzan badaude arauak eta morrontza bat errealitatearekiko, egiarekiko eta etika batekiko.
A. ITURBE: Kunplitu beharreko gauza batzuk daude, ados: denbora eta beste muga batzuk, zehaztu beharreko batzuk... Baina horiekin guztiekin saiatzen baldin bazara zehatza izaten, oso «egia»ri lotua izaten, oso objektiboa izaten -posible den neurrian behintzat- saiatzen baldin bazara era jakin batean forma ematen, zure lan-tresnarekin, alegia, hizkuntzarekin jolas egiten, ekinbide horretan literatura etortzen zaizu burura...
J. AGIRRE: Kazetaritza literarioagoa egingo duzu, baina ez literatura.
J. L. ZABALA: Imanol Muruak idatzitako «Palestina zauritua» etortzen zait burura...
A. ITURBE: ... edo Koldo Izagirreren «Merry Chrismas, Panama! esan zuen heriotzak». Ez al dira literatura?
J. AGIRRE: Horiek kazetaritza dira.
A. ITURBE: Huts hutsik?
J. AGIRRE: Ez, baina kazetaritza ona den aldetik baliabide literario batzuk jasotzen ditu, literaturatik gauza dezente erabiltzen ditu. Baina nik ez dut uste, zentzu onean, literatura denik.
J.L. ZABALA: Literaturan ere, zenbait liburu kazetaritzatik hurbil daude, batez ere azken urteotan. Eta bestalde, azken aldi honetan alderantzizko joera ere badago, zutabeetan ipuinak kontatzekoa. Iban Zalduaren «Traizioak» liburuko hainbat narrazio lehenik zutabe moduan argitaratuak izan ziren. Kirmen Uribek ere bide horretatik jotzen du askotan...
J. AGIRRE: Zutabea da literaturatik gertuen dagoen kazetaritza generoa. Mailak daude: zutabea, erreportajea, kronika, elkarrizketa... Azkenik, eguneroko informazio arrunta dago.

Literaturatik kazetaritzara norabidea harturik. Gaur egun, duela hamar bat urte egiten zenarekin alderatua, idazleen liburuak gero eta hurbilagoa omen daude kazetaritzatik.
J. L. ZABALA: Beharbada. Duela hamar urtera arte, literatura metaliterario bat-edo egiten zen. Orain, aldiz, literaturan joera berri bat zabaldu da, idatz-molde arina edo erraza erabiltzen duten liburuena. Harrera ona izan dute, eta berez oso literaturzale ez den jendea erakarri. Badakit jende askok ez dituela begi onez ikusten joera horretako liburu asko, baina literaturara gerturatzen dute jende ugari, eta mesedegarri dira nire ustez.
A. ITURBE: Ni erabat ados nago.
J. AGIRRE: Nik gustuko ditudan literatur egileak antipodetan daude literatura horretatik, aspertu egiten nau estilo horretako literatura irakurtzeak. Ez dit grazia handirik egiten.

Batzuen iritziz, bi jarduerak sentimenduen arabera bereiz daitezke. Bat al zatozte?
J. L. ZABALA: Literatura lantzen duenak ez du lantzen pentsatuz zer mesede egingo dion literaturaren irakurleari, horrela ateratzen zaio berez. Badago kontratupeko literatura, baina hori euskal literaturan ez dago oso indartua. Idazleak, kasu gehienetan behintzat, ez du idazten irakurle gehiago erakartzeko edo euskal prosari bide berriak zabaltzeko. Prosa aldetik kazetaritzatik gertuago dagoen literatura egiten badu, ez dut uste erabaki kontziente baten ondorioz egiten duenik, kasurik gehienetan behintzat.
A. ITURBE: Teorizatu gabeko jarduera da, ez dut uste inor hasten denik teorizatzen hori horrela edo bestela egin behar duenik.
J. AGIRRE: Nire kasuan, batean ari naizenean, literaturan, badakit zerbait errepresentatzen ari naizela. Kazetaritzan errealitatearen deskribapena egiten ari naiz, oso ezberdina da. Sentimenduen kontu horrek ez du zer ikustekorik niretzat. Kazetaritzan ere sentimendua badago. Nire inguruko kazetariei batzuetan esan diet: «Testu honi zerbait falta zaio. Zer? Sentimendua». Sentitu gabe ezin da ezer idatzi, ez da sentimendu kontua, errealitatearen deskribapena da edo ez. Adibidez, argazkilaritza eta pintura. Lehena errealitatearen isla da eta bestea distortsioa nolabait. Ez dut uste kazetaritza artea denik.

Eta literatura artea al da?
J.L. ZABALA: Ez dut uste. Literatura obra batzuk irakurrita ez bezala, zenbait zutabe eta erreportaje irakurrita «hemen zerbait aurkitu dut» esaten duzu batzuetan, ez dakit artea edo ez zer den, konexio bat egilearekin, nobela batzuetan aurkitzen ez duzuna...
J. AGIRRE: Manuel Rivasek Galiziako hauteskundeei buruzko erreportaje bat idatzi zuen «El Pais»en, eta literatura purua zen. Bere azken nobelaren zati nagusia, berriz, «La mano del emigrante»rena alegia, erreportajea da.
J. L. ZABALA: Kanpoko formatuak ez du barrua islatzen.

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) kazetaritzatik literaturarako bidea izan du hizpide orain gutxi. Kazetaritzaren eta literaturaren arteko muga zehaztu beharra al dago? Horren kezkagarria al da bi jarduerak nahastea?
J.L. ZABALA: Bai literaturak bai kazetaritzak, euskaraz idatziak, esparru asko zabaldu dituzte azken urteetan. Duela hamabost edo hogei urtera arte, literaturak oso modu konkretu batzuk zituen, oso joera jakin batzuk, haietatik aparte oso gutxi zegoen. Orain joerak ugaldu egin dira, eta kazetaritzan ere bai. Euskal prentsak aurrera egin du eta lehen jorratzen ez zen genero asko lantzen dira. Ziur asko horretaz ez da nahiko ikertu eta eztabaidatu, eta horregatik egin dira jardunaldi horiek.
A. ITURBE: Kezkagarria hitza aipatu duzu, kezkagarritik ez diot ezer ikusten, kezkagarria peioratiboa iruditzen zait. Idazleek «Kontuz, kontuz! Kazetariak gure literatura hondatzera etortzen zaizkigu!» hasi behar ote dute esaten?. Ez ote litezke izan elkar aberasteko, bai literaturak kazetaritza eta kazetaritzak literatura? Bi esparruak hain bereizita baldin badaude, -Joxeanek dioenez- ez dute kezkatu beharrik.
J. AGIRRE: Ez, ez -ados naiz-, literaturaren ekarpena kazetaritzari ez da bakarrik hizkuntza mailan, literatura idazten ohituta dagoen kazetariak abantaila izugarria dauka: erreportajea edota kontakizuna ordenatzeko, daukan informazioa nondik hasi, nondik segi eta nola bukatu asmatzeko. Abantailatxo hori badaukagu...
A. ITURBE: ... eta alderantziz, kazetariak ofizioa hartzen du idazten eta ofizioa beharrezkoa da idazteko, enkarguzko gauzak badira ere. Nahitaez, artea sortzera zoazenean, zure burbujan sartu eta lana egitean, beti ondo etorriko zaizu ofizioa, horren gainean gauzak egiteko.
J. AGIRRE: Zergatik gertatzen zaigu kazetaritzan batzuei horren azkar idaztea, eta hain makal literaturan? Sarritan, ilunabarreko azken orduko informazioa landu behar dugunean, azken unean, di-da batean egiten dugu. Zergatik? Ordenatzen dakigulako. Bertsolariek ere ordenatzen dute. Guk ere badaukagu gaitasun hori.
J. L. ZABALA: Arrisku bat ere badu horrek. Erraztasun hori errazkeria bihurtzea, eta modu tekniko batez gainditzea gogoeta sakon baten bidez gainditu beharko liratekeen zailtasuna.
J. AGIRRE: Seguru baietz, ados horrekin ere
J. L. ZABALA: Estilo aldetik errazegi jokatzeko ohitura edo bizioa badago, kazetari moduan lan egiteak mesede egin dezakeen bezala kalte ere bai. Irabaztea galtzea ere bada beti.

Kazetaritzan apaingarriak edo floriturak alde batera uzteko esaten zaigu...
J. L. ZABALA: Prentsaurreko batera joan eta ezin zara hasi metaforak egiten. Edo egin ditzakezu, noski, baina kalterako izango zaizu.
J. AGIRRE: Nire inguruko gazteen artean oso gutxi ikusten dut literaturatik ezer edaten duenik, beste esparru batzuetatik bai ordea. Hori joera zabaldua da gazteen artean.
J. L. ZABALA: Lehen askoz bereiziagoak zeuden literatura eta kazetaritza, eta orain kazetaritzak literaturari eremu bat jan dio. Gure artean, bertsolaritzak, esaterako, gauza bera egin du, hizkuntzari dagozkion kontuetan esan nahi dut, eta hori berez ona dela uste dut.
A. ITURBE: Eguneroko informazioan literatura soberan dago, besteak beste, literatura «sortzen» hasten baldin bazara, zure iritzia ari zara botatzen etengabe. Prentsan eta irratian etengabeko adjektibatze eta sentimendu azaltze moduko bat ugaldu da. Niri eguneroko informazioan molestatu egiten dit.
J. AGIRRE: Baina kolore pixka bat behar da, kazetaritza neutroenean ere, badaude neurriak, kolore puntu bat, orijinaltasun bat.
A. ITURBE: Esaldi bat modu batera edo bestera esatean edo idaztean, kazetariak berak hartu behar dio neurria horri.
J. AGIRRE: Baina oso neurtua. Erreportajean, zutabean, kazetariak literaturatik edan behar du, ikus-entzunezko kulturatik bakarrik edanez ez da posible ezer egitea, nik inpresio hori daukat

Kazetaritza eta literatura jardunaldiak. Hainbat ondorio
Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) literatura eta kazetaritza hartu zituen aztergai urriaren 21etik 23ra egindako jardunaldietan. Sarrerako ekitaldian parte hartu zuten hiru hizlariek eginiko adierazpenetako batzuk bildu ditugu jarraian:


Karmelo Landa:
- «Literatura eta kazetaritza diziplinak elkarrengandik oso gertu daude, biek ‘komunikazioa’ helburu duten heinean».
- «Literaturak, balio estetikoaz gain, esperientzia kalitatea eskaintzen diokazetaritzari. ‘Ezagutza’ modu bat da, kazetaritza zabalagotu egiten duena».
- «Hizkuntza bera darabilte kazetaritzak eta literaturak gaur egun: Konnotatiboa: bi diziplinen arteko ezberdintasuna markatzen duena ‘graduazioaren alderdia’ da, hau da, hizkuntza konnotatiboaren eta fabulazioaren erabilera».
- «Gaur, aldaketa literaturatik dator, baina komunikabideek ez diote literaturari esparru duinik eskaintzen, eta beraz, kazetaritza berriak ere ezin du esparru hori izan».
Txema Ramirez:
- «Kazetaritza berriaren helburua ez da jadanik ‘zer’ esatea ‘nola’ baino. Hau da, gaur egungo kazetaritzaren helburua ‘erakustea’ da».
- «Ikuspegi objektiboa erabiltzetik, begi edo begirada subjektiboa gailentzera pasatu gara, eta nolabait, kazetaria ez da gertatutakoaren berri emaile hutsa, baizik eta baita, protagonista da bere ikuspegia ematen duen neurrian. Hala ere, korronte berri hau zehazteke eta finkatzeke dago».
Iñigo Aranbarri:
- «Kazetaritza eta literatura, euskal kazetagintzaren historian bat izan dira, hau da, batera garatu izan dira».
- «Euskal kazetagintzak euskal kosmogonia propioa sortu behar du, irakurleari mundu erreferentzial konkretu bat eman behar zaio.
- «Euskal ideologiaren transmisioaren pisuak euskal kazetaritzarengan izan behar ote due?».
Jardunaldietan nagusiki ondorioztatuak:
- Diziplina bien artean «ulertuak» gehiago direla «ez ulertuak» baino.
- Kazetaritza berria eta literatur kazetaritzaren definizio eta zehaztasun baterantz heldu behar ote dugun.
- Euskal komunikabideek lekurik egingo ote dioten kazetaritza berriari, eta ondorioz, literaturari

Kazetaritzaren objektibotasunaren mitoa lurretik arrastaka dabil. Eta hara nondik, literatura dator kazetaritza berriaren laguntzan, behetik altxatu eta zutitzeko ahaleginean arlo bien indarrak batuaz. Baina zertan lagun dezake fikzioz eta subjektibotasunez beteriko literaturak, kazetaritza, hau berez errealitatearen ispilu izateko jaioa denean?

Lehenengo eta behin, bere burua hobe ezagutzen, kazetaritzak berak dituen barne mugak nabarmentzen lagunduko duelako : izan ere, lehenengo fikzioa kazetaritzaren balizko «objektibotasunarena» baita. Gaur egun, gauza frogatua da kazetarien hizkuntza ez dela denotatzaile hutsa, konnotatzailea ere badela, eta beraz, esanahiaz gain, ezinbestez zentzu edo intentzio markatua ere badaramala, baita itxuraz «neutroenak» diren informazio eta albisteak ematerako orduan ere.
Kazetaritzaren eta literaturaren artean dagoen lotura nagusia hizkuntza da: hizkuntza bera darabilte, desberdintasun funtzional gradual batez, kazetaritzak erreferentzialtasun handiagoz literaturak baino. Baina kazetaritzak literaturaren premia sentitzen du informazio erreferentziala ez ezik, hori baino sakonagoa, eraginkorragoa den komunikazio beharra asetzeko.
Har dezagun gure arteko adibide bat hau guztia argitu nahian, denboraren urruntasun erlatiboan kokatua, 1975 urtearen irailaren 27an, goizez, irratiz eman zuten albistea: «Gaur izan dira exekutatuak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot, Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz prozesatuak». Albiste laburregia gertakari hain dramatikoa adierazteko, euskal gizartean une hartan zegoen tentsioa eta jakin-mina asetzeko. Anjel Otaegi lekukorik gabe fusilatu zuten, Burgosko espetxean, eta irrati berri hain lakonikoaren ondoren, airean gelditu ziren hainbat galdera, batez ere nola gertatu ei zen, nola egin zion aurre Nuarbeko gazteak heriotza ikaragarriari.
Urteak joan, urteak etorri, kazetaritzak urrats berria eman zuen hutsune hura bete nahian, eta Iban Arregi kazetariak Anjel Otaegiren biografia dokumentatua prestatu eta argitaratu zuen: «Angelek bukaera-bukaera arte ez suen sinetsi hil egingo zutela. Egun txarrak ere izan zituen... ‘Egun batean hiltzen banaute, zer jarrera hartu behar diat azkeneko unean’ galdetu zion Bizenteri... Irailaren 26ko iluntze hartan... ziegatik gela aparte batera eraman zuten... desioren bat ba al zuen galdetu zioten militarrek. Angelek pattar botila bat eta zigarroak eskatu omen zituen. Bizente Gurrutxagak, Burgosko kideak, dio Angel beldurrez hil zela, normala den bezala...».
Bigarren urrats honek ere ezin zezakeen, ordea, komunikazio hutsune ikaragarri hura bete, eta literatura etorri zen orduan Angelen azken une ezkutu haiek argitzera, errealitate gordinaren erreferentzia gainean fikzio sinesgarria eskainiz: «Oraindik ere bezperan pattarrari esker lorturiko lo laburra... Oso urrunetik bezala entzuten ditu tiroak, eta are urrunagotik,...bere atzean, kanposantuko harresi goroldiotsuak itzultzen duen atabal hots geldoa».
Oraintsu, laugarren saio bat egin du Joseba Sarrionandiak, kazetaritza eta literatura lotzen dituen testu hibrido batean gaurkotuz heriotzaren unea: «2002ko irailaren 27an, ostirala. Lekukorik gabe hil dute... hormara ailegatu orduko egin diote deiadar: Otaegi! Eta tiroak jaso ditu Anjelek buelta eman duenerako, bihotzaren alturan denak. Eta azken unean ezelako jarrerarik hartzeko astirik gabe hil da».

Kazetaritzatik literaturara doan graduazio honetan, informazio urriari komunikazio literarioa gehitu zaio, aberasgarria beti, eta inoiz ez zalantza sortzailea, generoen bereizketa (faktizioa lehen bi kasuetan, fiktizioa hurrengo bietan) kontuan hartzen bada, behintzat. Dakiguna kontatu digutena baino zertxobait gehiago baita beti


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude