Soldatak inflazioaren arabera igo eta pentsio-politikak hobetzeko eskatu du Urkulluren sailburu izan zenak

  • Enpresen dibidenduak akziodunen artean ez ezik, langileen artean ere banatu behar direla defendatu du Angel Toña Jaurlaritzaren Lan sailburu izan zenak Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan: "Enpresaburu makalak dauzkagu, eta argi esan behar da, politikariek ezin dituztela soilik haiek zaindu".

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2023ko urtarrilaren 2an - 17:00
"Lan ona eduki edo ez, horrek ez luke erretiroan baldintzatu behar". Angel Toña, artxiboko irudi batean (Argazkia: EiTB)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iñigo Urkulluren bigarren legegintzaldian Lan eta Gizarte Politiketako sailburu izan zen Angel Toña –aurrez inhabilitatu egin zuten enpresa eta merkataritza kontuetan hainbat likidazio geratzeko epaile baten aginduari kasurik ez egiteagatik–. Koiuntura politiko-ekonomikoaz eta etorkizunaz galdetu diote Euskadi Irratiko Faktoria saioan dagoeneko erretiroa hartua dagoen Toñari, eta berak, egungo Urkulluren gobernuak defendatzen duenaren aurka egin du, azpimarratuz, ez duela balio soldatak inflazioaren azpitik igotzea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek "oro har", %5 eta %10 arteko irabaziak izan dituztela adierazi du Toñak, eta soldatak bataz bestean %3 igo dira "soilik". IBEX 35en barnean sartuta daudenek, esaterako, %22ko diru-irabaziak izan dituzte urte bakarrean. Bada, Urkullu lehendakariak zein Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak soldatak KPIaren arabera ezin direla igo azken urtean kasik etengabe esan arren, Toñaren ustez, egin egin behar da: "Gezur handiak esaten dira bai politikari, enpresaburu eta sindikatuetatik; eta argi esan behar zaie politikariei, ez duela balio enpresak soilik zaintzeak". Horrez gain, gogoratu du Alemaniako metalgintzan %8,5eko igo dituztela soldatak, eta EAEn %3 baino ez.

"Lan aukera ona eduki ez eta erretirora heltzea pentsio apalarekin zigortzea ez da egokia"

Enpresen irabaziak aintzat hartuta, dibidenduak langileen artean banatu beharraz ere hitz egin du: "Duela 10 urte baino askoz hobeto daude enpresa gehienak. Euren administratzaileek inflazioa baino askoz gehiago irabazi dute urte bakarrean, eta langileek ez; horregatik diot, enpresaren izaera aldatu behar dugula. Dibidenduak akzionisten artean banatzen badituzte, zergatik ez langileekin?". KPIaren araberako igoerak eskatu ditu Toñak, eta "pozik" agertu da pentsioak erreferentzia horrekin igoko direlako.

Zerga negatiboaren ideia

Errentaren gaineko balizko zerga negatiboaren ideia mahai gainean jarri du elkarrizketa berean Toña sailburu ohiak; pobreziari aurre egiteko metodo gisa, Ogasunari ordaindu bezala, baita kobratu ahal izateko ere. Baldintzarik gabeko errentaren alde hitz egin du: "Soldata handia daukatenek ordaindu behar dituzte zergak, kotizazioak eta ondasunaren gainekoak. Hortik aurrera, erretiro egokia eta baldintzarik gabeko errenta jaso beharko genuke guztiok. Ongizate gizarte bat egiteko hori da bidea; horretara jo behar dugu".

Toñaren arabera, Suedian eta Belgikan egin dira lehen probak, eta ongi funtzionatu dutela defendatu du. "Zaharrak garenean bestelako behar batzuk ditugu eta horiek asetzea gure eskubidea da. Lan ona eduki edo ez bizitza osoan, horrek ez luke baldintzatu behar", azpimarratu du, eta horrez gain nabarmendu, asko kotizatzeak esan nahi duela diru asko irabazten dela, eta askok ez daukatela aukera hori. Sailburu ohiaren arabera, "lan aukera ona ez eduki eta erretirora heltzean zigortzea ez da egokia".


Irakurri gehiago: Herritarren pobretzea Ekonomia
Herritarren pobretzea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...