Urkullukeriek ez dute Sánchez jator bilakatuko


2020ko ekainaren 01an - 10:41

2008ko krisiarekin ekonomiari buruz hamaika liburu irakurri genituen, denok ekonomian aditu gisa mintzatzen ginen, tabernetan. Orain epidemiologiari buruzko ehunka artikulu xurgatutakoan, pandemiaz idazteko tentaldia handia da. Gaur, berriz, itxialdian gertatutako kokapen politiko batzuk komentatu nahi nituzke, abiadura bizian argazki asko pasa baitira gure begietatik.

Politika egiteko modu berrietan, non “hiperliderazgo” mediatikoak arau bihurtu diren, alderdi politikoen eledunak xake taula bateko fitxa gisa mugitzen dira. Gertakizunen aurrean, talde bakoitzak laukitxo bat aukeratzen du, beltza ala zuria, eta gehienetan, aldez aurretik pentsa zitekeen tokian, lehiakideekiko eremu jakin bat babestu nahian.

"Pairatzen ari garen krisialdi honetan, zientifikoen aholkuak askoz beharrezkoak izan arren, politikariek gertaera ororen inguruan azalpenak eman behar dituztelakoan, bakoitza xake taulan irmo finkatu zen"

Horrela, pandemiaren hasierako egunetan, talde politikoen ordezkariek euren webcametik birusaren aurkako errezetarik onenaren berri eman ziguten. Pairatzen ari garen krisialdi honetan, zientifikoen aholkuak askoz beharrezkoak izan arren, politikariek gertaera ororen inguruan azalpenak eman behar dituztelakoan, bakoitza xake taulan irmo finkatu zen. Aitortzen dut egun batzuetan zenbaiten portaera lizuna ere iruditu zaidala, biziki latsa iruditzen baitzait hildakoak egunetik egunera pilatzen ari zirelarik, borroka alderdikoian jo eta su aritzea.

Espainiar eskuinak aipatzea ez du merezi, euren buruzagien hornidura intelektuala ikusita, edozein astakeria iradokitzeko gai dira-eta, lixiba gosarian bota ala batek daki zer. Bestelako mugimenduei so egin diet arreta handiagoz, esan bezala, zortzi aste hauetan dena ziztu bizian higitu delako.

Hasteko, harrigarria izan da Urkullu haserre ikustea. Hasiera batean lehendakaritza “manu militari” Denis Itxasok ostu ziolako. Aldiz, geroago suminduago ere ikusi genuen Lakuako gobernuaren burua, Confesbasken interesak babestea egokitu zitzaionean, alegia. Estu hartuko zuten nonbait enpresaburuek, bere onetik aterata ikusi dugun bakarrenetarikoa izan baita egun horietakoa.

Hurrengo asteetan “Aisialdiren Eskubide Sakratuaren” izenean, herritarren askatasunak aldarrikatzen, Sanchezi pandemiaren “euskal kudeaketa” eskatuz, herritar xumeen gogoarekin bat egiten zuela irudikatu nahi arren, ez zuen emandako irudi kaxkarra hobetu. Hauteskundeetako deialdia bizkortu izanak agerian utzi baitu bere mugimenduen xedea.

Sorpresa handiagoa eman dute, ordea, EH Bilduren eledunek. Urkullu gaizki ari zen, nabarmena zen, baina etengabe Sanchezen erabakiei laudorioak egitea ez zen ohikoa. Gutxiago 78 konstituzioa erabiliz, Hegoaldeko Estatutuen eskumenak indargabetu zituztenean. Ez zen normala Sanchez eta Chiviten jarrera goraipatzea eta soilik Urkullukeriak kritikatzea.

"Sorpresa handiagoa eman dute, ordea, EH Bilduren eledunek. Urkullu gaizki ari zen, nabarmena zen, baina etengabe Sánchezen erabakiei laudorioak egitea ez zen ohikoa"

Geroan jakin dugu, Podemosen tartekaritza dela medio, aste hauetan bestelako mugimenduak ere bizkortu direla. Eduki estrategikoak dituzten solasaldiak egin dira eta lehenengo isla Podemosek PSOEk eta EH Bilduk sinatutako testua izan omen da.

Madrilgo Parlamentura joatea erabakitzekotan, ulergarria da eragina eduki nahi izatea. Ulergarria eta txalogarria da Iberiar Penintsulan bizi den jende xumearen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea, gure herrikideak izan ala ez izan. Eragozpen gehiago sortzen dute, berriz, gertaera honen inguruan egin diren irakurketa batzuek.

Etorkizun hurbila

PSOEk hitza jango du, ez dut zalantzarik, hemendik hilabete batzuetara UGT eta CCOOren laguntzaz CEOE eta IBEX35rekin berradiskidetuko da. Espainiar eskuina basatiegi dago, eta “merkatuek” denboraldi baterako negoziatuko dute Sanchezen gobernuarekin.

Haatik, gertaera hori baino, nik beste mugimenduetan erreparatu dut. Sinadura horrekin EH Bilduk azkeneko urteetan eman duen birkokapen estrategikoa behin betikotzen baitu.

Ildo estrategikoan EAE markoa bere horretan onartu eta lehenetsi zenetik, hainbat urrats eman dira: “Acuerdo de Pais” leloa (EAEri buruz, itxuraz); autogobernuaren ponentzian buru-belarri sartzea; erabakitzeko eskubideak autodeterminazio eskubidea ordezkatzea...Azkeneko urte hauetan mugimendu taktiko-estrategiko guztien helburu nagusia PNV mugiaraztea ala lotsaraztea omen zen. Ez da gertatu. Oraingoan, pendulu mugimenduari ekinez PSOEra doa pilota.

"Batzuek ezin dugu begi onez ikusi EH Bildu haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen jarrera batetik, Espainiako kogobernantzaraino igaro daitekeen esparruetara mugitzea"

Testu-ingurua oso berezia da, ezin ukatu. Catalunyan eta Hego Euskal Herrian Podemosek eta PSOEk lortzen dituzten diputatu gabe, Estatu Espainiarrean eskuin soziopatak gobernatuko luke eta horrek sarraskia ekarriko lieke herritar xumeei, zein Euskal Herria eta Catalunyari. Ezin ukatu ere, epe laburrean, Madrilen egon daitekeen beste edozein gobernu Sanchez-Iglesiasena baino okerragoa izango dela. Ezin ahaztu pandemiak sortutako egoera berriak etorkizun zaila dakarkigula guztioi. Hala ere, batzuek ezin dugu begi onez ikusi EH Bildu haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen jarrera batetik, Espainiako kogobernantzaraino igaro daitekeen esparruetara mugitzea.

Paradigma aldaketa da, joko aldaketaren adierazgarri garbia. Ez dut zalantzarik EH Bilduk Espainiako erresumaren gobernuekin negoziatzen saiatuko denetan, eduki sozialak izango direla nagusi. PNVren negoziazioa eta kogobernantzaren ereduak bestelako interesak ditu, baina hor ez dago koxka. Edukiak ezberdinak izanda ere, Rubikon hori zeharkatutakoan, PNV eta EH Bildu komuneko eremuetan arituko lirateke. Prozesu independentista hasi aurretik, eten egingo litzateke eta bide batez Catalunyako prozesu independentistarekiko arrakala handituko litzateke estatuaren mesederako.

Batek daki zer gertatuko den , dena oso aldakor dago eta. Epe laburrean , nire ustez, EH Bilduk egin duen aldaketak PSOEri ematen dio “zentralitatea”. PSEk oso hautagai eskasa du, baina haizea alde du.

Litekeena da Podemos-PSE bikoteak Gasteizko legebiltzarrerako EH Bilduk baino legebiltzarkide gehiago eskuratzea. Oso posiblea da, bi horiek aurretik sinatutako gobernu itun bat mahaigaineratzea EH Bilduri, eta ziurrena da EH Bilduk ezin onartzea. Datuek Chivitek egin duen moduko bat egiteko aukera emango ez dutenez, eta PNVk ziurtasun osoz zokoratua ez geratzeko bereak eta bi egingo dituenez, emaitza posibleena PNV/PSE gobernua da, PSE berrindartu batekin.

Madrilen egin diren mugimenduak gabe PNV/PSE gobernua segurua zen ere bai, baina agertoki berriak eremu bat hutsik utziko luke, ezker eraldatzailearena eta independentismoarena. Rubikon bat pasatutakoan, ez dago-eta atzera bueltarik erabateko barne krisialdi larririk gabe.

"Sei bat urte galdu dira mamu baten bila: PNV soberanista. Ezin da beste horrenbeste galdu, balizko PSE/PSN ezkertiar eta euskaltzalearen bila"

Sei bat urte galdu dira mamu baten bila: PNV soberanista. Ezin da beste horrenbeste galdu, balizko PSE/PSN ezkertiar eta euskaltzalearen bila. Pendulu mugimenduak oso arriskutsuak dira, ikuslearen begietan mugimendua dagoela ematen du, baina gakoa estuki lotuta dago sabaian eta ez da benetako mugimendurik sortzen. Izan ere, sabaia ez da kristalezkoa, kate sendo bati heldutako burdinazko sabaia baizik, herri hau eta klase herritarrak preso dituen sabaia.

Europan une honetan hiru eremu politiko egituratzen ari dira: eskuin neofaxista mutur batean; neoliberalak eta sozial-liberalak erdian; eta ezker eraldatzailea beste aldean. “Zentralitatea” bilatzeak gehiegitan “zentrismora” eramaten du. Ez dezagun ahaztu erdiko horiek izan direla 2008ko krisia kudeatzean boteretsuen aldeko hautua egin zutenak.

Garai hartan politikariek eta estatuek boterea galdu zuten transnazionalen mesederako. Orain, behin betikotu nahi luketen krisi berrian, estatuek boterea berreskuratu nahi dute, baina ez dezagun pentsa erdiko horiek, bat-batean eredu sozioekonomikoa aldatzeko erabiliko dutenik. Ahal badute, “errealitate berria” errealitate zaharraren anaia-arreba bikia izango da, desberdintasun batekin, estatuen autoritarismoa indartuko da.

Ez dezagun amestu ere egin PNVk utziko duela bere burua Trump eta beste psikopaten lerroetan kokatzen, PNV ez da UPN. PNVk eta PSE/PSNk eredu bera babesten dute. Kritikatzen ditugun pribatizazioak, prekarietateak, lagunkeria eta eredu sarraskitzailea PNVk eta PSOEk eraiki dute. PNV ez da zokoratuko. Aldiz, argi jokatu ezean, Euskal Herrian desaktibatuko dena, eremu soberanista eta eraldatzailea izango da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude