Zuberoako maskaradak urtez urte

  • Altzürüko gazteek emanen dituzte 2020ko maskaradak heldu den otsailaren 9tik aitzina. Memoriak hutsegiten ez badigu iaz Urdiñarbeko gazteek eman zituzten eta duela 2 urte Muskildikoek. Baina... duela 3 urte? Eta duela 4? Eta zein izan zen Altzürüküko gazteek maskaradak muntatu zituzten azken aldia? Galdera horien erantzunak bilatu nahi dituenak Dantzan webgune honen tripetan arakatzea du biderik onena, baina hamarkada batzuk atzera egin nahiko bagenu, gauza konplikatu egiten da. Beraz, urtez urte maskaradak zein herrik eman dituen zerrendatzea otu zaigu, norbaitendako lagungarri izan daitekeelakoan. 


2020ko urtarrilaren 17an - 12:58
Sohütako Maskaradak, 1934. urtean

Iturriak

Urtekako egutegi hau osatzeko, esan bezala, Dantzan-eko hemeroteka izan dugu ezinbesteko informazio iturri, bai eta beste hedabide batzuena ere: Berria, Euskaldunon Egunkaria eta Argia-renak, besteak beste. Beste zenbait argitalpenetan ere kuxkuxeatu dugu hala nola, Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika eta George Herelle-ren Les mascarades souletines liburuetan, Zuberoako pastoraletako hainbat liburuxketan, Sü Azia elkarteak argitaratutako Maskaradak liburuxkan, Dantzariak aldizkarietan, Bizkaia.eus-en irakurgai dagoen Kepa Fernandez Larrinoaren artikulu honetan eta Bilketa.eus-en gordetako François Fourquet-en beste liburu honetan ere.

Urtekari hau egitean hainbat gauzek deitu digute arreta eta horiek ere partekatuko ditugu zuekin beheraxeago, baina lehenik horratx Zuberoako maskaraden antolatzaileen zerrenda, urtez-urte.

Maskaraden urtekaria

Urtea Herria
2020 Altzürükü
2019 Urdiñarbe
2018 Muskildi
2017 Pettarra
2016 Sohüta-Hoki
2015 Idauze-Mendi
2014 Zalgize-Iruri
2013 Gamere-Zihiga
2012 Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak
2011 Santa Grazi (bertan behera)
2010 Larraine
2009 Barkoxe
2008 Aloze-Atharratze
2007 Maule
2006 Urdiñarbe
2005 Altzürükü
2004 Iruri-Zalgize
2003 Sohüta
2002 Gamere-Zihiga eta Eskiula
2001 Ligi-Atherei
2000 Atharratze
1999 Idauze-Mendi
1998 Altzai-Lakarri
1997 Larraine
1996 Muskildi eta Mitikile
1995 Barkoxe
1994 Santa Grazi
1993 Urdiñarbe
1992 Eskiula eta Altzürükü
1991 Altzai-Lakarri
1990 (...)
1989 Muskildi
1988 (...)
1987 Muskildi
1986 (...)
1985 Basaburua
1984 Barkoxe
1983 Eskiula
1982 Urdiñarbe
1981  
1980  
1979 Altzürükü eta Barkoxe (udan)
1978  
1977 Urdiñarbe
1976 Altzai-Lakarri
1975  
1974 Xiberoko Zohardia elkartea
1973  
1972 Altzürükü
1971  
1970 Altzai-Lakarri
1969 Sohüta
1968 Altzürükü
1967  
1966  
1965  
1964  
1963 Altzürükü
1962  
1961  
1960 Sohüta
1959  
1958  
1957 Altzürükü
1956  
1955  
1954 Eskiula
1953 Atharratze
1952 Altzai eta Sohüta
1951 Altzürükü
1950  
1949 Urdiñarbe
1948 Eskiula
1947 Atharratze, Onizegaine eta Sohüta
1946 Hauze eta Barkoxe
1945  
1944  
1943  
1942  
1941  
1940  
1939  
1938 Altzürükü
1937  
1936 Urdiñarbe
1935  
1934 Sohüta
1933 Altzürükü eta Ligi-Atherei
1932 Montori
1931 Hauze
1930 Ozazu-Zühara eta Urdiñarbe
1929  
1928 Eskiula eta Altzai
1927 Gaztelondo (Barkoxe)
1926 Larraine
1925 Altzürükü, Ligi-Atherei, Lexantzü, Montori eta Sarrikotagaina
1924 Sohüta
1923 Urdiñarbe eta Etxebarre
1922 Hauze
1921  
1920  
1919 Larraine
1918  
1917  
1916  
1915  
1914 Urdiñarbe
1913 Ligi eta Lexantzü
1912  
1911 Hauze
1910 Gamere tea Hastüe
1909 Larraine
1908 Aloze
1907  
1906 Atharratze eta Altzai
1905  
1904 Barkoxe
1903  
1902  
1901 Atharratze

Hutsuneak

Datu interesgarri asko biltzea lortu badugu ere, konturatuko zineten zerrenda hutsunez betea dela. Horretarako bi arrazoi nagusi daude. Batetik, izan daiteke urte horretan ez zela maskaradarik izan, edo bestetik, ezin izan dugula lortu urte horri buruzko informazio zehatzik eta hartara ez dakigula maskaradarik izan ote zenez. Beraz, lehenbiziko eskea informazio xeheagoa izan dezakezuen lagunoi, zerrenda osatzen lagunduko?

Maskaradak 1930
1930eko maskaradak. Argazkia: Aitzina pika... liburutik jasoa

 

Maskaradarik gabeko urteak

Hutsuneak hutsune baina jakinda, hain zuzen, horiek gure ondorioak baldintza ditzaketela—, begi kolpe batez, hainbat kontuk deitu digute arreta. Denboran atzerago egin eta orduan eta zailago egin zaigu informazio zuzena lortzea. Horregatik ez dugu garbi hutsik agertzen diren urteetan maskaradarik izan ote zen ala ez. Alta, Allande SokarrosThierry Truffaut eta Kepa Fernandez Larrinoaren artikuluei esker egiaztatu ahal izan dugu, adibidez 1988 eta 1990 urteetan ez zela maskaradarik izan eta François Fourquet-en liburutik ondorioztatu dezakegu 1986an seguraski ere ez zirela egin, garai hartako maskaraden zerrendatze batean urte hartakoa saltatu egiten baitu. Hutsik agertzen diren gainontzeko datetan aldiz, ez dugu egiaztatzerik izan Zuberoan inauteririk izan zen ala ez. Bi Mundu Gerren garaiko etenaldiak (1914-1918 eta 1939-1945) azaltzen errazak dira. Bestetik, azpimarragarria iruditu zaigu, François Fourquet-ek bere liburuan dioen beste hau ere: "Après 1959, plusieurs années s'écoulent sans qu'on voie une seule mascarade dans toute la Soûle. La tradition paraît définitivement éteinte". Hau da, 1960ko hamarkadatik aitzina Zuberoako herritarrek nekez montatu ahal izan zutela maskaradarik maiztasunez. 

Ibilbide gora-beheratsua

Pentsatzen ahal dugu, beraz, XX. mendeko gainontzeko hamarkadetako beste zenbait hutsuneren arrazoia hori bera izan daitekeela, maskaradak plantan emateko bateko eta besteko zailtasunak, hain zuzen. Izan ere, egutegi(osatugabe)ak erakusten digun argazkitik zera ondoriozta genezake: maskaradak takadaka antolatu zituztela joandako mendeko zenbait garaitan. Herri batek ohitura berrabiarazi, beste herrietako gazteak ere animatu eta indarra hartzen zuen inauteriak —II. Mundu Gerraren ondotik, esaterako—. Horrenbeste, urte berean 2, 3 edo, areago, 5 herrik maskaradak aldi berean muntatzeraino (2 maskarada urte berean: 1906, 1920, 1913, 1923, 1925, 1928, 1930, 1933, 1946, 1952, 1979 eta 1992. 3 maskarada urte berean: 1947. 5 maskarada urte berean: 1925), baina hortik urte batzuetara ekimenak indarra galdu eta zenbait urte pasatzen ziren zikloa berriz abiatu arte, galtzeko arriskuan.

Zentzu horretan esanguratsua da 1974. urteko maskaradak Zuberoako Zohardia elkarteak antolatu izana, hango eta hemengo dantzari eta arizaleekin, indarrez ahul ziren inauteriei bultzada emateko asmoz.

 

Mendikota Maskaradak 1972 - 04
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1971. urtean. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

 

Suspertzea

Azken denboran maskaraden etorkizuna arriskuan egon ote litekeen behin baino gehiagotan aipatua izan bada ere, urtekari honen arabera ondoriozta dezakeguna da 1980tik aitzina maskaradek haien garairik egonkorrena bizi dutela azken 120 urtetan. Lau hamarkadetan 35 aldiz lortu dute zuberotar gazteek maskaradak muntatzeko aski lagun biltzea eta arazoak izan direnean —2012an kasu, bi urtez segidan maskaradak bertan behera geratzeko arriskua izan zenean— irtenbide burutsuak izan dituzte. Urte hartan, Santagraziko maskaradak bigarren urtez suspenditzeak ekar zezakeen etenaren arriskuaz oharturik, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek hartu zuten aste gutxitan maskaradak muntatzeko ardura. Arizale guzti-guztiak euskaldunak izan ziren urte hartan eta haien erabakiak argi uzten du maskaraden sokari jarraipena emateak Zuberoako gazte hoiendako zuen garrantzia.

 

Maskaradak 2012 Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiek emanak
2012an Xiberoko Ikastoletako Ikasle ohiek eman zituzten maskaradak ((2012 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)

 

Aitzindarietan aitzindariak

Halako zerrenda bat esku artera heldu eta lehen tentaldietako bat izaten da ikustea zein herrik eman duen maskaradarik gehien. Zuei gertatu zaizue? Bada guri bai. Beraz, zerrendaren arabera maskarada gutxien eman duen herritik hasi eta honakoa litzateke hurrenkera: Astüe (1), Etxebarre (1), Maule (1), Ozazu-Zühara (1), Sarrikota-gaina (1), Aloze (2), Idauze-Mendi (2),  Montori (2), Lexantzü (2), Santagrazi (2), Zalgize-Iruri (2), Gamere-Zihiga (3), Hauze (4), Ligi-Atherei (4), Larraine (5) Altzai-Lakarri (6), Eskiula (6), Atharratze (7), Barkoxe (7)Sohüta-Hoki (8), Urdiñarbe (10), and the winner is... Altzürükü 12rekin!! Ez galdu beraz, Altzürükütarren 12. Maskaradak otsailaren 9tik goiti!

 

Altzürüküko maskaradak, 1979
Altzürüküko maskaradak, 1979.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maskarada
2023-12-01 | Euskal Irratiak
Maskarada bueltan da Pagolan ehun urteren ondotik

Xiberoa eta Baxe Nafarroa artetik jalgiko da aurten maskarada. Ehun urteko etenaldiaren ondotik, xiberotar usaia berreskuratuko dute aurten Pagolako gazteek.


2023-01-19 | Lide Iraola
Ez da buhamerik izango maskaradetan aurrerantzean, arrazakerian oinarrituta zegoelako

Hasi dira maskaradak Zuberoan, urteroko tradizioari jarraiki. Alabaina, tradizioak aldatu daitezkeela erakutsi dute aurten Maulen: lehen aldiz, ez da buhamerik izango. Pertsonaia horiek ijitoak ziren, eta estereotipoetatik eta arrazakeriaz antzezten zirela salatu izan dute... [+]


2022-12-16 | dantzan.eus
Zuberoako Maskaradak 2023 egutegia

Urtarrilaren 15ean hasi eta apirilaren 22an bukatuko dira 2023ko maskaradak, Maule-Lextarreko gazteek emanak. Guztira hamabost emanaldi lotu dituzte. Lau hilabetean zehar, asteburuz asteburu, Zuberoako hamahiru herri bisitatuko dituzte hiriburuko gazteek. Ohi den legez, lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude