"Zero neurketak" Zubietako erraustegiaren kutsadura independenteki neurtzeko oinarria finkatu du

  • Herri ekimenez erraustegiaren kutsaduraren kontrol independentea abiarazi zuen 2019ko lagin bilketari lotutako emaitzak aurkeztu zituzten larunbat eguerdian Usurbilgo Sutegi aretoan, Anerreka Ingurumen Elkarteak antolatutako ekitaldian. Bada kezkatzeko arrazoirik.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko apirilaren 26an - 09:45

Zubietako erraustegiak eragin dezakeen kutsaduraren kontrola modu independentean kudeatzeko oinarria ezarria dago. Herritik sortu, eta herriak berak, adituen laguntzaz bideratuko du, Zubieta Lantzenek 2019ko irailean aurkeztu eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduarekin batera martxan jarri zuen "autodefentsa ekimena". Une hartan hasi ziren gauzatzen urtero errepikatu nahi duten ahalegina. 2019 hartan gauzatu zuten, oraindik orain "probaldi fasean" izan eta guztiz pizteke zuten erraustegiaren kutsaduraren "0 neurketa". Helburua, gero urtez urte Zubieta gaineko planta piztu osteko datu bilketekin alderatzea litzateke, eta honenbestez, noiznahi ke zutabea darion tratamendu plantak eragin dezakeen kutsadura neurtzea.

Aitzindaria

2019ko lehen datu bilketaren haren emaitzak aurkeztu dituzte larunbat eguerdi honetan Sutegiko auditorioan. Anerreka Ingurumen Elkarteak antolaturiko ekitaldia eskerrak helaraziz hasi nahi izan dute; gaur partekatu nahi izan dutena, "zuen proiektua da" oroitarazi du egitasmo honen sustatzaileetako batek, Maider Usabiagak, herritarrek martxan jarritakoa izan dela nabarmenduta. Gogoan izan, "crowdfunding" kanpaina bat bideratu zela eta herritarrek eginiko diru ekarpenei esker abiatu ahal izan zutela erraustegiaren kutsaduraren kontrol independentea. Herritarrek finantzatutakoa da egitasmo hau, baita Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalek, edota hainbat eragile sindikal eta politikoek diruz babestutakoa.

Denen laguntzari esker "erraustegiaren kutsadura monitorizatuko duen biomonitorizazio proiektua definitu da". Ikerketa proiektu, "zientifikoa, egiazkoa, modernoa eta gardena izatea" helburu duena. Hurbilean eraiki eta martxan jarri duten erraustegiari lotutako "kezka lokaletik" abiatu baina nazioartean oihartzun zabala izaten ari dena, aitzindaria baita neurtzeko moduagatik, larunbat eguerdi honetan Maider Usabiaga eta Felix Olaetxea ingeniariek Sutegin berri eman dutenez. "Zero neurketak, erraustegia martxan jarri aurreko egoeraren argazki bat osatu du, etorkizunekoekin alderatzeko". 

ToxicoWatch fundazioak 2020an entregatu zuen erraustegia piztu aurretik ingurua kutsagaien aldetik nola zegoen azaltzen duen informea; orain erraustegia martxan hasi ondorengo lehenbiziko kontrolaren emaitzen zain daude neurketa herritarraren sustatzaileak.

Beste kutsadura iturrien eragina

Ikerketa eremuak Buruntzaldea eta Donostia hartzen du. Erraustegiaren eragin eremuko lurretako 10 oilategi partikularretako arrautzak, inguruetako 7 guneko landare, hosto eta lur laginak hartu zituzten, 2 gunetako ur laginak, 4 sedimendu lagin eta 3 udalerrietako (Usurbil, Lasarte, Andoain) 39 amen bularreko esne-laginak. Ikerlan honetarako Holandako Toxicowatch fundazio independentea kontratatu zuten, baita Eusko Jaurlaritzak akreditaturiko Geiser izeneko enpresa, inpartzialtasunez lan egiteko, "ahalik eta berme guztiak izateko".

"0 neurketak", datozen urteotarako ikerketaren oinarria finkatu ditu. "Urtero jarraipena egingo zaien kokapenak, laginak eta neurtuko diren parametroak zehaztu dira". Eta zer hausnartua badugula adierazten duten emaitzak. Erraustegia oraindik piztu gabe zela kontuan izanda, "zero laginketan kutsadura balore altuak ere antzeman dira zenbait eremuetan". Beste kutsadura iturri batzuk eragindakoak. Ikerketaren sustatzaileek ohartarazi dutenez, "horiek monitorizazio eremutik kanpo utzi dira, baina lanketa bat beharrezkoa ikusten da dagokion administrazioaren eskutik".

"Gugana heldu baino lehen"

2019an hasitako lanketari segida eman zioten iaz, 2020. urtean. Emaitzak jasotzeke dituzte oraindik. Eta aurten ere datu bilketa egitekotan dira. Beharrezkotzat jotzen dute erraustegiak eragindako kutsadura modu independentean kontrolatzea, bestela, legediak agindutakora mugatzen baita administrazioa; Zubietako erraustegiaren kasuan, urtean 6 orduko 4 laginketa saioetara, interesdunak aukeratutako une eta enpresak egindakoa. Gainera, "kutsatzaile gutxi batzuk neurtzen dira".  "Gardentasun falta eta konfiantza eza" helarazten du horrek, are gehiago, tximiniatik aireratutakoa eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan neurtzeko tresnak badirela jakinik.  Hortik erraustegiaren kutsaduraren kontrol independentea bideratu beharra. Larunbat eguerdi honetan Sutegin zioten moduan, "gugana heldu baino lehen" erraustegiaren gai toxikoak "inguruko bizidunetan pilatzen doazela frogatzea" da asmoa. Berandu baino lehen. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude