“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

  • Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein direla ere sendabelarrak, edozein dela ere horiek bildu ditugun tokia, ekainak 24an egin badugu bilketa, ukenduak balio handia duenik ez da auzitan jartzen.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko uztailaren 07an - 05:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ukendurik erabiliena izango da ia ziur, urte osoan egingo duten bakarra, askorentzat. Estimatuena dutela entzuten diet askori. Gaur egun gizarte aberatsean bizi gara eta ukendu mota asko ditugu baina ez hain aspaldi, ukendu bati dena edo ia dena sendatzea eskatzen zitzaion. Eta ondo egiten zuela esan dezakegu, nahiz badakigun oro sendatzailerik ez dagoela. Horregatik, formulari ekin aurretik esan nahi dut niretzat umiltasun lezio dela ukendu hau, etxe askotan belaunaldiz belaunaldi jaso den jakintzak lehen bezala orain ere egiten duelako bere lana, mundua asko aldatu bada ere.

Sendabelar basatiekin, oliba olioarekin eta argizariarekin egindako ukendu honek ez du beste erremedio askoren inbidiarik. Orain sinetsarazi nahi digute olio esentzialak, sendabelar exotikoen aktibo indartsuak eta ez dakit nongo (eta nolako) aktibo kosmetikoak behar ditugula azalean gerta daitezkeen edozein egoerarentzat baina ez da egia.

Zazpi gaitzen kontrakoa dela diote askok. Zazpi sendabelar dituela argi dago baina zergatik galdetzen didatenero erantzun argirik ezin izaten dut eman, uste izatea ez baita jakitea. Hori bai, gure inguruan bildutakoak izan daitezela. Askok basatiak esan ordez debaldekoak direla esatea nahiago dute; gure amonaretzat Jainkoak debalde emandakoak ziren.  

Zein sendabelar erabili behar diren ere ez dago argi eta horrela hobe. Tokian tokikoarekin, garaian garaikoarekin eta urtean urtekoarekin egiten dugu. Beraz, beti formula bera egitea ortodoxoen kontua dela dirudi, formula aldatu eta egokitzearen aldekoa naiz; asko ikasten delako hartara. Hori bai, badira hiruzpalau sendabelar den-denok ipintzen ditugunak eta hori zerbaitengatik da.

Santio-belarra (Hypericum perforatum), berbena (Verbena officinalis), pasmo-belarra (Lysimachia arvensis) eta plantaina arra (Plantago lanceolata) dira urteotako eskarmentuaren arabera aldaezinak. Horiekin batera asuna (Urtica dioica), azeri buztana (Equisetum arvense) eta zaingorria (Geranium robertianum) ipini dizkiogu azken urteetan baina bostorria (Potentilla reptans) eta intsusaren (Sambucus nigra) edo ilenaren (Calendula officinalis) lorea ere ipin zitezkeen, beste askoren artean.

Kolpeak bezain ongi tratatzen ditu zauriak, biak batera gertatzen direnean (ebakuntzak kasu) ere bai. Pikorrak, erredurak, ziztadak eta narritadurak baretzeko lana ongi egiten duela badakigu. Aurten emandako ikastaroetan ehun pertsona inguruk ikasi dute egiten eta askok berehala erabili dute eguzki erredura zaintzeko, marmokak besoan utzitako hantura tratatzeko, ezpain kontrako zauria sendatzeko, ikastaro ondoren aulkiak jasotzerakoan kokotzean hartutako kolpea goxatzeko…

Aitorpena eginez bukatzeko, nik ibilbide hau hasi izana zor diot. Duela urte asko, lagun leitzar bat ukendu hau egiten irakatsi behar nuela tematu baitzen, zer zetorkidan ez berak eta ez nik antzeman ezin genuela. Eskerrik asko zazpi sendabelar ukenduari, beraz, eta eskerrik asko zuri, Ainara de Miguel.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#2
Melisa Perez Garcia  |  Pilar Revilla Martinez  |  Yolanda Payueta Lopez de Robles
#3
Eneko Atxa Landa
#4
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sendabelarrak
Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


2x15: Samaritarraren ukendua eta zaingorri ukendua
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Gaurkoan oso ohikoa ez den zerbait ekarri dugu saiora. Entzule batek gugana jo eta samariar baltsamoaren formula ekarri digu. Duela 50 bat urte Donostiako Santa Teresa klausurako lekaimeek Bálsamo Samaritano deitua egiten omen zuten, eta galdu ez dadin, errezeta helarazi... [+]


2x14: Landareen burmuinaz eta elorri zuriaz
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Landareen inteligentziari buruzko eztabaidak hor jarraitzen du, eta podcast honetan gustatzen zaigun gaia denez, berriro ere ekarri egin dugu. Memoria, kontzientzia eta komunikazioa gauzatzeko gaitasuna gizaki eta animaliez gain landareek ere ba ote duten da oraingo ikerketa... [+]


2x13: Espeziak sendabide eta izeia sendabelar
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Espezieei buruz aritu gara gaurkoan. Aurreko saioetan ere aipatu izan ditugu, baina gaurkoan ikerketa bat ekarri dugu, datu interesgarri asko dituelako. Kurkuma, kanela eta jengibrea oso ohikoak ditugu gure artean, baina badira espezietzat jotzen diren sendabelarrak ere (ezkaia,... [+]


Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


2x12: Aste Santua klabe begetalean eta hirusta gorria
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Erramua, nardoa, benjui, mirra, sandaloa, garia, isipu-belarra eta halakoak hartu ditugu ahotan gaurko saioaren hasieran. Aste Santuari eta erlijio katolikoari loturikoak denak ere, sinbolismo handikoak, eta gure egunerokoan arruntak direnak, nahiz askotan ez dakigun izenik... [+]


2x11: Zuhaitz biblikoak berpizteaz eta txikori-belarraz
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Zientzialariek egindako beste ikerketa harrigarri bat dakargu gaurkoan. Ez da sinetsi erraza, baina Biblian agertzen den zuhaitz bat berpizteko gai izan direla esan digute berriki. Honek zer esan nahi duen, zertarainoko eragina izan dezakeen eta bestelako ondorioei buruz aritu... [+]


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2x10: Garoa atzeraka eta intsusarekin zereginak
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Garoa atzeraka eboluzionatzen ari dela irakurri dugu, eta beste behin, filosofatzeko atea ireki digu horrek. Harvard Unibertsitateko ikerketa batek ekarri du albistea, 360 milioi urte dituen espezieak eboluzioaren inguruko ideiak auzitan jarri dituelako. Eboluzioa... [+]


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


2x09: Itxaropena eta pasmo belarra
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Beste podcast bat dugu abiapuntu gaur: "La senda de las plantas perdidas" saio etnobotanikoa. Gurea entzuten duzuen askorentzat interesgarria izango delakoan. Bere newsletterra jasotzen dugu (gomendatzen dizuet), eta itxaropenaz eta landareez egindako hausnarketa... [+]


2x08: Sendabelarren inguruko albiste sentsazionalista eta mendaroa
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

El Correok argitaratutako albiste sentsazionalista samar bat aletu dugu gaurko saioan. Izan ere, sendabelarren inguruan dibulgazio okerra egitea oso ohikoa da, zoritxarrez. Aloe vera, tearen zuhaitza eta bestelako landare on askori buruzkoa da aipatu artikulua; eta egia... [+]


2x07: Salbiaz asko daukagu esateko
MULTIMEDIA - Menda Bikoitza

Gaurkoan sendabelar bakarra hartu dugu hizpide, badauka eta zer sakondua. Salbia (Salvia officinalis) da sendabelar hori, eta honen inguruan argitaratu den albiste bat hartu dugu abiapuntu, gai asko lantzeko aukera ematen digulako.

Sendabelar honen olio esentzialarekin... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude