"KAZETARI GEHIENEN JARRERA GUZTIZ LOTSAGARRIA DA"


1999ko urtarrilaren 10an
ETBko egoitzetan entzuten diren zurrumurruen arabera, aurki izango bide duzue zuzendari nagusia. ETBk oraindik ez zuen zuzendaririk!
Ez dago zuzendaririk, ez. Euskal Telebistak ez du zuzendaririk baina nolabait ardura hori Iñaki Zarraoa EITBko zuzendariak betetzen du. Hemendik aurrera EITBrako zuzendari orokor bat izango bide da, eta bestalde ETBko zein irratietako zuzendariak.

ETB ezik, EITBk, Euskadi Irratiak zein Radio Euskadik badute bakoitzak bere zuzendaria.
Bai, baina lehen esan dizudana diotsut, Zarraoaren itzala luzea da.

Zuk aurkezten duzun iluntzeko albistegia Euskal Autonomia Erkidegoan ikuslego handiena duen saioa bilakatu da. Hori gutxi ez balitz, bigarren saria irabazi berri duzue. Zertan datza zuen gakoa?
Oraintxe bertan esan didate Iparragirre saria ere irabazi dugula su-etenaren inguruan egindako albistegi bereziarengatik. Beraz, honekin hirugarren saria dugu. Lehenik eta behin sariok zure lanaren errekonozimendua adierazten dute. Guk iluntzeko tarte horretan TVE-rekin, Tele 5-rekin eta beste hainbatekin leihatzen dugu. Eta, jakina, haiek guk baino bitarteko gehiago dituzte. Bestalde gure taldeak bi albistegi egiten ditu, euskarazkoa zein erdarazkoa. Inork ez du horrelakorik egiten. Haien lan talde bakoitzak albistegi batean jartzen du bere ahalegin guztia. Gure kasuan oso bestelakoa da eta eguneroko lanean eragin zuzena du. Sarritan ez dugu denborarik gauzak behar bezala prestatzeko. Horrek presio handiagoa sartzen dizu. Gure egoera eta lan baldintzak kontuan hartuz, EAEko albistegien aitzindariak izatea izugarria da.

Gertutasunak edo kalitateak biltzen ditu ikusleak ETBko albistegietara?
Batak zein besteak. Alde batetik, hurbiltasunak eragin handia du, baina, adibide bat jartzearren, hauteskundeei buruzko saioa aztertzen badugu zera daukagu: gure saioak ikusle gehien izan zuen. Baina ez dugu ahantzi behar egun horretan gurekin batera beste telebista guztiak zeudela eta haiek ere indar guztiak hemen bildu zituztela. Haiek ere hemendik eta hemengo jendearentzat egin zituzten beren saioak. Eta ziuraski guk baino bitarteko gehiagorekin. Baina guk bildu genituen ikusle gehien. Beraz, jakina, hemengo telebista gara eta erreferentzia moduan erabil daiteke, baina hori ez da nahikoa. Kalitateaz aparte plus bat eman behar diozu zure saioari jende gehiagorengana iristeko. Albistegi guztietan oso antzeko albisteak ematen dira, mundu guztiak gauza bera esaten du. Albisteak nola ematean datza gako nagusia. Mamia ezezik forma ere oso garrantzitsua da. Nire albistegiei dagokionez nik badakit zeintzuk diren nire kezkak eta ahal den neurrian modu egoki batean tratatzen saiatzen naiz.

Zer nolako aukera edo margena dauka albistegietako aurkezle batek berriak nahi/behar bezala eman ahal izateko?
Oinarrizko gauzak hartu behar dira azterketa zuzena egiteko. Albistegia prestatzen hasten naizenean, buruari eragiten diot eta zera pentsatzen dut: mundu guztiak ikusiko du, jende arras desberdinak eta gu telebista publikoa garenez mundu guztiarentzat egin behar ditugu gauzak. Nik ezin dut onartu inolaz ere herriaren biztanleriaren zati bat kanpoan uztea. Noski, telebista herritar guztiek ordaintzen dute eta orduan albistegia denontzat izan dadin saiatzen naiz. Gure herria nahikoa berezia da eta orain arte bizi izan dugun egoera oso gogorra izan da.

Egoera hark asko baldintzatzen zuen zure lana?
Jakina, sentsibilitateak puri-purian dagozelako. Beti saiatu behar zara ahalik eta orekatuen izaten. Baina garai batzutan bestetan baino errazagoa izango da. Batzutan ikusle batzuk haserretuko zaizkizu, beste batzurentzako hori bera egokia edo gehiegizkoa izango da...

Zailtasunak zailtasun, egoera horri aurre egitea ez da txantxetakoa izango aurkezleontzat.
Hori eguneroko kontua da. Ni gaur etxerako bidean buruari eraginez zera hasiko naiz pentsatzen: gaur zer demontre egin dugu. Batzutan poztu egiten nahiz, «gutxi gorabehera fin ibili gara» esaten diot neure buruari. Beste batzutan, guztiz haserre egongo naiz: «kaguen sos, txarto egin dugu», esanez-edo. Batzutan txarto egiten duzu hanka sartzen duzulako, baina beste batzutan egingo zenukeena hobeto egiterik ezin izan duzulako gertatzen zaizu, edota beste aukerarik eman ez dizutelako. Arrazoiak zeintzuk diren? Denetarik dago. Zuk albistegi bat txarto egin dezakezu, desorekatua; baina, gutxienez horren jakitun izan behar duzu. Gauzak hobetzeko kezka hori behinik behin ezin duzu galdu. Beste batzuk konformatu egiten baitira. Ez da nire kasua.

Kazetarion eta batez ere telebistako albistegietako aurkezleen independentziaren auzia hizketagai bilakatzen da sarritan.
Telebistan gizartean bertan gertatzen diren gauzak gertatzen dira. Gure nagusiak administrazio kontseilukoak dira, eta orain arte batzuk ezik alderdi politiko guztietako ordezkariak egon dira kontseilu horretan. Orduan gehiengoak eredu bat planteatzen du. Hori da zuri jartzen dizuten irizpide nagusia. Gehiengoak bide jakin bat markatzen dizu eta nolabait hortik abiatu behar duzu. Baina ezin dugu ahantzi gizartearen beste zati bat hor dagoela eta nolabait ikuspegi orokor bat ematen saiatu behar duzu. Nola? Dotorezia handiarekin.

Dotoreziarena aipatu duzula, azal iezaguzu termino horren aplikazio praktikoa zertan datzan.
Egunerokotasunak oso berri desberdinak ekartzen dizkizu. Adibidez batek esaten duenak beste norbait min dezake, eta alderantziz ere. Minik ez egiteko aukera desberdinak dituzu, besteak beste, norbaitek esandakoa isilaraztea. Horrela ez duzu minik egiten. Baina, telebista publiko batek ahalik eta ikuspuntu gehien bildu behar ditu. Hori nola egiten da? Bada, ahal den neurrian minik sortarazi gabe. Berriak edo kontakizunak moldatzea dagokizu eta zuri dagokizu forma egoki bat ematea gaiari, berau arintzeko. Hor dago komunikatzailearen papera: ahal den neurrian gauza ororen berri eman eta minik sortarazi gabe.

Komunikazioaz aparte badago filosofia kontua hor. Batek baino gehiagok esan diezazuke adibidez ETBk BBC-ri erosi behar izan diola euskal presoen senitartekoen berri eman duen estraineko dokumentala.
Ulertzen dut. Hori nolabait minaren ondorio bat da. Mina erdi-erdian dagoenean zer gertatzen da: askoz errazagoa bilakatzen dela horren berri kanpotik ematea. BBCkoek adibidez urtetan eta urtetan ez dute zabaldu Gerry Adamsen ahotsa, erabat debekatuta zeukatelako. Eta non irteten zen Adams? Bada, beste telebistetan. Hemengoan paradoxikoki. Guri kontrakoa gertatu zaigu. Hain tentsio bizia bizi izan dugu ezen errazagoa zela erreportaje hori kanpotik egitea. Eta haiek izotza apurtu eta gero errazagoa bilakatu da geuk hartu eta telebistan ematea. Sentsibilitateak ez daude hain puri-purian kanpotik egiten dituzunean. Kasu honetan BBC-koek aitzakia ematen digute zera esateko: haiek esandakoa agertzen dugu guk. Eta egia esateko nahikoa xumea zen, ez zuen bestelakorik esaten.

Minak kolore anitzak izan ditu Euskal Herrian. Horien arteko tratamendu informatiboan ez al da alde handiegia eman?
Baietz uste dut. Baina gehiengoak pentsatzen zuen haien mina besteena baino handiagoa zela. Izan ere zati hori bestea baino askoz handiagoa da. Orain hasi da onartzen besteen sofrimendua. Eta orain arte ez? Bada, horrela da.

Gutxiengo horretan sarritan telebista itzali beharrean suertatuko zen hainbat, kontakizunak sortzen zion amorru bizia zela-eta.
Arestian esan dizut nik egiten dudan lanaz hitz egin dezakedala. Aipatu dezagun Callejaren kasua. Callejak egiten zuena egiten zuen baina zuzendaritzaren oniritzia zuen. Haiei galdetu behar zaie ea zer egin duten eta zergatik. Ni Callejaren ordez sartu nintzen. Niri eskatu izan balidate Callejaren lan bera egitea ez nukeen inondik ere onartuko.

Gauzak modu batean edo bestean egiteko presioak jasotzen dira horrelako lekuetan?
Ikuslego handi bateko albistegiko buruak beti izango ditu presioak. Presio horiek inork ikusten ez zaituenean jaso ditzakezu. Ikuslegoa handia duzunean presio hori leku guztietatik etor daiteke, arlo guztietatik. Zuk galdetzen badidazu nire burua presionatuta ikusi izan dudan-edo: bada bai, sarritan gainera.

Horrek eraginik izan du zure eguneroko jardunean?
Eragina izan du, jakina. Baina ni saiatu naiz ahal izan dudan neurrian eragin hori saihesten. Batzutan lortu dut, beste batzutan ez. Lortu ez dudanean gutxienez konzientea izan nahiz. Beste kasu batzutan ordea bost axola zaie presioak baldin badaude edo ez. Nire kasuan behintzat horrelakorik gertatzen denean asko haserretzen naiz nire buruarekin. Ni beti saiatuko naiz zuzen jokatzen eta jokabide zuzen horri eusten. Batzutan lortzen dut, beste batzutan ez.

Zure lankide bati irakurri nion hau duela urte batzuk: «ETB Ajuria Eneko Itunaren eremuan mugitzen da. Hori errespeta dezagun eskatzen digute».
Baliteke. Niri zuzenean ez didate horrelakorik esan, baina ez da beharrezkoa zuzenean esatea; badakizu gauzak nondik nora doazen. Nahiz eta eremu horretan mugitu, badagoz beste esparru batzuk mugitzeko, modu zabalagoan lan egiteko. Egon badaude bideak, zuk nahi baduzu eta zure kontzientziak esaten badizu beste jokabidea ez dela guztiz zuzena.

ETBk jakin al du bere eremua zein izan behar zukeen asmatzen?
Ez dakit jakin izan duen. Ni pertsonalki saiatu naiz hori egiten. Ahal den neurrian alderdi guztien berri azaldu behar da. Nola? Hori da nire lana. Dotorezia eta gauzak kontu handiz esatea. Errealitatea ezin baita estali. Nik badakit komunikabideek errealitatearen esperpento bat egiten dutela. Badakit denborak zein presak baldintzatzen gaituela sarri. Baina konziente izan behar duzu. Irakeko bonbardaketarena kasu. Niri iristen zaidan informazio guztia Pentagonotik bidalitakoa da. Nik jakin badakit egi guztia ez dela, seguru ezetz. Horregatik eskuartean duzun informazioa kontu handiz eman behar duzu.

Kazetarion artean pasibotasuna nagusitu egin da?
Bai. Eta erosotasuna ere bai. Guztiz lotsagarria da. Norberak ezin du inoiz bere duintasuna galdu. Nahiz eta noizbait boterearen edo presioaren jokuan erori gutxienez jakin behar duzu zertan zabiltzan, ahal den neurrian hori aldatzeko bidean jar dezazun. Kazetari gehienen jarrera guztiz lotsagarria da. Nire albistegiarekin ere sarritan haserretzen naiz, baina beste esatari batzuk entzuten ditudanean negargura ematen dit. Askotan gertatzen zaizu zuk informazio bat «off de record» lortzea eta, aldiz, haren berri ez ematea. Beste esatari batzuk entzuten dituzu eta guztiz kontrako bertsioa ematen dute, gezur borobila dela jakinda. Eta ezin duzu esan gezurretan dabilenik frogarik ez duzulako eta zuk dakizuna ezin duzulako esan.

Zer nolako pisua dute iritziek telebistako albistegiak egiterakoan?
Berriro diot: minaren kontua da. Gauzak esateko modu desberdinak daude. Zuk horietako bat aukeratzen duzu. Nire kasuan minik ez eragiten saiatzen naiz. Ahal den neurrian dena bota, iritzi guztiak sartu baina nik muga hor jartzen dut.

Gaur bertan (abenduaren 23ko albistegian) Barrionuevo eta Veraren auziaren berri ematerakoan jarrera zehatza hartu duzu: Estatu mailako zorte gehien duten presoak direla esan duzu.
Mundu guztiak eman duen berri hori nik nire modura esateko bide bat da. Nik esan dudana egia baita. Ez baitago horiek baino zorte gehiago duen presorik Estatu osoan! Orain norbaitek ulertzen badu kritikatzen ari natzaiela, bada erantzuna erraza jartzen didate: nik esan dudana egia da; beste modu bat badagoela hori esateko? Ziur. Baina nik egia esan dut. Hainbat esatari dabil iritzi publiko jakin bat sortzen, eta jendea ez da ergela. Beno, egia esateko, sarritan jendea ergela da. Ematen diotena irensten baitu askok eta horren inguruan mundu oso bat eraikitzen du. Izugarriak gertatzen dira nonbaiten entzun edo irakurri dituzten gauzen inguruan. Futbola dugu adibide garbia.

Telebista esatari askori galdetuko bagenio zein albiste gustatuko litzaiokeen ematea, ziur aski bakea etorri dela-edo erantzungo luke. Bakea ez dakit, baina zuri behintzat su-etenaren berri ematea suertatu zitzaizun.
Nik beti esan dut niretzat garrantzitsua izan zela su-etenaren berri eman ahal izatea. Baina, kontuz, indarkeria oraindik badago gure herrian eta eguneroko kontua da. Presoen kasuan argi dago. Hori ere indarkeria da. Beste indarkeri mota batzuk daude eta ez dira bukatu oraindik. ETAren erabakia? Oso garrantzitsua. Eta gainera pozten naiz nik eman izateagatik, baina helburua benetako bakea lortzea da.

Su-etenak ere eraginik izan du jadanik kazetagintzan?
Borroka armatuak berez dena baldintzatzen du. Hori izan da orain arte hemen gertatutakoa. Presoen egoeraz hitz egiteko oso kontuz ibili behar zen, sentsibilitateak puri-purian zeudelako. Gehiengoak indarkeria mota bat gaitzesten badu alde horretatik iristen diren ondorioak ezin dira ukitu. Gehiengoak zer ikusten du, hots, tiroak daudela. Tiroak dauden bitartean beste guztia estali egiten da. Fenomeno hori desagertzen denean, orduan ez dago aitzakirik txarto dagoena txarto dagoela esateko

IÑAKI ZARRAOA
«Nire nagusia»

JOSE MARIA CALLEJA
«Egin behar ez dena»

XABIER EUSKITZE
«Lagun mina»

MAIALEN IRIARTE:
«Euskalzale amorratua»

JABIER SALUTREGI:
«Asko sufritu duen gizona»

MARTXELO OTAMENDI:
«Badauz gipuzkoar majuak!»

PEDRO MIGUEL ETXENIKE:
«Euskaldun buru-argi bat»

JOSE ANTONIO ARDANZA:
«Bere izena Ajuria Eneari atxikita duen gizona»

JOSE MARIA SETIEN:
«Oso gutxi eta gaizki ulertua izan den pertsona»

ARGIA ALDIZKARIA:
«Euskara ikasteko erabili nuen tresna garrantzitsuenetariko bat»


Azkenak
2024-05-07 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurra husten ari da Ertzaintza, eta lagun bat atxilotu dute

Ertzaintza hirugarren aldiz joan da Berangoko Otxantegi Herri Lurrak hustera. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta horiek kanporatzen ari da Polizia. Hainbat identifikatu dituzte.


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


Hamasek onartu du bitartekariek egindako su-eten proposamena baina Israel Rafah-ra indarrez sartu da

Rafah ekialdea ebakuatzeko agindu du armada sionistak eta ordu gutxira hasi dira bonbardaketak. Hamasek onartutako su-eten proposamena ez da Israelek aurrez onartutakoa, Egipto eta Qatarrek egindako beste bat baizik. Israelek akordioa onartuko duen argitu behar du oraindik.


Eguneraketa berriak daude