Sei zinegile gaztek osatutako taldea da Col-lectiu Vigilia, Zinemaldira proposamen intimista ekarri duena. L’edat imminent (Datorren adina) istorio ederra eta gertukoa da: Bruno (Miquel Mas Martínez) 18 urteko gaztea da, eta 86 urteko amona, Natividad (Antonia Fernández Mir) bere senide bakarra. Amona berak zaintzen du, gainera, eta horrek presio handiegia eragiten dio, bien egoera ekonomikoagatik pizza banatzaile egin behar baitu lan, eta sozializazio eta hazte prozesuan bete-betean harrapatu du gaztea. Egun batean, zahar etxe batetik deia jaso du Brunok, hiru urte lehenago eskatu zuten plaza libre geratu delako; orain, erabaki hori hartu beharko du, balantzan bere egoera eta amonarena orekatzen saiatuz.
Pelikula nahiko sinplea da, bai forman eta baita planteamenduan ere. Horrek ez du esan nahi merezi ez duenik: oso istorio intimista, gidoi efektiboa duena, isiluneak eta elkarrizketak ondo konbinatuz kontakizun hunkigarri eta polita kontatzen du. Gainera, egoera, gogorra bada ere, ez du behar baino tragikoagoa egiten, mikaztasuna eta gozotasuna ongi nahastuz. Hasieran, aktore nagusiaren antzezpena ez zait gustatu, nahiz eta gero, istorioan sartzea lortu dudanean, askoz gehiago gustatu zaidan.
Azpimarratzekoa da Col-lectiu Vigiliako sei gazteak gradu amaierako lan gisa hasi zirela proiektuari forma ematen. Film laborategietan eta gidoi tailerretan bide luze eta interesgarria egin ostean, grabatu eta hainbat zine festibaletan aurkezteko aukera izan dute, eta Donostian ibilbidea amaitu. Sorkuntza prozesua oso bateratua eta kolektiboa dela kontatu dute, norberaren egoak alde batera uzteko gai izan direla eta lanak ondo banatzen ikasi dutela. Kolektiboa, berez, film hau egiteko sortu zuten, antolatzeko modu egokiena iruditu zitzaielako, nahiz eta etorkizunean beste proiektu batzuk egitea gerta litekeen, haien hitzetan, “solasaldi luze baten ostean”.
Filmaren amaiera bereziki samurra eta egokia iruditu zait, aho-zapore ona utzi dit. Natividaden eta Brunoren arteko erlazioa pixkanaka garatu da, elkarrekiko zaintza eta maitasun prozesu osoa ikusi ostean. Hitz gutxitan, lan sinplea eta arina, baina ederra, intimoa eta merezi duena.