«Txile kontzeptua gero eta kolokagoan dago gure artean»


1993ko otsailaren 21ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Maputxeei buruzko elkarrizketa Rosamel Millaman Reinaori
«Txile kontzeptua gero eta kolokagoan dago gure artean»
Rosamel Millaman Reinao, maputxeen bozgorailua NBEn
Mapu, lurralde maputxea, Txile eta Argentinan dago baina maputxe gehienak Txilen bizi dira. Rosamel, ADMAPU, diktadura garaiko erakunde maputxe bakarreko idazkari nagusia izan zen 1980 eta 1986 bitartean. Hiru bider espetxeratua, Pinocheten errepresioaren aztarnetatik ihesi abiatu zen New Yorkera. Bertan, antropologiako doktoretza amaitzeaz gain, NBEko Populazio Indioei Buruzko Lan Batzordeko kidea da.
ARGIA. Maputxea zara, baina zein izendapen erabili behar da Amerikako lehenbiziko biztanleak izendatzeko, indioak, indigenak...?
ROSAMEL MILLAMAN. Indigenismoak integrazioaz egiten du berba, horrek esan nahi du indigenak bere izaera kulturala galtzen duela. Gure izendapenaren eztabaidatik sortzen da indianismoa eta Peru eta Bolivian, esaterako, indio izendapena onartuta bide dago jadanik. Indianismoa intelektual indigenen artean sortu zen 1978 eta 1986 artean eta, esaterako, Bolivian indar handia hartu zuen. Tupac Katari eta Hego Amerikako Kontseilu Indioaren garaiak ziren.
Indianismoak korronte desberdinak ditu, batzuentzat mendebaldeko aztarna guztiak ezabatu behar dira. Beste batzuentzat, aldiz, mendebaldeko eragina ezabatu behar bada ere, badaude errealitate horretatik atera daitezkeen elementuak eta, halaber, zenbait sektorerekin _langileak, nekazariak..._ lan egin liteke.
Indianismoa goi mailako egituretan sortzen da, buruzagi indigenak gehiago arduratu ziren proposamen politiko bat egituratzen herriak orduan zituen benetako arazoei erantzun bat emateaz baino. Horregatik denborarekin porrot egin du, ez pentsamentu mailan, baina errealitatean ia Bolivian bakarrik dago ondo sustraituta.
Zapaltzen gaituzten kontzeptu guztiak ezabatu behar ditugu. Erakunderen batzuk ez dute indigena kontzeptua onartzen autoizendatzeko. Maputxeen kasuan, Txilen indio berbak oso zentzu arrazista du, eta oso gaitza izango da maputxeek hori onartzea. Indigenen arteko gailur eta bilkura guztietan arazoa sortzen da, bai gure izendapenarekin bai Amerikaren izendapenarekin, eta argi dago denon gustoko zerbait atera beharko dugula.
A. Zenbat zarete maputxeak?
R.M. Oraindik ez dakigu zehatz mehatz. Argentinan, esate batera, lehen 35.000 inguru zirela esaten zen, eta orain han sortutako erakunde indigenen arabera, 200.000 bat dira. Txilen milioi bat inguru. Erdia indigenen komunitateetatik kanpo bizi dira, hirietan lanik txarrenak egiten. Latinoamerikako herri indigenen ezaugarri orokorra da hau. Baina maputxeari lurra uztea asko kostatzen zaio, eta nola-hala bere lurra eta familiarekin harreman estuak mantenduko ditu.
A. Jadanik hirietan jaiotzen diren maputxeak?
R.M. Euren gurasoak nola baztertzen dituzten argi ikusten dute eta hortik kontzientzia handia hartu ere bai. Ikasle eta gazte maputxeen erakundeak daude eta biziki aktiboak gainera. Zentzu horretan gure gazteria mugimendu indigenen artean eredu da. Baina galdu ere galtzen dute, hizkuntza esaterako. Oro har, % 40k maputxea hitz egiten du, baina beldurragatik hirietan ez da hitz egiten.
A. Zein batasun maila dago erakunde maputxeen artean? Adostasunak, desberdintasunak...
R.M. Maila horretan arazo larriak ditugu, buruzagi maputxeek oraindik ere herriaren interesak defendatzeko Txileko beste erakunde batzuetan dihardute eta. Badirudi Txileko gobernu, erakunde eta alderdiek konpondu behar dituztela gure arazoak. Diktaduraren garaian erakunde bakarra genuen, ADMAPU. Demokrazia aurrikusi, erreferenduma egin eta maputxeak laster hasi ginen Txileko alderdiekin harremanetan. Gaur egun erakunde maputxe bakoitzak bere parekoa dauka txiletar eremu politikoan, eta harekin batera dihardu.
Bada beste erakunde bat bere kabuz eta batipat maputxeen eremutik bakarrik lan egiten duena: Lur Guztien Kontseilua. Maputxeen autonomiari buruz egiten dute berba, borroka erradikalagoa daramate eta borroka zehatzetan murgildu dira gainera, lurrak berreskuratzen adibidez. Eta lorpenak handiak izan badira ere, errepresioak gogor astindu ditu.
A. Sustraitzen al dira maputxeen artean jarrera horiek?
R.M. Bai noski, eta horren erakuslerik nabarmenena da gainerako erakunde maputxeek ere autonomiaz etengabe dihardutela. Baina erakunde gehienak oraindik menperatzen gaituzten egituren menpe daude eta hori da benetako arazoa. Txileko Legebiltzarrak maputxeentzako lege bat onartu berri du eta gauza on ugari lor daitezke. Baina mugatua da, azken batean lege hori Konstituzioaren menpe dagoelako eta hau Pinochetek egin zuelako. Baliagarria da, baina ez ditu gure sakoneko arazoak konpontzen. Lurraldearen arazoa izan liteke garrantzitsuena.
A. Zein da une honetan herri maputxearen borrokaren arlorik garrantzitsuena?
R.M. Gure lurren berreskurapena. Indar hangiagoa ala txikiagoarekin, baina hori da erakunde maputxeen ardatz estrategikoa. Nola egin behar den hori? Oraindik ez dut uste zehatz mehatz inork ondo dakienik. Ez daukagu azterketarik, jakin beharko genuke gure herriak benetan zenbat lur beharko lukeen eta aztertu gobernutik zer lur kopuru berreskura dezakegun. Horrez gain, gutxienez instituzio mailan maputxeekin zerikusirik duten eremuak maputxeen eskuetan izatea lortu beharko litzateke.
A. Autonomiaz ari garenean Txileko erekundeekiko autonomiaz aritu zara; baina landu al duzue zerbait Txileko estatuarekiko autonomia politiko edo administratiboaz?
R.M. Guzti horri buruzko teorizaziotik oso urruti gaude oraindik. Buruzagiek autonomia, autodeterminazio eta abarreko kontzeptuei buruz nahaspila handia dute. Seguruenik beste herri batzuetako mugimenduekin izandako harremanetan kontzeptu horiek argitu eta berorien gauzatzeaz ikasi ahal izango dugu. Horietatik oso urruti gaude oraindik. Baina dagoeneko, Temukon, gure hiriburuan, maputxeen utopiaz hitz egiten hasiak gara.
A. Zuentzat Txile kontzeptuak ba al du zentzurik?
R.M. Duela 20 urte Txile onartu egiten zen, baina maputxeak ez zuen bereganatzen. Erakundeak jaio eta gure nortasuna sendotu ahala, Txile kontzeptua gero eta kolokagoan dago gure artean. Lur Guztien Kontseilua da aitzindari zentzu horretan. Txiletarren aurrean, adibidez, maputxe arrunt batek txiletarra dela esango du, baina bere barruan maputxea bakarrik da, eta hori gero eta hedatuago dago.
A. NBEk indigenen urtea izendatu du 1993 hau.
R.M. Baina izendapen hutsa da, ez dago hori aurrera ateratzeko borondaterik. NBEk urtea finantzatzeko borondatezko kutxa bat zabaldu zuen, baina estatu gehientsuenek ez dute txanponik txikiena ere jarri. Norvegia, Finlandia eta, oro har, Europako iparraladeko herrialdeek jarri dute dirua baina Latinoamerikatik, esaterako, ezer ez. Erabakia hartu zen Batzar Nagusian _suposatzen da bertan estatu kide guztietako ordezkariak zeudela_ azkenean ia buruzagi indigenak bakarrik geratu ziren. Ez, guri ez digu ilusio gehiegirik egiten urte honek, baina gure arazoen bozgorailu izateko aukera batzuk eskaintzen dizkigu eta horiek baliatuko ditugu.
Xabier Letona
16-18

GaiezGizarteaSektore bazHerri indig
PertsonaiazMILLAMAN1
EgileezLETONA1Gizartea


Azkenak
Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik

639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]


Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


Paul Laverty gidoilari britainiarra atxilotu dute Edinburgon, Gazako genozidioaren aurkako kamiseta eramateagatik

Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.


Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi autonomia handiagoren alde daude

IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.


Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
“Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea”

Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]


2025-08-26 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gogoratzeko moduko porrota, Taiwango gobernuarena

Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi... [+]


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


2025-08-26 | Josu Iraeta
Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]


AEBetako Defentsako inteligentzia zerbitzuko burua kaleratu dute, Iranen aurkako erasoetan Trumpi aurre egin ostean

Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]


Irakasle plazen %17 hutsik geratu dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan

473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.


Eguneraketa berriak daude