Klimaren berotzetik harago: Uraren zikloak eta karbonoarenak nola osatzen duten elkar

  • Klimaren arazoa gero eta kezkagarriagoa ari da bihurtzen: uda gero eta beroagoak, lehorteak eskualde askotan, kalte materialak eta giza galerak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko bortitzak… Arazoaz eman ohi den azalpen bakarra izaten da "klimaren berotzea".


2024ko urtarrilaren 28an

Azken 30 urteotan gai honetaz hainbat biltzar egin dira eta nazioarteko zenbait akordio ere bai. Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko esparru-hitzarmenak, 1992ko maiatzaren 9an New Yorken onartu zenak esaten duenez, "giza jarduerak nabarmen handitu ditu berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak atmosferan", eta horrek "[planetaren] berezko berotegi-efektua indartzen du", ondorioz lurrazalaren eta atmosferaren "berotze are handiagoa" eraginez, "naturako ekosistemak bezala gizateria kaltetu dezakeena". Hitzarmenak helburutzat dauka “atmosferan berotegi efektuko gasen kontzentrazioak egonkortzea, klimarentzako arriskutsuak liratekeen interferentzia antropogenikoak eragozten dituen maila batean".

Horrela, bada, lehen biltzarretik ezarri da klima-aldaketa berotegi-efektuko gasek atmosferan izan duten gorakadaren ondorioa dela, eta klimari gizakiak eragindako nahasmendua parekatu da beroketa globalarekin.

Horren emaitzak izan dira Kyotoko Protokoloa (1997ko abenduaren 11koa) eta Aldeen Konferentziak (ingelesez Conferences of the Parties, COP). Azken konferentzia, COP 28.a, Dubain egin da 2023ko abenduan. COP guztien helburua izan da berotegi-efektuko gasen emisioak egonkortu eta ondoren murriztea, "jatorri antropogenikoa duten asaldura klimatikoak" saihesteko. Parisko Konferentziak (2015ean burututako COP 21ak) onartu zuen berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko ahaleginak egin arren, jada ezingo dela saihestu klima-aldaketaren zati bat, eta horregatik tenperaturaren igoera egonkortu eta arintzeko ahaleginak osatu behar direla klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriekin.

COP 27aren bezperan, agintari askok onartu zuten ezingo zela lortu berotzea 1,5º-tan mugatzeko helburua eta, aldi berean, uko egin zieten beraiek ordura arte erabakitako helburu gero eta gehiagori.

COP konferentziaz konferentzia, mundu mailan emisioak murrizteko ezarri diren helburu orokorrak ez dira bete. Gure klima kondenatuta ote dago kontrolatzen zaila den berotze batera?

Uraren zikloak kliman daukan garrantziaren ikerketa eta sozializazioan aitzindarietakoa izan da Michal Kravcik eslovakiarra. Irudian, bere hitzaldi baten aurkezpena.

Aldez aurretik, honako beste galdera hau mahairatu beharra dago: "klima-perturbazio antropogenikoa" aipatzen denean, hau soilik berotze globalari ote dago lotuta ala bestelako arrazoiak ere badaude? Honek bigarren galdera batera garamatza: gaur bizi dugun klima aldaketaren esplikazio bakarra karbonoaren zikloan ote datza, ez ote dauka uraren zikloak zerikusirik?

Uraren zikloak kliman daukan garrantzia 2008an planteatu zuen Eslovakia eta Txekiako hidrologo talde batek, tartean zirela Michal Kravčík eta Jan Pokorný ingurumen-ikertzaileak. Talde honek argitaratu zuen Water for the Recovery of the Climate, A New Water Paradigm (Ura, klima berreskuratzeko: uraren paradigma berri bat). Ikerlanean nabarmendu zuten batetik landareek ebapotranspirazioaren bidez atmosfera hozten jokatzen duten papera; eta bestetik, aurre egin behar zaiola euri-uraren lurrazaleko jariatzeari [euria lurzoruan barnatzearen ordez azkarregi lurrazaletik ihes egitea, espainolez “escorrentía” eta frantsesez “ruissellement”], euriak eroritako lekuan bertan barnatu behar zuela lurzoruan.

2010ean Danubio arroan gertatutako uholde katastrofikoei erantzun nahian, kontzeptu hori arrakastaz aplikatu zuen Eslovakiako Errepublikak 2010-2011n ezarriz Paisaiak biziberritzeko eta ibai-arroen kudeaketa integraturako programa. Programa honi esker 7.700 lanpostu sortu zituzten (6 hilabeterakoak gehienak) eta dozenaka mila egitura txiki eraiki zituzten ur-jariatze handienak jasaten dituzten bailaretan, euri-uren isuriak motel arazi eta lurzoruan infiltratzeko. Erreketan presa txikiak eraiki zituzten zuhaitz enbor eta adarrekin, ez estankoak, urtegi txikiak ere bai lurra pilatuz, ur-erretenak… Emaitza ikusi zen 2011ko euri-jasa handietan, ez baitzen uholderik ikusi egitura horiek eraiki eta landaredia sustatua zuten lekuetan.

Askoz lehenago, 1992an, Reginald eta Nicholas Newellek aipatu zituzten lehenbizikoz "aireko lurrun- ibaiak": Amazonian airetik lurrunetan ia Amazonas ibaiak daraman bezainbeste ur, segunduko 165 milioi litro  garraiatzen dutenak. 1994an Massachusettseko Institutu Teknologikoko Yong Zhu eta Reginald E. Newell-ek argitaratu zuten Atmospheric rivers and bombs (Ibai atmosferikoak eta bonbak), non azaltzen zuten fenomeno klimatiko bortitzetan ur-lurrunezko fluxu atmosferiko oso trinkoek jokatzen duten papera. Fluxu horiek beren jatorria daukate itsasotik datorren aire hezean. AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalaren (NOA) Boulder laborategiak neurketak egin zituen Coloradon lurrazaletik kilometro batera eta haietan ikusi zen lurrun-ibai hezeak segundoko 50 milioi litro ur garraiatzen zuela airetik, hots, ura 50 km/h-ko abiaduran daraman 100 metroko diametroko hodi batek adina.

Viktor Gorxkov eta Anastassia Makarieva ikerlariek “Ponpa biotikoa” kontzeptua formulatu zuten San Petersburgoko Fisika Nuklearreko Institutuan. Argazkia: Anastassia Makarieva.

2007an San Petersburgoko Unibertsitateko Anastassia Makarievak eta Viktor Gorxkovek kontzeptu berri bat formulatu zuten: punpa biotikoa. Horrekin azaldu dutenez, oihan handien gainean sortutako ur-lurrunezko zutabeen gaineko aldean kondentsazio bat gertatzen da eta honek eragindako depresioak erakartzen du kontinente barrurantz itsasoko aire hezea, horrela hezetasun handiagoa gehituz aireko lurrun-ibaiei. [Aireko lurrun-ibaioi zenbaitek ‘ibai hegalari’ ere deitzen die].

Beranduago, Antonio Donato Nobrek teoria hori Amazoniari aplikatu eta azaldu du nola gaur egun deforestazioa ari den agorrarazten lurrunezko aireko ibaiok, kalteak eraginez Hego Amerikan Ozeano Atlantiko aldeko isurialdearen klima osoan.

Urteotan asko ugaritu da gaiari buruzko bibliografia eta 2012an argitaratu zen bost kontinenteetako bi dozenatik gora ikertzailek egindako ikerlan berri bat erakutsi zuena basoen ebapotranspirazioak klima hozten laguntzen duela.

Eta azkenean, 2021eko uztailean, ikerlan-corpus zabal batean oinarrituta Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) argitaratu du Landareekin, lurzoruekin eta urarekin lan egin klima hozteko eta Lurreko paisaiak berriz hidratatzeko. Bertan esaten denez, "lurraren gainean erortzen den euriaren %40 eta %60 artekoa dator lurreko ebapotranspirazioak sortutako hezetasunetik”, “baso edo belardiak laborantza-lur bihurtzeak murrizten du lurreko ebapotranspirazioa” eta “basoen suntsitzeak eragin dezake zenbait lekutan euriak gutxitu eta urtaro lehorrak luzatzea".

Antonio Donato Nobrek azaldu du nola gaur egun deforestazioa ari den agorrarazten Amazonian lurrunezko aireko ibaiok, kalteak eraginez Hego Amerikan Ozeano Atlantiko aldeko isurialdearen klima osoan. Argazkia: Nobreren artxiboa.

Funtsean uraren zikloan oinarrituta NBIPk ateratzen dituen ondorioek klimaren aldaketaren ikuspegi berri bat ematen dute: "Basoen etengabeko suntsitzeak, lurzoruen hondatzeak eta, ondorioz, lurzoruek ura pilatzeko eta natur guneek ura atxikitzeko ahalmena galtzeak, horiek guztiek nahasmendua eragiten dute ur-fluxuetan, bai lurretik atmosferaranzkoetan eta bai atmosferan zeharrekoetan. Nahasmendu horrek prezipitazioetan eragindako aldaketaren ondorioz munduko leku askotan gerta daiteke euriteak gutxitzea, lehorteak ugaritzea eta tenperatura berotzea, baita klima-aldaketa larriagotzea ere”.

Beraz, landareek –eta batez ere zuhaitzek– funtsezko zeregina dute, eta ez bakarrik karbonoa biltegiratzeari dagokionez. Funtsezkoa da atmosferaren hezetasun zikloak leheneratzea eta hori landaredia egoteari lotuta dago. Beharrezkoa da deforestazioa gelditzea, baso-berritzea ugaritzea eta gure nekazaritza-praktikak aldatzea agroforesteria garatuz.

Klima-aldaketaren kausak era batera edo bestera ikusita, ondorioak ere desberdin ikusten dira. Hemen laburbilduko ditugu bi planteamenduak.

Klimaren aldaketa soilik karbonoaren zikloan oinarrituta

Ikuspegi honen arabera, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea da klimaren beroketaren konponbidea.

Kyotoko Itunak ezarritako ikuspegiaren arabera, klimaren beroketan basoek daukaten eragina aztertzen da soilik horiek karbonoaren zikloan daukaten paperetik: zenbat karbono dagoen metatuta zuhaitzetan eta lurzoruetan fotosintesiaren ondorioz. Klimaren berotzeak ozeanoen gaineko lurrunketa areagotuko luke eta, ondorioz, planetan hezetasuna handituko bataz beste, nahiz eta asko aldatuko litzatekeen eskualde batetik bestera: lurralde subtropikal eta mediterraneoetan prezipitazioak urritu egingo lirateke eta, aldiz, latitude ertain eta altuetan euri gehiago egingo luke.

Klimaren zoratzearen narratiban luzaz beroketa globalak eta berotegi gasak murriztu beharrak hartu dute nagusitasun osoa. Irudia: WWF.

Jean Jouzel klimatologo eta GIECeko kideak azaldua duenez Climats passés, climats futurs (Iraganeko klimak, etorkizuneko klimak) liburuan, ur-lurruna da berotegi efektuko gasen artean nagusia, baina hala ere,  "gizakiok ez dugu atmosferako ur-lurrun kopuruan zuzenean eragiten gure jardueren bidez, zeharka eragiten dugu kantitate horretan (...) ozeanoaren azala berotzen ari denez, ebaporazioa handiagoa da eta, ondorioz, lurrun gehiago dauka atmosferak (…) horrela klimaren beroketa anplifikatuz”.

L’Origine du monde (Munduaren jatorria) liburuan, Marc-André Selosse biologoak honela laburbildua du IPCCk ur-lurrunari buruz egiten duen analisia: "Zein gas dira gehien eragiten diotenak klimaren berotzeari? Ur-lurruna da eraginik handiena duena ( % 60): baina atmosferak daukan ur-lurruna ebaporazioak eta prezipitazioek arautzen dute eta horietan giza jarduerek gutxi eragin dute, horretan ez diote askorik eragiten egungo klima-aldaketari”. Beraz, ur-lurrunari ez zaio aitortzen berotegi-efektuko gas gisa duen funtzioa klimaren berotzearen jatorrian.

Basoei eta oro har landarediari aitortzen zaien zeregina da karbonoa metatzeko tresna izatea klimaren beroketa mugatu ahaleginean. Karbonoaren zikloaren ikuspegi horren arabera, klimaren aldaketaren ondorioak berotze globalari daude lotuta: biodibertsitatearen galera ulertzen da berotzearen ondorioz animaliek beren ugalketan nozitzen dituzten perturbazioen edo landareek nahiz animaliek hain abiadura handiko berotzeari egokitzeko dauzkaten zailtasunen ondoriotzat. Era berean, berotegi-gasek eragindako klimaren berotzearen ondoriotzat jotzen dira muturreko fenomeno atmosferikoen ugaritze eta gaiztotzea, urakan tropikalen indar handiagoa, itsas mailaren igoera eta itsasoen azidifikatzea.

Klimaren aldaketa bai uraren eta bai karbonoaren zikloetan oinarrituta

Bigarren ikuspegi horrek lotzen ditu klimaren aldaketa eta lurzoruen lehortzea muturreko fenomeno meteorologikoekin, eta uraren zikloa berrezartzeko irtenbidetzat proposatzen du deforestazioaren gelditzea,  baso-berritzeari eta nekazaritza ereduak aldatzea.

Uraren zikloaren ikuspegitik begiratuta, ur-lurrunak hainbat modutan esku hartzen du kliman. Hasteko, landareek ebapotranspirazioaren bidez freskatze bat eragiten dute lekuan bertan. Horra hor klimaren berotzearen alderantzizko eragina. Fenomenoa oso ezaguna da: udako egun bero batean zuhaitzen gerizpean edo basoan tenperatura beti da baxuagoa eremu soildu batean baino. Baina, gainera, landareen ebapotranspirazioak inguruko klimari ere eragiten dio. Termodinamikatik ikusita, landareek arnastutako ur-lurrunak daraman beroak esku hartzen du hodeien sorreran. Beranduago, euria jaurtitzerakoan hodeiek bero hori askatuko dute beren gaineko aldetik. Prozesuaren balantzea zero da bere osotasunean: uraren zikloak igogailu lana egin dio beroari landareen hostoetatik atera eta goi-atmosferara bidaliz, eta aldi berean landareak dauden lekuan tenperatura freskatzea eraginez.

Kantauri isurialdean pinudia ‘matarrasa’ teknikaz eraitsitakoan utzi duen lorzoru soildu eta hondatua, uraren zikloarekin egin kudeaketa txarraren adierazgarri. Argazkia: ARCA

Ebapotranspirazioa da landareek bizi duten fenomeno nagusia, alde handiz. CO2 molekula bat oxigeno eta glukosa bihurtzeko lurruntzen dituzte 200 ur molekula inguru, eta lurrundutako ur litro bakoitzak (20ºC-tan) esan nahi du 1,334 m3 ur lurrun eta 0,68 kwh-ko freskatzea (lurrunetan bidalitako beroa). Aldiz, basoa eraitsita soildutako eremuan  lurrunketa gutxi gertatuko da eta inguruak berotze handia nozituko du, lurrazalak tenperatura oso altua edukiko du. Fenomeno honek esplikatzen du zergatik diren tenperaturak hain altuak erabat deforestatutako eremuetan ("matarrasan" soilduetan, esaterako) edo labore-soroetan uzta bildu berritan edo eremu urbanizatuetan ("hiriko puntu beroak").

Lurzoruak irentsi ez duen euri-urak eragindako higadura soro bazter batean: lurrazalak horrela galtzen du bere humus geruza abiadura bizian. Argazkia: Entraid

Basoak nola deitzen dion euriari

Basoetako zuhaitzen transpirazioak ur-lurrun fluxuak eraginak ditu eta hauetatik sortzen dira prezipitazioak. Izan ere, lurrun-fluxu horiek itsasotik datorren hezetasunari gehitzen zaizkio. Itsas bazterretik abiatuta lehorrean zehar baso-estalkia jarraitua baldin bada, korronte heze horiek milaka kilometrotan zehar bidaiatuko dute prezipitazioak eraginez, eta Douglas Sheil eta beste zenbait adituren arabera, itsasotik zenbat eta urrunago joan orduan eta gehiago ugaritzen dira prezipitaziook. Alabaina, basorik ez baldin badago itsasotik urrundu ahala prezipitazioak ia esponentzialki murrizten dira, batzuetan ezabatu ere bai.

Goi-atmosferako ur-lurrun korronteok dira –bidean baso gehiago edo gutxiago aurkitu duten arabera– hezetasun handiagoa edo txikiagoa daramatenak kontinenteen barruko aldeetan euriak elikatzen dituztenak. Eta hau are nabarmenagoa da oihan handien kasuan: Amazonia, Afrikako erdialdeko basoak, Siberia, Asiako hego-ekialdea…

Atmosferako ibai (gezietan) eta arro (urdinez) nagusiak ponpa biotikoaren teoriaren arabera: oihanek euriez gain haizeak ere eragiten dituzte eta haize nagusiak, ur lurrunak biltzen dituztenak, oihanek sortuak dira eta euriak eramaten dituzte urruneko arroetaraino. Iturria: ResearchGate

Inguru bat basoz hornituta ala soilduta egon, horrek ondorio nabarmenak dakartza prezipitazioetan. Deforestazioekin euri kopuruak nola gutxitu diren erakusten duten adibide asko dago.

Borneo uhartean, olio-palmondo soroak landatzeko oihana suntsitzeak eskualdeari ekarri dio batetik plubiometria murriztea eta bestetik tenperatura maximoak igotzea, paradoxikoki olio-palmondoentzako kaltegarriak biak ere. Hori dela eta esana du elkarrizketa batean Douglas Sheil ekologiako ikerlariak Borneo “palmondo-olioz suizidatu" dela.

Bohemiako (Txekiar Errepublika) ipar-ekialdean eta Saxonian (Alemania) egindako azterketek erakutsi dute nola gutxitzen den ebapotranspirazioa lekuko zuhaitz-estalkia urritzen denean edo zuhaitzak osasuna eskasez daudenean, inguru horietan 1980ko hamarkadan gertatu zen bezala industriak isuritako sufre dioxidoagatik (euri azidoak). Eta alderantzizkoa ere ikusi zen bertan 2004. urtean, basoek osasun ona berreskuratu ahala haien ebapotranspirazioa ere maila esanguratsuan handitu zela.

Idorte historikoa nozitu du Amazoniak 2023an: irudian, baporeak hondoa jota Manaus estatuan, agortutako ibaian. Argazkia: Bruno Kelly.

Antzeko emaitzak ikusi dira Kenyako Mau basoan ere. Nairobi hiritik 150 kilometro ipar-mendebaldera dagoen baso hau zuhaitzak eraistearen poderioz murriztu zen 1986an zeuzkan 5.200 km²-etatik 2006an zeuzkan 3.400 km²-etara. Ondorioz, baso gabetutako eremuetan ebapotranspirazioa nabarmen jaitsi zen, nahiz eta hazkunde azkarreko zuhaitz-landaketek jaitsiera zerbait arindu, eta ondorio lazgarriak ekarri ditu: prezipitazioak murriztu dira eta ur eskasia nozitzen dute bertako ibai, aintzira eta hiriek. Eskualde honek oparo elikatzen zituen ordura arte hamabi ibai eta sei aintzira handi, horien artean Victoria aintzira. Geroztik, ordea, Sondu-Miriuko presa eraiki berriak, izen bereko ibaian eraikiak, ez du lortu inoiz iristea aurrez kalkulatu zitzaizkion 60 MWak generatzera.

Kontinenteen barruko aldeetan isurtzen diren prezipitazioak hein handi batean handik urrun birziklatzetik sortuak dira. Eurasiako kontinenteko landareen ebapotranspirazioan oinarritzen dira Txinak dauzkan baliabide hidrikoen %80 eta Amazoniako oihanak sortua da Rio de la Plata ibaiaren arroan biltzen diren eurien %70 baino gehiago. Kongoko arroan erortzen diren prezipitazioen iturri nagusia Afrika ekialdeko hezetasun lurrundua da, batez ere Aintzira Handien inguruetan; eta, aldi berean, Kongoko arroan lurruntzen denak elikatzen du Saheleko hezetasuna.

Lurzoruaren hondatzeak ere ondorio larriak eragin ditzake, aipatu ditugunen ildoan. Hasteko, lurzoruak berak galtzen du bere baitan ura pilatzeko eta filtratzeko ahalmena. Baina, gainera, deforestatutako eremuetan bero sentsazioa handitu eta ebapotranspirazioa murrizten du, hain zuzen ere hezetasuna sortzeaz gain inguruko tenperatura freskatzen zuena. Lurzoruak berotu ahala, bestalde, lehorreko lurren eta ozeanoaren arteko tenperatura-kontrasteak handituko dira. Ponpa biotikoa kontzeptuaren sortzaileetakoa den Makarieva eta kideen arabera, horretan egon daiteke udako Eurasiako kontinentean bero-boladetan antizikloiak nozitzen dituen blokeoaren eta haizete bortitzak, uholdeak eta lehorteak ugaritzearen esplikazioa. Errusian deforestazioagatik eta suteengatik antzinako baso primarioak suntsitzeak eduki dezake bere eragina arazo horietan.

Biodibertsitateak jokatzen duen papera

Lurra planetaren azaleraren %75ean ekosistemak larriki hondatuta daude, deforestazioa, laborantzan erabiltzen diren pestizidak, lurzoruaren artifizializazioa, gehiegizko arrantza, plastikoek eragindako kutsadura eta abar direla medio. Lurrazalaren eta itsasoko uren erabilera-aldaketak batetik eta kutsadurak bestetik, arriskuan jarri dituzte bizidun espezie asko. Nekazaritzan erabilitako ongarri eta pestizidengatik nabarmen murriztu dira intsektu-populazioak, polinizatzaileenak barne. Galera horri laguntzen diote bai landa eremuko heskaiak (hesi biziak) eta bai soroetako zuhaitz bakarrak suntsitzeak ere. Soroetan isolatutako heskaiak eta zuhaitzak murriztea norabide bereko urratsa da. Ekosistemak berriro lehengoratzea erraztuko luke laborantzak agroforesteria aldera jotzeak.

Alabaina, biodibertsitatean garrantzirik handiena duena da hain zuzen gure begiz ikusten ez duguna: landare hilak degradatu eta humusa sortuz lurzoruak biziberritzea ahalbideratzen duten mikroorganismoak. Hauetan handienak dira lur-zizareak, gero datoz gure begiz nekez ikus ditzakegun beste batzuk (kolenboloak, akaroak, nematodoak), ondoren datoz lurzoruko onddoak, beren mikorriza sareetatik landareen sustraiei ura, elikagaiak eta mineralak hurbiltzen dizkietenak, eta azkenik, lurzoruko bakterioak, degradatutako materia organikoa landareei eskuragarri ipintzen dietenak.

Horien guztien populazioak asko murriztu dira laborantza-sistema txarren eraginez, lurzoruen biziberritzea kaltetu baitute: horrela, Europako lurzoruek daukaten materia organikoa erdira murriztu da 1950etik gaurdaino. Eta azken 50 urteotan lurreko zizareen populazioa pasatu da hektareako bi tona izatetik 50 kg baino gutxiago izatera. Marcel Bouché zizareetan adituak jaitsiera horren erantzukizuna egotzi die soroen goldatzeari, pestizidei eta lurzoruak estalki barik biluzik edukitzeari.

Mahastia tarteko lurzorua soilduta edukitzeko ordez landare-estalkiz hornitua. Inguruko tenperatura freskatzeaz gain euri-urari bertan eusteko lana egiten du, biodibertsitatea handitzeaz gain. Argazkia: Bodegas Robles.

Lurzoruen eta beren estalkien garrantzia

Lurzoruak dira landareak haz daitezen euskarria. Historian zehar, gizakiak suntsitu egin ditu behin eta berriro, humusa desagerrarazteraino. Gure zibilizazioaren hastapenetan bertan, Atikako [gaur Grezia] muinoek goldea erabiltzearen ondorioz humusa galdu zuten, euriteek maldan behera haranetaraino eramanda; horrela joan ziren pixkanaka desagertzen zereal soroak mazela aldapatsuetatik, lekua utziz sakon sustraitzeko gaitasuna duten olibondoei.

Mesopotamian, mende luzez soroak erregadiatzearen poderioz lurzoruak salinizatu egin ziren, lehenik horietan zerealak haztea zailduz eta azkenerako basamortu bilakatuz. Erromako inperioaren garaian, Lazion [Erroma inguruko eskualde aberatsean] zereal ekoizpenak hondoa jo ostean Erromari laborez hornitzea bermatzen zioten Maroko, Aljeria eta Tunisian ere goldearen erabilerak ekarri zuen soroek humus-geruza galtzea. Fenizioen lurretan, berriz, inguruak desertifikatzeko bidea zedro basoen deforestazio masiboak zabaldu zuen, zuhaitzak eraitsi izanak batetik soro berri bihurtzeko eta bestetik enborrak ontzi feniziarren eraikuntzan erabiltzeko.

Hormigoi eta asfaltoz eraikitako hiria beroaldi betean: herritarrak Bagdadeko (Irak) karrikan beren buruak freskatzeko ahaleginean. Argazkia: Xinhua.

Askoz geroago, AEBetan, ‘Mendebaldearen konkista’ delakoaren oinarria izan zen [aborigenei kenduta] eskuratutako lurrak laborantzarekin eta batik bat tabakogintzarekin agortu ahala horien ordainetan urrutiago bilatzea lur berri emankorragoak. Beranduago, 1930eko hamarkadan Dust Bowl [Hauts Ekaitza] delakoan ikusi zen moduan, AEBetako Lautada Handietan bai eurite eta bai haizeteek beren higadurarekin lurzoruei urratu zieten azala, dozenaka zentimetro edo baita metro bateko geruza eramanez ere, humus emankorra barne. Hondamendi hari aurre egiteko sortu zen AEBetan kontserbazioko nekazaritza [ingelesez Soil Conservation] deitua, lurzoruari eusteko lan eginez lurra goldatu gabe eta lurrazala etengabe estalita edukiz.

Afrikak eskaini du adibide bat lurzoruari abereen gehiegizko presioak egin diezaiokeen kaltearen adierazgarri. 1972an euriteek huts egin zuten Sahelen; hemen 1930az geroztik giza populazioa hiru halako egin zen eta azienda kopurua bikoiztu. Gosetearen ondorioz milaka pertsona hil ziren (100.000-500.000 iturrien arabera), azienda kopuruak hondoratu ziren eta milioika pertsona joan ziren landa eremuetatik ihesi hiri inguruetara. Hala ere, basamortuko lur lehor eta pitzatuan ageri zen pentagono berde bat, NASAren satelite batek erakutsi zuenez: eremu hesitu bat zen azienden bazkatze arautu edo txandakatua [“rotational grazing” ingelesez, “paturage tournant” frantsesez] praktikatzen zutena, horrekin eragotziz animaliek landareak berritu bezain fite erauztea. Horrek frogatzen zuen gosetea eragin zuena klima izan arren, hondamendia ekarri zutenak izan zirela okerreko laborantza teknikak eta abelburuen gehiegizko presioa.

Loiolako erriberetako auzo berria, Donostian: lurzoruaren artifizializazioari muga ezarri beharra oraindik hasteko dagoen eztabaida da Hego Euskal Herrian. Argazkia: Riberas de Loiola, Facebooken.

Klimari buruzko narratiba aldatu beharra

Funtsezkoa da aitortzea zein garrantzitsua den uraren zikloari eragin zaion erasoa lurzoruaren azalean egindako aldaketekin: lehenik eta behin deforestazioarekin, bigarrena laborantza teknika okerren ondorioz, eta azkenik, urbanizazioak lurzoruan eragindako artifizializazioarekin.

Horrek guztiak murrizten du landareen ebapotranspirazioa, berekin eramanez euriteen urritzea eta muturreko fenomeno klimatikoen ugaritzea. Klimaren berotzeak bere aldetik euriteak segun eta zein eskualde eta latitudetan alde batera edo bestera aldarazi baldin baditzake (hemen euri gehiago edo han gutxiago), uraren zikloaren aldaketaren ondorioak beti eta denetan doaz norabide berean: euriteak murriztu arazten ditu, are eta gehiago klimaren berotu ahala.

Amazoniako oihana, [deforestazioarekin hasitako] prozesu horretan inflexio-puntura iristen denean, gero eta gehiago sabana bihurtuz joango da, eta geratuko zaizkion baso isolatuak desagertu egingo dira pixkanaka. Itsasotik hezetasuna lehorrerantz erakartzen duen ponpa biotikoa gelditu ahala, desagertu egingo litzateke kontinentearen erdialdeko laukia (hain zuzen Sao Pauloko mendebaldean dagoen eremua da, Brasilgo oparoena eta aktibitate gehien duena) ureztatzen duen hezetasuna, eskualdea nabarmen lehorrago bilakatuz. Kasurik txarrenean, Brasilek gaur egun Australiak daukan itxura har lezake: basamortu handi bat, itsaso bazterrean eremu hezeagoz osatutako zerrenda bat daukana.

Planeta osoari begira, prozesuak amaieran ekar litzake lehortzea eta desertifikazioa, nahiz eta eremu epeletan itsasoen berotzeak hori atzeratuko lukeen. Landaredia eta bizia dira gure planetako klimaren oreka bermatzen dutenak, bizi-sistemaren zaharberritzea ahalbideratu eta planeta bizigarri bihurtzen dutenak. Oreka hori, ordea, ezegonkorra da eta jo lezake beste oreka-puntu baterantz, ozeanoen lurruntze mailakatu baterantz, guregandik hurbileko planetetan bi bertsiotan ezagutzen dugunez: bertsio hotza Martek erakusten du eta bertsio beroa Venusek. Agertokiok askoz okerragoak dira klimaren beroketan soilik oinarritutako agertokiak baino.

Batez ere uraren zikloaren azterketan oinarrituta, Nazio Batuen Ingurumen Programa ondorio honetara iritsia da: "Hondamendi klimatikoa saihestea lortu nahi baldin badugu, nahitaezkoa da deforestazioa gelditzea, baso-berritzea areagotzea eta agroforesteriazko teknikak ezartzea".

IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak bere helburuak berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera mugatzen dituenez, uraren zikloari eragindako eraldaketak ez ditu kontatzen klimaren aldaketaren zergatien zerrendan. Ondorioz, esaten du uraren zikloaren konponbidea gertatuko dela klima-aldaketaren "arintzearekin", eta horregatik ez dio behar adinako garrantzirik ematen arazoaren funtsezko kausa den deforestazioari; eta deforestazioa berehala eta erabat eteteak lehentasunezko betekizun behar luke! Basoberritzeak eta laborantzaren mundu mailako trantsizioak egon beharko lukete nazioarteko itunetan adostutako helburu eta epeetan finkatuta.

COP 28 gailurraren amaiera ekitaldia Dubain. Argazkia Anthony Fleyhan.

Klimari buruzko konferentziak salbatu ote daitezke?

COP konferentziak huts egiten ari dira berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteari dagokionez, ez baita lortu ezta Parisko konferentzian ezarritako helburuak betetzea ere.

Eta COPetan uraren zikloa kontuan har dezaten eskatzeari dagokionez, ohartu behar da biltzar horien oinarrietatik kanpo geratu dela, Klima Aldaketari buruzko 1992ko esparru-hitzarmenean ‘urrezko hizkietan idatzita’ utzi zutenez. Garai hartan ez zen ezaguna uraren zikloak klimaren gainean daukan garrantzia… edo hobe esanda, ahaztuta zegoen. Izan ere, Les révoltes du ciel (Zeruaren erreboltak) liburuan Jean-Baptiste Fressoz eta Fabien Locherrek erakutsi dutenez, jada XVIII. mendearen amaieran François-Antoine Rauchek ezarri zuen uraren ziklo handiaren eta klimaren arteko lotura eta handik gutxira XIX. mende hasieran François Aragok nabarmendu zuen basoen eta klimaren arteko harremana.

Beraz, politikariengandik iritsi beharko du ekuazioan uraren zikloa sartzeko erabakiak, baina… egin nahiko ote dute? Gaiaz jabetu ere egin ote dira? Erantzuna da, ezetz. Ziur aski, gizarte zibila da horretan bere zeregina bete dezakeen bakarra.

Rajendra Singh irakaslea, Rajastanen (India) uraren zikloa berrezarri eta hezetasuna berreskuratuz ibaiak eta biodibertsitatea biziberritzeko egindako lehenbiziko azpiegiturerako baten aurrean. Argazkia: Tarun Barat Sangh.

Azken hitza, itxaropenezkoa

Gauza da munduko hainbat lekutan ikusten ari garenez, tokian-tokian uraren zikloa lehengoratuz posible dela bertan klima lehengoratzea eta euriak berriro erakartzea.

COP 27-aren kariaz Rajendra Singh eta Indira Khurana irakasleek Rejuvenation of Rivers (Ibaiak biziberritu araziz) liburuan erakutsi zuten Rajastan estatuan (India) uraren zikloa berreskuratzen egindako lanen emaitza, nola 35 urteren buruan eskualde kasik desertu bilakatutako hura berriro lurralde oparo bilakatu den, jada agortutako zazpi ibai berriz urez asetzearekin batera.

Brasilen Sebastião Salgado eta Lélia Wanick Salgadok baso berriak landatu dituzte Rio Doce ibaiaren bazterretan, deforestazioaren eraginez biluzik geratutako belaze soildu eta muino higatuetan. Zuhaitzekin batera itzuli da hezetasuna eremu haietara, ahitutako iturburuak berpiztuz eta biodibertsitatea berreskuratuz.

Saudi Arabian, Al Bayda eskualdean, euri urei ihes egiten utzi barik bertan eutsi eta lurzoruan barnatzen egindako lanei esker lortu dute berriro berdaraztea azienden presio handiegiak desertifikatutako eremua eta denborarekin bertaraino euriak itzultzea ere bai. Egipton, Sinaiko penintsularen berdetzeari ekin diote Bardawil aintzira lehengoratzearekin, Mediterraneotik hurbil, Hydrater la Terre, le rôle oublié de l’eau dans la crise climatique (Lurra hezetu, klimaren krisian urak daukan garrantzia ahaztua) liburuan Ananda Fitzsimmonsek erakutsi duenez.

Klimaren berotzea gertatzen ari denean, uraren zikloa berrezartzearekin lor daiteke euriak ekar araztea eta landareen ebapotranspirazioa dela medio lurzoruek irradiatutako beroa murriztearekin klima freskatzea. Mundu mailan antolatzen baldin badira baso-berritze masiboak eta laborantza ereduen trantsizioa, horrek uraren zikloa lehengoratzeaz gain ekar lezake lurzoruen biziberritzea, karbonoa zuhaitzetan, landareetan eta lurzoruko humusean biltegiratzea eta, azken finean, atmosferako CO2 kopuruak nabarmen murriztea: klimaren helburuetan txertatuz gero uraren zikloaren lehengoratzea, irtenbide askoz orokorragoa emango zaio klima-aldaketari.

Karbonoaren zikloa, uraren zikloa, ingurunearen eta lurzoruaren biodibertsitatea… denak asaldatu eta suntsitu ditu gizateriak. Multinazional harrapari sorta baten aberastea oinarritu da baliabide naturalen eta fosilen erauzketa masiboan, bazter guztietan biziaren mekanismoen ordez ezarriz etekinak eskaintzen dizkieten prozesu kimiko eta industrialak.

Karbonoaren eta uraren zikloak eta ingurunearen eta lurzoruen biodibertsitatea, denak daude elkarri estu lotuta beren funtzionamenduan. Horien osotasuna da, beraz, leheneratu behar dena, "lan eginaz landareekin, lurzoruekin eta urarekin, klima hozteko eta Lurreko paisaiak berriro hezetzeko" Nazio Batuen Ingurumen Programak dioen moduan.

Izaki bizidunekin egin lan, eta ez haien ordez edo haien aurka, horrek ahalbideratuko digu biziaren ziklo guztiak berrezartzea, gure planeta urdin ederra berriro izaki bizidunez lora dadin oparo.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uraren kudeaketa
2024-02-01 | Jon Torner Zabala
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik

Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren narratiban uraren kudeaketa sartu beharraz

Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa. Zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur... [+]


2023-07-18 | Ilargi Manzanares
Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak itxiko dituzte, ur kontsumoa murrizteko

Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.


Eguneraketa berriak daude