"AKORDIO EZIN DA ULERTU NAZIO-ESTATUAREN EREDUAREN ARABERA"

  • Ibarretxe lehendakariak Kursaaleko ekimena burutu ostean eta Erkidego honetan deitu hauteskundeen eguna ezagutu aitzin bildu ginen Elkarriko Gorka Espiaurekin. Elkarriren Bake Konferentziak eta hauteskundeek urte gakoa iragarri dute gure politikan.

2001eko martxoaren 04an
Bakerako prozesua gainbehera joan dela ikusirik Bake Konferentzia eratzen hasi da Elkarri. Konferentzia honen beharrak ez ote du gatazkaren beste fase luze baten aurrean gaudela adierazten?
Gure ustez, ziklo berri baten atarian gaude, baina oraindik ez dakigu ziklo berri hau nolakoa izango den. Bi egoera aurreikusten ditugu: biolentziaren espiralean beste pausu bat emateko arrisku-egoera edo Lizarra-Garaziko Akordioaren osteko fase baten jarraipena gertatzea. Krisi egoera batean gauden arren, elementu berri ba-tzuk jorra daitezkeela ikusten dugu. Iraganean abian jarri genituen ekimenak baliatzeko unea da, bestela beste fase luze batean sartuko gara, eta berean elementu zaharkituak errepikatzen hasiko dira berriz ere. Mementoa oso delikatua eta inportantea da. Horregatik berarengatik kokatu dugu une honetan Bake Konferentzia. Konferentzia oraindik indarrean dauden potentzialtasunak baliatzeko tresna izan dadin nahi dugu.

Elkarrizketarako metodologia ez da aski garatua, ezta Lizarrako Akordioa sinatu zutenen artean ere, antza.
Ez. Elkarrizketarako metodologia ez da nahiko garatu. Konferentziaren xedea, batetik, krisi egoera honetan aukerako eremu bat sortzea da -oso inportantea uneon-, eta bestetik, metodologia adostu bat eratzea. Lizarrako Akordioak ez zituen bere printzipioak aski argi zehaztu, eta ez zuen metodologia nahiko garatu ere. Printzipioak eta metologia areago landu nahi ditugu lehenbizi, hurrengo fase batean edukinak landu ahal izateko.

ETAren su-eten garaian, printzipioetan indefinizioak eta bake prozesuaren aurretiko prozeduretan edukin "inposatuak" izan zirela diozue. Konferentzia honek bake prozesuaren ezina erakutsi eta ekimenak berak Elkarriren etorkizuna zalantzan jar dezakeen posibilitatea hausnartu al duzue?
Erabat kontziente gara ekimen honek Elkarriren etorkizuna markatuko duela norabide batean zein bestean joateko. Elkarriren ekarpena horretan datza, ordea. Elkarrirentzako errazena litzateke paisaia politikoaren beste eragile bat izatea, baina gure mugimenduaren berezitasuna gure ekarpena denboran mugatua izatean datza. Herritarrak egoera politiko larriaz jabetu dira eta blokeo egoera honetatik ateratzeko, hau bezalako ekimen bat beharrezkoa zela ikusi dugu. Ekimenari buru-belarri ekinen diogu eta ondorioak eta balorazioak egin ostean, gure etorkizuna argituko delakoan gaude.

Konferentzia PP, PSOE, UA edota HBren presentziarik gabe hasiko da. Mahai-hankamotza hasteko?
Hasteko, guk ez diegu alderdi politikoei inolako jarrera hartzeko eskatu. Horregatik uste dugu ezin zaiola ezetzik eman oraindik gauzatu gabe dagoen proposamen bati. Beraz, une honetan Konferentziari babesik eman ez diotenek baliteke beren babes osoa ematea udaldian, orduan emango baitugu gure proposamenaren berri. Baliteke orain oztopoak jarri dituztenek orduan ontzat ematea, edota alderantziz. Udaldian Bake Konferentzia hau beste perspektiba batetik ikustea espero dugu.

Diozunagatik, Elkarrik ez ditu oraindik bere karta guztiak mahaigainean ezarri.
Hasiera batean, gure ekimenaren berri helaraztea eta ekimen irekia dela adieraztea izan da inportanteena. Udan erabakiko da zein alderdik parte hartuko duen prozesuan. Ordura bitartean, metodologia landu nahi dugu eragile guztiek parte har dezaten, garbi utziz partehartzeak ez duela esan nahi denek mahaiaren alde berean egon behar dutela. Irlandako prozesua Gerry Adams-ek eta David Trimble buruz-buru hitz egin barik abiatu zen, baina komunikazioa izan zen haien artean. Metodologia berriak landu nahi ditugu elkarrizketa ezberdinak gauzatu ahal izateko. Gure kartak ditugu eta bere garaian jarriko ditugu mahai gainean.

Ibarretxe lehendakariak 3.000 pertsonaren atxikimendua jaso zuen Kursaalean eta Elkarrik 3.000 kolaboratzaile behar ditu Bake Konferentzia aurrera eramateko. Elkarri eta lehendakaritza, agidanez, hurbil daude une honetan.
Zortzi urte hauetan denetarik entzun dugu: ETA eta HBren hurbilekoak garela, EAJ, EA edo IU-EBren ingurukoak, baita PSE-EEkoak ere bai. Orokorrean positiboa da hori horrela ikustea, hainbeste ikuspuntu ezberdinetatik kritikak jasotzea onuragarria da. Horrek geure bidea urratzen ari garela adierazten du. Une honetan, egia da, Elkarriren hainbat mezu edota ideia eta lehendakariarenak nahiko antzekoak edo parekoak dira.
Guk azkeneko kritikak jaso ditugu, berauek hausnartu eta galdera hauxe egin ere. Nor aldatu da? Hau da, Elkarri-ren mezua moldatu egin da zortzi urte hauetan edo Ajuria Enean dagoen lehendakariaren mezua aldatu al da? Gure ibilbidea aztertzen bada, argi eta garbi ikusten da gure bide propioa garatzen ari garela. Bide eta une honetan lehendakari hau (edo beste une batean, beste alderdi bateko lehendakari bat) aurkitzen badugu, hori gure lanaren emaitza da, baita helburua ere aldi berean. Gure bidean ahalik eta jende gehien eta inportanteena aurkitzea da gure erronka.

Bideak bide, PPk eta EHk ia ez dute erantzun; PSE-EE izan da aldiz Bake Konferentzia eta Kursaaleko lehendakariaren ekimena "batera" diseinatua izan zela esan duena. Antza, gakoa hor dago hasiera batean.
Inolako dudarik gabe, guretzako alderdi sozialistaren betebeharra funtsezkoa da. PSE-EEk elkarrizketa politikoaren aldeko apustua egiten badu, PP bakarrik geldituko da. Kontziente gara bere aldetiko beherahalako atxikimendua lor-tzea oso konplikatua dela. Alderdi sozialistaren barruan hainbat jarrera daude, egoera zaila eta gogorra bizitzen ari da, eta egoera pertsonalek oso baldintzatzen dute jarrera hartzea.
Hala ere, gauzak alda daitezkeela uste dugu. Nahiz hauteskundeak tartean izan guk tinko lan egingo dugu alderdi sozialistak Konferentzian parte har dezan. Bere kritikak jaso ditugun arren, ez dugu baztertzen inola ere PSE-EE prozesuan egotea. Adierazpen publiko horiek egin ostean haiekin egon gara eta Bake Konferentziari begira dena irekia dagoela esan dezakegu.

Gatazka hartzen ari den dimentsioa ikusita, ez duzue "zeregin politikoetan" eror-tzearen arriskua sumatzen?
Konferentziaren proiektua erabat bateragarria da abertzaleen arteko akordio batekin. Orain, printzipioetan eta metodologian oinarritutako elkarrizketa bat planteatzen ari gara, hori da bake prozesu bat bideratzeko ezinbesteko tresna. Hasieran hainbat alderdi politikoen artean dinamika sor daiteke, hori berez oso positiboa litzateke, nahiz gure proiektua haratago doan. Hasieran, ziur aski, alde biko akordioak beharrezkoak izango dira, abertzale munduko alderdien artekoak lehenik eta abertzale eta abertzale ez direnen artekoak gero. EAJ, EA eta EHk edukin politikoez hitz egitea eta gure zeregina bateragarriak iruditzen zaigu.

Tira, elkarrizketa hori Lizarrako Akordioarekin jarri zen abian. Hasteko eta behin, zer falta da alderdi aber-tzaleen arteko elkarrizketa sendo bat gauzatzeko?
Lehenbizi jarrera irekiago bat alde guztietatik. Oraindik ez gaude ohituta elkarrizketa politikoari ekiteko. Inkomunikazio garai luzeak eta honen ondorio izugarriak bizi ditugu gure herrian. Lizarrako Akordioa lehen saiotzat jo behar dugu, ekarri eta erakutsi zituen alde positiboetatik eta ez hain positiboetatik ikasi behar dugu.

Azal iezaguzu irakaspen bat?
Esan bezala, Bake Konferentzian garatu nahi dugun eztabaida printzipio eta metodologian kokatu nahi dugu, eremu horiek landu. Bestela, nahiz hasieran etekin politikoez mintzatu eta akordioak lortu, eztabaida etekin politikoen eremuan sartzen denean interpretazio ezberdinak egiten dira. Hori gertatu zen Lizarran.
Guk orain prozesu hura -Lizarra edo antzeko beste bat- berrabiarazi behar dugula diogu, ordenagailua bezala-. Hau da, lantzen hasi eta une batez blokeatu zen prozesua, printzipio eta metodologian finko batean oinarritua berrabiarazi behar dugu orain. Lizarrak markatu zuen bideak oso inportantea izaten segitzen du.

Alderdi abertzaleak berak ez dira subiranotasun kontzeptuaren inguruan ados jartzen. Irlandan bake prozesuak aurrera egin du, irakaspenik jaso ahal duzue prozesu horretatik?
Irlandako bake prozesutik ikasi daitekeen gauza inportanteena -nire esperientziaren arabera- subiranotasunaren kontzepzio berria da. Irlandako bake prozesua ezin da kontzeptu zaharren bitartez ulertu. Bestela, Sein-Fein edo IRA bezalako mugimenduak hainbat urtetan helburu batera iristeko borrokan izan ondoren, nola sartu ote da bake prosezu eta akordio batean? Sinatu duten akordioan lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubideak nahiko zehaztuta daude.

Non dago gakoa?
Gakoa da eskubide horiek perspektiba berri batetik aztertuak izan direla. Hau da, subiranotasunaren edota identitatearen gatazkak burujabetasun eta autodeterminazio kontzepzio berri bat aurkitu behar ditu. Irlandan bide bat aurkitu dute horretarako, eta Euskal Herrian beste bat aurkitu beharko dugu. Hau da, bideek edo prozedurek tokian tokiko egoerei egokituak izan behar dute. Toki bakoi-tzean oso egoera konplexuak bizi dira egun. Premisa bat dago, akordioa ezin dela ulertu estatu-nazioaren ereduaren arabera. Hortxe dago gakoa.

Zehaztuko al diguzu pixka bat gehiago puntu hori, mesedez?
Lehenbizi, prozesua printzipio komunetan oinarritzen bada, gatazkaren ebazpena euskal biztanleek erabaki behar dute. Aldi berean, lurraldetasuna eta autodeterminazio printzipioak malgutasunez ulertu behar dira. Egoeraren araberako tresna politikoak topatu behar ditugu akordio bat aurkitzeko. Esaterako, Irlandan autodeterminazio eskubidea jaso da akordioan baina oraingoz Londresetik tutelatua izaki. Autodeterminazio prinpitzioa errespetatzen da, eta lurraldetasuna kooperazio tresnak garatzearen bidean planteatzen da. Perspektiba berri honetatik, Euskal Herrian ere irtenbide berriak aurki daitezke. Lurraldetasunen eta soberanien arteko harremanak eta subiranotasuna nork eta nola eta zein perspektibatik erabaki daitekeen plantea dezakegu gaur egun. Arlo asko aztertu gabe dago baina, esan bezala, nazio-estatuen ikuspuntutik aztertu gabe. Espainia eta Frantziaren estatu-nazioen perspektiba eta euskal estatu-nazioaren perspektibatik ez dago irtenbiderik.

Azkenik, gutxi-asko gatazkan diharduten eragile gehienekiko pertzepzio bat garatu duzue. Zer pertzepzio duzue ETArekiko? ETA errezeptiboa al da?
ETAk gure gizartean gertatzen ari dena segitzen du -gure ekimenak barne-, bere agirietan agertzen duena baino segimendu gehiago egiten dio euskal gizarteari. Honelako ekimenek eragina dute eremu guztietan, eta ETArengan ere eragingo du. Bake Konferentzia guk nahi bezala garatzen bada, bai PP bai ETAren-tzako ez da oharkabean pasako, estrategia berean mantentzen direla esan arren. ETAren errealitatearen alde ezezaguna desestali behar dugu eta bere ideiak Bake Konferentzian defendigarriak direla erakutsi. ETAk ikusi behar du bere ideiak mintegi horretan eztabaidatzen ari direla eta posible dela bere egiaren zati hori akordio baten barnean sartzea. Hori lortzen badugu ETAk zaila izango du -eta beste eragileek ere- ekimen honen aurrean ondoriorik ez ateratzea.

KIMU BERRIA BAKEAREN ALDE
Bilbon jaioa izanagatik Algortarra gisa azaldu zaigu. 28 urte ditu. Kazetaritzan lizentziatua da.
SOS Balkanes erakundean aritu ostean 'elkarrizketa eta akordioaren alde' dabil buru-belarri. Elkarrik hiru arlo lantzen ditu bereziki: gizarte eta herri mailakoa, alderdi politikoena eta nazioartekoa. Berak hiru esparruak koordinatzen ditu. Bestalde, nazioarteko harremanei buruzko doktoradutza-tesia burutzen ari da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Israel ahulduta eta Iran boterea hartuta

Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako... [+]


2024-05-12 | Nicolas Goñi
Ekialdeko Afrikan, oztopoak oztopo, eurite aldaketei egokitzeko ekimenak martxan

Etiopia, Somalia eta Kenyako hainbat eskualdetan ia hiru urtez euririk gabe egon ondoren, azkenaldian urpetuak izan dira. Sasoi kontrasteak ohikoak izanik ere eskualde hartan, klima aldaketarekin larritzen dira, eta euriak hobeki baliatzeko hainbat tokiko ekimen garatzen ari... [+]


Protesta

Aste nekagarri bateko igandea da. Gauza gutxi egiteko, nahiz eta beti egon zeregina etxean, urgentziazkorik ez oraingoan. Dolce far niente-rako aproposa, eguraldia ere dudakoa delako. Etxean geratzeko egun egokia. Herrian, baina, eguerdirako manifestaziora deituta dago Gazaren... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Arrakalak sortzen ari dira AEBek Israeli emandako babesean?

Israelek Rafah-ra sartu eta eraso egiteko erabakia “kritikatu” egin dute AEBek, eta bidaltzekoak ziren azken arma kargamentua gelditu egin dute. Israelgo agintari batzuk mesfidati daude AEBen jarrerarekin. Hala ere, oraindik babes handia jasotzen du estatu sionistak... [+]


Eguneraketa berriak daude