Joxean Tolosa: "Herri Txikietan Dago Pilotaren Harrobia"


1986ko maiatzaren 11n
Joxean Tolosa pilotariari elkarrizketa
Joxean Tolosa: "Herri Txikietan Dago Pilotaren Harrobia"
Duela hogeitamaika urte inguru Amezketan jaio zen Joxean Tolosa. Ordutik hona, pilotari figurei bakarrik dagokien sena eta indarra erakutsi du makina bat partidutan. Bukatu berri den eskuzko banakako pilota txapelketan aldez aurretik inork gutxi espero zuen xantza lortu du: finala Retegi IIren kontra joketzea. Nafar pilotariak (Retegi bera, Galarza, Martinikorena...) nagusi direneko arlo honetan, Tolosa dugu nafarrei kontra egin ahal izan dien ez-nafar bakarra. Gero eta zailago gertatzen ari da pilotan figurak sortzea, eta Tolosa dugu gipuzkoarrei geratzen zaien bakarrenetakoa. Juan Mari Beristain bere bikotekidea izan da eta pilotari aparta hau ere.
Gurekin batera egon zen eta elkarrizketa egiten eman zigun laguntzagatik eskerrak eman beharrean aurkitzen gara.
GALDERA: Aurtengoa baino lehen, baziren hamahiru urte gipuzkoarrik iristen ez zela manomanistaren finalera. Zer esan nahi du horrek?
ERANTZUNA: Niretzat, gipuzkoar bezala, poz haundia izan da finala jokatzea, baina gipuzkoar bezala baino gehiago pilotari bezala eta kirolari bezala poza haundiagoa izan da. Baina horrek, bestela, ez du ezer esan nahi, Gipuzkoako pilota atzera joan denik ez du esan nahi. Nik uste dut ikastoletan, eta ikastoletatik kanpo ere jende asko ari dela saiatzen eta pilotari gazteei laguntzen, txapelketetan etabar. Baina, batzutan hamalau urte arte hortxe ibiltzen dira, eta gero galdu. Nik ez dakit zergatik, baina orain behintzat hamalau urte arte asko saiatzen dira ikastoletan eta, baina behin edade horretara iritsita orduantxe galtzen dute. Oso zaila da pilotari ateratzea, asko sufritu behar du, batik bat eskuz. Afizioa bakarrik ez bait da behar; sufritu ere jakin egin behar du, egun asko eta askotan eskuetan mina eta halere frontoira joan eta joan. Oso gogorra da eskukopilota.
GALDERA:Goiz uztearen asunto hori ezin al liteke apoio faltagatik izan?
ERANTZUNA: Apoio faltagatik ez. Behin ere baino apoio gehiago dago: ikastoletan, txapelketak, delegatuak... eta afizio falta ez ote den izango ere ez dakit. Badakizu, gaur egun beste kirolak ere baditu haurrak, futbola, eta lagunartean jokatzen diren kirolak askoz politagoak dira gaztetxoentzat, pilotan arituz gero askotan zerorrek frontoira bakarrik joan behar duzu, eta saiatu egunero, eta mina ikaragarria, aurrera jo berriz atzera jotzeko... bakarrik jokatzen diren kirolak gogorragoak egiten dira edade batetan, lagunartekoak gehiago gustatu.
Gero, lehen gure garaian herri txikietan ez genuen beste zereginik, elizatik atera eta frontoira. Nik nire barrioan ez nuen frontoirik baina orduan elizako paretaren kontra aritzen ginen, edo zimitarioan bestela.
Oraindik zimitario askotan dago, eta gure herrikoan ere berdin jartzen du: "prohibido jugar a pelota bajo multa de 1 peseta". Eta holaxe, gure denboretan beste aterabiderik eta beste zereginik ez zegoen. Edozein tokitatik atera eta pilota, eta pilota, eta pilota.
Orain, berriz, etxean daukazu telebista, etxean daukazu irratia, mila gauza. Orain, hamalau urterekin gazteak herritik ateratzen hasten dira, hamabostekin salafiestasera, eta beste martxa bat da. Errezago dituzte zenbait gauza, baina gero ere errespontsabilitate gehiago ere lehengoek baino, estudioekin eta. Mila gauza dira edade horretan uztera eramaten dutenak.
GALDERA:Zu orain gaztetxo askorentzat eredua izango zara noski, eta zuri begira "a ze pagotxa, a ze suertea" esango dute behar bada, pilotari profesionala izatea hain desiragarria al da?
ERANTZUNA: Deportea badakizu zer den, irauten duen bitartean oso polita da. Pilotariarena ere oso polita da: pilotan jokatu, diru polit bat irabazten dugu, baina ez dugu horrekin bizimodurik soluzionatzen. Deportistak dauka tristea denbora gutxiko bizimodua daukala, eta bizimodua konpontzen ez dizunez beste gauzetan pentsatu behar duzula. Irauten duen bitartean, bai, oso polita da, bere egun politak baditu, baita egun txar asko ere. Deportearena izaten da bizimodua bezalakoxea, igual iguala. Txapeldun ateratzen zarenean, hori bai izaten da satisfazioa, jesus!, ikaragarria. Baina egun gorriak ere bai, badakizu, frontoiek, laqunek bizkarra ematen dizute eta desengaino haundiak eramaten dituzu.
GALDERA:Zu, primerako profesionaletan hiru aldiz iritsi zara finalerdietara, eta aurtengoan finalera. Halere, badirudi jendeak harriduraz hartu izan duela beti zu halakoetara ailegatzea.
ERANTZUNA: Ba dakizu zer gertatzen den? Niri beti posibilitate gutxi ikusi dizkidate txapeldun bezala ateratzeko, aurretik Galarza eta Retegi II eduki ditudalako. Beti bigarren plano batetan egon izan naiz, horregatixe. Zaila bait da haien aldamenean ondo ibiltzea. Aurten irabazi ahal izan dut, baina halere uste dut Galarza normalean ni baino gehiago dela.
GALDERA: Komentario gaiztoak irakurri genituen prentsan, finalera iristea merezi izan ez bazenu bezala?
ERANTZUNA: Halakoxea izaten bait da gauza, hogeitabira iritsi behar izaten da pilotan, eta hark irabazten du. Futbolean ere askotan ondoena jokatzen duenak ez du beti irabazten. Frontoian ere igual iguala da, hogeitabira behar izaten da, eta alperrik da.
GALDERA:Zu parejatan txapeldun gertatu zinen Beristainekin batera 1981-82.ean. Nola ibiltzen zara gustorago, bikotean ala bakarrik?
ERANTZUNA:Oso diferentea da. Manomano ikaragarri sufritua da, eta gainera nire handicap haundiena pisua da, mutil haundia izatearena. Manomano jokatzeko pisu haundiegia daukat nik. Aurrena, manomano jokatzeko korrikalaria behar bait du, arina, Retegi II eta Galarza zuk ba al dakizu zein errez joaten diren frontoian? Nik horiek bezala ez daukat sekula ibiltzerik, eta horregatik askotan ematen du nekatua nagoela, edo gutxi preparatuta, baina ehun kilorekin ibili egin behar bait dut. Hori izan da nire handicap, eta gero ere tenplea. Oso nerbioso jokatzen dut manomano, beti konpleju horrekin ibili naiz, pisuarena, eta manomano jokatzeko beti ikararekin joan izan naiz frontoira. Retegi jar ezazu hogei kilo gehiagorekin bizkarrean, ea zer egiten duen.
GALDERA: Nerbio horiek indarrik kenduko dizute, ba?
ERANTZUNA: Begira, nik manomano partidu onenak abuztuan jokatzen ditut, batere preparatu gabe baina lasai. Batere nekatu gabe bukatzen dut, oso lasai jokatzen bait dut orduan. Gauza bera gertatu zen beste egunean Galarzaren kontra. Partidua galdua nuela ikusi nuenean, lasai hasi nintzen, arnasa ongi hartuz eta sake eta dejada guztiak ongi atera zitzaizkidan irabazi arte. Bestela, nerbioekin eta, arnasa ezin hartuz eta ikaragarri nekatzen zara. Askotan esaten dugu, baina gezurra dirudi, ba al dakizu zer den frontoia beteta eta jendearen presioa? Parejatara horregatik da errezago, aurrean edo atzean beste apoio bat daukazu, eta zerorri ondo bazaude beste konfiantza batekin jokatzen duzu. Diferentea da oso.
GALDERA: Partiduetan, jendeaz aparte, hortxe aritzen dira apostu korredoreak, "mila larehuni" gora eta behera, "hamaseian baietz" edo "hemezortzian ezetz"... guzti horrek nola eragiten du zure buruan eta zure jokoan?
ERANTZUNA: Diruarena baino okerrago uste dut jendearena izaten dela. Kalean jendearekin topatu eta igual partidu errez bat daukazu baina jendeak hainbeste aldiz errepikatzen dizu "partidu erreza izango duk, partidu erreza izango duk", azkenean errespontsabilitate haundia da. Diruak ez du hainbeste kezkatzen. Nahiz eta zure kontra ari direla jakin, kasurik ere ez diozu egiten. Okerragoa jendearena da. Denek ematen dizute esplikazioa, kalean gelditu eta "horrela sakatu", "hala bota behar duk", "atzera botaiok", "besteak hau egingo dik"... azkenerako erotu egiten zaituzte, jende guztiak pentsatzen du inork baino gehiago dakiela eta ez da horrela izaten. Jartzen dizuten errespontsabilitatea da txarrena.
GALDERA: Nolakoa izan da zure historia pertsonala gaurko mementura iritsi arte?
ERANTZUNA: Ni pilotan nola hasi nintzen ikaragarria da, sinisteko modukoa ez da. Ni beti bazter guztietan ibiltzen nintzen pilotan lehen, baina orduan ez zegoen txapelketarik edota delegaturik, eta ateratzeko inork esan ez. Donostian PREU egin arte egon nintzen, eta gero Arrasatera joan nintzen Politeknikora. Han ere ahal nuen bakoitzean kriston palizak hartzen nituen pilotan. Hantxe esan zidan lagun batek presentatu behar genuela, eta halaxe hasi nintzen, hemezortzi-hemeretzi urte nituela. Amari esan nion galtza zuriak egiteko..."Galtza zuriak zertarako dituk hik, eskolara joan eta pilotan zer egin behar duk?", eta holaxe hasi nintzen.
GALDERA: Garai haietan ze erraztasun zeuden pilotan aurrera ateratzeko? Kasualitatez ateratzen al zen jendea?
ERANTZUNA: Ni behintzat kasualitatez atera nintzen. Hara joan, eta tira, neronek balio. Suerte piska bat eduki nuen, amari galtza zuriak egiteko esan eta urte t'erdi pasata estelarra jokatzen ari nintzen. Horregatik esan dizut lehenago nirea harrigarria izan zela. Sei zazpi partidu jokatu nituen segundan eta zortzigarrenerako estelarrean nintzen. Bestelako karrera bukatu baino lehen beste karrera bat egin nuen Arrasaten eta ni gustora.
GALDERA: Garai haietan zein pilotari zenituen gogozkoenak? Nortzu ziren zure orduko idoloak?
ERANTZUNA: Oraindik gogoratzen naiz txokolatean eta, kromoak nola ateratzen ziren, eta haietatik eta, beti Tapiarekin gogoratzen naiz. Tapia IIren kontra debutatu nuen aurrelari bezala, baina egia esan ez naiz kasik zuzeneko ezertaz gogoratzen, izenez bai. Tapiak eta Olgeta, horiek ziren nire idoloak, eta nork esan niri egunen batetan haien kontra jokatu behar nuenik. Dena dela, orduan ez zen kasik partidurik izaten, edo izaten baziren urruti eta oso modu txarrean ikusi ahal izateko. Sarrera orduan ere pagatu egin behar zen. Nik aurreneko partidua karnabaletan ikusi nuen, hamabost-hamasei urterekin eta hemen Tolosan frontoiko galineroan. Nik lehengo pilotari haiek, Barberito eta Soroa, ez nituen behin ere ikusi. Olgeta eta beste hauen kontra jokatu izan naiz, baina horretatik bakarrik ezagutzen ditut.
GALDERA: Zure ustez noiz egiten da pilotaria, herrian txikitan, geroago frontoian noiz?
ERANTZUNA: Dudarik gabe txikitan herrian. Eskuzko pilotaria oso zaila da egiterik hamabost hamasei urterekin hasita. Txikitatik hasi, ibili eta ibili, eta afizio haundia izatea da oinarrizkoena.
GALDERA: Azken aldian zergatik kostatzen da hainbeste figura berriak sortzea?
ERANTZUNA: Orain ere errazago da pilotariak herri txikitatik ateratzea, ziutateetatik baino. Giroak horretara eramaten du. Nafarren nagusitzea ere hortik dator neurri batetan; Nafarroako herri txiki horiek gugandik bastante atzeratuta daude, igual hamar-hogei urte atzeratuta. Iruñeara urtean behin joaten dira, eta herri txiki-txikietan dute harrobia. Dena dela, bizimodua han ere aurrera doa eta handik ere gero eta pilotari gutxiago aterako da. Bestela, begiratu azken hamar urteotan zenbat pilotari berri sortu den Natarroatik, oso gutxi.
GALDERA: Zein izaten da pilotari profesional baten muga edade aldetik?
ERANTZUNA: Hori ez dago esaterik. Segun eta gorputzak nola agoantatzen dizun, segun eta lesioek nola errespetatzen zaituzten.
Pilotari askok igual 34-35 urteak arte ondo, eta gero gorputzak segituan bajoia ematen die. Gero nola pilotariek gerritatik asko sufritzen duten, desgaste asko izaten dituzte. 40 bat urte arte pilotari gehienek bastante ondo anguantatzen dute, beste batzuk 45 urterekin ere ibiltzen dira , baina ni 40ak arte iristearekin konformatuko nintzateke.
GALDERA: Zein izaten da zure entrenamendua?
ERANTZUNA: Pilotari baten entrenamenduak bi garai izaten ditu: udara eta negua. Udaran partidu asko jokatzen ditugu, gehiegi egia esan, astean igual lau eta bost partidu. Festak direla, eta eguraldi diferenteagatik asko edaten duzula, udara puskatuta bukatzen dut normalean. Oso gogorra egiten da, eta astakeriak egiten dira. Udan, beraz, partiduak izaten dira, entrenamendurik ez da egiten kasik. Neguan bai, baina hor ere entrenamenduetan astakeriak egiteko arriskua egoten da. Urte asko pasatzen dira zeure burua ezagutu arte, eta zeure burua ondo ezagutu arte astakeriak egiten dituzu. Eta gero oso jende gutxi dago pilotan entrenamenduak nola doazen jakiten duena. Pisu haundikoak garenok, esate batera, korrika gehiegi egitea ez zaigu komeni, gero bestela partiduetan pilotara heldu bai, baina emateko indarrik gabe gelditzen zara. Entrenamenduetan gehiegi korrika eginda hautsita gelditzen zara.
GALDERA: Bukatzeko, Joxean, zer moduz konpondu izan zara zure enpresarioarekin, "Empresas Unidas"ekin?
ERANTZUNA: Ondo, posibilitate asko eman dizkidate aurrera egiteko. Badakizu, zerorri ondo zauden bitartean eta balio duzun bitartean, beraiei interesatzen zaien bitartean haiek ere oso onak izaten dira. Txarrak izaten dira buelta etortzen denean, zahartzen ari zarenean eta zerorri ere txartzen ari zarenean. Orduan izaten dira komeriak.
G. ARRESE. J. LANDA
27-31

GaiezKirolaPilotaPilotariak
PertsonaiazTOLOSA1
EgileezARRESE1Kirola
EgileezLANDA2Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude