"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

  • Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena ez ziotela eskatu hiyab-a kentzea erlijio arrazoiengatik, baizik eta egoiliarrak "ez asaldatzeko beloa ikustean".

Iruñeko Lan Ikuskaritzak ere emakumea diskriminatu zuela salatu zuten. Argazkia: Ahotsa.info.

2024ko otsailaren 27an - 12:17

Garbiketa lanetan aritzen den langileari Iruñean bi lanpostu ukatu dizkiote hiyab-a eramateagatik, eta salatu du arrazoi islamofobo eta diskriminatzaileak eman dizkiotela. Otsailaren 14an elkarretaratzea egin zuten hori salatzeko, SOS Arrazakeria eta LAB sindikatuak deituta, Iruñeko Lan Ikuskaritzaren parean.

Nafarroako SOS Arrazakeriak jaso du emakumeak jasandakoaren kontakizuna. Grupo ONE enpresak eskatuta, Casa de la Misericordia zaharren egoitza kontzertatura joan zen ordezkapen bat egitera. Bertaratutakoan, eta egin beharreko lanak azaldu ostean, ustez arduraduna zen beste pertsona bat agertu zen, eta jarraian esan zioten ezin zuela beloarekin lan egin. Emakumeak lanpostua utzi behar izan zuen, oraindik kontratua sinatu ere egin gabe.

“Zaharrak aztoratu daitezke beloa ikustean”

Langileak diskriminazioa salatzea erabaki zuen, baina Misericordian esan zioten ezin zutela “ezer egin”, esanez “arauak horrelakoak” direla. SOS Arrazakeria elkartera eta LAB sindikatura jo zuen jarraian, eta Lan Ikuskaritzara bideratu zuten kasua. Auzia itxi du ikuskaritzak, eta ondorioztatu du “gaia konplexua” dela, batetik, ez delako kaleratzea izan, oraindik kontratupean ez zegoelako, eta bestetik, gaiari dagokion jurisprudentzia eskasa delako. Lan Ikuskaritzak dio organo judizialei legokiekeela hori ebaztea.

SOS Arrazakeriak gogor kritikatu du Lan Ikuskaritzaren jarrera, Misericordia enpresaren arrazoi hau ontzat eman baitu, besteak beste: “Zapia kentzeko eskakizuna ez zen erlijio arrazoiengatik izan, baizik eta adineko pertsonak diren egoiliarren lasaitasuna ez aztoratzeko. Haietako batzuentzat arraroa eta arrotza izan daiteke beloa edo zapia duen pertsona bat egotea egoitzan, eta asaldatu egin daitezke”. SOS Arrazakeriak ohartarazi du “izugarri arrazista” dela hori esatea, eta islamofobia dela nortasun sinboloak lotzea arriskua edo segurtasun eza bezalako estereotipo negatiboekin. “Oso larria da erakunde publiko batek esaldi hori entzun ostean ez erabaki izana ikertzen jarraitzea eta salatzaileari gonbidatzea epaitegiko bidea hartzera”. SOS Arrazakeriak dio Lan Ikuskaritzak ere diskriminatu duela emakumea, enpresaren alde eginda.

LAB sindikatuak azpimarratu du diskriminazio eta zapalkuntza ugari gurutzatzen direla horrelako gertakarietan, Aljeriatik migratutako emakumea baita: “Ez da kasualitatea emakumea, migratua, musulmana eta arrazializatua izanik laneko diskriminazioa bizi behar izatea. Zoritxarrez, ez baita salbuespena”. Sindikatuak oroitarazi du lanposturik prekarioenak direla eurei eskaintzen zaizkienak, “bizirauteko adina ematen ez dutenak, etengabeko mehatxupean biziarazten dutenak”.

La Morea merkatalgunetik ere kaleratua

Beste behin, La Morea merkataritza zentroan zuen lanpostutik kaleratu zuten. Bost hilabetez “arazorik gabe” garbiketa lanetan aritu ostean mezu bat bidali zioten, esanez ezin zuela hiyab-a eraman aurrerantzean, arduradunak hala zioelako, elDiario.es-i kontatu dionez. SOS Arrazakeria elkartearekin harremanetan jarri zen, eta lortu zuen lanpostura itzultzea, baina bi aste geroago kaleratu zuten, “arrazoirik gabe”. Andreak elDiario.es-en adierazi duenez, orain ez dio inork deitzen lanerako: “Zuzenean baztertzen naute curriculuma ikusten dutenean, argazkian zapia daramadalako”.

Sindikatuak eta elkarteak nabarmendu dute emakumeen oinarrizko eskubidea dela norbere erlijio askatasuna eta nortasuna adieraztea, eta ez dagoela horren gainetik enpresa batek diskriminatzaileak diren debekuak ezartzeko eskubidea: “Ez dagokigu guri, ez gizarteari, ez erakundeei emakume musulmanen zapiaren erabilera eztabaidatzea edo epaitzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Islamofobia
Neska musulmanek erabili ohi duten tunika debekatu du eskoletan Frantziako Gobernuak

Irailetik aurrera, ikastetxe publikoetan abayah janztea debekatuta izango dute ikasleek Frantziako Estatuan. Neska musulman ugarik soinean eraman ohi duen tunika edo bata modukoa da abayah. Laikotasunaren defentsa ala islamofobia, hautsak harrotu ditu erabakiak.


2022-06-07 | ARGIA
Beloa eramateagatik emakume bati sarrera ukatu zion jatetxeko jabea epaituko dute

Beloa zeraman emakume bati “historiaurrean bezala” jantzita zihoala esan eta Hendaiako jatetxe batean sartzea eragotzi zion jabeak. Semeak bideoan grabatu zuen gertatutakoa eta diskriminazioagatik epaituko dute orain jabea.


Frantziako presidenteak musulmanak haserretu ditu

Mahomaren karikaturak ikasgelan erakusteagatik muturreko islamista batek irakasle bat hil ostean, “separatismo musulmana” kritikatu zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta eraikin publikoetan Mahomaren karikaturak proiektatu zituzten ondoren. Gehiegizkoa... [+]


Musulmanen kontrako indarkeria areagotu du koronabirusaren krisiak Indian

Musulmanak Indian koronabirusa zabaldu nahian ari direla diote zenbait nazionalista hinduk; “korona yihada” egitea egozten diete. Pandemiaren aurretik ere Delhiko zenbait auzotan musulmanen aurkako zenbait eraso egin zituzten hinduek; koronabirusaren krisiak areagotu... [+]


Eguneraketa berriak daude