Victor Jara musikaria hiltzeagatik bederatzi militar txiletar kondenatu dituzte

  • Txileko armadako bederatzi kide kondenatu dituzte 1973ko irailean Victor Jara kantautore ezkertiarra hiltzeagatik, baita orduko espetxe-zuzendari Littré Quirogaren hilketagatik ere.


2018ko uztailaren 04an - 10:56
Victor Jara kantautore txiletarra 1973an hil zuten, bortizki torturatu ondoren.

1973ko irailaren 11: Augusto Pinochetek estatu-kolpea jo zuen Txilen Salvador Allenderen gobernu sozialistaren aurka. Hurrengo egunean, herritar ugari atxilotu eta Txileko Estadiora eraman zituzten, tortura-zentro bihurtua zuten lekura. Unibertsitateko irakasleak, ikasleak, funtzionarioak, langileak. Eta haien artean, abeslari ezagun bat: Victor Jara.

Handik hiru egunera, Jara estadioko aldagela batera eraman zuten. Interrogatorioak. Torturak. Eskuak txikitu zizkioten uniformedunek, euren armen kulatekin kolpeka. Hebainduta zegoen Jara, baina oraindik bizirik. Buruan tiro bat emanda hil zuten. Eta gero, beste berrogei tiro baino gehiago, zula-zula eginda geratu zen gorputzari.

15 urteko kartzela-zigorra ezarri die epaileak zortzi militarri, Jara hiltzeagatik; 5 urtekoa beste bati, krimena ezkutatzeagatik

Bere kantetan adierazitako ideia komunistengatik bortizkeria handiz jo zuten militarrek musikariaren kontra. Gorpua, beste zenbait hildakorenekin batera, hilerri batetik gertu bota zuten. Bizilagun batek ezagutu eta Jararen emazteari dei egin zion, lurperatu zezaten –ia klandestinoki egin behar izan zuten hori ere–.

45 urte geroago, astearte honetan, hilketa horren errudun jo ditu Txileko justiziak bederatzi militar:  Hugo Sánchez, Raúl Jofré, Edwin Dimteri, Nelson Haase, Ernesto Bethke, Juan Jara, Hernán Chacón eta Patricio Vásquezi hamabost urteko kartzela zigorra jarri diete, hilketen egileak izateagatik. Rolando Melori, bost urtekoa, hilketak ezkutatzea leporatuta.

Gainera, Txileko Estatuak kalte-ordain ekonomikoa eman beharko die hildakoen familiei, 1.370 milioi peso txiletar (1,8 milioi euro inguru).

Epaileak egindako ikerketaren arabera, bai Jara, bai Quiroga, behin baino gehiagotan torturatu zituzten Txileko Estadioan. Espetxe-zuzendariaren kasuan ere, tiro-sorta ikaragarria jaso izanaren ondorioak erakutsi zituen gorpuak: 23 bala inpaktu.

Pinocheten diktadurako krimen ezagunenetarikoa da, baina Jararen hilketa erregimenak utzi zuen gorpu-zerrendako beste bat baino ez da egiazki: datu ofizialen arabera 3.200 txiletar hil zituzten estatuko agenteek. Horietatik 1.192 oraindik “desagertutako atxilotuak” dira, hau da, ez da inoiz haien gorpurik aurkitu ahal izan. “Herio-hegaldiak” praktikatu zituen diktadura txiletarrak, atxilotuen gorpuak desagerrarazteko itsasora botaz.

Hildakoez gain, arrazoi politikoengatik 33.000 lagun inguru torturatu eta kartzelan sartu zituzten diktadurak iraun zuen bitartean.

Indarkeria horren gainetik, ordea, Victor Jararen ahotsak bakean bizitzeko eskubidearen alde kantatzen jarraitzen du 2018an.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txile
Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin... [+]


2023-09-10 | Estitxu Eizagirre
Mari Paz Aedo Zuñiga
"Txiletarrok gara mundu osoaren elektrifikazioa ordainduko dugunak"

"Egun on" baino gehiago "larrialdi" hitza erabiltzen dugun honetan, Mari Paz Aedoren hitzek lagunduko dizute ikasturte honetako zure utopien lanketei gogotsu eta pozetik ekiten. Txilen, Santiagon jaio zen duela 45 urte. Gatazka sozioekologikoak aztertzen ditu... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


Eguneraketa berriak daude