ESPARRU MILITARREAN ERE JARDUNGO DU TALDE BERRIAK


2002ko martxoaren 31n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Arlo militarrean ere arituko da oraindik izenik gabeko talde aeronautiko berria. Duela gutxi eman dute ofizialki ondoko enpresa hauen fusioaren berri: Gamesako talde aeronautikoa, ITP (Turbopropultsatzaileen Industria), Sener eta SEPI (Sociedad Estatal de Participaciones Industriales). Mugimendu antimilitaristen kritikak edo beste kolektibo sozial batzuenak jasotakoan, enpresa horiek beti alegatu izan dute beren buruen defentsan ez zeukatela jarduera militarrik edo hutsala zela horrelako jardunaren pisua. Pixkanaka azaltzen hasi diren datuen arabera, eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako, Europako nahiz munduko industria aeronautikoaren geroa aintzat hartuta, ez dirudi hain hutsala izango denik talde berriaren jardun militarra.

Iturri batzuen arabera, EAEko talde aeronautiko berriaren jardueretan, %20 izango da esparru militarrekoa eta %80 zibilekoa. Dagoeneko %20 izendatzen badiote EAEko talde aeronautiko berriari, oso litekeena da ehuneko hori handiagoa izatea, kontuan izanik Amerikako Estatu Batuetako Administrazioak berebiziko jarduna planifikatu duela defentsarako, irailaren 11z geroztik. Jakina denez, azken hilabete hauetan gutxitu egin da jarduera aeronautiko zibila. Militarra, ordea, hazi egin da, mundu osoko gobernuen defentsako planak direla kausa.

700 MILIOI EURO FAKTURAtu ETA 135 MILIOI IRABAZI.

Gamesa aeronautikoak eta Turbo 2000 enpresak, zeinen barruan baitaude ITP, Sener eta SEPIko akzio-gehiengodunak, abiazioko motorrak eta aireontzien zati egiturazkoak egiteko baliatu nahi dute fusioa, batez ere. Talde sortu berriak 700 milioi euro fakturatzeko asmoa du eta, zergak ordaindu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean, 135 milioi euro inguruko etekina geratzea espero du.
Gamesako administrazio kontseiluak jarduera aeronautikoa bereizteko proposamena egingo dio akziodunen batzarrari, horretarako gehienez hamabi hilabeteko epea jarrita. Arabako enpresaren jomuga da Gamesak azkenean %10eko partea ez gainditzea jarduera aeronautikoetan, eta, diotenez, talde berriaren kapitalaren %3 izango da enpresa horrena. EAEn kokatuko dute talde aeronautiko berriaren egoitza soziala, baina oraingoz ez dute eman leku zehatzaren berri. Nolanahi ere, azkenean Bilbon jarriko dutela dirudi.
Enpresa berriak burtsan kotizatuko du. Bestalde, Gamesak utzi egingo ditu zuzeneko jarduera aeronautikoak eta berrizta daitezkeen energiaren arloan jardungo du ia bete-betean; orain ere buru den sektorean, alegia. Zorren %20 bat kentzeko modua ere izango du Gamesak, bat egite honi esker. Lehen fasean, dena den, Gamesako bazkideek kontrolatuko dute elkarte berriaren kapitalaren %59 artekoa. Hauexek dira Gamesako bazkideak: IBV Korporazioa, %35 duela (BBVAk eta Iberdrolak kontrolatzen dute %100ean: %50 bakoitzak); Nefinsa, %21,5 (Kataluniako Serratosa familiaren jabetzakoa); Tornusa, %6,35 (Gamesaren sortzaileena da; Juan Luis Arregi dute buru). Gainerako ehunekoak burtsan flotatuko du.
Bigarren fasean, honelatsu banatuko da ziur aski EAEko talde aeronautiko berriaren kapital sozial behin betikoa: %22 izango du Sener enpresak, %21,5 IBVk, %20,5 SEPIk eta %11,3 Nefinsak. Beraz, %21,7 geratuko da burtsan flotatzeko. Azkenik, litekeena da Tornusa, Gamesako bazkide-sortzaileen enpresa, talde berriaren kapital sozialetik kanpo geratzea, eta litekeena da, halaber, beste bazkide batzuk sartzea.

GAMESAREN ETA ITP-REN ZIFRA ERRALDOIAK

. Gamesa taldeak 1.020 milioi euroko salmentak egin zituen 2001. urtean, eta 74 milioi euroko etekina atera zuen, zergak kitatu ostean. Guztira, 4.700 langileko plantilla dauka Gamesak; horietatik 1.800 lagunek egiten dute lan aeronautikako dibisioan. Arlo horretan, 273 milioi euroko salmenta izan zuen iaz; salmenta guztizkoaren %30, beraz; eta 28 milioi euroko etekina, zergak kitatu aurretik. ITP enpresak, berriz, 2.000 langile dauzka. Iaz, 427 milioi euroko salmenta egin zuen eta 93 milioi euroko mozkina atera zuen, zergak kitatu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean. Sener ingeniaritzako enpresa da. Negurin (Getxo) dauka egoitza soziala, eta langile gutxiko enpresa da. Nahiz eta errentagarritasun handia izan, ia ez dago enpresa horren datu ekonomiko finantzario publikorik. Gamesak Gasteizen eta Espainiako beste leku batzuetan dauzka produkzioko lantokiak, baita ITPk ere, zeinek, Zamudioko eta Barakaldoko lantokiez gainera, beste batzuk baitauzka Espainian barrena.
ITP enpresak teknologiako bazkide bat dauka: Erresuma Batuko Rolls Royce konpainia, hain zuzen. Korporazio horrek kontrolatzen du ITPko kapitalaren %46,85, eta oraingoz inork ez daki azkenean zer erabakiko duen proiektuaren gainean. Hasiera batean, eta betiere orain arteko iturrien datuen arabera, nahiko hotz agertu omen da talde berriaren gorabeheretan, eta, antza denez, ez omen du zuzenean parte hartuko. Gaur gaurkoz dauden datuei erreparatuta, badirudi Erresuma Batuko enpresak ez dituela talde berean elkartu nahi bi jarduera hauek: motorren fabrikazioa (ITPren jarduna) eta hegazkinen egituren fabrikazioa (Gamesa aeronautikoaren jarduna).

EUTSIKO OTE DIOTE ORAINGO ENPLEGUARI?

Fusio guztiek berekin izaten dute kostu ekonomiko eta finantzarioen gutxitze nabarmena, zein, ia beti, enplegua murriztuz gauzatzen baita. Kontuak horrela, enpresa horietan diharduten sindikatuek adierazi dute dagoeneko gaurko lanpostuak bermatuz gero bakarrik egingo dutela fusioaren alde. Gogoan izatekoa da nola, ia oraindik orain, Gamesak dibisio aeronautikoko lanpostuak nabarmen gutxitu nahi izan zituen eta nola langileen nahiz sindikatuen oposizio indartsuak bota zituen atzera zuzendaritzaren planak. Hortaz, orain hitzartutako fusioa ote da bere garaian iragarritako lanpostuak eta beste batzuk desegiteko "egokiera"? Geroak esango du. Aurreko astean beste bilera bat zeukaten fusioaren arduradunek eta sindikatuetakoek. Beldur gara -hobe oker bagaude- fusio honek ere, ia guztiek bezala, ez ote duen egingo murrizketaren bat, orain existitzen diren lanpostuetan

AUKERA ONAK EMANGO DITU JARDUERA MILITARRAK DATOZEN BI HAMARKADATAN
Jarduera militarra zibilarekin konbinatuz gero, aukera onak izango dira datozen bi hamarkadatan, aeronautikako sektorean. Horixe geratu da agerian, Espainiako Ingeniari Aeronautikoen Elkarteak antolatuta, oraintsu egin den Espainiako I. Konferentzia Aeroespazialean. Hori horrela gertatu da, zeren "Espainiako industriak" buru izatea lortu baitu eskualdeko garraioko eta garraio militarreko C.295 hegazkinaren segmentuan eta buru izan nahi baitu garraio militarreko A400M proiektuan. Datozen urteetan, Airbus zaharrenak -A300 eta A310- ordezkatzen jardungo du. Duela hiru hilabete sortu zen Espainiako Misilen Elkartea, enpresa hauek parte dituela: EADS-CASA, Indra eta Izar (Sestaoko La Naval parte deneko taldea). Elkartea Europako MBDArekin batera sortu dute, horrela adierazi du behintzat EADS-CASAko Alberto Fernández lehendakariak.

Iturri berek diotenez, abian dauden proiektu horiek ez ezik, garrantzitsuak diren beste hainbat ere ba omen dira, eta horietan guztietan ardurakoa izan omen daiteke "Espainiaren parte hartzea". Esate baterako, hamarkada honen bukaeran prest egon beharko duen ehiza hegazkin bonbaketarietako pilotuentzako entrenatzaile berria da proiektuetako bat; helikopteroen esparruan orain existitzen ez den segmentu industrial bat sortzea da bestea. Azkenik, Europan egingo diren tripulazio gabeko lehen hegazkinen sorreran parte-hartzea da betiko ametsa. Oraingoz, Estatu Batuak urte batzuk aurretik doaz azken horretan.
Horrelako edozein proiektuk kostu ekonomiko eta finantzario izugarriak izaten dituenez gero, sektore horretan ohikoa da enpresen arteko lankidetza, baita herrialdeen artekoa ere. Maiz gainera ezinbesteko irtenbidea izaten da elkartzea, Europako fabrikatzaile handiekin batera aritu ahal izateko, eta horixe da, hain zuzen, EAEko Gamesa, ITP eta SENER enpresa aeronautikoak talde batean fusionatzeko arrazoietako bat.
Dualtasun handiak ezaugarritzen du sektorea, zeren jarduera militarra eta zibila biltzen baitira batean, nahiz eta enpresak beti uzkur azaldu beren jardueraren parte militarra onartzean, EAEko talde antimilitaristek eta beste kolektibo sozial batzuek salatu izan dituztenetan. Ofizialki aitortutako egia da orain, sektoreko enpresetan, lehen 70 edo 80 urteetan, jarduera militarrek hartu zietela gaina zibilei. II. Mundu Gerraren ostean, bidaiarien garraioaren garapen izugarria tarteko, jarduera zibila gailendu zen, eta, orain, "%70 hartzen du munduko industria aeronautikoaren jardunean". Enpresa aeronautikoak argiagoak izango balira, izango genuke jarduera zibilaren eta militarraren benetako ehunekoak jakiteko modua. Datu ofizialak ebaluatzeko garaian, ordea, zuhur ibiltzea komeni zaigu. Izan ere, Euskal Herriko hainbat enpresek ekoiztu dute eta ekoizten material militarra, baina ukatu egiten dute, hala ere; edo, bestela, hutsaltzat jotzen dute jardun hori.
Espainiako sektore aeronautikoaren barruan integratuta dago EAEkoa. Sektore osoak lau enpresa handi hauetan hartzen du oin: EADS-CASA, ITP, Indra eta Gamesa. Handi horien inguruan, 80 enpresa txiki eta ertainek funtzionatzen dute. Espainia osoan, 3.000 milioi euro fakturatzen dira gaur egun sektorean, eta 20.000 lanpostu mantentzen dira. Mundu guztia hartuta, espazioko sektore aeronautikoak 214.000 milioi euro fakturatzen ditu urteko, eta 1.200.000 lanpostu mantentzen ditu. Estatu Batuena da negozio horren %50, Europarena %33,8 eta Japoniarena eta Kanadarena gainerakoa


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Indendentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude