Gogoratzeko moduko porrota, Taiwango gobernuarena

  • Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi diputatuak onetsita geratu dira, bigarren horretan ere. Baina aurrekoan baino alde nabarmenagoarekin, esan dezagun: ehuneko 60-70 arteko onespena, batez beste, jaso dute auzitan zirenek.


2025eko abuztuaren 26an - 09:34
Azken eguneraketa: 10:35
I-Hwa Cheng/Getty Images
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hala nahi duenak pozteko abagunea edonon aurkitzen duela berretsiz, bere garaian Great Recall deitu den horretan egundoko itxaropena zuten, baina haren emaitzen berri konpliturik apenas eman duten Mendebaldeko hedabideek ere aurkitu dute poztasunerako puntutxo bat pasa den larunbatekoan: oposizioak erreferendum-gaien artean aintzat hartua izan zedin lortu zuen bakarra, Maanshan zentral nuklearraren iraunaldia luzatzeari buruzkoa, ez da aurrera atera. Hura ixteko DPPkoen gobernuak darabilen egitasmoaren aurka haren iraunaldia luzatzearen aldekoek luzaz irabazi dute bozketa hori ere, baina baliagarria izateko legeak ezartzen duen hautesleria osoaren laurdena bilbatu gabe.

Beraz, herrialdearen barne-arrakalaren beste erakusle bat den horretan (kontua ez baita soilik “nuklearrak bai ala ez”, baizik haiek ordezkatzeko energia-izakinak nondik eskuratuko diren erabakitzea) aurrera egin dezake Lairen gobernuak. Hala ere, jada edonorentzat nabaria den “ahate herrenaren” patuari nekez ihes egin ahalko dio duela urte eta erdi presidentetzarako hauteskundeak irabazi bai, baina Yuan Legegilean gehiengoa galdu zuen DPPren liderrak.

Arrisku handiko apustu politikoa zen Great Recall deitu den hori. Aginte- eta ordezkaritza-aldietan agintariak eta hautetsiak kargugabetzeko hautabide zabalenak ematen dituen legeria du Taiwanek. Eta hartaz baliatu nahi izan du DPPk oposizioak Yuan Legegiletik ezarri dizkion hesiak eta langak saihesteko, iazko hauteskunde-aritmetikari iskin eginez. Baina ezin ustelagoa atera zaio ustea, parlamentua fitsik aldatu gabe, beretzat arriskugarriena den ondorio politikoa lortu duelako: duela bi urte azkenetan zirudien KMT biziro suspertuta atera da tirabira horretatik. Eta argi dago haren barneko ika-mikak konponduko balira, hurrengo hauteskundeak irabazteko moduan izan daitekeela. Horrek Txinarekiko harremanetan (eta handik kanpo ere) izango lituzkeen ondorioekin.

Esan gabe doa disimulatu ezin den poztasunez hausnartzen dela hori guztia kontinentetik. Espero legez. Mingarriagoa gerta dakioke, haatik, Lairi orain arte “ezbairik gabeko aliatuak” omen zituenak nola hasi zaizkion urruntzen. Japonian entzun dira jada tenore horretako gogoeta kualifikatuak. Eta Trumpen Estatu Batuek gupidarik gabe ezetsi zioten jada pasa den hilen handik agertu ahal izatea.

Realpolitik-ak agintzen duen bezala.


Eguneraketa berriak daude