Uraren munizipalizazioaren bataila aurten jokatzen da

  • Suez multinazionala jabe duen Aquarbe enpresak kudeatzen du ura Urretxun eta Zumarragan. Aurten bukatzen da lizitazioa bi udaletan, eta Onura Publikoa plataforma sortu da uraren kudeaketa publikoa aldarrikatzeko. Ikusi nahi zein kalte dakartzan giza eskubide eta ondasun publiko bat pribatizatzeak?


2021eko uztailaren 11n
Argazkia: Otamotz Urretxu eta Zumarragako atari digitala.

Uraren kudeaketa pribatizatuta duten Gipuzkoako udalerri bakarrak Zumarraga eta Urretxu dira. Bi udalek Suez multinazionala jabe duen Aquarbe enpresari esleitu zioten uraren herri barruko kudeaketa eta aurten agortzen da lizitazioaren epea, beraz, aurten erabakiko da gainerako herrietan bezala kudeaketa publikorantz aldatzen den, beste lizitazio bat aterako duten edo Aquarberena prorrogatuko den.

Kudeaketa pribatua eraginkorragoa eta merkeagoa denaren mantra barneratu dugun bitartean, Zumarraga eta Urretxuko herritarrek 15 urtean 1.500 euro gehiago ordaindu dute ura Legazpiko herritarrek baino, nahiz eta denek Barrendiolako ur bera edaten duten eta ura bizitzeko ezinbesteko ondasuna eta eskubide unibertsala den.

Tira, prezioaren igoera ikusi, ikusi... ez dute erraza izan ikustea, Aquarbek 2018tik etxeen %48,97ri ez baitie inolako fakturarik bidali. Enpresak hala erabaki zuelako, ez herritarrek; legearen eta kontsumitzaileen eskubideen kontra doana erabat.

Baina... nola iritsi dira egoera horretaraino? Apirilean herritarren aurrean aurkeztu zuten Onura Publikoa plataformako kide den Aritz Elgarrestak erantzun ditu gure galderak. Bideo honetan, plataforma aurkeztu zutenekoa.

Kanon tentagarri pozoitsuak

Zumarragaren kasuan, Aquarbek 2007ko lizitazioa irabazi zuen eta horretarako, udalari 2,5 milioi euroko kanona ordaindu zion. Bistan denez, Aquarbek zerbitzu horretatik irabazi handiak espero zituen. Bidean, ordea, krisi ekonomikoak eta Arcelor itxi izanak Aquarberen aurreikuspenak zapuztu zituen. Horren aurrean, Aquarbek Zumarragako Udalari presio egin izan dio urtez urte, uraren tasak gehiago igotzeko eskatuz. Udaletxeko aktetan islatuta dago multinazionalarengandik udalak jasan duen presioa eta Elgarrestak salatu duenez, "udaletxeko langileek auditoriak eskatu dizkiete Aquarberi tasen igoera hori justifikatzeko, eta ez dituzte jaso". Plataformatik, zera salatu dute: "Udalak enpresa pribatu baten irabaziak babesteko tasak neurrigabe igo ditu".  Azken hamabost urte hauetan, Zumarragan ur kontsumoa %21 jaitsi den arren, enpresaren diru sarrerak %32 igo dira. Plataformaren hitzetan, 2016-2018 urte bitartean jada Aquarbek 2,5 milioi euroko irabaziak izan zituen eta beraz, ez du ikusten motiborik tasak hainbeste igotzeko. Horrez gain, plataformak kalkulatu du 15 urteotan milioi bat euro gastatu duela Zumarragako Udalak hoditeriak eta ur azpiegiturak hobetzen: herritarrek uraren fakturan ordaintzen duten dirutik, hau da, herritarren dirutik, egin dira inbertsio hauek eta gehienetan Aquarbe izan da lanak egin dituena eta hortaz, diru hori irabazi duena.

Zumarragako Udalak uraren tasen igoeran ardura handia duela adierazi du Elgarrestak: "Lizitazioa sinatu zuten berak daude egun agintean: alderdi sozialista, eta gainera egun alkatea dena alkate-ordea zen garai horretan". Kanonen joko hau Espainiako Estatuan asko egin dela oroitarazi du, eta modu ezkutu batean herritarren bizkar kredituak hartzea dela, funtsean: "Zumarragako udalak oraintxe bertan 3 milioi euroko kreditua eskatu du. Tentagarria izan daiteke, berriz ere Aquarberengandik diru freskoa jasotzeko. Bere garaian, 2,5 milioi horiekin inbertsio indartsuak egin ziren, baina denon diruarekin, eta giza eskubide bat pribatizatuta". Salatu du ura giza eskubide bat dela eta ezin dela inor urik gabe utzi ordaintzeko beste diru ez duelako.

Beheko bideoan, Onura Publikoa plataformak gaia oso modu argi eta laburrean azaldua du:

Multinazionalen esku utzi edo publifikatu?

Gertakizunen sekuentziari jarraiki, 2007an Aquarberekin kontratua sinatuta berez udalek ez zuten kudeaketa publiko bat pribatizatu,  lehendik ere pribatua baitzen bi herriotan. Elgarrestaren azalpenen arabera, Gipuzkoako beste herriek publifikaziorantz egin duten bidean atzean trabatuta geratu diren bakarrak dira Urretxu eta Zumarraga: 70 eta 80ko hamarkadetan Gipuzkoako udaletxe batzuek uraren kudeaketa munizipalizatuta zuten eta besteei Aguas del Norte enpresak eramaten zien. 90eko hamarkadan lurralde horretako 65 udalek Gipuzkoako Uren Kontsortzioa sortu zuten, tartean Zumarragak eta Urretxuk: Erakunde publikoa da, Aldundiak du partaidetzaren %25 eta Donostialdeko Añarbek eta Txingudiko Mankomunitateek osatzen dute Gipuzkoako enpresa publikoen mapa. Baina erakunde publiko honen kudeaketa pribatua da egun, Gipuzkoako Ura SA/GUSA-k darama, enpresa honek jabea Kontsortzioa bera duen arren.

Pixkanaka, udalak kontsortziora sartzen joan ziren, edo bestela munizipalizatu egin zuten zerbitzua. Baina prozesu horretan ez dute aurrera egin Zumarragak eta Urretxuk: Lehen Aguas del Norte zena ondoren Aquagest barruan sartu zen, gero Aquagestek kudeaketa gardentasunarekin zituen arazoen aurpegi garbiketa egiteko hainbat filialetan banatu zen eta horietako bat da Aquarbe, Suez multinazionalarena.

Ura giza eskubidea eta ondasun publikoa izanik, kudeaketak erabat publikoa izan behar duela defendatzen du sindikatu, alderdi politiko eta eragile anitzek osatua den Onura Publikoa plataformak. Baina publifikatzerakoan, badira bi aukera: Gipuzkoako Kontsortzioaren bidez egitea kudeaketa osoa, edo kudeaketaren zati bat munizipalizatzea. Izan ere, mendietako urak gure etxeetako iturrietatik ateratzen diren arte, hainbat fase igarotzen ditu eta horiek bermatzeko lanak bi zatitan daude banatuta: "Altako kudeaketa" deitzen denaz arduratzen da Gipuzkoako Ura Kontsortzioa, hau da, urak jaso, tratatu, depositoetara eraman eta urak araztu eta isurtzeaz. "Bajako kudeaketa" deitzen dena da udalek bide publikotik egin dezaketena (munizipalizatu edo Kontsortzioak zerbitzu hau bere gain hartzea) edo bestela, multinazionalei saldu ahal diotena, eta lan hauen barruan sartzen dira urak kontsumitzaileei helaraztea eta euri uren eta ur zikinen bideratzea herri barruan.

Elgarrestak azaldu du zergatik egiten duen Onura Publikoa plataformak munizipalizazioaren alde: "Kontsortzioa beharrezko ikusten dugu, lurralde kohesioa indartzen duelako: adibidez, eremuz zabala den eta biztanle gutxi dituen herri batek tarifa izugarri garestiak izango lituzke kontsortziorik ez balego. Beraz, herrien arteko oreka bermatzen du Kontsortzioak. Baina bestalde, gauza asko ditu hobetzeko antolakuntzan, egituran, gardenagoa eta parte-hartzaileagoa izateko edo publifikatzeko. Horren guztiaren aurrean, eta gainera, egun Aquarben lanean ari direnak bertako herritarrak izanik, aukera polita ikusten dugu munizipalizazioaren alde egiteko".

Ohartarazi du ura bezala beste hainbat zerbitzu ere pribatizatuta dituztela udaletan: "90eko hamarkadako olatu pribatizatzailearen ondoren, ea lortzen dugun publifikatzerantz bidea egitea. Bestalde, gure baliabideen burujabetza izatea ere oso garrantzitsua da. Gure baliabideen kontrola galtzen dugunean, multinazional batek nahi duena egin dezake".

Herritarren presiorik ezean

Aurten jokatuko da, beraz, giza eskubide bat publifikatu edo multinazionalen esku uztearen arteko dema. Nola daude indar orekak udaletan? Zumarragako Udalean 13 zinegotzietatik 7 dira PSOEkoak eta Urretxuko Udalean 13 zinegotzietatik 7 dira EAJkoak. Onura Publikoa plataforman elkartu dira horiek biak eta PP izan ezik beste alderdi politiko guztiak.

Elgarrestak azaldu duenez, uda baino lehen Urretxuko udalak ez badu ezer erabakitzen, zuzenean bost urterako prorrogatuko da Aquarberekin duen kontratua; eta orduan esleipena aterako litzateke. Zumarragan uda bukaera baino lehen ez bada beste ezer erabakitzen, bost urtera arte prorrogatuko litzateke Aquarberekin dagoen kontratua, baina urtez urte.

UR GARESTIA

EAEn metro kubiko ur bakoitza 1,94 euro ordaintzen da. Zumarragan, aldiz, 3 euro (%50 garestiago).

Zumarragatar batek, bizilagun eta kontsumoaren arabera, ura urtegi beretik hartzen duen legazpiar batek baino %25-%80 gehiago ordaintzen du.

Hamabost urteotan zumarragar batek legazpiar batek baino 1.000 euro gehiago ordaindu du ura. Familia batek, berriz, 1.500 euro gehiago.

Zumarragan eta Urretxun uraren kudeaketa Aquarberen esku dago. Zumarragako tarifa Urretxukoa baino %25 garestiagoa da.

URAREN IGOERA URTEZ URTE

Ikus daiteke Zumarragan urak urtez urte izan duen igoera, eta ez dela bera izan kontsumo tarte bakoitzean. 2007tik KPIa %6 igo bada ere, Zumarragan uraren prezioa %12 igo da, bikoitza beraz.

Argazkian, kudeaketa publikoa duen Legazpiko faktura bat eta Zumarragoa alderatuta.

UR FAKTURARIK EZ DUTE JASO HERRITARREN %48,97K

Jukutria hau erabili zuen Aquarbek 2018an: gutun baten bidez herritarrei jakinarazi zien 30 egunen buruan ez bazuten eskatzen fakturak paperean bidaltzen jarraitzea, ulertuko zutela herritarrak bat egiten zuela inolako fakturarik ez bidaltzeko haien asmoarekin. Eskaera berezia egin ez zutenek, beren faktura ikusteko Bulego Birtualean sartu behar dute. Komunikazio ez garden honen emaitza hauxe izan da:

5.642 kontratu guztira.

Horietatik 87k jasotzen du faktura elektronikoa (%1,54).

1.149k eskatu du PDF posta elektroniko bidez bidaltzea (%20,37).

1.643k eskatu dute paperean bidaltzen jarraitzeko (%29,12).

2.763k ez diote erantzun kanpainari eta ez dute fakturarik jaso (%48,97).

Onura Publikoa plataformak dio ilegala dela fakturarik ez bidaltzea eta neurri legalak hartzea aztertzen ari dela.

Pedro Arrojo, Nazio Batuen Erakundeko Errelatore Berezia.
“Ura giza eskubidea da eta inori ezin zaio ur zerbitzua moztu, berau ordaintzeko dirurik ez duelako”

PEDRO ARROJO, NAZIO BATUEN ERAKUNDEKO ERRELATORE BEREZIA

Ura giza eskubide moduan ulertu behar dugula esan zuen, munduan 2.000 milioi pertsona daudelarik edateko urik ez dutenak. Pertsona guztiek bizirauteko oinarrizko ur minimo bat bermatuta izan behar dute, oinarrizko eskubide unibertsal bat delako. Ondorioz, inori ezin zaio ur zerbitzua moztu, berau ordaintzerik ez badu ere. Onura Publikoa ekimenari zortea opa zion beraien eskaeretan eta bereziki eskertu zuen plataformaren lana. 2021/04/22 zumarragan, Onura Publikoak antolatutako hitzaldian

ONURA PUBLIKOA PLATAFORMA

Hauek osatzen dute:
Alderdi politikoak: EH Bildu, Elkarrekin Zumarraga, Sortu, Berdeak Legazpi.
Sindikatuak: ELA, LAB, CCOO.
Gizarte eragileak: Koodinadora Feminista, Ernai, Bertso Eskola, KKin Zona, Gaztetxea, Mutamu musika taldeen mugimendua, Geltokiko Jai Batzordea, eta Duintasuna pentsiodunen elkartea.

Plataformaren eskaerak:
    1. Ura giza-eskubide unibertsala da eta guztion ondarea. Oinarrizko giza eskubideekin ezin da negoziorik egin.
    2. Uraren kudeaketak %100 izan behar du publikoa, gertukoa eta parte hartzailea. Munizipalizazioaren aukera hobesten da.    
    3. Langileen eskubideen eta kalitatezko enplegu publikoaren alde. Aquarbeko langile guztiak, ura kudeatuko duten egitura publiko berrian sartzea berme guztiekin.
    4. Tarifikazio justu, sozial eta ekitatiboa. Gehiegikeriak eta espoliorik ez tarifikazioan. Uraren tarifak zerbitzuaren kostua  estali behar du, ez enpresa baten irabaziak.
    5. Gardentasuna, informazioa eta errespetua. Etxe guztietan egon behar dute fakturek lehenbailehen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideak
2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude