Zertan egin ohi dugu huts kontsumo alternatiborako proiektuak abiatzean?

  • Nabarmena da azken urteotan Euskal Herriko hamaika txokotan bestelako kontsumo ereduak bultzatzeko egitasmo ugari ari dela sortzen: kontsumo taldeak, kooperatibak, dendak… abian jartzen diren proiektu guztiek, ordea, ez dute beti lortzen denboran irautea eta hasierako helburuetara iristea. Zergatik, baina? Zertan egiten dugu huts? Maiatzaren bukaeran jakinarazi zien bazkideei Labore Bilbok ateak itxiko zituela, bost urteko ibilbide “zoragarri” bezain “gogorraren” ondoren. Antzeko beste egitasmoentzako baliagarri izan daitekeelakoan, haien esperientziatik ikasitakoak konpartitu dituzte.


2022ko urriaren 13an - 07:28
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bertako produktuak eta kalitatezkoak eskuratzeko Bilbon zegoen zerbitzu faltari erantzuteko asmoz sortu zuten 2017ko abenduan Labore. Bost urteren bueltan mila bazkidetara iristea zen helburua, eta dimentsio horretarako izan zen diseinatua egitasmo osoa. “Lokal handi bat alokatu genuen, baina uste baino obra handiagoa egin behar izan genuen eta horrek hasieratik zorpeturik ibiltzea ekarri zigun”, azaldu dute lantaldeko kideek. Antzeko beste esperientziei begira –Iruñeko Landare, Gasteizko Bio-Alai eta Oiartzungo Labore, esaterako–, benetan bideragarria zirudien mila bazkide lortzea.

“Goraipatzekoa da 600 bazkidetik gora izatera iristea, baina egia da horietatik 220 familiek soilik erosten zutela maiztasun jakin batekin”, diote. Dimentsioarekin lotutako beste arazo batekin ere egin zuten topo: “Tamaina horretako proiektuak langile gehiago behar zituen, eta zama gehiegi utzi genuen langileen esku”, diote. Lan karga handiak, gainera, proiektuko kideak dendaren kudeaketara mugatzea ekarri du, bestelako atalei nahi bezain besteko arreta eskaintzea zailduz.

Nola desberdindu superreko eko-ataletik?

“Konturatu gara Bilboko errealitatea uste baino gordinagoa dela. Jendeak ez du erosketak haien auzotik kanpo egiteko ohiturarik, nahiz eta denda metro irteera ondoan egon. Bestetik, aipatzekoa da hiria hainbat supermerkatu katez betea dagoela eta elikagai industriak merkatu-nitxoa ikusi duela produktu ekologikoetan. Beraz, konpetentzia handia izan dugu inguruan, nahiz horiek gure filosofia bera ez izan”, adierazi dute. Km0 izendatutako produktuak, ikurrina daramatenak, eko-bio-gourmet zigiluak… saltoki handietan ohikoak bihurtu dira horiek guztiak. Nola asmatu benetan bestelako eredu baten aldeko apustua egiten dutenak bereizten eta lehenesten?

Landaldeko kideek proiektua abiatzerakoan zuten indarra baino anbiziotsuagoak izan zirela ondorioztatu dute, baina ezin uka anbizio horrek lorpen handiak ere ekarri dituenik: bazkide kopurua, sortutako harremanak, tratua, elkarlanerako prestutasuna… “Zentzu horretan balorazio oso ona egiten dugu”, diote, eta Laborek utzitako hutsunea betetzeko baldintza nahikoak badaudela nabarmendu dute. “Zapore onarekin gelditu diren 610 bazkideen zerrenda dugu, ekoizleen kontaktuak ere bai, beraz, neurri txikiko beste proiektu bat martxan jartzeko baldintzak badaude. Prest dagoen giza taldea behar dugu”, amaitu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude