Emakumeak borrokan

Zaintzaileak prekario bizi; zainduak prekario biziraun

  • Bizitza da lehena; jar dezagun bizitza erdigunean... Denon ahotan dabiltzan leloak dira hauek, baina bizitzari lehentasuna eman nahi badiogu, ezinbestean zaintza duina bermatu beharra dago, ez baitago bizitzarik zaintzarik gabe. Egin ditzagun ikusgai bizitza posible egiten duten zaintza lan guztiak: musu-truk egiten direnak, eta soldata miserableen truke gauzatzen direnak. Jarri diezaiegun izena zaintzaileei: Soraya, Itziar, Kati, Ana, Begoña... Izendatu ditzagun zainduak ere: Amaia, Karmen, Juan... Erresidentzia eta eguneko zentroetan, adibidez, zerrenda luzea dago. Zaintzailearen prekaritatea zainduarena ere badelako, euren istorioa da hau, baita zurea, denona, bizitza baita lehena.

Alda aldizkaria  |  Nagore Uriarte
2019ko ekainaren 10a

  Erreportaje hau Alda aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Miren dut izena eta 90 urte bete berri ditut Ordiziako erresidentzia honetan. Zuk dezente urte daramazu berton zaintzaile lanetan; nik dagoeneko eskuak gogortuta ditut, baina zuk zureak lotuta.

Egunero bezala, gaur ere biluzi egin nauzu. Lehenengo besoak gora, hankak ostean... Kitto! Dutxara jarraian, ez dago denbora galtzerik. Betileak oraindik begietara itsatsita ditut. Nire ezinegona ikusten duzu, nik zurea ere sentitu, patxadaz erantsiko ninduzun, badakit, baina ezin duzu.

Gaua zelan pasatu dudan galdetzen didazu beti ura berotzen duzun bitartean, arrapaladan. Ondo dakizu hori izango dela elkarren berri izateko une bakarra, aprobetxatu behar.

Autonomia galdu nuenetik inor gutxik galdetzen dit ea zer nahi dudan, giharrak gogortu zitzaizkidanetik badirudi mingaina ere lehortu zitzaidala. Eskerrak zu hemen zaren. Zuk galdetzen didazu, horretarako denbora ematen dizutenean, noski.

Baina gaur ezinezkoa zaizu. Jantzi didazu jertsea; zuk nahi baino azkarrago, nik nahi baino bizkorrago.

Goizeko zazpietan esnatu, altxatu, dutxatu eta jantzi. Hamar minutu baino ez dituzu hori guztia egiteko, berdin du menpekoa izan edo ez, mugikortasun arazoak izan edo ez, denentzat berdin dago arautua.

Hamarretarako gosaltzeko prest egon behar, 12:00etan dianak jotzen baitu. Egongelan prest egon behar dut orduan, senideen bisiten txandarako erne. Lan guzti horiek beste hainbeste erabiltzailerekin errepikatu beharko dituzu denbora errekorrean, lasterketa bukatu arte. Eskaparateak prest egon behar du, prekario akaso, baina lirain.

Gauez manikiak gorde eta pertsiana jaitsi egiten dute zahar egoitzan, distira osoa galtzen du orduan eskaparateak. Senideek ikusiko balute! 72 adineko zu eta beste zaintzaile baten kargu, besterik ez. Erizain bakar bat ere ez argiak itzaltzen direnean.

Argitu du berriz egunak: hasi da berriz maratoia. Gosaltzen gaude jada.

Ana (Gipuzkoa), beti bezala gozo dago prestatu diguzun gosaria, baina patxadaz jan nahiko nuke. Zuk sarri salatzen duzun bezala, erresidentzian beharrean badirudi animaliak hazteko granja batean gaudela, ahateak bagina bezala elikatzen gaituzte, arrapaladan, ezarritako denborak zorrotz betetzera behartzen zaituztelako. Bi ordura ez da heltzen egunean zaintzaileekin pasatzen dugun denbora, hala ezarrita dago. Gainontzean, egonean, landareak bagina bezala.

Itziar (Gasteiz), gaur bereziki nekatuta ikusten zaitut. Egia da, gaur gaueko txanda izan duzu: 23 pertsona zure kargu, zu bakarrik pixoihalak aldatzeko, posturak aldatzeko eroso egon gaitezen... Ez zen erraza izango. Goizeko zazpiak dira... Gora! Bestela eguneko txandakoek egin beharko lukete eta jende gehiago kontratatu beharko zuten horretarako, beraz, gaueko txandakoei tokatzen zaizue gu guztiok altxatzea. Pena, zortzietan datoz goizekoak, eskertuko nuke lotan jarraitu ahal izatea. Gaur hotz naiz. Ea ilea garbitu ostean lehortzeko denbora ematen dizun nagusiak. Dutxa hartuta berehala bidaltzen zaituztete garbiketa lanetara, eta ilea behar bezala lehortzeko denborarik ez dizuete ematen eta! Zergatik arduratu behar zarete horretaz ere? Badakit, azaldu didazu, erresidentzia honetan ez dute garbitzailerik kontratatzen. Doministiku! Tira, gaur ere baten bat hoztu da.

Kati (Nafarroa), gaur niri eskainiko didazu pare bat minutu gehiago? Badakit gehien jota hamar dituzula gu guztiok esnatu, dutxatu, jantzi, eta gosaltzera eramateko, baina faltan botatzen dut zurekin hitz egitea. Badakit zuri ere gauza bera gertatzen zaizula. Tic-Tac, Tic-Tac. Batzuetan niri pare bat minutu gehiago eskaintzen didazu, baina beste norbaiti kendu behar horretarako, kronometroak ez du barkatzen.

12:00ak dira, Soraya (Bizkaia), erabiltzaileak komunera joateko ezarritako ordua, zuretzat unerik lazgarriena, badakit. Niretzat mingarriena. Ilaran jarri gaituzue, nagusiak agindu bezala. Gurpildun aulkiek pasarela osatzen dute. Hasi dadila desfilea: Bat... garabia; bi... garabia; hiru... hurrengoa! Nire txanda. Tic-Tac. Buelta ilarara. Ez dut gogoratzen noiz izan zen komunean lau minutu baino gehiago egon nintzen eguna! Karga bagina bezala mugitzera behartzen zaituztetela badakit. Arrazoia duzu, erabat krudela da. Gure etxe berri honetan 135 pertsona gaude, eta gauak bereziki gogorrak dira, bi langile baino ez zaudete gu guztiok atenditzeko! Bost solairutan goitik behera ikusten zaituztegu gauero, zoroen pare.

Begoña (Nafarroa), badakit komunera joateko 12:00etako txanda aspaldi igaro dela baina joan behar dut. `Pixoihalean txiza egitea esango diot ala zigortua izatera arriskatuko naiz?´, galdetzen diozu zeure buruari, galdera horrek erantzun duinik ez duela jakinda. Argi esan zizuten hasieratik erabiltzaileak komunera eramateko ordua 12:00etan dela, baina hortik kanpo norbaitek joan beharko balu eramateko, beti ere, gelan dauden gainontzeko erabiltzaileak bakarrik utzi gabe. Nola egin biak zu bakarrik bazaude?

BIZI ETA IRAUN, BIZIRIK IRAUN

Itziar Ferron, Kati Lopez, Begoña Agundez eta Soraya García erresidentzia eta eguneko zentroetako langileak dira, Araba, Nafarroa eta Bizkaian, hurrenez hurren. Zaintza lanetan aritzen dira. Ana Merchán, berriz, Ordiziako (Gipuzkoa) erresidentzia batean sukaldari lanetan dabil. Euren testigantza errealak dira hemen jasotakoak, eguneroko errealitate gordina, baina Miren edo Juanenak izan zitezkeen, edozein erabiltzailerenak. Izan ere, %95ean feminizatua dagoen sektore honetan prekarietatearen gatibu dira langile eta erabiltzaile, zaintzaileen prekarietatea zainduarena ere bada; bata prekario bizi denean, besteak prekario biziraun behar.

Bizi eta iraun, bizirik iraun, biziki irauteko eskubiderik gabe. Hala daude adinekoak erresidentzia askotan: egonean, norbait ondoan eseri eta eskutik noiz helduko zain. Ondo ezagutzen du errealitatea Itziarrek, zaintzailearenak ez diren beste hamarnaka zeregin itota bizi baitira, bera bezala, sektoreko langile asko. Gasteizko erresidentzia batean egiten du berak lan. Estatuko hitzarmena izanda, euren lan baldintzak bereziki tamalgarriak dira. Erabiltzaileekin pasatu beharko luketen denbora beste zeregin batzuetara bideratzen dute. Zaintzaileei 60 eurora ere iristen ez diren plusak ordainduta garbiketa zerbitzuaz arduratuko den lantaldea kontratatzea saihesten dute. Plurifuntzionalitatea: enpresaburuak dirua aurrezten du; kuota ordaintzen duten senideek dirua xahutu; langile eta erabiltzaileek duintasuna galdu. Prekaritatea transbertsala da, bizitzak zeharkatzen ditu.

PREKARIETATEA ETXETIK MERKATURA

Soraya Garcíak argi dauka: zaintza etxeetatik lan merkatu arautura atera denean, prekaritatearen baldintza guztiekin atera da: behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak eta karga fisiko eta emozional altua.

Bizkaiko sektoreko egoeraren erradiografia iluna egiten du. %59 edo %61eko lanaldi inposatua duten zaintzaile asko dago, enpresak %100eko lanaldiko kontratuak ez egiteko erabakia hartu duelako. “Aipaturiko polifuntzionalitateaz baliatuz lan batzuk beste batzuekin kubritzen dituzte. Askok 14 urte daramate lanean %59ko lanaldiarekin. Horrela ezinezkoa da zaintza duina bermatzea”.

Ana Merchán bat dator. `Komodinak´ dira eurentzat. “Hutsune bat sortzen den momentuan, telefono deia egin eta berehala bertaratzea eskatzen dizute. Aparteko lanegun hori ordaintzen dizute, noski, baina Gizarte Segurantzan altan eman gabe, bai behintzat zenbait erresidentziatan”, baieztatzen du. Honi gehitu behar zaio legeak %67ko lanaldia izatea ezartzen duela egun osoa kotizatzeko baldintza gisa, eta erresidentzietako kontratu gehienak %60tik beherakoak direla. Kontuan hartu behar erabat feminizatua dela zaintzaren sektorea. 55 urtetik gorakoak dira gehienak, bizitza osoa lanean egon eta gero, erretiroa hartzeko orduan erretiro duina jasotzeko eskubidea izango ez dutenak.

POBREZIA LABORALA

“Nik pobrea izateko egiten dut lan. 35 urte ditut, bi seme-alaba, eta ez naiz ekonomikoki independentea”, aitortzen du Itziar Ferronek. Araban urteko soldata gordina 998 eurokoa da (Estatu Hitzarmena daukate), beti ere, %100eko lanaldia izateko zortea baduzu. Soraya batzen zaio. “Ni ekonomikoko independentea naiz, baina gure soldata senarrak zeukanaren osagarria zela esan zidaten behin, ezinezkoa izango zela familia buru batek halako soldata baxua izatea”. Argi dauka zergatia. “Ez dituzte langileak ikusten, emakumeak ikusten dituzte”.

Ana Merchán haratago da: “Zaintza ez dute lana kontsideratzen, zerbait ekoitziko bagenu, torlojuak egingo bagenitu, adibidez, beste kontu bat izango zen, baina, guk garbitu besterik ez dugu egiten, zaindu besterik ez”, dio ironiaz. Ironikoa da, bai, torlojuak egingo balituzte bezala lan egitera behartzen baitituzte.

Ferronek ere entzun behar izan ditu halakoak. “Gure lankide gizonekin pazientzia izatea eskatzen digute, zaintzera ohituta ez daudela argudiatuta”.

Merchanek gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoako Batzar Nagusietan LARESeko lehendakari Mikel Agirrezabalak hitzez hitz esandakoa: “Soldata handiagoa izango balitz ere, sektorean beti egongo lirateke emakume zaintzaile gehiago gizonak baino, gizonoi ez zaigulako hainbeste axola emakume batek atenditzea, baina emakumeei amorratu egiten dielako gizon batek garbitzea”. Sorayak ondo ezagutzen du baieztapen horren egilea. Gogora dakar pasadizo bat. “Bizkaian, negoziaketan murgilduta geundela, bilera batean gizon horrek potroak hartu zituen eta aurpegira esan zigun: hemendik aterako da negoziaziorako dirua”.

ZAINTZA: ZERBITZU PUBLIKOA?

Zaintzaren sektorean egiten den inbertsioari buruz hala hitz egiteak argi uzten du sektore hau ez dela zerbitzu publiko kontsideratzen. Horren isla da kasu askotan, Itziarren erresidentzian adibidez, kontratazioak ETT bidez egitea. “Lehen adreiluaren negozioa zena orain zaintzaren negozioa bilakatu da. Ezin errentagarriagoa da: zerbitzu publikoa pribatura bideratzen ari da jende guztia, negozioa jartzen duzu martxan baina diru publikoz lagunduta, ezin hobea da”, dio. Zaintzaren kalitatea ez da aldagai garrantzitsua, aho batez salatzen dutenez. Garcíak gehitzen du erresidentzia publikoak desagertzen ari direla, baita EPEak ere. “Sistema publikoa lehertzeko modu bat da”.

ETT-k ere zuzenean garamatzate beldurraren politikaz hitz egitera. Ez dituzte lanorduen gaineko kontrolik egiten, baina inor ez da salaketa jartzera ausartzen, berriz ere deituko ez dituztenaren beldur direlako. Deiaren zain bizitzeak eragiten duen ezinegona gertutik ezagutzen du Anak ere. “Sartzen azkenetarikoa zara, beraz, lanerako prest egon behar duzu 24 orduz. Hala esaten dizute, baina noski, ez dizute ordaintzen egun osoa erne egoteagatik”. Langile askori ez die konpentsatu ere egiten lanera joateak, jasotzen duten soldatarekin gastuei aurre ezinik bizi direlako, baina ez daukate alternatibarik; egunen batean lanaldi hobea eskainiko ote diotenaren esperantzaz deiaren zain daude beti.

XANTAIA EMOZIONALA

Errudun sentiarazten ere saiatzen dira greba dagoen bakoitzean, beste behin, xantaia emozionala eginez. Ondo daki hori Anak. “Gogoan dut greba hasi zenean lankide batek egunero esaten zidala adinekoek pena ematen ziotela. Nik erantzuten nion urte osoan eman behar ziotela pena, jasaten duten zaintza eskasagatik. Gaur egun bera ere greban da”, dio harro. Euren lanari balioa aitortu beharraz mintzo da Soraya ere.

“Oso argi izan behar dugu langileak garela, ez dugula zaintzen debalde maitasunaren izenean; maitasunez bai, maitasunagatik ez. Profesionalak gara eta hau gure lanbidea da”. Denetarik entzun dute, ordea, greba egiteagatik. Krudelak direla sarri esaten diete. “Eginzazu behintzat humanitateagatik esan ohi digute. Badirudi gure senideak zaintzetik pasa garela gizartea zaintzera, emakumeon funtzioa dela hori”.

Klasizmoaz ere hitz egin digute. “Piramidean posturik baxuenean gaude zaintzaileok, ez soilik gizartean, baita sektorean bertan ere: medikua piramidearen goiko aldean dago, erizainak azpitik eta gero, askoz beherago, zaintzaileak daude. Berehala dator erantzuna: “Ez! Garbitzailea da azkena”. Badator ñabardura. “Egia, garbitzailea baldin badago zentroan bera da azkena, gertatzen dena da kasu gehienetan zuzenean garbiketa azpikontratatuta dagoela”, dio Garcíak.

PROFIL BERRIAK

Bada kontuan hartzeko beste elementu bat: erabiltzaileen profila zeharo aldatu da azken urteetan baina erresidentziak ez dira horretara egokitu. “Gaur egun zahar egoitzetara sartzen den ia edonor gurpildun aulkian eta burua galduta duela sartzen da”, dio Katik.

Bataz besteko adina asko igo da, 90 urte inguruan kokatzeraino. Dementzia ere orokorra da. Erabiltzaile gazteagoak ere badaude, baina drogodependentzia maila altuekin. “Publikoan lekurik ez dagoenez pribatura bideratzen dituzte, beraz, espazio berean profil eta behar ezberdinak dituzten pertsonak batzen dituzte, 55 urteko drogodependientea, 90 urte eta dementzia arazoa duen beste batekin”. Ez dago langile nahikorik beharren araberako taldeak egiteko.

DENOK BAT

Sorayak argi dauka senideek ere esku hartu behar dutela. “Funtzio soziala daukate gatazka honetan; altxatu behar dira, zaintza duina aldarrikatu. Zure ama, zure aitaren zaintzaz ari gara, nola ez duzu gurekin batera borrokatuko zaintza publiko eta duinaren alde? Ezinezkoa da eskutik helduta ez joatea”, dio irmo. Zentzu horretan Bizkaiko gatazkan Babestu senideen elkartearen papera goraipatu du, euren alea funtsezkoa izan zela azpimarratuz.

 

Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz!

Adinekoen zaintzari dedikatzen zaizkion denborak eta ratioak (zaintzaile kopurua pertsona bakoitzeko) neurtu berri ditu ELAk, kalitate asistentziala hobetzeko proposamenak egiteko. Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz leloa aukeratu du kanpainarako, gaur egun, erabiltzaile bakoitzari, bataz beste, bi ordu ere eskaintzen ez zaizkiola agerian uzteko asmoz. Herrialdez herrialde egindako ikerketak zifra latzak utzi dizkigu: Bizkaian 60 minutu baino ez zaizkio eskaintzen adineko bakoitzari egunean; Araban eta Nafarroan 88; eta Gipuzkoan 92.

Aldarrikapenak oinarrizkoak dira: erabiltzaile bakoitzari, gutxienez, egunean bi ordu dedikatzea. Hauek aldarrikapen zehatzak: zaintzaileak bi ordu egotea pertsona bakoitzeko, gutxienez; erizain bat egotea 24 orduz, garbitzaile kopurua %53 gehitzea eta sukaldari bat egotea 50 egoiliarrentzat.

Bizkaian, adibidez, sukaldean pertsona bakarra dago 150 menu egiteko, menu bereziak gainera: diabetesa duenarentzat, hipokalorikoa... Are gehiago, kontuan hartu behar da garbikuntza, erizaintza eta sukaldaritza kategoriak lehenengo aldiz hartu direla aintzat, behintzat kuantifikatu, egun ez baitaude ratioak ezarrita sektore horietan.


Emakume langileen eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude