Zabalgarbi erraustegiak 17 milioi irabazi ditu dirulaguntzetan, hondakinak benetan ez balorizatu arren

  • Iraunkortasun ekologikoa, gizarte eta ingurumen-krisiak eta klima aldaketak Euskal Herrian dauzkan ezaugarriak ikertzen dituen Ekopol elkarteak analizatu du Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak 2020an egindako jardunaren emaitza. Ondorio larriena zera da: Europako agintaritzak hondakinen errausketa energiazko balorizazio izendatzeko baldintzak ez dituela betetzen Bilboko erraustegiak eta hala ere dirulaguntza itzelak jaso dituela bere osasun ekonomikoa hobetzeko. Horrela, alde batetik, urte horretan 14 milioi euroko dirulaguntza jaso du argindarra sortzeagatik, nahiz eta elektrizitate horren %70a ez sortua izan zaborren errausketatik baizik eta gas naturala erretzetik; eta bestetik, CO2aren isurietan oso emaitza txarrak eduki arren horien ordainetik Espainiak salbuetsi izanagatik beste 3 milioi euro gehiago sakeleratu dituela Zabalgarbik.


2022ko apirilaren 26an - 09:58
Zabalgarbi erraustegia, Bilbon.

2020an Zabalgarbik 230 mila tona hiri-hondakin erraustu zituen, horien ia %70 bereizi gabe bildu eta erraustuz, inolako aurretratamendurik egin gabe (zuzenean edukiontzitik labera). Gauza da, 2020an martxoaren 27tik uztailaren 20ra bitartean, 116 egunez, Zabalgarbik ez zuela elektrizitaterik sortu, baina denbora horretan hondakinak errausten jarraitu zuela. Errausketa hori, beraz, inolako balioztatze energetikorik egin gabe egin zuen, hau da 60-80.000 tona hiri-hondakin, gehienak bereizketarik gabe bildu eta aurretratamendurik gabe erraustuz.

Alabaina, 2020an horrek ez dio eragotzi Zabalgarbiri sortzen duen elektrizitate guztiaren truke primak jasotzen jarraitzea, iturri berriztagarrietatik, ko-generaziotik eta hondakinetatik ekoiztutako elektrizitatearen ordainketa-sistemari esker. Zabalgarbik gas naturala erretzen duen ziklo konbinatu batean balorizatzen ditu hondakinak. Beraz, 14 milioi euro inguru kobratu ahal izan ditu 2020an, ekoiztutako elektrizitatearen truke, nahiz eta elektrizitate horren %70 edo gehiagoren jatorria gas naturalaren erreketan egon. Ekopolen ikerlanaren arabera, gainera, Zabalgarbik efizientzia energetiko oso txarra eskaintzen du (%40-43) ziklo konbinatuz funtzionatzen duten beste instalazioen aldean, baina hala eta ere lortu du Espainiako Estatuko eguneko merkatuan elektrizitatearen urteko batez besteko kasazio-prezioaren parekoa kobratzea.

Zabalgarbiren beste diru-iturri oparo bat dira sortutako CO2 tona bakoitzeko lortu ditzakeen 60 euro baino gehiagoko hobariak.  Esan denez, Zabalgarbi funtsean ziklo konbinatu bat izan arren, hondakinak baloritzatzeko kategorian sartu dutenez ez du harrapatzen CO2 Emisio Eskubideen Salerosketen Erregimenak ere; ondorioz, 2020an ez ditu berotegi efektuko gasen isurketa-eskubideak erosi beharko, 3 milioi euro baino gehiagoko kostua dutenak, gas naturala erretzen duen ziklo konbinatua izateagatik ordaindu beharko lituzkeenak.

Ororen buru, Zabalgarbi erraustegiak, efizientzia energetiko apaleko ziklo konbinatu bat izan arren, 2020ko jardueragatik eskuratu ahal izan ditu prima handiak, batetik  14 milioi euro argindarra 'hondakinak balorizatzeko aitzakian' ekoizteagatik –funtsean gas naturala erreta ekoiztu arren–, eta bestetik 3 milioi euro gehiago CO2 isuriengatiko ordainketen salbuespen harrigarri bat oparitzen diotelako agintariek. Ekopol elkartearen kalkuluetan, Zabalgarbi erraustegia da EAEn CO2 gehien isurtzen duten konpainietakoa: urtean 200.000 tona CO2.

Zabalgarbiren argindar ekoizpenean 2020an egindako etena. Iturria: COGPLA, Ekopolek aipatuta.

Ekopolen ikerlanak ematen du datu bat edozein demokrazia liberaletan –hots, aginte banaketa dagoen batean– berehala eragin beharko lukeena bai gobernuaren eta bai epaileen ikerketa zorrotza. "Zabalgarbik –dio Ekopolek– 2020an balorizatu barik utzi baldin baditu milaka tona –116 egunez elektrizitaterik sortu gabe erre zituen milaka tona zabor– horren arrazoia ez da ez teknikoa eta ez ingurumenezkoa izan: argindarraren prezioen egun haietan ez zuten ematen ziklo konbinatua martxan edukitzeko erre beharreko gas naturalaren gastuak ordaintzeko adina".

Argindarraren prezioa Espainian hilabetez hilabete 2020an. Irudia: OMIE, Ekopolek aipatuta.

Analisiaren amaieran, Ekopoleko ikerlariek honako galderak argitzea eskatzen die Bizkaian, EAEn eta Espainian ingurumen aferak gainbegiratzen dituzten agintariei:

- 2020an Zabalgarbik zenbat tona hondakin erraustu zituen energiazko balorizaziorik gabe?

- LER 20 03 01 kodea daramaten zenbat hondakin (hiri hondakin nahasiak) erre zituzten 2020an balorizazio energetiko barik?

- Nola jokatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak –fiskalitate aldetik, uler daiteke– 2020an argindarrik sortu gabe erraustu zituzten hondakinekiko?

- 2020ko udaberrian argindarrik sortu gabe jardun izanak zer eragin edukiko du Zabalgarbik daukan R1 energia eraginkortasun zertifikazioan?

- Zabalgarbik urtean zenbat ordaintzen du atmosferara isuritako CO2aren emisioengatik?

- Zergatik energia ekoizten duten instalazioen Erregistroan jarraitzen du azaltzen Zabalgarbik erabilitako erregai nagusia hondakinak direla eta bigarren mailan datorrela gas naturala?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-04-24 | Zero Zabor
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan... [+]


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


Eguneraketa berriak daude