Ikastolaren etorkizuna arriskuan


2002ko apirilaren 14an
Pil-pilean zegoen gaia, ezbairik gabe, eta ZERUKO ARGIAk "Irakaskintza"ri eskaintzen zion bere editoriala, bere irakurlego guztia ohartu zedin honetaz: "Estaduak ondo zaitu ohi duen soroa dugu irakaskintzaren soro au. Iñork ez du utzi nahi izaten besteren esku eginkizun au. Eskutik eta soka motzetik eduki nahi dan zerbait dugu. Zer ikusi aundia duen alderdia dugu gizartearen aldaketan edo iraupenean. Ortik gobernu bakoitzaren arreta eta ardura landa ori zaitzeko. Eta ortik, bere ardurapetik aldendu ditezkean guztiak, desegiteko arrixkua". Alegia izerdi askoren ondorioz martxan jarria zen ikastolak ere jasan zezakeela erasorik...


HIL EDO BIZIKO BORROKA

Gobernuen aldetik jokaera maltzurra espero ez zuen euskaldun gutxi behar zuen orduan, baina halere ez zitzaion gaizki etorriko zenbait gauza gogoratzea.
"Nabarmena litzake au guzia legez debekatzea. Eziñezkoa gaiñera. Baiña nolatan iraun diru-laguntzarik gabe? Nola bete legearen eskakizun guziak? Nola eutsi ikastetxeei? Nola ordaindu irakasleei? Lehendik lan ortan ari ziran askok itxi dituzte beren ikastetxeak. Ez da arritzeko", zioen editorialak. Gero, negar egiteak ezer gutxirako balio zezakeela erabakiz, baikor ekiten zion bere deiari:
"Aurrera egiteko asmoz dago gure Erria. Jabetu da ikastolen garrantziaz. Il edo biziko burruka du. Ikastolen bidez salba ditzake Erri onek, bere nortasuna, bere izaera, bere izkuntza, bere kultura eta abar. Eta ez da berriketa, au guztia, Euskal Erria salbatu nahiko lukeen edonorentzat. Eta ezin uka, gure egoeran, besterik gabe ere jokabide iraultzaillea denik. Atzerakoi izan nahi ez duen guztiak onartu beharra dauka egia au".


IKASTOLARI BURUZ HITZ BI

Editorialetan hitzak neurtu behar izaten dira, ordea, eta arazo hark zehaztasun gehiago eskatzen zuen. Gauzak horrela, "Irakaskintza" editorialaren aldamenean, Aurtiz izenpetzen zuen norbaiten "Ikastolari buruz hitz bi (Lahen Partea)" argitaratu zuen Z. ARGIAk, beharrezkoak jotako azalpen guztiak eskainiz.
"Dakikezuenez, ikastolak une larri bat pasatzen ari dira. Lege Berria dela eta, lehen baino mila oztopo gehiago salbatu beharko dituzte, bizi ahal izateko", zioen Aurtizek. Nonbait Heziera Lege Berria indarrean jarri berri zuen Espainiako gobernuak. Eta lege horrek, hiru maila nagusi bereizten zituen heziketan. Lehen maila, "Eskola Aurreko Heziera", haurrak sei urte bete artekoa, aurrerantzean ere dohakoa izango zen guzientzat. Bigarren maila, "Oinarrizko Heziera Jenerala", sei urtetik hamairu bitartekoei ematen zitzaiena, ez zen ordaindu beharko ere, Lege Berriaren 2-1 artikuluak horrela adierazten zuenez: "La Enseñanza General Básica será obligatoria y gratuita para todos los españoles". Tripako mina gora behera, hura ere doan.
Arazoa, hirugarren maila edo Batxileratoan zegoen, antza denez. Hiru ikastaro zituen, 14 urtetik 16ra bitartekoentzat, eta Aurtizek zioenez, "hau da problema. Zentro estataletan heziketa dohan ematen bada, eta ikastoletan, ostera, ordaindu behar bada, ikastolak nola biziko dira? Ikastoletara nortzuk joanen dira? Kontzientziatuak? Baina herri baten heziketak (eta heziketa hori ikastolaren bidez izan dedila nahi dugu) guztientzat izan behar du. Beraz, nahiko garbi dago, gratuitateko estatus hori lortu behar dela".


BALDINTZA GOGORRAK

Nolanahi ere, heziketa ordaindu behar ez izateko, baldintza batzuk bete beharko zituen ikastolak. Nolakoak?
"Baldintza hauk era askotakoak dira", azaltzen zuen Aurtizek. "Gogorrena, infraestrukturari dagokiona da, zalantzarik gabe. Ona hemen Oinarrizko Heziera Jeneralaren betebeharren programa: Lehen gradoan: irakasteko tokia, 1,50 m2 ikasle bakoitzarentzat. Bigarren gradoan: irakasteko tokia, 1,20 m2 ikasle bakoitzarentzat" gehi "laboratorio bat egiteko toki egokia; areto bat (sala de usos polivalentes), 100 m2; biblioteka bat" eta "lantokiak (talleres) ‘Pudiendo el centro disponer de ellos en sus propios locales o concertarlos con las empresas y desarrollarlos mediante visitas a las mismas’; kirolak praktikatzeko tokiak (‘propios o contratados’); jolas tokiak, 3 m2 ikasle bakoitzarentzat; zuzendaritzaren bulegoa; sekretaritzaren bulegoa; irakasleentzako aretoa" eta, jakina, denentzako komunak.
Eskakizun hauen guztien aurrean, Aurtiz ez zen oso baikor agertzen: "Nahiko garbi dagoela uste dut, ikastola guztiek ezingo dituztela halako inbertsioak egin". Eta hori bakarrik balitz! Baina ez izaki. "Ez pentsa, hala ere, hau dela problema bakarra. Badago beste bat ere: irakasleei dagokiena, alegia. Haiei buruz eskatzen diren baldintzak, nahiko gogorrak dira", zioen Aurtizek. Irakaslegoak bere jakintza eman ahal izateko nahitaezkoa izan beharko zuen titulazioaz ari zen. Eta hartan ere, nahikoa erren ikastola! Hala ere, artikuluaren egileak ezbeharren zakutik atera zezakeen berri pozgarriena eskainiz amaitzen zuen bere egitekoa: "Garai honetan eskolak ematen ari diren irakasleei baldintza batzuk baino ez zaizkie eskatzen (‘disposición transitoria’)»...

Plazido Muxika Euskaltzaiña, erdal-euskerazko iztegiaren egille
Plazido Muxika euskaltzaiña Urnietan jaio zan, 1906 garren urtean, Oria izeneko auzoan, baiña mutiko zalarik Altzara joan ziran bizitzera. Andoaingo apaiztegian Latiña ikasi ondoren, Loiolan sartu zan, Jesus-Lagun, 1922 garren urtean. (...) 1929 garren urtean Ego-Amerikako Colonbiara jo zuen. Onen bidez bidali zion Alfonso XIII-garren erregeak Santa Krutz apaizari zillarezko turuta ederra. Loiolako gelan dauzka Santa Krutzen oroigarri eder bat eta aren azkeneko argazkiak, Jesusen Lagundian sartu bai zan Santa Krutz 82 urte zituela. 86 urterekin il zan. Plazido langille porrokatua dugu. Ez da erraz berarekin egotea. Beti bere gelan sartu eta lan eta lan ari da. Baiña alare prest dago gurekin itzegiteko. (...) Zu ezagunena, euskaldunon artean behintzat, erdal-euskerazko iztegiak egin zaitu. Nolatan asi ziñan lan neketsu ontan? "Amerikan artu nuen iztegi ori egiteko erabakia. Andes mendietan barrena, beroaren beroz leer eginda nenbillela, atseden artzeko bide-bazterreko enbor baten gaiñean exeri nintzan. Aldameneko beste enbor baten azpian paper-puska bat ikusi nuen, eta lurretik jaso nuenean… ametsetan nengoela iruditu zitzaidan! Zer izango eta... gure gerra-aurreko ‘Argia’ asterokoaren puska bat zan. Ez nuke asmatuko azaltzen nik orduan nere barruan nabaitu nuen biotz-zirrara. Tximistak jota bezela gelditu nintzan. ‘Argia’ alajaiña Andeseko mendietan!" (...) (1972-IV-16)

Zinea: gaurko egoera
Asiera batetan adierazi genduen bezala, zinea gizarteko intelektuak agerpen, zineko izkuntza eta kondaira aztertu ditugu, gaingiroki bederen, zenbait zertzeladetan. Orain, berriz, zinearen gaurko egoera tamalgarriaz zerbait esanen dugu. Gaurko zinea, gaitzak jota dago, ezpairik gabe. Gaixo, eri, osasunik gabe, eta ondoez giro onetan, diru gosea dugu zomorrorik zitalena. "Películas de consumo" edo salerosketarako pelikulak darabiltzate erabat gaurko zinegizonek, benetako zineak dituen aberastasunak azaltzeke utziaz. "Gure gizarteak ez bai du gaurkoz beste era bateko filmak ikusteko ezierarik", diote, beren dirutu naia nolabait estaltzearren (...) (1972-IV-16)

Irakurleak mintzo
Zeruko Argia"ren arpidedun eta irakurle gera. Bataz beste asko gustatzen zaizkigu, batez ere, Larresoro, Amatiño, Arostegi eta Ugalde (Oñate, 1972-IV-16)


Eguneraketa berriak daude