Xabier Amurizari eskerrak emango dizkiote Berrizko jaietako txupinazoa botatzeko ardura emanda

  • Xabier Amurizak bertso-plazak utzi ditu, eta azken egunetan berari eskerrak emateko, hainbat ekitaldi egin dira Durangaldean. Izan ere, lan oparoa egin du bertsogintzan, literaturan eta beste hainbat jardueratan, eta jende askoren estimua irabazi du, maila profesionalean zein pertsonalean. Durangaldeko Bertso Eskolak antolatu ditu ekitaldi horiek, baina oraindik eskertza eta omen gehiago jasoko ditu Andikoakoak. Berrizen, San Pedro eta Santa Isabel jaietako txupinazoa botatzeko ardura eman diote jai batzordekoek, ideia aho batez onartuta, gainera.


2016ko ekainaren 27an - 11:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Plazak utzi dituen honetan, “omentzeko eta eskerrak emateko” modu bat dela uste du Miren Iturriagaetxebarria jai batzordeko kideak. Gainera, Amurizak ez ei du inoiz jaietako pregoirik bota, haren emazteak kontatu dienez. “Gauza ugari egin ditu Amurizak, baina hori falta zaio”. Amurizaren ekarpenaz galdetuta, “beti oso prestua” izan dela adierazi du Iturriagaetxebarriak. Berrizen, auzoetako bertso saioetan sarri kantatu izan du.

Jaiei hasiera emateko txupinazoa ekainaren 28an izango da, San Pedro bezperan, udaletxean.

Jende eta artista ugari

Amuriza, Izarren saldagina lelopean hiru ekitaldi egin ziren joan zen asteburuan. Zornotzan, berbaldi bat eskaini zuten bertsolariaren ekarpena azaltzeko. Barikuan, Emaidazue freskura izeneko kantaldia hartu zuen Plateruena kafe antzokiak: Anje Duhalde, Tapia eta Leturia, Natxo de Felipe eta Anton Latxa, Maialen Lujanbio... sortzaile askok parte hartu zuten, eta tartean, Miren alabak ere bai. Kopla berriak kantatu zizkion aitari, alaba izatearen bizipenetatik.

Domekan, erromesaldi artistikoan batu ziren herritar ugari, Etxanotik Berrizeraino. Musika, dantza eta bertsorik ez zen falta izan Etxanon, Zornotzako herrigunean, Iurretan, Abadiñoko Gerediagan eta Berrizen bertan. Mikel Urdangarin, Iurretako abesbatza, Jon Maia edota Berrizko artista ugari batu ziren, besteak beste. Herri bazkaria eginda amaitu zuten erromesaldia.

Hilaren 28ko txupinazoan, herriaren aurrera agertuko da berriro Xabier  Amuriza.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Bertsolaritza kanalean gehiago
2026ko otsailaren 9
Arabako Bertsolari Txapelketa 2026
Aroa Arrizubietak irabazi du Oiongo lehen saioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.