Urdaibaiko uraren kudeaketa, multinazionalen esku?

  • Gernika eta Bermeoko udalek onartu dute Busturialdeko Ur Patzuergoa desegin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoan integratzea. EH Bilduren eta Guzan talde munizipalistaren esanetan, praktikan Urdaibaiko uraren kudeaketa pribatizatzea ekarriko du pauso horrek.


2021eko irailaren 29an - 09:57
Azken eguneraketa: 12:13
Ur saneamendu lanak Urdabin (argazkia: Busturialdeko Ur Partzuergoa)

Joan den ostiralean Bermeoko udalak eta asteazken honetan Gernikakoak uraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku uztea erabakiko dute, udalerri horien alkatetzak dituen EAJren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Bermeoko Guzan talde munizipalistaren kontrako botoekin. Pauso horrekin, Urdaibaiko natur guneko ura kudeatzen duen Busturialdeko Ur Patzuergoa ezerezean geratu da, eta oposizioko indarren esanetan, Europak agintzen duen ur kudeaketa “jasangarri eta gertukoaren” guztiz kontrako norabidean doa.

Bermeoko udal gobernuak hainbat arrazoi eman ditu uraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan "integratzeko", baina nagusiena da baliabide ekonomiko nahikorik ez duela, dagoen azpiegitura mantentzeko. Aritz Abaroa EAJko Bermeoko alkateak nabarmendu duenez, kontserba lantegiek sortzen dituzten ur-hondakinak kudeatzeko inbertsioak egin behar dituzte, besteak beste, eta bere esanetan Busturialdeko Ur Partzuergoak ez du “gaitasun tekniko ezta ekonomikorik hori gauzatzeko”.

Uraren kudeaketa multinazionalen esku

EAko EH Bilduko alkate Iratxe Arriolak –hainbat urtez Busturialdeko Ur Partzuergoaren lehendakari ere izana– erabat gaitzetsi ditu Bermeoko udal gobernuaren argudioak. Bere esanetan, praktikan uraren kudeaketa “multinazionalen eskuetan” geratuko da eta ura “negozio” gisa ikustea ekarriko du: “Bilboa Bizkaia paperaren gainean publikoa bada ere, kudeaketa-ereduan enpresa pribatuen irizpide berberen arabera arautzen da” , dio Arriolak. Azpikontratazio kate baten bidez, uraren kontrola Iberdrola, Acciona, Suez, Aqualia eta antzeko multinazionalek bereganatuko dutela salatu du, eta “fakturaren %60” eurentzat izango dela.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban urak eta bere kudeaketak garrantzia handia du, modu jasangarri eta gertuko batean kudeatzea eskatzen dute herritarrek. (argazkia: Urdaibai.eus)

Arriolaren ustez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa “gero eta urrunago” dago tokiko errealitatetik eta “eskualde eskalatik”. Hala, erakundearen helburuetatik kanpo dauden erabakiak hartu izan dituela dio EAko alkateak, “eragiketa merkantilista ez-logiko eta justifika ezinak” direnak, bere esanetan.

Tokiko ur kudeaketa publiko jasangarri baten eredua defendatu du Arriolak, eta gezurtatu egin du gaitasun falta dagoenik, azpiegituretan egin beharreko aldaketak Bizkaiko Foru Aldundiaren inbertsioen bidez egin baitaitezke bere ustez. “Uraren kudeaketa publikorako eredu bat eskatzen dugu, irabazi-asmorik gabekoa, ikuspegi sozioekologikotik herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dituzten eskubideak errespetatuko dituena, tokian tokiko energia sorkuntza burujabearekin batera uztartuko dituena”.

Prezioen ziurgabetasuna

Guzan herri plataforma ere, uraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoaren esku uztearen erabat kontra azaldu da. Hiru arrazoi eman ditu horretarako: udal eskumena besterenduko duelako erabakiak; Partzuergoaren estatutuak “tapadera” bat direlako diru publikoa instituzio publikoen kontrolpetik kanpo geratzeko; eta “ezinegona” sortzen duelako uraren prezioak etorkizunean izango duen norabidean.

Guzaneko Xabier Ortuzar zinegotziak azaldu duenez, 2022an uraren prezioa %5 bano gehiago ez igotzea adostuta dagoen arren, 2023 urtetik aurrera ezin da ziurtatu obrak finantzatzeko eta Urdaibaiko Erreserban klima aldaketak ekarriko lukeen “defizit hidrikoari” aurre egiteko beste zergarik sortuko ez ote den: “Bistan da errekurtso hidrikorik bermatu gabe ezin izango dela gehiago eraiki eskualdean, jende gehiago bizi dadin –dio Guzaneko ordezkariak–. Zergatik dago halako interesa ur-azpiegituren beharra sortzeko? Ez ote da zergadunen diruarekin obrak egiteko irrika dagoela, eskualdea turismoaren negozioarentzat harrapakin berri bihurtzeko?”.

Uraren kudeaketaren inguruan Euskal Herrian dauden eredu desberdinak agerian geratzen ari dira azkenaldian. Esaterako, Gipuzkoan, Zumarragan eta Urretxun uraren munizipalizazioaren inguruko eztabaidak eztanda egin du eta plataforma bat sortu dute ondasun publikoa den lehengai hori ez pribatizatzea eskatzeko. Orain, ereduen arteko talka horrek badu beste lubaki bat Bizkaian, Urdaibaiko Biosfera Erreserba inguratzen duten herrietan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uraren kudeaketa
2024-02-01 | Jon Torner Zabala
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik

Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren narratiban uraren kudeaketa sartu beharraz

Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa. Zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren berotzetik harago: Uraren zikloak eta karbonoarenak nola osatzen duten elkar

Klimaren arazoa gero eta kezkagarriagoa ari da bihurtzen: uda gero eta beroagoak, lehorteak eskualde askotan, kalte materialak eta giza galerak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko bortitzak… Arazoaz eman ohi den azalpen bakarra izaten da "klimaren... [+]


Eguneraketa berriak daude