«Iritzia emateko adina ez jakiteak eta entzuleak mintzeak kezkatzen nau



»Gaurko Mariano Ferrer egunero ageri da irratian. Baina konta iezaguzu jesuita izan zineneko kapitulu hura...
Familia oso erlijioso batean jaioa nintzen. Aski da esatea anaia jesuita bat dudala eta bi ahizpa moja. Nire belaunaldikook hezkuntza erlijiosoak markatu gintuen, eta bizitzari zentzu transzendentala ikusten genion. Izatez, nik ideia oso garbiekin hautatu nuen jesuita sartzea.
Bizitzarako asko erakutsi zidan esperientzia hark: zorroztasun intelektualaren aspektutik, lanerako diziplina aldetik, giza harremanen aldetik, eta etorkizunerako eman zidaten formazioagatik.
Jesuita izateari utziko niola erabaki nuenean, benetan gehien kostatu zitzaidana zen onartu beharra jada ez nuela edukiko denboraren disposiziorik, merezi zuela iruditzen zitzaidanera dedikatzeko. Ogia irabazteaz arduratzen hasi beharko nuen orain, etxe bat mantendu, zure arropaz arduratu… bizitzearen behar hauek guztiek denbora asko kentzen dute, eta ordura arte beste batzuk arduratu izan ziren horietaz nire ordez.
Jesusen Konpainia uztearekin, kausa edo obra bati emanak dituzun libertate batzuk errekuperatzen dituzun bezala, era berean askatasun asko galtzen duzu. Halako instituzio batek ematen dizun babesak, askatasun izugarria ematen baitizu. Adibidez, Francoren diktaduraren azken urteetan, Herri Irratia izan zen bakarra orduko komunikabideetan egin behar zen lana egin zuena. Meritu horren zati handi bat, jesuita izateak ematen zigun babesa da. Nik esaten eta egiten nituen gauzak eginda, beste edozein pertsonak pasako lituzkeen arrisku berak izango banitu, agian ez nituzkeen egingo.

Jesuita izateko jaso zenuen hezkuntza, oso lotua dago arrazoiketari, oratoriari... nola ikusten dituzu gaitasun horiek gaurko gizartean?
Kezkatzen nau hizkuntza gaitasunaren gainbeherak, espresioaren pobrezia onartuak, eta kezkatzen nau, batez ere, eztabaidatik ihes zer erraztasunekin egiten dugun irain eta aurreiritzien bidez.

Hizkuntza gaitasunaren gainbeherarena asko nabarmentzen da gazteengan. Orokorrean, nik ikusten dudanagatik, unibertsitatera iristen dira espresio gaitasun urriagoarekin, hizkuntza gutxiago menperatzen dutela eta oratoria baliabide askoz gutxiagorekin, behintzat nik orain 50 urte euren egoeran nituenekin alderatuta. Hori errealitate bat da, eta nik ez diot egozten oraingo hezkuntza sistemari; ez dakit zerk sortu duen, bakarrik halaxe dela. Seguru asko zerikusi handia izango du teknologia berriekin. Eta ez du esan nahi gaur irakurtzen ez denik; gaur ezberdin irakurtzen da, eta batez ere idatzi ere beste modu batera egiten da.
Bestetik, eztabaidatzeko eta argudiatzeko moduari dagokionean, gure gizartean zehazki, politika irakasle ezin okerragoa izaten ari dela uste dut. Tristea da, baina politikoek duten eztabaidatzeko modu hori da erreferentzia, komunikabideen bitartez etengabeko eztabaida batean baikaude. Eta eztabaida hori, hain justu, egin behar ez denaren eredu da: hor ez dago argudioak kontrajartzeko modurik, ez dago modurik eztabaidak aurrerapausoak emateko. Beti gauza berera itzultzen ari gara etengabe, beti bestea desabantaila egoeran kokatzen saiatzen gara, okerren sentitzen den horretara eraman eta hortik zigortu ahal izateko. Ez ditugu bestearen arrazoiak entzuten, ez dugu bestearen arrazoiak ulertzen saiatzeko jarrerarik. Eztabaidatzeko modu hau benetan izugarria da pedagogia sozial bezala.

New Yorken egin zenuen kazetaritza masterra. Zein egoeratan utzi zenuen Euskal Herria, eta zer gizarte aurkitu zenuen AEBetan?
Esperientzia huraxe da etorkizunerako profesionalki gehien markatu ninduena. Nik 1964an alde egiten dut hemendik. Kokatzeko, 1963an Kennedy erail dute, Vietnamgo gerra dago, hippyen garaia… baina hemen Franco dago, bere ondorio guztiekin, eta oraindik urte mordoxka geratzen zaizkio hiltzeko. Garai hura jesuitak lepagorekin eta orkatiletarainoko jantziarekin doazenekoa da; AEBra noa, eta aurkitzen dut gizarte zibil bat, oso erlijiosoa dena, baina zibila. Prentsa askatasunik ez dagoen sistema batetik, kritikatu ezin den sistema batetik irten, eta noa lehendakariaren figura oso errespetatua den arren, imajina ditzakezun kritika guztien diana den tokira.

Baina AEBn aurkitu nuenak baino askoz shock handiagoa eragin zidan Euskal Herrira itzultzean aurkitu nuenak. Agian imajinatu nuen bost urte haietan ni aldatu egin nintzen bezala, hau ere aldatu egingo zela. Eta aldatu zela egia da. Burgoseko Epaiketa egin berri dute, 68ko maiatzako iraultza pasa berri da… Baina hemen oraindik Francok eta bere zirkunstantziak jarraitzen dute. Eta aurkitzen dut jendeak ez duela hitz egiten hitz egin behar den gauzei buruz, ezin duelako. Aurkitzen dut irratiak ezin dituela albisteak eman. Halakoa izan zen shocka, hasi nintzela irratian inork egiten ez zuena egiten: prentsak esan edo ez, kalean zeuden gaiei buruz hitz egiten, alegia. Eta horrela hasi zen gaur "El Quiosco de la Rosi" izena duen saioa, 30 urte dituena.

Zentsuratzeaz "kezkatzen" ziren Gobernuko Delegatuekin makina bat pikardia ere izan duzu…
Jendea esateko desiratzen zegon hura esateko zirrikitua aurkitua nuen: informazioa eskaini nezakeen, egunkarien bidez. Baina azkar debekatu zidaten hori ere, nahiz eta denen eskura zeuden egunkariak irakurtzera mugatu. Zergatia galdetu nion gobernuaren delegatuari, eta halaxe esan zidan: "Zuk eguneko notiziak ematen dituzulako". Bada ondo, bezperako egunkariekin hasi nintzen programak egiten! Hala ere, irratian bizi izan dudan gauzarik psikodelikoena, gobernuko delegatuarekin edukitako beste elkarrizketa bat da. Irratiko zuzendaria ez zegoen, eta niri pasa zidaten deia, zuzendariordea nintzenez. Halaxe esan nion:
"Zuzendaria ez dago, eta zuzendari ordea naiz ni, Mariano Ferrer".
"Begira, zuzendariorde jauna: Mariano Ferrerri esan behar diozu, gaurtik debekatua duela zentzu bikoitzeko komentarioak egitea". (Nonbait ez zuen ulertu ni nintzenik Mariano Ferrer). Nik orduan:
"Baina, zentzu bikoitza, noren eskutan dago: hitz egiten duenaren esku, edo entzuten duenaren esku? Agian, zentzu bikoitz hori da Marianori egozten zaiona, baina Marianok berak ematen ez diona. Nik dakidanez, Ferrerrek zentzu bakarrean hitz egiten du, beste gauza bat da entzuleak harrapatzea edo ez". Eta gizonak:
"Beno, utzi txorakeriak, eta esaiozu bigarren zentzua bukatu egin dela gaurtik!".

Zure irratsaioak urteak daramatza erreferentzia izaten. Aldi berean, zure estiloa gaur modan dagoen irrati motaren erabat kontrakoa da.
Irratia egiteko nire moduak zerikusi asko du egin nezakeenaren planteamendu errealista batekin. Hasieran, ezin genezakeen informatu; horrek linea batera eraman ninduen, egunkariek publikatu zutenaz bakarrik hitz egin bainezakeen, kasurik onenean. Baina gero, jada irratiaren panorama zabaltzen denean eta informatzeko askatasuna dagoenean, beste muga batzuk agertzen zaizkit: ez nengoela albistegi tipikoa egiteko baldintzatan, bitartekoak falta nituelako. Ezin nituen zazpi kolaboratzaile eduki, ez korrespontsalak… Eta erabaki bat hartu nuen: nik ez ditut informazio iturri propioak izango eta beste iturrien menpe egongo naiz; baina nik horri gehituko diot, albistea emango dudala kontatzeko moduaren ikuspegitik. Gertatu dena kontatu baino, gertatzen ari dena guri nola kontatzen diguten kontatzen dut. Eta nire komentarioak, nire apunteak txertatzen ditut, entzuleari presente egiteko errealitatea eta medioen arteko erlazio hori: komunikabideetatik esaten dioguna, kontatzen diogun zerbait dela, eta oso modu ezberdinetara konta daitekeela, horretan adi egon daitezela.
Gainerakoan, irratiko konbentzionalismoak-eta ez zaizkit sekula gustatu. Albisteen mailukada hauek, gauzak hamaika bider errepikatu behar hau… askoz hobea iruditzen zait kontatzea bera: detaileekin jolastea, edo bigarren zentzuarekin (eta ez zentzua disimulatzeko, justu nabarmentzeko baizik), gauzei dituzten bueltak ikustea, entzuleekin jolastea esaten duzuna ea eurek deskubritzen duten…
Gauza bakarra dut garbi: denontzat badago lekua. Eta obsesionatuta bazaude lehena izateko, entzule gehiena dituena izateko, edo jendearen gustukoena izateko, horrek behartuko zaitu gustu konbentzional batzuetara mugatzera, edo gauza batzuk isiltzera. Bide hori hautatzen ez baduzu, askatasun hori duzu: badakizu ez zarela entzule gehien dituena izango, baina aurkituko duzu entzuleria bat hain justu zuk egiten duzun horixe nahi zuena, eta beste tokitan aukera hori eskaintzen ez zaiona. Publiko hori leiala izango zaizu. Beraz, zertarako hasiko naiz ni lehiatzen, besteek nik baino hobe egiten duten beste irrati mota batean? Terreno horretan ez naiz inor izango; nire terrenoan entzuleria bat aurkitu dut, eta pozik asko bizi naiz.

Informatzea debekatuta zegoen hasi zinetenean. Gaur egun, berriz, ez al gaude informazio uholdeetan itota?
Kazetaritza oso despistatuta dago, pilatutako arazo askogatik: batetik, ikusi beharra dago zer gaitasun dugun informazioa maneiatzeko eta transmititzeko, bestetik, zer erraztasunarekin ez garen arduratzen gertatzen diren gauzetaz. Hau gertaeren letania bat da, ez dakizu nora doazen ez zer ondorio dituzten, ez zer puntutaraino axola zaizkigun ere; gaurkoa bihar ahaztu egiten da. Ez dut esan nahi kazetaritza ulertzeko modu bat izan zena aldatzen hasi behar ez denik, gizartea, gustuak eta beharrak ere aldatu direlako. Hori onartzen dut. Baina nik nire egiteko modua dut. Pentsatu nuen, informazioarekin egin nezakeena lehenik neronek digeritzea zela. Eta behin nik digeritu dudanean, orduan ematea, beste komunikabideek ematen dutenarekiko ikuspegi ezberdin batetik landuta, informazioak zentzu gehiago izan zezan.

Egunero gai polemikoei adarretatik heldu eta zure iritzia publikoki ematen duzu. Nola bizi duzu hori?
Bizi izan nuen fase bat, neure buruari onartu behar izan niona zein bide hautatu nuen, eta bide horretatik zein lagun eta zer errespetu mota lortuko nituen, eta zeintzuk ez. Jakina, denoi gustatzen zaigu jendeak kasu egitea, eta inteligenteak ematea. Lan mota hau eginda agian inteligentea zarela irudituko zaio entzuten zaituen jendeari, baina zaila da inteligentea iruditzea eurez mintzo zarenei. Onar dezagun: kritikoa bazara gertatzen denarekin, horrek zaramatza hitz egitera agente sozialei buruz, administrazioaz, botere politikoaz, justiziaz… eta jada hiperkritikoa ez, kritiko xamarra bazara horiekin, sortzen da fenomeno bat zu gabe funtzionatzekoa, zuri uko egitekoa. Orokorrean zaintzen diren eta kasu egiten zaien egunkari eta kazetariak, dira euren aldeko izatera prest agertzen direnak. Iristen da momentu bat onartu egiten duzuna, lasaitasunez. Eta jada ez duzu bilatzen agintzen duenaren, boterea duenaren estimazioa, baizik eta beste medioek eskaintzen duten informazioaz pixka bat harantzago joaten saiatzen den jendearen estimazioa. Eta behin ideiarekin adiskidetzen zarenean zerorri, zoriontsu xamar bizitzen duzu.
Gaur egun, esan egin behar dudanean, bi gauzek kezkatzen naute, eta batek aspertu. Kezkatzen nau, iritzia ematea den handiuste lan hori hartzeko adina ez jakiteak. Urteekin, teorian, gehiago dakizu, baina era berean gero eta gehiago jabetzen zara ez dakizunaz, eta jakin izan ez duzunaz. Beste kezka da, nik asmo hori izan gabe jendeari min egin diezaiokedala, esateko obligazioa dudala sentitzen dudan komentario horren bidez. Eta aspertu, beti edo ia beti gauza ia berberaz hizketan ari beharrak aspertzen nau.

Elkarriren Bake Konferentzian, moderatzaile taldeko kide izan zara. Zer aho-zapore utzi dizu?
Nik prozesua hasieratik errealismoz bizi izan dut. Bizitzan badira gauzak, badakizunak egin egin behar dituzula, jakinagatik orain bertan ez dutela fruiturik emango. Baina saiatzen jardun behar duzu, egunen batean beharrak eta aukerak aldi berean gertatu daitezen. Partidu politikoak elkar ulertu eta konponbideak bilatzeko hitz egiteko gai ez diren honetan, zer eskaintzen du Elkarrik? Beharrezkoa den elkarrizketa eremu hori sortzeko ahalegin bat, gaur posible den neurrian. Gutxienez gizartearen erreferentzia gisa edukitzeko, "hau egin behar litzateke, eta hau egin daiteke, nahi bada". Gero, esfortzu horren fruitua ez dela izan norberak helmugatzat jarri zuen hura? Izan gaitezen errealistak: helmugak jartzen dira erronka gisa, exijentzia gisa. Ez gara iritsi, baina aurreratu dugu . Nik uste Elkarriren konferentzia aurreratutako bide bat dela. Partiduak geldirik dauden artean, Elkarrik ibilbide bat egin du. Mementoz, bide hila da, partiduek ez dutelako bide horretan aurrera egin. Baina inoiz partiduek hitz egin nahi balute, egindako bide horretan erraz aurkituko lukete aurreratutako bide bat.
Bestetik, Elkarriko jendeak lanean erakutsi duen jarrerak, esperientzia sozial gisa ere, asko bete nau. Emateko prest dagoen jendea da, eta jarritako helmugara ez iritsiagatik, "lasai, ea hurrengoan lortzen dugun" da duten jarrera. Jarrera hori gizartean zabaldua egotea gustatuko litzaidake .
Zapore garratza utzi didana da, konprobatzea partidu politikoek zer zailtasun duten barrura begirako elkarrizketetan lortutako elkar-ulertze hori, publiko egitera pasatzeko, beldurra ematen dielako gerturatze hori onartzeak egoera politiko konkretuetan izan dezakeen eraginak. Publikoki agertzerako orduan, euren lorpen politikoei adi daudela iruditu zait.

Komunikabideek zein jokabide izan behar lukete, gatazka politikoa dagoen gizarte honetan?
Komunikabideak, modu batean edo bestean, agente sozialak gara, militanteak. Nahiz eta medioek esan "ez, guk errealitatea islatzen dugu", bakoitzak bere interes eta ideiak islatzen ditu, eta errealitatea islatzerakoan, bakoitzak defendatzen duen hura ondo gelditzeko moduan islatzen dugu. Gero bakoitzak egingo du oreka gehiago edo gutxiagorekin, baina nabarmena denez, medioak ez dira errealitatea islatzera mugatzen.
Orain, saihestezina den hori, euskal gatazkari dagokionean jada kezkagarria da. Kezkagarria da zein gradutako militantzia mediatikoa sortu den, batzuetan militantzia politikoa gainditzera ere iristen da. Badira partidu politikoetako militante beligeranteak baino beligeranteagoak diren medioak. Eta errealitate horretaz eurak ez jabetzeak, edo ez onartu nahi izateak harritzen nau. Gainera arazoa ez da medio batek era batera edo bestera pentsatzen duten kolaboratzaileak hartzea. Arazoa da, egunkariaren mezua, gizarteari planteatzen ari zaiona, ea den militantzia eta gerrako jarrera bat ala den elkar-ulertzearen eta konponbideak bilatzearen jarrera bat. Zoritxarrez, gaur egun medioek gizarteari arazoaren konplexutasuna ulertzen lagundu beharrean, eta konponbidearen bideak esploratzen lagundu beharrean, bakoitza dagoen posizio horretan jarraitzeko zein arrazoi dauden azaltzen diote jendeari. Medioak dira justu ezberdintasunak gogortzen dituztenak, kontrasteak markatzen dituztenak, postura erradikalak exijitzen dituztenak

- Jaio: Donostian, 1939. urtean.
- Kazetari eta analista.
- Zuzenbide, Filosofia eta Letretan lizentziatua. Kazetaritza ikasketak Iruñea eta Madrilen egin zituen. Masterra Estatu Batuetan egin zuen.
- 1971 urteaz geroztik Herri Irratian dihardu.
- «Egin» egunkariaren lehen zuzendaria izan zen (1977. urtean).
- 80ko hamarkadan Donostiako Zinemaldiko prentsa burua izan zen.
- 1989-90 urte bitartean «Sin permiso» eztabaida saioa zuzendu zuen ETB2 katean.
- 1983-96 urte bitartean «El Mundo»ko iritzi burua izan zen. Egun bertan kolaboratzen du.
- 1999az geroztik Deustuko unibertsitateko irakasle da.

Jesuita nintzela, Estatu Batuetara joan nintzen kazetaritza masterra egitera. Hegazkinetik jaitsi orduko, asko uste gabe, bost neska nire zain aurkitzen ditut.
Nonbait, lagun jesuita batek New Yorkeko beste lagun jesuita bati esana zion etortzekoa nintzela eta mesedez, ingelesa ez nekienez, aireportura joan zedila nire bila. Jesuita hark ez zuen etortzerik, eta bere ikasle haiei eskatu zien mesedea. Bost neskatxek, lehenengo hitzetik, zertarako joango nintzen hain goiz jesuitengana esan zidaten; hiria ikusi behar genuela, egun hartan bertan.
Gaueko hamarretan joan naiz jesuitetara. Atea jo, zabaldu dit batek, eta bost neskatxez inguratuta aurkitzen nau. Jesuitak galdetu dit: "Noiz heldu zara hirira?" eta nik "gaur bertan". Berak orduan: "Bada, gaur bertan iritsia izateko, nahiko ondo moldatzen ari zara!".

Doinua: Espainian behera
Komunikabideen
konpetentzi demak,
bide bat jorratzera
garamatza denak.
Pentsatu behar al du
esan nahi duenak
nola lortu entzule
fidelak direnak,
bere buruarekin
fidela ez denak?


ASTEKARIA
2002ko abenduaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude