“Ikusi dugu konstituzioa ez dela aldatu ezin den testu bat, sinetsarazi nahi diguten bezala”

  • Irailaren 4an Txileko herritarrek argi utzi zuten ez dutela nahi Biltzar Konstituziogileak ondutako testu berria onartu: bozkatu zuten hamahiru milioi herritarretatik %62k (7.882.958 boto) ezezkoa eman zioten proposamenari, eta gainerako %38ak (4.860.093 boto) baiezkoa. Inkestek iragarrita zuten ezezkoa gailenduko zela, baina askorentzat kolpea izan da plebiszituaren emaitza. Horietako bat da Katharina Pavletich Heisig 35 urteko txiletarra, Frente Amplio alderdiko kidea eta Apruebo kanpainako bultzatzailea. ARGIAri azaldu dionez, “Txilek uko egin dio errotiko eta egiazko eraldaketa egiteko aukera historikoari”. Orain hausnarketa eta ikasketa garaia dela dio.

Irailaren 4an ezezkoaren aldekoek garaipena ospatu zuten Txilen. / Argazkia: Martin Bernetti, AFP.

Katharina Pavletichek ez zuen espero “inola ere” konstituzio berriaren proposamena ez onartzea “horrelako aldearekin”, eta emaitza pena handiz hartu duela aitortu dio ARGIAri: “Ezezkoa kolpe latza izan da gure eskubide sozialen bermerako; gure duintasunarentzat, berdintasunarentzat, inklusioarentzat, emakumeon eskubideentzat…”. Halere, ziur dago prozesu konstituziogileak jendartean eragina izan duela, eta hausnarketarako bidea ireki duela. “Positiboa da Txilek ikusi izana konstituzioa ez dela aldatu ezin den testu zurrun bat. Sinetsarazi nahi digutenaren kontrara, eta nahiz eta testuak Augusto Pinocheten garaitik (1980tik) erro sakonak izan, ikusi dugu guk (herritarrok, langileok, ikasleek, desgaitasunak ditugun pertsonok, pentsionistek) edukiaren gainean erabaki dezakegula; orain arte pentsaezina zen hori gure herrialdean”.

Pavletich soziologoa da, eta barnetik lan egin du prozesu konstituziogilean zein Apruebo-ren kanpainan; hautagai izan zen Biltzar Konstituziogileko kide izateko, aniztasun funtzionala duten pertsonen ordezkari gisa. Izan ere, ezohiko gaixotasun baten eraginez aulki gurpildunean dago, eta inklusioaren aldeko aktibista feminista eta politikoa da; besteak beste, Comunes alderdiko militantea da, eta Gabriel Boric presidentearen gobernu programa osatzen parte hartu zuen, desgaitasunen eta inklusioaren arloan.

Katharina Pavletich soziologoa, Frente Amplio koalizioko kidea. Inklusioaren aldeko aktibista feminista eta politikoa da.

Baieztatu duenez, konstituzio berriak aurrera ez egiteak txiletar guztiei egingo die kalte, baina batik bat jendartetik baztertutako pertsonei: “Jarraitzen dugu baztertuta, ez gaituzte ikusten. Jarraitzen dugu aitortzarik izan gabe, ez gara existitzen”. Biltzar Konstituziogileko 154 pertsonek ondutako testuak Txile estatu parekide, plurinazional, sozial eta ekologiko gisa izendatu zuen, eta aurrerakoia eta feminista zen. Beraz, Pavletichek dio testuak aitortzen zituen oinarrizko eskubide guztiak atzean geratu direla ezezkoaren garaipenarekin. Dena dela, uste du prozesuak emaitza positiboak ere utzi dituela: “Urte hauetako borrokan guk, orain arte ikusezinok, posizio aktiboa hartu dugu aldaketaren alde. Borrokako lehen ilaran jartzeak eragin du gutaz hitz egiten hastea, gu kontuan hartzen hastea”. Hasiera horrek segida behar duela azaldu du eta borrokatzeko asko falta zaiela ziurtatu.

Zerk hutsegin du?

Soziologoak bi ondorio nabarmendu ditu galdu osteko hausnarketatik, baiezkoak irabazi ez izanaren arrazoi gisa: Apruebo kanpainaren diseinuak “akats inportanteak” zituela, eta Rechazo-ren aldekoek boikota eta albiste faltsuak sustatu zituztela.

Plebiszitua irabazteko “giltzarri” izan dela uste du ezezkoaren aldekoek komunikabideetan izandako presentzia, eta Rechazo-ren kanpainak baliabideen %80 izan zuela azpimarratu du: “Elite politikoen eta ekonomikoen babesa zuten, eta haiei ez zaie komeni sistema aldatzea, hortik elikatzen direlako. Horregatik, publizitaterako ahalmen handiagoa izan zuten, eta medioetan presentzia handia”. Hori probestuta “difamazio kanpaina bat” abiatu zutela kritikatu du, albiste faltsuak zabalduz, besteren artean. Ohartarazi du estrategia horrek azken hamarkadan protagonismoa hartu duela mundu osoko eskuin muturraren kanpainetan, ez dela Txilen soilik gertatu.

“Urte hauetako borrokan guk, orain arte ikusezinok, posizio aktiboa hartu dugu aldaketaren alde”

Apruebo-ren eta Rechazo-ren kanpainak alderatu ditu Pavletichek, porrota ulertarazteko. “Rechazoren kanpaina zentratu zen batik bat aldaketarako beldurraren politikan, sistema desberdin batekiko ziurgabetasunean eta mesfidantzan. ‘Komunistak datoz’ edo ‘Venezuela bilakatuko gaituzte’ gisako esaldi sinpleak erabili zituzten, eta ez dugu asmatu mezu horiei aurka egiten behar bezala”.

Aprueboren aldekoek beste bide bat hartu zuten, ez dena nahikoa izan herritarren gehiengoa erakartzeko; dena dela, Pavletichek boluntarioen lanari balioa eman dio. “Rechazok izan zituen baliabide ekonomikoetatik urrun, Apruebotik lortu zen herrialde osora hedatzea kanpaina bat, milaka etxe eta herritatik, bolondres masa handi bati esker, prest egon zirenak denbora emateko esperantza eta aldaketaren proiektu bati. Haiek gabe ezinezkoa zatekeen gauden tokira iristea, eta haiek gabe ezinezkoa izango da orain egitea dagokigun borrokari jarraipena ematea”, nabarmendu du.

Eraldaketari erresistentzia

Zenbait adituren eta komunikabideren arabera, txiletarrak ez zeuden prest konstituzio aurrerakoi, feminista eta plurala martxan jartzeko. Pavletich beste iritzi batekoa da: nahiz eta ulertzen duen proposamen berria “desberdina, apurtzailea eta eraldatzailea” izateak beldurra eta mesfidantza eragiten dituela, ez du onartzen txiletarrak ez daudela aldaketarako prest. Pedagogia egitean sinesten du, “egungo sistemagatik sufritzen duen gehiengo horri konfiantza emateko”, zeren aldaketagatik onurak jasoko dituena gehiengo hori izango baita, soziologoak gogorarazten duenez. Halere, aitortzen du “hain sinplea dirudiena” erdiestea ez dela erraza, “bereziki Rechazokoek beldurra elikatzen dutenean etsi-etsian”.

Aldaketarako gogoa, ordea, egon badagoela oroitarazi du. 2019ko urriaren 18an Txileko herriak matxinada piztu zuen, ikasleek sustatutakoa, eta hortik abiatu zen prozesu konstituziogilea. Gainera, irailaren 4an ezezkoa gailenduta ere aldaketarako protestek segitzen dutela azpimarratu du: “Txileko herriak behar duen eta galdegiten duen sistema-aldaketaren isla dira”.

“Rechazokoek ‘komunistak datoz’ gisako esaldi sinpleak erabili zituzten, eta ez dugu asmatu mezu horiei aurre egiten behar bezala”

Txileko herriaren nahiaren beste adibide bat da 2020ko urriaren 25ean botoa eman zutenen %80k eskatu zuela Pinocheten diktadura garaiko konstituzioa aldatzea eta Biltzar Konstituziogilea eratzea. “Ordutik entzuten dira aldaketarako eskeak, Txilerako duintasuna eta justizia soziala exijitzen dituztenak”, ziurtatu du. Hain zuzen, Boric presidente ezkertiarrak plebiszituaren emaitzak eman eta berehala jakinarazi zuen beste prozesu konstituziogile bat abiatuko duela. Pavletichek argi du egin beharreko bidea: “Boricek iragarri du prozesu konstituziogile berria, eta kongresutik abiatuko da, baina herri prozesu bati erantzun behar dio, parte hartzailea, parekidea eta demokratikoa dena”.

Porrota bide honetako beste pauso baten gisara ikusten du soziologoak, eta aldarrikatu du “indarrak batzeko eta berrartzeko” unea dela, konstituzio berri bat edukitzeko esperantzaz. “Gure lana da proposamen berriak edukia galdu ez dezan bermatzea, aldaketaren esentzia mantendu dezala, eta interes soziala gainjarri dadila eliteen interesei”. Pavletichek adierazi digunez, jarraituko du borrokan harik eta baztertutako pertsonei dagozkien eskubideak legeak espresuki aitortu arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txile
Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin... [+]


2023-09-10 | Estitxu Eizagirre
Mari Paz Aedo Zuñiga
"Txiletarrok gara mundu osoaren elektrifikazioa ordainduko dugunak"

"Egun on" baino gehiago "larrialdi" hitza erabiltzen dugun honetan, Mari Paz Aedoren hitzek lagunduko dizute ikasturte honetako zure utopien lanketei gogotsu eta pozetik ekiten. Txilen, Santiagon jaio zen duela 45 urte. Gatazka sozioekologikoak aztertzen ditu... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


Eguneraketa berriak daude