"Enziklopedia negozio ezkutuak daude aberats berri mentalitateak balakatzeko"


2021eko uztailaren 19an
Auñamendi enziklopedia beste enziplopedien iturri izan da.
"Enziklopedia negozio ezkutuak daude aberats berri mentalitateak balakatzeko"
Idoia Estornes
Donostiako Gros auzoan dihardu Auñamendi entziklopediaren erredazkio zuzendari lanetan. Bernardo Estornes Lasa aita hurbilean duela, enziklopediagintzaz, teknologia berriez, literaturaz, eta feminismoaz aritu zaigu liburu tartean.
1968an hasi zineten Auñamendi entziklopedia argitaratzen. Noizko espero duzue amaitzea?
Ni, erredakzioari dagokionez, une honetan V antolatzen ari naiz behin-betiko, baina noiz amaitu daitekeen gure lana ezin da esan; nik erredakzioa bakarrik egiten dut, gainera. Une honetan Vitoria antolatzen ari naiz. Vitoria eta Vizcaya Vrekin ateratzen ditugu, hasi ginenean idazkera ofiziala baitzen. 70eko hamarkadan pentsaezina zen Bizkaia b-z jartzea.
Auñamendiren zeregina bera izaten segitzen du beste entziklopedia txikien sorrerarekin?
Gu izan gara lehen entziklopedia. Milioi bat fitxatik gorako fitxeroa daukagu. Hau ez da inoiz ere berriro egingo, piramide moduko bat da. Atzetik etorri diren guztiek gurera jo dute, noski. Hori dela eta, beraien lana askoz ere errazagoa da, gurean oinarritu direlako. Baita jada existitzen diren beste entziklopediatan ere. Gureak ez du aurrekaririk izan. Guztia ekoiztu behar izan dugu.
Euskararen inguruan entziklopediei dagokionez sortu den merkatua dela eta, eskaintza merkatu horri egokitu zaio?
Dibertsifikatzen ari da. Guk egin dugun lan zientifikoagatik Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu diogu eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Liberatuek izan behar dute esklusiboki subentzioak ehizatzen lan egingo dutenak. Guk, noski, ezin dugu horrelako luxurik hartu. Ni Mari Karmen Garmendia eta Kulturako arduradunekin bilerak egiten ari baldin banaiz, ezin dut aldi berean idazten ari naizena idazten aritu. Horrek asko mindu nau.
Entziklopediagintzan orokorra da subentzio eskasia hori, ala balantza batzuen alde mugitzen da?
Badira enpresa batzuk liberatu staff-ak dituztenak kontu ekonomikorako. Hauexek dira, gainera, lehentasuna izan dutenak, diferentzia handiarekin gainera, laguntza ofizial zuzenarekin.
Gure lana onartu egin dute, eta erabili ere bai. Instituzioek aipamenak toki guztietan egiten dizkigute, Ardanzaren bulegoan gure entziklopedia hor dago, telebistan ateratzen den bakoitzean beti hor agertzen da. Erabilia eta estimatua, asko. Baina dirua ematerakoan, besteei. Eta dirurik gabe ezerk ez du funtzionatzen.
Entziklopediagintzan, beste arlotan bezala, informatika sartzeak zer ekarri dio Auñamendiri?
Guk orain arte bildutako fitxa guztiekin funtzionatzen dugu, eta oso ondo. Eta esnobismo izugarria irudituko litzaidake milioi bat fitxa ordenagailuan sartzea horregatik bakarrik, gainera hain herri txikia izanik. Barregarria da guztiz. Nik ulertzen dut informatizazioa oso gauza garrantzitsua dela, baina guk datu banku bat egina badugu (fitxen bitartez) eta kapital bat izango bagenu informatizatzea posible litzateke. Baina ez litzateke askoz hobea publikoak banku honetara, orain dagoen bezala, sarbidea izateko egitasmoa bultzatzea? Ez gara aberatsak.
Hau guztia ezkutuko negozioak dituzten aberats berrien istorioa besterik ez da. Hau da, ezkutuko negozioak antolatzen dira batzuen aberats berri mentalitatea balakatuz.
Eta zer iruditzen zaizkizu euskarri berrietan, CD-ROM esaterako, sortzen ari diren egitasmo berriak?
Baina zenbat pertsonak izango dute CD-ROM aparailua etxean egunero? Kontuan hartuko dugu, ez gure entziklopediaren ale guztien euskarri bezala, baina beste eratako gauzak egiteko bai. Orain arteko lana egina dago. Etorkizunerako egitasmoak baditugu, baina gauzak bere onetik atera gabe eta jendearen aberats berri mentalitatea balakatu gabe eta gurasoak engainatu gabe beren seme-alabak CD-ROMetik CD-ROMera ibiliko direla esanez, hori ez delako egia. Kontu hutsa da. Entziklopedia baten tomo batek eduki dezakeen informazio mugagabea ezin du CD-ROM batek izan.
Zeri egozten diozu, orduan, horrelako euskarrietako eskaintza gero eta zabalagoa?
Eskaintza horiek ematen dute negozioan sartzea, subentzioen negozioan. Hortara bideratzen dira. Ez dago merkatu zabalik, gu gutxi gara. Bi milioi t'erdi besterik ez gara! Gutxi batzuk besterik ez, kontuan izanda Nafarroa eta Araban eskaria txikiagoa dela. Gainera, dauzkagun arazo guztiekin! Azpiegitura, berrindustrializazioa, guztiaren eraispen arazoak ditugunean... zer gabiltza orain datu banku on line-en Hollywoodeko istorioekin?
Hainbat arlo jorratu izan dituzu idazterakoan, kazetari zutabeak eta saiakera historikoak batez ere. Poesia eta eleberririk ez duzu argitaratu, ordea.
Idatzita dauzkat batzuk, baina ez ditut argitaratuko. Poesiak asko idatzi nituen, eta eleberriak, berriz, bi. Historiako liburu bat idazten dudanean asebetetzen nau ona dela badakidalako. Nire eleberriak, ordea, oso txarrak iruditzen zaizkit. Poesiak, berriz, igarotako aro batekoak dira eta gogoratu ere ez dut egin nahi. Izan ere, zentzu kritikoa oso garatua dut. Badakit gauza batek noiz duen balioa eta noiz ez. Eleberriak idazten ditut niretzat, ondo pasatzen dudalako. Literaturan hain gauza onak egin direla iruditzen zait, ezen ona dena gainditzea ez den edozerk ez baitu merezi. Eleberrietan zer gehiago esan nobelista handiek jada esan ez dutena?
Literaturaren espezializazio bidean historiaren arloan gelditzen al da oraindik jorratzekorik?
Bai, historian oraindik gelditzen dira arlo berriak. Berriz ere historia politikoaren moda itzultzen ari da, denbora askoan oso mesprezatua izan ondoren. 70eko hamarkadak historia ekonomiko eta sozialaren gorakada ezagutu zuen eta orain historia politikoa itzuli da. Baina, batez ere, historiaren alderdi ezkutuak ezagutarazten ari dira, bizitza pribatukoak. Eta hortxe daude emakume guztiak. Orain agertzen hasi dira historiaren protagonista mutuak, emakumeak.
Literatura egiten duten emakumeei dagokienez, ordea, hauen idazkeran eredu aldaketarik sumatu al duzu?
Emakumeak ez du gizonak bezala idatziko, Estatu Batuetako afroamerikar batek WASP txuri baten moduan idatziko ez duen bezala. Baldintzapen sozial zehatzek idazteko era bat sortarazten dute. Gizonezko eta emakumezkoen egoera berdina den egunean, berdin egingo dute agian, baina ez bitartean.
Emakumeak kalera atera diren heinean beren idazkerak aldaketak izan dituela ere aipatu izan duzu.
Gogoratzen dut ikasle nintzela egunkariak irakurtzen hasi nintzenean, berehala jotzen nuen sinadura norena zen ikustera, gizonezkoa edo emakumezkoa zen ikustera, eta normalean irakurri baino lehen asmatu egiten nuen. Orain ez zait hori gertatzen, orain ezberdintzea askoz ere zailagoa da.
Literaturan, berriz, errazagoa da detektatzea. Xehetasun domestikoak, zehaztasun familiarrak... ezaugarritzen dute emakumea. Hori aldatzen ari da, noski. Xehetasunekin gozatzea eta emakumearen ezaugarri literariotzat hartzen direnak, aurkitu diren neurrian balore bat bezala hartu dira. Gizonezkoak orain ari dira ezagutzen nola idazten duten emakumeek, XVIII. mendetik idazten baitute emakumeek, oso fenomeno berria da.
Gizonezkoen estiloaren aldaketa zein mailatan eman da nagusiki?
Gaiei dagokienez bereziki. Sentimenduak agertzeaz gain, istorioak garatzen direneko eremuak: sukaldeak, sukaldeetako patioak, jostunen bisitak, emakumeen lanbide tipikoen mundutxoa: erizainak, jostunak... Emakume eta gizonezkoen bizitza garatzen deneko esparru berria aurkitu da orain, bestea bezain garrantzitsua, hau da, bizitza publikoa ez litzateke garatuko pribatua garatuko ez balitz. Euskal Herrian, hala ere, oro har oso maskulinoa da gizonezkoen idazteko era.
Maria de Maeztu forum feministako partaide zara urtetan. Literatur arloa alde batera utzita, gizonen jarrera aldatu dela ikusten al duzu oro har?
Gizonak saiatu egiten dira. Gero idazten edo hitz egiten dutenean hain primitiboak dira... Edozein egoera orokor azaltzeko gizonak bakarrik existituko balira bezala mintzatzen dira, ekonomiaren munduan esaterako.
Komunikabideena adibide garbia iruditzen zait. Eta kasu honetan, gainera, emakume kazetarien jarrera berdin bilakatzen da. Emakumeak zapalduta, inguratuta daude gizonezkoen mundu batean eta estilo bera hartu ezean, ez dira lehiatzen. Piskanaka ari dira zerbaitetan eragiten, baina oso geldoa da prozesua.
Mugimendu feministaren ekarpena, beraz, zein izan da eta zer gelditzen zaio egiteko?
Baloreak, nahiz eta asmo oso onekin, oso zailak dira aldatzen. Hizkuntzan bertan aurkitzen ditugu mentalitatearen adierazleak. «Gizona» hitza erabiltzen badu idazle batek bi sexuez aritzeko, irakurleak barneratu egingo du eta hizkuntza aldatu beharra dago, eta hizlariek aldatu behar dute. Eta euskarak eragin hori erdaratik jaso du, euskara lehen ez zen horrelakoa. Baina ez da euskara bakarrik aldatu behar, hizkuntza guztiak aldatu behar dira. Milioika hiztun dituen hizkuntza boteretsua aldatzen ez bada, bere akats guztiak ondoko hizkuntza txikiari igaroko dizkio zalantzarik gabe.
Hizkuntza aipatu duzu. Nola eragin daitezke aldaketak hizkuntzan?
Baliabide guztiak erabili behar dira, literaturaz gain prentsa ere bai. Prentsaren ondorioz jendeak oso gaizki hitz egiten du. Gero eta okerrago idazten da prentsan. XX. mendeko gaztelerazko prentsa oso hizkuntza onekoa zen, baina orain oso azkar eta zabar idazten da. Kazetaritzako fakultateetan ez dute hizkuntza egoki bat hitz egiten ikasi. Dena den, oraindik badira idazten duten kazetariak. Primeran idazteko irakurri beharra dago, baina kazetaria horrelako ordutegi sistema hertsi batean sartzen da, ezin duela irakurtzen ibili. Hori guztion kalterako da, baita irakurleen kalterako ere.
Egun agintzen dutenak ez dira hizkuntzaren akademiak, mezubideak, komunikabideak baizik. Eta hori euskaran, erdaran eta hizkuntza guztietan gertatzen da.
ERASUN, Arantxa
29-33

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakEntzikloped
PertsonaiazESTORNES3
EgileezERASUN2Kultura


Azkenak
Bereziki umeek jasaten duten genozidioa salatzeko ekintza gauzatu dute Bilbon

“Hautsez eta odolez zikindutako ehunka haur-zapata” jarri zituen Gernika-Palestinak Zubizuri zubitik Guggenheimeraino. Bilboko Udal Gobernuak genozidioan duen kolaborazioa salatu du herri ekimenak.


Hauteskundeak Mexikon
Claudia Sheinbaum izanen da Mexikoko presidentea

Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko hautagaiak 26,6 eta 28,6 puntu arteko aldea atera dio Xochitl Galvez hautagai kontserbadoreari. Egungo presidente eta alderdikide Andres Manuel Lopez Obrador-en bidetik jarraitzeko asmoa agertu du Sheinbaumek. Mexikoko lehenengo... [+]


Zubiburu mahai ingurua. Daniel Landart eta Arantxa Hirigoen
"Antzerkia emana izateko da, gordetzeko baino"


Laborariek Biriatuko muga itxi diete garraio astunei

Asteleheneko goizeko 10:00etatik hasita 24 orduz itxi nahi dute muga. Nekazariek salatu dute martxotik ez dela aurrerapausurik eman beren eskaeren inguruan.


Eguneraketa berriak daude