Asteak beharko dituzte ikerketak egiteko. Hala ere, ez dute uste Ingalaterra hegoaldean atzeman duten koronabirusaren aldaerak gaixo larriagoak eragingo dituenik. Txertoak andui berriari aurre egiteko gai izango direla iritzi dute zientzialariek. Kutsatzeko gaitasuna, berriz, oraingoaren %70 handiagoa izan daitekeela adierazi dute Britainia Handiko Gobernuaren aholkulari diren zientzialariek. Ikertzen ari diren bitartean, Europako hainbat herrialdek hegaldiak debekatu ditu eta gaur astelehenez 11:00etan bilera presazkoa egingo dute Europar Batasuneko estatuek birusaren aldaera berria jorratzeko.
Abenduaren 20an El Diario.es egunkariak (The Guardian egunkariarekin elkarlanean arituta) jasotako informazioa da. VUI-202012/01 anduia laborategian kultibatzen ari dira eta pare bat aste beharko dute hainbat erantzun jaso ahal izateko, hala nola, txertoei aurre egiteko gai izango den ala ez, Ingalaterra osoan nola zabaldu den eta eskualdekako mapa egiteko aldaera berriaren prebalentzia aztertuta.
Ewan Birney, Biologia Molekularreko Europako Laborategiko zuzendariorde nagusia eta Cambridgeko Bioinformatikako Europako Institutuko zuzendarikidea da. Haren ustez, aldaera ez da erasokorragoa: “Aldaera berriak gaixotasunaren larritasunean eragingo balu honezkero antzemango genuen”. Kutsatutako ehunekoaren arabera ospitaleratzeek nabarmen gora edo behera egin behar zuten, dio Birneyk, eta bietako bat ere ez da gertatu. Bestalde, aditu berak adierazi du txertoak birusaren aldaera askorekin probatu dituztela, eta beraz, arrazoiak daudela pentsatzeko andui berriekin ere funtzionatuko dutela. Dena dela, Birneyk adierazi du xeheki ikertu behar dela gai hau.
“The Guardian” egunkariak gogorarazi du birusak lehen ere izan dituela aldaerak. Azaroan Danimarkako Gobernuak milioika bisoi hil zituen birusaren aldaera bat atzeman zutelako. Urrian analisiek ulertzera eman zuten Espainiako nekazari langileengan aldaera bat aurkitu zutela eta ondoren Europan azkar zabaldu zela.
Presazko bilera, Europar Batasunean, astelehenean 11:00etan
Bilera urgentea egingo dute astelehenez 11:00etan Europar Batasuneko estatuek. Erresuma Batuan atzeman duten COVID-19aren aldaerari erantzun komunitarioa emateko bilkura izango da.
Europako hainbat gobernuk Erresuma Baturako hegaldiak debekatu ditu. Espainiako eta Frantziako estatuek Europa mailan koordinatzea eskatu dute. Espainiako Estatuak bidaia baldintzak gogortu ditu baina ez ditu hegaldiak debekatu. Frantziako Estatuak 48 orduz Erresuma Batutik Frantziarako zirkulazioa debekatu du. Bidaiariei eta merkantziei eragingo die aginduak, bai aireko, trenbideko eta itsasoko zirkulaziori. Frantziatik Erresuma Baturako bidea egin dezakete bai bidaiariek bai merkantziek.