Zer erakusten digun Singapurreko kasuak koronabirusaz eta teknologiaren mugez

  • Matxoaren 20an Singapurreko Gobernuak aplikazio bat aurkeztu zuen, herritarren mugimenduak erregistratuz Covid-19a zeukaten herritarrak isolatzeko helburua zeukana, jarduera ekonomikoak bere horretan jarraitzen zuen bitartean. Esperientzia erabateko porrota izan da eta gobernuak konfinamendua agindu du ostiral honetan.


2020ko apirilaren 05an - 17:20
Singapurren ostiral honetara arte ez dute konfinamendurik agindu eta kasuak ugaritzen ari dira, gobernuak martxan jarritako aplikazio telefonikoa gorabehera.

Harremanetan, kulturan, lanean eta, oro har, bizitza osoan teknologia digitalen bitartekaritza geroz eta handiagoa bihurtzen ari den garai hauetan, arriskua dago pentsatzeko gizakiok dauzkagun problema handien irtenbideak ere teknologia horien eskutik etorriko direla. Baina Covid-19aren hedapenari aurre egiteko hartutako neurriek zerbait erakutsi baldin badute, zera da: munduak ukigarria izaten jarraitzen duela eta jatorri biologikoa duten arazoen aurrean, momentuz behintzat, probatu diren erreminta digitalek ez dutela huts-hutsean emaitza onik ematen.

Singapurreko kasua nahiko egokia da hori ilustratzeko. Martxoak 20: Hego Euskal Herriko biztanleek bost egun daramatzate derrigorrez konfinatuta, Ipar Euskal Herrikoek hiru. Egun horretan, Singapurreko gobernuko teknologia-agentziak aplikazio bat aurkeztu du, herritarrak monitorizatuz koronabirusaren zabalpena kontrolatzeko. Elkarrengandik gertu dauden telefonoen Bluetooth seinaleak erregistratuz, app horrek gaixotasuna zabaltzen den moduaren patroi bat aurkitu nahi du.

Zenbat eta kontrol handiagoa jendeak izandako kontaktuen jarraipenean, orduan eta errazagoa kutsatutako pertsonak isolatzea: hori zen mezu ofiziala Singapurren duela bi aste

Logikoa dirudi. Edo zirudien: Covid-19a daukan pertsona bakoitzari non ibili den eta zer egin duen galdetu ordez, horrek inplikatzen dituen memoria-hutsune eta zehazgabetasun guztiekin, pazientea zein lekutan egon den eta berarekin kontaktua zehazki nork izan duen jakin nahi zuten, pertsona horiek bakarrik isolatuz gainontzeko guztiak normal funtzionatzen jarraitu ahal izango zuelakoan. Zenbat eta kontrol handiagoa kontaktuen-jarraipenean, orduan eta errazagoa birusaren hedapena etetea: hori zen gobernuaren mezua duela bi aste.

Arazoa ulertzeko modu hori hankaz gora joan da ordea. Ostiral honetan Singapurreko jarduera ekonomiko ia guztiak etengo direla iragarri du Lee Hsien Loong lehen ministro kontserbadoreak, krisi honi aurre egiteko hautatutako irtenbide digitalaren porrota neurri batean behintzat onartuz: “Hasieran kasu berrietako asko atzerritik inportatu genituen, Singapurrera itzuli zen jendearen bitartez. Gero, joan den astean, kasu gehiago edukitzen hasi ginen hemen bertan. Gainera, kontaktuak ongi jarraitu ditugun arren, kasuen ia erdietan ez dakigu non kutsatu ziren edo noren bidez hartu duten birusa”.

Konfinamendua eta ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko erabakia iragartzeko Singapurreko lehen ministroak egindako agerraldian, honakoa ere gaineratu du: “Kutsatutako jende gehiago dabil kalean, oraindik identifikatua izan ez dena. Eta, jakin gabe, beste batzuei birusa pasa diezaiokete”. Herrialdeko datuen eboluzioa ikusirik, beraz, “mugimendu erabakigarri” bat egitea beste erremediorik ez zaie geratu.

Aplikazio telefonikoen bidezko kontrolak ez, etxean geratzeak eta kontaktu fisikoak gutxitzeak eragotziko du han ere, hein batean behintzat, kasuen ugaritzea. Singapurreko Gobernuak emandako datuen arabera, 1.309 lagun daude herrialdean koronabirusak kutsatuta, baina azken egunetan hazkundea oso handia izan da, larunbatean 120 kasu berriko errekorrera iritsiz.

Birusaren zabalpenak ahalguztidun berria dirudien teknologia digitalaren mugak ikusteko ere balio izan du. Horrelako aplikazioen eraginkortasuna gutxienez dudazkoa dela ikusirik, jarraituko ote dute administrazioek osasunaren izenean herritarrak kontrolatu ditzaketen aplikazioak garatzen?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude