"Faxismoaren aurkako iraultza izan zen"

  • Salazar diktadorea boteretik egozteaz gain, apirilaren 25eko iraultza hark herritarrentzat lorpen ugari izan zituen. Haren izpiritua aparraren gisa desagertu zen, baina. Armadako kapitainak izan ziren erreboltaren buru, Mario Tome euren artean. Uniao Democratica Popularreko idazkari nagusia eta diputatua, bera da haietatik politikagintzan jarraitzen duen bakarrenetakoa.


1994ko apirilaren 24an

Dagoeneko 20 urte iragan dira Krabelinen Iraultza egunetik. Pentsatzen al zenuen garai haietan Portugal egungo egoerara iritsi zitekeenik?

Inola ere ez. Orduko apirilaren 25ak prozesu demokratiko zabala iragartzen zuen. Lorpen sozial eta ekonomiko zabalak, herriak kontrolatutako estatua... guzti hori zen nire buruan itzulika ari zena. Hala ere, ez zen hori jende guztiak buruan zuena, apirilaren 25eko mugimendua oso zabala baitzen.

Azaroaren 25ean izan zen kontrairaultzan, lorpen horietako asko atzera bota ziren. Hala ere, lortu zen batzuk mantentzea eta klase nagusiek eta monopolioek urte asko behar izan dituzte horietako batzuk indargabetzeko. Gaur egun horregatik gaude egoera honetan, atzerritarren menpe eta Maastrichteko Ituna gainean gure herriari are zailtasun gehiago jarriz.

74eko kapitain guztiak alboratuak izan al zarete?

Guztiak baztertuak izan gara. Gaur egungo agintaritza, apirilaren 25a izan ez balitz, orduan eratuko zena da.

Apirileko kapitain moduan, zer esango zenieke Portugaleko egungo gazteei?

Mugimendu haren aitzindari gazteak izan zirela eta faxismoa eta kolonialismoaren aurkako iraultza izan zela. Baina ezin da faxismoaren aurkako borroka moduan bakarrik ikusi, apirilaren 25ak etorkizunerako bultzagile izan behar du; gazte, emakumezko eta gizonezkoak kalera atera eta borrokan antolatzen direnean gauza asko lor daitezkeela erakustsi baitzuen.
Gazteak politikatik urrundu guran, politika txarra eta zikina dela esaten dute, eta horri aurre egin beharko liokete. Politika arazoak konpontzean datza. Herriak, nazioak, demokrazia, bakea eta elkartasunari so egiten dion politika biziki ederra da, artea, oso garrantzitsua. Herri guztiak parte hartu beharko luke politikagintzan.

UDP alderdi txikia da; ba al duzue buruan ezkerreko beste alderdi batzuekiko batasun prozesu edo antzerakorik, PCPrekin esate batera?

Guk politika zabala egiten dugu baina erradikala aldi berean, Marxen zioen bezala gizakumeari dagokion guztia erradikala delako. Ezkerraren batasunaren alde gehien egiten duena UDP da. Bi mailatan; batetik Alderdi Sozialistatik guganaino lor litekeen batasuna dago eta egungo gobernua botatzea du helburu; bestetik, nazioarteko eta bertako egoerak PCPrekiko batasun prozesu batera bultzatzen gaitu. Dena den, guretzat _nahiz eta gu izan txikienak_ PCPren barruan besterik gabe amaitzea onartezina da, oraindik haiekiko desberdintasun ugari ditugu eta. Inperialismo sobietarra amaitu den garai hauetan, PCPk ere independentzia maila handiagoa lortu du eta joko nazionalerako jarrera zabalagoak erakusten ditu. Horrek ere batasun bideak samurtu egingo ditu.

Europako batasunean estatu txiroenek fronte bat egin behar izan dute, eta Espainia buru jarri da. Zer iruditzen zaizu?

Normala da, bera baita ingurune honetako potentzia ekonomiko eta politikorik handiena. Portugaleko herria eta Espainiako nazioen interesak berdinak dira: bakea, demokrazia, Europa partehartzailea... Finean, herritar eta herrien Europaren eraikuntza. Ezin dugu utzi estatuen arteko liskarrak herritar eta herrien arteko liskarrak bihur daitezen.

Lisboan HB eta BNGrekin batera jardun zenuten Maastrichti buruz. Bitxia da, kontuan hartuta zentzu nazionalean behintzat zuek ez duzuela beste bi erakunde horien arazorik, ez?

Gainerako herri eta nazioen subiranotasunaren bilgunean guk ere gure subiranotasuna defenditu beharra dugu. Nazio borroka borroka demokratikoa da eta guk borroka horrekin bat egiten dugu. Espainiarra eta britainiarra moduko estatuek, eurek zapaltzen dituzten nazioek autodeterminaziorako eskubidea dutela ulerte beharko lukete. Beti ulertu izan dugu horrela, eta orain ere bai. Epe erdira, potentzia eta estatu handiek borroka hori galdua dute, herriak gaur egun, inoiz baino gehiago, euren helburuak lortzen ari baitira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Portugal
Eskuinak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak, eta eskuin muturrak emaitzak laukoiztu ditu

Eskuin muturrak elkarrekin gobernatzeko gonbita luzatu dio eskuinari. Luis Montenegro irabazleak adierazi du hauteskundetan egindako promesari eutsiko diola, eta bakarrik gobernatuko duela. Alderdi Sozialistak gainbehera handia izan du.


Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen

Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


Eguneraketa berriak daude