Darrell 'Bubba' Wallace da Nascar auto lasterketetan ari den pilotu beltz bakarra. George Floyd-en hilketaz geroztik gogor egin du arrazakeriaren aurka, eta mehatxuak jaso ditu horregatik. Pasa den igandean, taldekide batek urkatuaren soka bat topatu zuen Wallacen boxean, Talladega-ko Superspeedway lasterketan. Gainerako pilotuek babesa agertu diote.
Asteleheneko karrera hasi aurretik, Wallacen autoa irteera lerroraino bultzatu zuten gainerako pilotuek, hari elkartasuna adierazteko. Bien bitartean, poliziek eta antolatzaileek gertatukoa ikertzen ari direla zioten.
Wallacek Nascar-eko lasterketetan bandera konfederatua gehiago ez haizatzeko eskatu zuen, Black Lives Matter aldarria bere eginez. Ekainaren 10ean, hala egitea onartu zuten antolatzaileek, zenbait auto-zaleren haserrerako. Igandean, esaterako, etenaldiaz geroztik zaleak pistetara joatea izan zuten lehenbiziko egunean, hegazkin batek "Defund Nascar" pankarta erakutsi zuen zerutik, eta kanpoaldeko postuetan oroigarri konfederatuak saltzen ziren.