"Euskal kantua izan da ene eskola"


1991ko martxoaren 10an
Jean Diharce "Iratzeder" poetari elkarrizketa
Jean Diharce "Iratzeder"
"Euskal kantua izan da ene eskola"
Bagenuen ezagutzeko txirrinta. Beloken gakotua, Afrikan misiolari, fraide jauntzi, kurutze eta sandu giroak hartuta, otoitz egiletzat jotzen du bere burua. Horratik, euskal jaka soinean agertu zitzaigun Ahurtira joan gintzaizkionean. Bagenekien abertzale kartsu zela, Lohizunen gaztetan Hegoaldeko iheslariak ezagutu zituela, baina ez zigun aurrez idatzi gabekorik kondatu. Literatura baino, zortzigarren eguneko zortzigarren Euskal Herri betierekoa du amets, fraide senditzen baita, gu poetaren bila abiatu ginen arren. Orain, Urteaga zenaren musika argitaratzeko prestaketa lanetan dihardu.
ARGIA. Iratzeder besteren artean euskaltzain dugu. Zein da Euskaltzaindian izan duzun lana?
IRATZEDER. Parte hartzen nuen haien eztabaidetan, parte hartzen nuen lanetan, baina ez dut gauza berezirik egin. Nik banituen hemen nere lanak, Ezkila argitaletxea ibilarazten bainuen, euskal lanetan ari nintzen beti ahal bezainbat; gero hemen etxeko abade egin ninduten, eta ez nuen astirik lan berrien egiteko. Beti zenbait kantu egiten nuen, zenbait olerki baina liburu berezirik ez.
A. Aipatzen duzu Ezkila argitaletxea ibilarazi zenuela. Hortik gora ibilarazi duzu ere aldizkarigehiago gazte gaztetik hasirik. Aintzina taldea ere hor kokatzen da.
I. Argitarazi dudan lehen olerkia Poxpolin, haurrentzako zen, Isaak Lopez Mendizabalek eskaturik. Euzko-Deyan ere banituen hiru olerki argitaraziak, gero etorri zitzaidan bat baino gehiago eske. Azkenik denak bildu eta argitarazi nituen Pindar eta lanho bilduman. Gure Herrian ere baditut asko olerki argitaraziak. Belokerat sartu nintzen gero, eta hor Aita Lertxundi ari bait zen kantika liburua argitaratzen, ainitz kantika eskas bazituen, orduan kantika berri batzu egin ditut. Ez naiz gelditu, ahal bezainbat aritu naiz euskal lan horietan.
A. Nolatan hasi zinen olerki idazten?
I. Aitari, hamaika urte eta erditan, erran niolarik nahi nuela apeztu, ihardetsi zidan: «Zer! hi apez? ez dakik eta ongi euskara!». Arrats hartan berean, hasi nintzen karraskan, euskara ikasten. Gero biztu zitzaidan euskal olerkiak egiteko gogoa, bai eta karra.
A. Zer ari zara idazten orain?
I. Mementu honetan, Afrikatik itzuliz geroztik, euskal lan gutiago egiten dudala eran dezaket. Alde batetik, baina bertzetik, Juanito Urteaga hil baita, haren musika lan guztiak eskutan eman dizkidate; ari naiz horien garbi ematen. Eta haren musika lanetan ainitzek ez dute hitzik, orduan hitz berriak ematen ditut.
A. Zer gisako lana da Urteagarena?
I. Kantuak, eliz kantuak, herri kantuak, musika horrek behar ditu hitzak, eta hitzak pentsatzen ari naiz, egun batez argitaratzeko esperantzan.
A. Ikus dezagun zein izan den hemengo kultur magimenduarekin (Lafitte bat, Xarriton but, Legasse bat) eduki duzun harremana, eta nola ikusten duzun gaur egun Iparraldean dagoen belanualdien arteko eten dirudiena. Kulturaz ari naiz.
I. Hartu-eman guti dut; ni hemen bizi naiz isilik, baina kulturan ari naiz eta kultur gizonekin hartu-emanak izan ditut. 36an edo 37an Uztaritzen nintzelarik apezgai, Espainiako gerra zen eta denak Francoren alde ziren, eta orduan ez zuten bat ere surik euskal lanetarako. Lafittek bai, bertzeek ez. Bi ginen dena su eta kar euskal lanetarako, horiek biak Xarriton eta ni. Xarritonez erraten zuten: Xarriton gogoa zela eta ni bihotza nintzela. Gu biak ari ginen, guztien kontra, euskaldungoa begiratu eta azkartu nahiz.
A. Zer oroitzapen duzu Lafitte zenari buruz?
I. Lafitte ainitz ezagutu dut. Hamairu urtetan Uztaritzen sartu naizelarik, hartu ninduen ni meza laguntzaile, eta goiz guztiez laguntzen nuen meza ematen. Askotan, meza bururatzean, erakusten nizkion ene lehen pertsuak. Eta gero lagundu nau apezteraino. Beloken sartu nintzenean beldur nintzen ez zuela ongi hartuko ni hemen gakotzea, orduan ez nion hitzik erran. Hemendik idatzi nion sartua nintzela. Horrek pena egin zion, uste bait zuen ez nuela konfidantza, baina ez nuen trabarik nahi.
A. Zure idazkietan Hegoaldeko abertzaleekin izandako hartu-emanak ageri dira. Igortzen zenituela zure lanak harat, eta bazenuela hango berri.
I. Beraz, Euzko-Deyarat bidaltzen nituen pertsuak, baina banituen Donibane Lohizunen adiskideak, adiskide abertzaleak. Ainitz ezagutu ditut Isaak Lopez Mendizabal, Garbizu. Arratsalde guztiak iragaten nituen Garbizurekin, euskal kantu ikasten edo euskal kantu berri asmatzen. Ikusia dut ere Aitzol, kantari batzuekin, Donibaneko karrikan iragaten. Ikusi dut ere Pepe Eizagirre eta ainitz ezagutu dut ere Telesaforo Monzon. Hartu-eman asko banituen abertzaleekin.
A. Hemen barrenean zinela segitu duzu geroztik hartu-emanetan?
.I Hemen iragan guztiak gogotik hartu ditut, baina ez naiz kanpoan ibili haiekin.
A. Abertzale izate horretatik Beloken sartzera bada pauso bat. Gogor izan ote da zuretzat aldaketa?
I.. Ez zen pausoa, bide berean nenbilen, ohartu nintzen bide hoberena zela Jainkoari nere burua ematea: eta hemen diren guztiak hilko direnez, behar da ahalegina egin denak izan gaitezen zeruko bizi betierekoan. Pentsatu nuen herri bakar batean erretore izateko orde hobe nuela Beloken sartzea eta han bizi guztia eramanen nuela otoitzean Euskal Herri guztirako, euskaldun guztiak betiko bizirat hel daitezen.
A. Zure literatura gehien bat erlijio gaietan oinarritu da. Pentsatu duzu inoiz gai horretaz kanpoko literatura egitea?
I. Erranen dizut ez dudala nik sekula literaturarik egin, nik bakarrik bihotzean nituenak erran ditut eta agertu; ene bihotza osoki Jainkoari emana bait zen eta Euskal Herriaren salbatzeari, orduan ene pertsuetan ere gehienetan bi horiek aipatzen nituen.
A. Zein dira euskal literatur lanen artean gehien irakurri dituzanak?
I. Hamabi urtetan hasi naizenean euskara ikasten, aurkitu nuen liburu bat: Piarres Barbierena, liburu horrekin hasi naiz euskara ikasten. Gero Ustaritzera joan naizenean, Lafittek eman zidan Laphitzeren San Inazio Loiolakoa eta izugarri gustatu zitzaidan liburu hori, dena eskuz kopiatu bainuen. Gero erran behar dizut guti irakurri dudala ene gazte denboran, banuen begietan halako dantza bat, nekez irakurtzen nuen; asko pentsatzen nuen, ametsetan asko egoten nintzen, baina irakurri guti. 16 urte nituenean eritu nintzen eta egon nintzen zenbait hilabetez etzanik. Orduan irakurri nuen Gure Herria zerrenda guztia: han asko ikasi nuen, Aita Donostiaren kantu guztiak gogoan sartu nituen. Banuen errabia bat: nahi nuen ahal bezainbat euskal kantu ikasi, ari nintzen guztien ondotik, ba ote zekiten kantu bat nik ez nekiena: 200 edo 300 euskal kantu ikasi nituen hola. Horrek erakutsi zidan pertsuak nola egin behar ziren; euskal kantua izan da ene eskola.
A. Nola bizi izan duzu euskal kulturaren inguruan ibili izan den hainbat jenderen eta zure arteko tarte hori?
I. Iduritzen zaizu eta Beloke xoko bat dela? Mundu guztia pasatzen da Beloken, eta aipatzen dituzun gazte guztiak hemen pasatuak dira.
A. Segitzen duzu gaur egiten den literatura, Maiatz bat esate batera?
I, Badu 49 urte Beloken sartua naizela, orduan ene giroa otoitz giroa da, eta ez dakit gauza handirik oraingo literatura horretaz; irakurtzen ditut pixka bat agerkarietan direnak, baina ene gogoa, ene bihotza betiereko Euskal Herriari buruz dut itzulia. Iduritzen zaizu ametsetan bizi naizela, baliteke, baina ene hautua egin dut. Badakit oraiko mundu honetan bizi garenak, Euskal Herrian garenak denak hilko garela; zu eta ni hilko gara, beraz behar dugu geroari pentsatu, behar dugu preparatu geroko bizitzea, hori izanen baita betierekoa; hortakotz, ene bizi guztia hortan eramaten dut.
A. Afrikan misiolari izan zarelarik sentitu ote duzu gehiago idatzi beharra eta bereziki Euskal Herriaz gehiago idatzi beharra?
I. Ez, Afrikara joan naizelarik, ez naiz gezurka joan, joan naiz ene bihotza emanez, eta orduan han egin ahalak egin ditut hango mintzaira ikasteko; han euskal olerki guti egin dut, hangoei emana nintzen, nahi nituen eta lagundu betiereko bizirat heltzen.
A. Pentsatu duzu hemendik goiti nondik nora joanen diren zure lanak, bestela esan, zerbait berri argitaratzeko asmorik baduzu?
I. Biziaren Olerkia deitu liburuan eman nituen ere oroitzapen purruxka batzu, eta geroztik egiten ditut oraingo "oroitzapen purruxken purruxkak". Oroitzapen batzu hola kondatuz astean behin egiten dut zerbait. Otoitzarteetan ahal bezainbat lan egiten dut: inguruko apezei ere predikatzen diet, hilabetean behin etortzen baitira.
A. Mintza gaitezen apur batez ongi ezagutu zenuen gerraz.
I.. Alemanak hemen ziren denboran, nahi gintuzten denak Alemaniarat eraman lan egiteko. Orduko abadeak utzi gintuen mendiz joaterat Lazkaoraino. Hola ongi ezagutu nuen Lazkao, baina ni guti egon nintzen han: hilabete bat eta erdi. Hemen ohartu bait ziren ez nintzela ni on Alemaniara joateko, ez nuela osagarririk aski. Irunen hartu nuen autobusa Elizondora joateko. Hain nintzen pozik Belokerat berriz sartzea, jarri bait nintzen autobus gainean. eta autobusa pasatu zen zubipe batetik, ez dakit nola dudan oraino burua lepoaren gainean: ukurtu nintzen doaika, eta ez zidan zubiak burua moztu. Belokera itzultzean ikusi nituen alemanak aita abadea eta priora eramaten, eta ni ere gero soldado hartu ninduten, baina handik ere atera nintzen hilabete baten buruan, 45ean apeztu eta geroztik hemen nago.
A. Nolako hartu-emana izan zenuen alemanekin?
I. Ez genuen harremanik. Badut oroitzapen bat, 41ean oraino Donibane Lohizunen nintzelarik, gau batez atera nintzen karrikan, ez bait zen haizu gauaz kanpoan ibiltzea, bidexka batetik iragan nintzen eta bidexka haren buruan zer ikusten dut? bi aleman beren armarekin. Apezgai jantzietan bainintzen, ez nuen erakutsi nahi beldur nintzela, aitzinerat joan nintzen, eta alemanetarat heldu izan naizenean, alemanak baztertu ziren eta ukurtu ziren biak kantatuz: pater noster.
A. Bururatzeko, aipatzen da lapurteraz ez dela kasik orain idazten. Zuk ere aipatu diguzu jandeak maite duela hemengo euskara .Non kokatzen duzu zure idazteko moldea?
I. Ene ustez aspalditik jadanik aski batua zen ene euskara, hartu-eman asko bait nuen gipuzkoarrekin eta irakurri bait nituen Garaziko liburu asko. Orduan ez nuen lapurtar garbi garbia, baina lapurtar zabaldua, gisa batez aski batua. Bakoitzak ez bait du bere burua ongi ezagutzen, ez dezaket nik argi eta garbi erran osoki batua den ene euskara, baina abal bezainbat saiatzen naiz euskara batuan idazten.
IñakiCamino

NORTASUN AGIRIA:
1920 ean heldu da mundura Donibane Lohizunen. 12 urtetan hasi zen galdutako euskara berriz ikasten. 21 urtetan. Belokeko monastegi beneditarrera sartzea egiten du lehentxeago Legasse eta besterekin «Aintzina» aldizkariaren sortzaile izanik. Beloke amabirjina nafar batez eta aldare bizkaitar batez berritu du. Salmoen euskal itzulpen hoberena berea omen da. Osoki emana da otoitzari eta Euskal Herriari. «Ni isilik naiz orain, badira gazteak»
29-32


GaiezKulturaLiteraturaIdazleakDIHARCE1
PertsonaiazDIHARCE1
EgileezCAMINO1Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude