ChatGPT-k hau ere badaki: datu zentroek milioika litro ur lapurtuko digute

  • Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren sistemak hozteko. Errekak eta geruza freatikoak kaltetzen ari dira, mugarik gabeko hazkundearen ondorioz.

Datu zentroek gero eta konputazio gaitasun handiagoa behar dute. Ikerketa batzuen arabera, 2027an adimen artifizialak Erresuma Batuak adina ur gastatuko du ordenagailuek isuritako beroa hozteko.
Datu zentroek gero eta konputazio gaitasun handiagoa behar dute. Ikerketa batzuen arabera, 2027an adimen artifizialak Erresuma Batuak adina ur gastatuko du ordenagailuek isuritako beroa hozteko.Microsoft
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Amazonek duela hilabete pasatxo egindako iragarpenaz akordatuko da irakurlea seguruenik: Aragoin dituen datu zentroak sei bider handitzeko 17.500 milioi euro gastatuko dituela esan du. Nafarroako Erriberatik apenas ehun kilometrora, alor horretako munduko hub edo gune handienetako bat sortuko du Amazon Web Services filialaren bidez.

Baina ez da halako asmoak dituen multinazional bakarra. Beste big tech batek –erraldoi teknologikoei deritze horrela–, Microsoftek, berriki esan du “cloud eskualde” bat sortu nahi duela Madrilen dituen hainbat azpiegitura elkartuta, “adimen artifizialeko soluzioak” eskaintzeko bere bezeroei, tartean Mapfre, Naturgy, Telefónica, baita Nafarroako Gobernua ere –duela gutxi María Chivite presidentearekin sinaturiko kolaborazio hitzarmenaren bidez–.

Adimen artifizialak, klik batean bizitza erraztuko omen digun horrek, eredu sozial jasangaitz bat ezkutatzen du, eta lehen arazoa ekologikoa da: informazioa biltzeko muga barik hazten ari den cloud edo laino ustez birtual eta etereo horrek fisikoki irauteko energia itzela behar baitu, mineralen erauzketatik hasi eta datu zentroen zerbitzariak martxan edukitzerainoko kate guztian.

Chatbotekin funtzionatzen duten ChatGPT eta antzeko aplikazioek, sekulako konputazio-gaitasun eskaria sorrarazi dute. Horri erantzuteko, “hiper-eskalako” datu zentroak ari dira eraikitzen,  ez orain arte ezagutzen genituenak bezalakoak: “Diferentzia ez dago tamainan bakarrik, baita boterearen kontzentrazioan eta erabilitako teknologian ere”

Chatbotekin funtzionatzen duten ChatGPT eta antzeko aplikazioek, sekulako konputazio-gaitasun eskaria sorrarazi dute. Horri erantzuteko, Aragoikoa bezalako “hiper-eskalako” datu zentroak ari dira eraikitzen han eta hemen. Datu zentro horiek ez dira orain arte ezagutzen genituenak bezalakoak: “Diferentzia ez dago tamainan bakarrik, baita boterearen kontzentrazioan eta erabilitako teknologian ere”, azaldu du Tu Nube Seca Mi Río plataformako aktibista den Aurora Gómezek Canal Red-eko Al lío eztabaida saioan: “Orain arteko zentroek energia izugarria behar zuten, eta aldiz, hauekin esaten dute energia gutxiago gastatuko dutela, baina horretarako ura kopuru izugarritan sartzen dute zerbitzariak hozteko”.

Gómezek eta bere ingurukoek plataforma sortu zuten Talavera de la Reinan (Gaztela Mantxa, Espainiako Estatua) Metak erabaki zuenean hiper-eskalako zentro horietako bat jartzea Tajo ibaitik gertu. “Ni hemen baldin banago Mark Zuckerbergen erruz da”, azaldu dio aurkezleari. Talavera de la Reinan hango poligono industriala baina handiagoa den eremu batean eraiki nahi du Whatsapp edo Instagram bezalako aplikazioen jabe den multinazionalak bere datu zentroa, eta milioika litro ur erabiliko ditu barruko zerbitzariak hozteko. Zentro horiek mantentzeko urtean batez beste 25 milioi litro ur behar direla diote, hiri handi batek behar duena adina.

Azken belaunaldiko datu zentroak eskala handiagokoak dira, eta ustez energia gutxiago gastatzen dute baina horretarako ura kopuru handitan erabili, zerbitzariak hozteko. Irudian, Metak Tajo ondoan, Gaztela Mantxako Talavera de la Reinan egin nahi duen datu zentroaren errekreazioa, urez inguratuta.

Aragoiko datu zentroaren kasua antzekoa da. Hango presidente eskuindar Jorge Azcónek Amazonen proiektuaren aurkezpenean esan zuen Aragoi “Europako Virginia” izatea nahi zuela: “Guri ikaragarriak iruditu zitzaizkigun hitz horiek –dio Gómezek–, zeren eta mugimendu sozial guztiek dakite munduan datu zentro gehien dituen lurraldea dela AEBetako estatu hori, eta idortuta utzi dutela guztiz. Virginian jendea hondakinen ura berrerabiltzen ari da edan ahal izateko, ur edangarri guztia datu zentroek eraman dutelako”.

Horrelako azpiegituren kontra Txilen, Uruguain, Herbehereetan, Irlandan edo Singapurren daramatzaten borrokak errepasatu ditu Gómezek Canal Reden, eta gogorarazi du zenbait tokitan moratoriak ere jarri dituztela martxan. Horregatik, Metaren Talavera de la Reinako proiektua erabili nahi dute Espainiako Estatuan ugaritzen ari diren –Madrilen eta Bartzelonan soilik, %500 gehiago– antzeko beste proiektuen arriskuez modu zabalean ohartarazteko.

XXI. mendeko ludismoa

Multinazionalak despopulazioa eta langabezia jasaten duten landa eskualdeekin jokatzen ari direla salatu du Tu Nube Seca Mi Río plataformako kideak, hango baliabideak lapurtzeko: “Egin zezaketen beste modu batean, ur gutxiago gastatuta, baina hau tekno-kolonialismo hutsa da”, dio. Amazonek, adibidez, Aragoiko Gállego ibaiko ura depositu batean bilduko du eta zuzenean hodi batekin konektaturik erabiliko du bere datu zentroetarako –gobernu autonomikoak obra guztia ordaindu du noski–.  

 “Proiektu hauek guztiek aurrerapenaren eta enpleguaren ideia saltzen dute, eta kontra azaltzen bazara iraindu egiten zaituzte: ‘Ludita’ deitzen dizute”

Gómezek esperientziaz hitz egiten du. Nerabea zela, Gaztela Mantxako bere herrian gaur egun erabiltzen ez den aireportu bat eraiki zuten eta lurrak desjabetu zizkieten: “Kexatu ginen familiek ostrazismoa jasan genuen eta 25 urteren ondoren oraindik askok ez digute hitz egiten, ustez aurrerapena zekarren makroproiektu baten aurka jarri ginelako. Proiektu hauek guztiek aurrerapenaren eta enpleguaren ideia saltzen dute eta kontra bazaude iraindu egiten zaituzte; ‘ludita’ deitzen dizute.  Baina nik oso arro daramat hori, klase ikuspegitik lanean ari ziren pertsonak zirelako luditak, eta teknologiaz birjabetu nahi izan zutelako”.

Hitzaldiak ematen dituztenean, askok teknosoluzionismo-ra jotzen dutela dio: “Galdetzen digute: ‘Ezingo genuke honako teknologia erabili?’ edo ‘Ezin ditugu datu zentroak itsaso azpian jarri?’... Guk Eugeny Morozoven La locura del solucionismo tecnológico (Soluzionismo teknologikoaren eromena, Katz, 2016) liburuarekin kaskarrekoa jotzen diegu orduan: ezin dugu. Ezin ditugu teknologiarekin sorturiko arazoak konpondu teknologia gehiago erabilita. Pentsatu behar duguna da datu zentro horiek boterea zentralizatzen dutela, eta anarkiatik gatozen jendearentzat hori ez da batere ideia ona. Deszentralizatzea, ditugun datuen kontziente izatea, gure urrats guztietan burujabetza berreskuratzea... hori da egin beharko genukeena”.

Aragoi Villanueva de Gállego herrian hiru datu zentro ditu Amazonek, Zaragozatik gertu. Azpiegitura hori sei bider handituko du milaka milioi euro gastatu eta Gállego ibaiko ura erabilita.

Ur kontsumoaren leherketa

Espainiako Estatuko agintariek etengabe zerrendatzen dituzte lurraldeak dituen abantailak datu zentroak eraikitzeko: “Europako zuntz-sare hoberena dugu, Amerikarekin eta Afrikarekin lotzen gaituzten itsas-hondoko kableak eta energia berriztagarri ugari”, azaldu dio El Diario.es egunkariari José Luis Escrivá Eraldaketa Digitaleko espainiar ministroak. Baina beste tokietako ministro jaunak ere ari dira egiten Xenpelarri Hernaniko ferian betroia saltzean egin ziotena: Macronen gobernuan Ekonomiako kartera daraman Bruno Le Mairek, adibidez, “Europako lider” bihurtu nahi du Frantziako Estatua alor horretan.

Reporterre-n irakurri dugu Île-de-Franceko 7.000 biztanleko Wissous herrian Amazonek duen datu zentroa handitzeko asmoei buruzko Data centers: leur consommation d’eau va exploser (Datu zentroak: ur kontsumoa lehertuko da) erreportajea, Fabien Benoiten eskutik.

 Kaliforniako ikerlari batzuek egindako esperimentuaren arabera, ChatGPTri galdera bat egiten diogun bakoitzeko 0,5 litroko botila bat ur gastatzen dugu

Gaian aditua den kazetari eta dokumentalistak dioenez –besteak beste Silicon Valleyren kasua aztertu du liburu batean– proiektuaren sustatzaileak hitzeman du Wissouseko datu zentroak apenas gastatuko duela zazpi etxebizitzak adina ur: “Baina eztabaida zabalik dago, datu zentroen ur kontsumoa angelu itsu bat delako kasu askotan. Ekuazioa nahiko sinplea da –dio kazetariak–: datu zentroek beroa sortzen duten gero eta makina gehiago dituzte eta hoztu egin behar dira”. Horretarako, klimatizazio klasikoaz gain, ur zirkuituak daude, irekiak zein itxiak, baita urez lainoztatzeko prozesu termodinamikoak ere.

Benoiten ustez, paradoxikoa da energia kontsumoaren irtenbide “berde” gisa jartzea uraren erabilera masiboa. Zifra bat ematen du arazoari tamaina hartzeko: Googlek bere azkeneko ingurumen txostenean aitortu du urtean 28.000 milioi litro ur erauzten dituela; horietatik bi heren datu zentroak hozteko dira, eta 2018tik %82 hazi da ur erabilera.

Baina, nahi bada, hizkera ukigarriago bat ere erabili daiteke: Kaliforniako ikerlari batzuek egindako esperimentu baten arabera, ChatGPTri galdera bat egiten diogun bakoitzean 0,5 litroko botila bat ur gastatzen dugu. “Adimen artifizialak ur kontsumoaren leherketa ekarriko du”, ondorioztatu dute. Konparaziorako, adimen artifizialak Erresuma Batuak adina ur gastatuko du 2027an, Reporterre-ko kazetariari azaldu diotenez.

Maoriek badute alternatiba: datu komunitateak

Mundu osoan eskala handiko datu zentroak eraikitzen ari diren bitartean, Zeelanda Berrian, maoriek guztiz kontrakoa egingo dute, eta teknologikoki garatuen dauden herrialdeei erakutsiko diete aurrerapena ikuspegi kontua ere badela. ARGIAko eta Iametzako informatikari Asier Iturralderi esker jakin dugu horren berri.

"Iwi Māori-ak (komunitate maoriak) Iwi Māori-entzat egina, datuak biltzeko horrelako azpiegitura bakarra da munduan", halaxe deskribatu dute Te Pā Tūwatawata izeneko sarea, maori hizkuntzan aritzen den irrati eta telebista katean. 2025ean zabaldu nahi duten datu zentro honek maorien burujabetza digitala izango du kontuan. Horretarako "kaupapa" probestuko dute –ezagutzan sakontzeko maoriek erabiltzen duten kontzeptu bat– eta "sarea konektatzeko zerbitzariak datuen bihotzean oinarrituko dira: marae-ak (leku sakratuak), elkarte sozialak eta beste iwi edo maori herri nagusi batzuk", azaldu dute.

Normalean datuak biltegi handitan egon ohi dira kokaturik, iturrietatik eta pertsonetatik isolatuta: "Kaupapa honekin datuak ostatatzen ari gara dagokien tokian, datuek esanahi garrantzitsu bat duten pertsonen babespean", diote ekimenaren sustatzaileek.  Hala, inbertsio nagusietako bat izango da iwien gaitasunak lantzea datuak gordetzen dituzten toki horiek egoki administratu eta mantendu ditzaten.

Holako datuak tantaka iristen zaizkigu, besteak beste orain arte Google, Meta, Microsoft, Amazon, OpenAi, Apple eta beste erraldoi teknologikoak ez daudelako derrigortuta ur kontsumoari buruzko informazioa ematera. 2023ko hondarretan Europar Batasunean zuzentarau bat onartu da, eta ezarri du 500 kW baino gehiagoko gaitasuna duten azpiegiturek euren efizientzia energetikoari buruzko gardentasun txostenak argitaratu behar dituztela.

Ez da gutxiagorako, kalteak itzulezinezkoak izan baitaitezke, klima larrialdiarekin ura baliabide preziatua bihurtu den honetan: “Badakigu datu zentroen operatzaileak geruza freatikoak zulatzen ari direla”, dio erreportaje berean Sous le feu numérique (Su digitalaren pean) liburuaren egileetakoa den Cécile Diguetek. Île-de-Francen, bereziki Wissous dagoen Essonne departamentuan, geruza hori  gero eta maila baxuagoan dagoela antzeman dute.

Euskal Herri euritsua azpiegitura horien mehatxutik salbu dela uste duena has daiteke hori burutik kentzen. Badakigu Nafarroan Amazonek gutxienez "eskala handiko" bi zentral-fotovoltaiko eraiki nahi dituela horiei lotuta –horren berri eman genuen ARGIAn–, "berriztagarri" etiketarekin apaintzeko bere energia kontsumoa; eta ezin ahaztu Bilboko portua dela itsaspeko zuntz kableen helmuga nagusietako bat Europan. Batzuk, “Bilbo-Nafarroa ardatza” izena hasi dira sartzen multinazionalen datu zentroak erakartzeko lehiaren tonbolan. Aurki ditugu hemen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | Jesús Rodríguez
Zarata egiteari utzi, gora begiratu

Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza meteorologikoek sutu zituztela suteak, berotze global antropogenikoaren... [+]


Plastikoaren birziklapenaren iruzurra:
Industria petrokimikoaren ‘gerrillariak’ Genevan

Plastikoaren kutsadura saihesteko azken gailurra porrot izugarriarekin amaitu da Suitzako Geneva hirian, abuztuan. Hori zuten bilatzen petrolio-herrialdeek, plastikoa milioika tonatan sortzen jarraitzeko. Birziklapena da beraien tekno-soluzioa, baina gero eta garbiago dago... [+]


Analisia
Zarataren erdian... noranzkoak

Euria ari du. Ekaitza. Egun beroegi baten ondorengo bustialdia. Eta tenperatura jaitsiera bedeinkatua. Ez dakit Galizia aldean euririk egin duen azken aldian, ez dakit suteak itzalita diren jada, eta etxetik irten behar izan zutenak itzuli ahal izan diren.

Komunikabideetan... [+]


Valle de Odieta makroetxaldeari 2.272 abelburu gehiago izateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako epaiketaren atarian

Irailean aurkeztu zuen enpresak Caparrosoko makroetxaldea handitzeko eskaera, eta ingurumen baimena argitaratu du gobernuak astelehenean. Asteartean hasi da makroetxaldearen aurkako epaiketa lurrak nitratoz kutsatu dituela leporatuta, eta akusazio partikularra osatzen duten... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaitzen ari dira lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]


2025-09-02 | Jon Torner Zabala
Zentral nuklearrak eraisteko Espainiako Gobernuaren diru-partida jada 20.300 milioi eurokoa da

Urtebetean %0,8 handituta (165 milioi euro gehiago), Espainiako zentral nuklearrak itxi eta hondakin erradioaktiboa tratatzeko aurrekontua 20.367 milioi eurokoa da jada, Enresa enpresa publikoak emandako datuen arabera. Diru-partidaren zatirik handiena (17.520,5 milioi euro)... [+]


Mendiko suteak eta basozaintza

Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]


Lurrikara Afganistanen: gutxienez 1.400 hildako eta herritar andana hondakin artean harrapatuta

6,0 graduko lurrikara bat eta hainbat erreplika izan dira igandetik astelehenerako gauean. Kalte oso larriak eragin ditu herrialdearen ekialdean. Ehunka etxe suntsitu ditu dardarak.


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


Eguneraketa berriak daude