Buerenek ez du adorerik, makurtu egiten zaio Galindori


1995eko irailaren 10ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Pepe Rei kazetariak GALeko trama berdearen inguruko informazioaz
Buerenek ez du adorerik, makurtu egiten zaio Galindori
Pepe Rei
"Egin" egunkarian topatu dugu idazle eta kazetaria, bertan Ikerketa Saileko arduraduna baita. GALeko `auzi berdearen' inguruan jakindakoez egitekotan den liburuaz eta bere ikerketen ondorioez jardun dugu, besteak beste, berarekin.
Bideratua duzun hurrengo literatur lana «Intxaurrondo, la trama verde» da. Noiz izango dugu kalean?
Aurtengo Durangoko Azokan kaleratzeko asmoa nuen, baina datorren urterako izan beharko du. Gainera, datu berri gehiago ezagutzen ari gara orain.
Zer informazio berrik bultzatu zaituzte Intxaurrondoren inguruan beste liburu bat osatzera?
Intxaurrondoz gune «narko-mafioso» bezala hitz egiten hasi nintzenean, istilu handiak izan ziren eta bakarrik aritu ginen horretan denbora luzean. Orduan ezagutu genuen beste alderdi bat bazegoela: lagun horiek `narkotrafikatzaile agiria' zutela lehenagotik torturatzaile, GALeko militante eta abarren agiriak izan zituztelako.
Hori jakinda, orain zera gelditzen zaigu, trama berdeak nola jokatzen zuen jakitea, GAL berdearen trama zibilarekin gabiltza. GAL marroia edo militarra ere bai, izan ere asko nahasten baitira biak, Cesid asko sartuta dagoela eta. Kide asko Goardia Zibilarentzat eta era berean Cesidentzat ari dira lanean. Betiko izenei berri asko gehituko zaizkie. Eta batez ere, nola eta zein egoeratan jokatu zuten kaleratuko da.
Zeintzuk dira izen berri horiek?
GAL berdeko taldeena gune itxia zen, Galindoren guztiz konfiantzazko jendearena. Gune horretan ia ezezagunak diren pertsonak daude, esaterako, orain arte inongo garrantzirik gabe atera den izen bat Navascuesena da. Irungo bat da, trama hauen koordinatzailea. Garai batean GALeko «Jai Zubia» komandoko partaide izateagatik epaitu zuten eta absolbitu.
GALeko beste historiko bat, «Escaleras», Julio Cabeza Centeno, «Mikel» guda goitizena zuena. Hau Komando Autonomoetako militante izandakoa eta heroinazalea zen. GAL berdeko pertsonarik aktiboena, Jean Pierre Cherid bere kide politikoarekin batera, beren elementu garrantzitsuenetako bat zen. Argalaren kotxean lehergailua jarri zuena, Hendayais-eko atentatuan izan zena. Elementu klabea. Oso litekeena da, gainera, «Escaleras» berak sartzea Cherid GALen eta hasiera-hasieratik agente probokatzailearen lana egitea. Litekeena, beraz, hasieratik infiltratu bat izatea. 1991n hil zen HIESak jota.
Galindo jenerala izanik, Intxaurrondori buruzko liburua kaleratzeak eragin bera izango al du?
Panorama kezkagarria da, berdin-berdin. Ez da gauza bera jenerala edo koronela espetxeratzea baina gertakariak geldiezinak dira. Gobernuak babesa emango dio, baina ekintzek ez. Galindo GAL berde guztiaren atzean dago eta nik hori kaleratu egingo dut. Lasa eta Zabalarena eta hemen izan diren gauza guztiak Galindoren konbentzimendu osoz egin ziren. Bere menpekoak hitz egiten, atxilotuak izaten, epailearen aurrean deklaratzen eta bera inplikatzen has daitezenean zer egin behar du gobernuak?
Kasu honetan gobernadore zibilak airean aterako dira, baita Gipuzkoako PSOE ere. Bizkaian PSOE Garcia Danborenearen bitartez nahastu bazen, han Julen Elgorriaga gobernadore zibila zipristindu zuen. Gauza bera gertatuko da Gipuzkoan Galindorekin.
Ez duzu uste, beraz, kargu berriak prozesua geldiaraziko duenik?
Ez dakit, gertakari hauek pitzadura oso handia eragingo baitute Galindo babestuz gero. Ez dago inor Euskadin zer gertatzen den ez dakienik. Orain, gainera, datu gehiago izango ditu hori jakiteko. Ni espetxeratzen ez banaute hau esateagatik (eta honegatik behintzat ez naute espetxeratuko), jendeak badauzka datuak. Eta orduan? Euskal gizarteari ez bazaio azaltzen zer gertatu den, zigorgabetasun sentsazioa izango da kalean.
Zergatik egin dute jeneral, orduan, Rodriguez Galindo?
Babesa emateko. «Guk salbatuko zaitugu, baina zuk gu salbatu». Elkarren arteko interesen istorioa dugu hau. Galindok orain gauza askoz ere gehiagoren giltzarria du. Amedorena deus ere ez zen izan Galindorenarekin alderatuz gero. Intxaurrondo ghetto itxia izan zen. Hor barruan dauden istorioak erdiragarriak dira, hotzikara eragiten dute. Nola hil zuten Mikel Zabaltza? Eta Lasa? Zenbat ordaintzen zitzaien? Hori ateratzeke dago eta GALen trama zibila sartzen da hor, zituen laguntza zibilak. Zeintzuk ziren GALekin lotutako enpresariak, dirua ematen zutenak? PSOEko karguez gain, hemen trama zibil bat zegoen, enpresariek eta abarrek osatua. Hauek nola parte hartzen zuten? Lur sail militarren salmentan, segurtasun enpresen sorkuntzan, Goardia Zibilarentzat eraikinak egiten...
Informazio horren plazaratzeak Paktuko alderdien jokaeran eraginik izango duela uste al duzu?
Ez dakit. Ez ninduke batere harrituko EAJk esandako guztiak atzera botatzeak gobernabilitate, estatu edo erantzukizun historikoko arrazoiak emanez. Azkenean, arrazoiak interes pertsonal eta klase interesak dira, beren pribilejioak gordetzeko. Ikusiko dugu non gelditzen diren abuztuan zehar esandakoak! Nik ez diet ezertxo ere sinesten. Oso pragmatikoa bihurtu naiz, eszeptikoa. Sinesten dut edo ez. Eta ez diet ezertxo ere sinesten.
Orain jakin al du EAJk Intxaurrondon torturatu egiten dela? Orain jakin du narkotrafikoaren gaiarena? 90ean hasi ginen, bada, salatzen. Orain jakin dute nola hil zen Mikel Zabaltza? Ez zeukaten poliziarik lehenago jakin ahal izateko? Non zeuden Lasa eta Zabala desagertu zirenean? Non zeuden Mikel Zabaltzarena gertatu zenean? Isilik egon ziren. Uneko adierazpenak dira, Madriletik ahoa itxiko baitiete. Historikoki horrela izan da. Orain Madrilera eraman nahi ei dute Intxaurrondoko kasua; zergatik ez dute Gasteizko Legebiltzarrean egiten? Zergatik ez eskatu Intxaurrondo ixtea? Ez daukate adorerik.
Zergatik aipatzen duzu Intxaurrondo lehenaldian? Intxaurrondo «zen» edo «da»?
Intxaurrondo oraindik bada. Atxilotuak torturatzen jarraitzen dute goardia zibilek, zigorrik gabe jokatuz jarraitzen dute. Euskadiren gaian ez dira sakoneko arrazoian sartzen eta borroka ezabatzera jotzen dute, beti konplizitatez jokatzen dute komunikabide batzuekin eta estatu-indarkeria gero eta gogorragoz. Intxaurrondo itxi egin behar da eta Goardia Zibilak alde egin behar du, baita Polizia Nazional eta Espainiako Armadak ere. Euskal Herriaren nazio eskubideak onartzen ez diren bitartean honek horretan jarraituko du. Intxaurrondo erreferentzia da, Espainiaren ardatza hemen. Intxaurrondo «Fort Apache» da, gu indiarrak eta beraiek jaka urdindunak.
Intxaurrondoren gaineko ikerketek emaitzarik emango al dute epaitegietan?
Espainiako sistema judizialak berez dituen akatsei, hau da, jurado ezari, Audientzia Nazionalaren izate berari, fiskalaren menpekotasunari, polizia judizialaren ezari, kasu hau Buerenen eskuetan erortzearen nahigabea gehitu behar zaio. Bueren epai-polizia da, baina polizia espainiarra, lehengokoak bezalakoa, Euskadiren aurkakoa. Epaile buruaske eta zintzo batek izan balu kasua, duela hainbat hilabete pertsona batzuk espetxean ziren, Galindo barne. Baina Buerenek ez du adorerik. Bueren makurtu egiten zaio Galindori. Sumario-sekretua kentzen duenean ikusiko dugu zer ikertu duen, hainbat lekukok leporatzeak eginez deklaratu baitute. Euskal militanteen kasuan, leporatze horiek nahikoak lirateke jendea espetxera bidaltzeko.
Hala ere, ez dut uste Buerenek iritzi publikoaren presioari aldegin diezaiokeenik. Ni, edonola ere, ez naiz batere baikorra Bueren tartean dela. Posibilitate bakarra da iritzi publikoak eta geronek komunikabideetan egindako lanak asko presionatzea.
Zuk «Egin»eko ikerketa taldean egindakoaz gain, beste komunikabideen aldetik sumatzen al duzu presiorik ikerketei dagokienez?
Hedabide batzuk zuzenean ari dira beren apustua azaltzen. Adibidez, «ABC» Buerenen alde zuzendu da erabat, izugarrizko zurikeriatan dabiltza. Baina, bestalde, kasu honetan «El Pais» eta «El Mundo» presionatzen ari dira, beti ere «euskal biolentoei mesedea egiten ari zaien» aitzakiaz.
Galindo joanez gero zer aldatuko da?
Agian ez da inor izango Galindo bezain basatia, baina horrela jokatzen du egoerak, dagoen diseinu politikoak baimendu egiten diolako. Espainia ez baldin bada Euskal Herritik joaten, orduan Intxaurrondo hor egongo da, azken geldikina izango da. Hori oso garbi izan behar da.
Beste liburu bat ere bideratuta duzu, «La trama verde»ren ondorenerako. Zeren hariari jarraituko dio honek?
Espainiako estatuaren krisiari helduko diot, ziur bainago Euskal Herriarekin duen arazoak izugarrizko eragina izan zuela horretan. Komunikabideen kontrola lortzeko izugarrizko borrokak izan dira, dirua zuritzeko operazio oso garrantzitsuak izan dira, eta abar. Kontu horiek, nazioarteko interesekin lotzen dira gainera. Trama mafiosoak, iparamerikarrak, italiarrak...
Zein da Euskal Herriaren zeregina nazioarteko lotura horien artean?
Oso garrantzitsua da EAJk nazioarteko batzordeetan duen kokapena, demokrazia-kristauarekin. Euskal gizarteari ezezagunak zaizkio EAJk dituen loturak CIArekin eta. Atutxa hor daukate, eta berak badaki CIAko jendea daukala departamenduan. Barne Ministerioak finantzaketa ezkutua egiten diola ere hor dago.
Hemen ikerketa kazetaritza urria izateak zer nolako oztopoak jartzen dizkizue?
Espainian ikerketa kazetaritza egiten duten komunikabideek egoera oso lotuta daukate. Beren aitzakia da gu `biolentoen bozeramaile' garela, eta gure aurka dena da onargarria.
Gertatzen zaiguna da beste hedabide batzuek guk kaleratutako informazioa erabiltzen dutela, jatorria aipatu gabe, besteekin egiten ez duten bitartean. Hori niri berdin zait, azken batean helburua jakindakoak zabaltzea da. Ez daukagu informazioaren jabetza zentzurik, inondik inora ere.
Zer ekarpen nagusi egin die zure ikerketei literatur formak?
Batasun ikuspuntua ematea, batez ere. Komunikabideetan kontaerak bakarka agertzen dira eta liburu batek bildu egiten ditu. Intxaurrondoren kasuan, esaterako, adieraz daiteke nork jokatzen duen zigorgabetasunez, nork eskaintzen dion, zergatik... Eta hori literaturaz jantzita adierazten da, adjetiboak erabil daitezkeelako eta ez datuak soilik. Eta itxura hori emanez gero gehiago irakurtzen bada, helburutik hurbilago doa.
«Carabanchel» zure azken eleberria espetxean eman zenituen hilabeteen ondorio izan zen. Susmatuko al zenuke urtebete lehenago hori gertatuko zenik?
Inoiz ez duzu espero horrelako liburu bat idazterik. Hala ere, nik posibilitate hori kontuan hartzen nuen. Larrutuko nauten posibilitatea kontuan hartzen dudan bezala. Nik ez dut horregatik egiten dudana utziko, ez dut nahi. Pentsatzen dudanarekin zintzo jokatzen jarraituko dut. Orain badakit espetxera itzul naitekeela, justizia politikoa delako.
Espetxetik igaro ondoren preso asko euskaldunduta atera da. Zuk ere ekin al zenion euskara ikasteari?
Ni ere hasi nintzen euskara ikasten Carabanchelen izan nintzenean; ETAri lagundu edo parte hartzea leporatzen zitzaigun lau preso genbiltzan «Bakarka»rekin lanean. Oso argi daukat euskararen gaian sartu behar dudala, baina horretarako antolaketa behar dut. Nire burua astintzen dut, baina iruditzen zait ez dela nahikoa. Hor ez daukat inolako aitzakiarik. Zuena euskaraz argitaratzen den aldizkaria izaki, nire elkarrizketa itzuli behar izatea nahiko tamalgarria da, nire aldetik.
ERASUN, Arantxa
29-33

GaiezKomunikabidPrentsaEgunkariakEgin
GaiezPolitikaEuskal HerrPoliziaGoardia Zib
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakParapolizialakGAL
PertsonaiazREI1
EgileezERASUN2Komunikabid

Azkenak
Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten Poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainak greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belarrak eta sasiak janda ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Eguneraketa berriak daude