Bermeora ur edangarria itsasontziz garraiatzen hasi dira

  • Santurtzitik itsasontziz eramaten dute ura eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunen arbera uraren kalitatea bermatuta dago. Behin-behineko neurria da eta epe luzerako irtenbidea Zadorrako ura Mungiatik Bermeora eramateko hodia egitea dela adierazi dute. Eguzki mugimendu ekologistak zalantzan jarri du sare sozialetan zabaldutako bideoaren inguruan partzuergoak eman duen azalpena.

Bermeo. Argazkia: Roberto Latxaga, Flickr.

2022ko abuztuaren 19an - 12:19

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa ura Santurtziko portutik Bermeokora itsasontziz garraiatzen hasi da, dagoen ur eskasiari aurre egiteko. Ez ohiko egoera bati erantzuteko ez ohiko neurri bat izan dela azaldu du Pedro Barreiro Ur Patzuergoko kudeatzaileak. Gaineratu du Bizkaiko urtegiak edukieraren %70ean daudela eta, ondorioz, egoera normala dela eta ez dagoela ur eskasiarik. Bizkaiko kostaldeko herri batzuetan, ordea, egoera bestelakoa da: “Eskualde horietan ura akuifero, errekasto eta ibaietatik hartzen da, eta, beraz, hain euri gutxi egin izanak eta tenperatura altuek eragin dute aurtengo egoera ezohikoa”. Hala jaso du Berriak.

Hainbat herritar uraren kalitatearen inguruan kezkatuak zeudelako, Barreirok adierazi du ez dagoela ur horrek baino kontrol gehiago duenik. Izan ere, itsasontziaren tanga lau aldiz garbitu omen dute eta osasun zerbitzuek beharrezkoak diren baimen eta oniritzi guztiak eman dituzte.

Partzuergoak ura itsasontziz garraiatzea irtenbiderik merkeena dela adierazi du. Proiektuak 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka eta partzuergoak adierazi du 1.497.000 euro ordainduko dituela BEZa ez dutelako ordaindu behar. Itsasontzia urrira arte egongo da lanean. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa balitz, epea luzatzeko aukera dago eta arazoa lehenago konponduko balitz zerbitzua eteteko aukera ere egongo litzateke. Betiere gastu finko batzuk ordainduz.

Horrez gain, sare sozialetan zabaldu zen itsasontzitik ura ateratzen zela erakusten zuen bideoaren polemikaren inguruan ere mintzatu dira partzuergoko arduradunak. Bideoan ura isurtzen ari zen itsasontziko hodietatik itsasora eta batzuek istripua izan zela esan zuten. Arduradunek, ordea, adierazi dute ez zela istripua izan, proba bat baizik.

Hona sare sozialetan zabaldutakoa: 

Eguzki euskal elkarte ekologistak proiektua kritikatu du, eta ur litro bakoitzaren kostua kalkulatu du. Ur litro bakoitza 0,90 euro kostatuko da eta horri ponpaketaren kostua eta urarena gehitu behar zaizkio. Beraz, nabarmendu dute hobe litzatekeela “dendetan ura doan hartzeko bonoak oparitzea”. Bideoaren harira ziurtatu dute Bermeoko EAJren arabera bideoan agertzen dena matxura txiki baten ondorioa dela, baina adierazi dute eragin garbia dela litroko euro bat edo gehiago kostatzen den ur hori alferrik galtzen ari dela.

Gainera, elkarte ekologistak eskatu du laginketa guztien berri eman dezatela, zalantzak argitzearren. Zadorrako ura Mungiatik barna Bermeora eramatearen proiektua ere kritikatu du elkarteak.

Behin-behineko irtenbidea

Bilbo Bizkaia Ur Partzuegoko Aktiboen Kudeaketa eta Ustiapeneko zuzendaria da Koldo Urkullu. Hark adierazi du arazoaren behin betiko irtenbidea “Zadorrako ura Mungiatik Bermeora ekartzeko hodia” egitea dela. Oraingoz, ordea, lanaren diseinua esleitzeko prozesuan dago eta bertan bi milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du partzuergoak. Hamazazpi kilometroko hodia eraiki eta Bermeoraino iristeko Sollube mendia tarte batzuetan zulatu beharko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bermeo
2024-03-11 | Garazi Zabaleta
Gu zu bio
Ontziratu gabeko garbiketa produktu ekologikoak, Bermeoko dendan

Ateak ireki berri ditu Bermeon Gu Zu Bio dendak, otsailaren 17an egin baitzuten inaugurazio ekitaldia. Edurne Zulueta Aranguena da proiektuaren bultzatzailea, eta berak azaldu bezala, garbiketako produktuei lotutako kontsumoari buelta bat eman nahi izan dio egitasmoarekin... [+]


2023-07-26 | Ilargi Manzanares
Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Bermeoko Udalak Elantxoben larunbatean gertatutako erasoa gaitzetsi du, eta Anitzak Bilbao LGTBIQ+ elkarteak asteartean Bilbon gertatutakoa.


2023-06-09 | Ilargi Manzanares
Bermeoko 'Beti Euskal Herria' itsasontziko "esklabismoa" salatu du LABek

Sindikatuak salatu du Bermeoko baxurako arrantzako itsasontzia amarratua geratuko dela. "Egoera penagarrian" lan egiten zuten langileak kaleratu dituzte, aurretik informazio edo azalpenik jaso gabe. Beti Euskal Herria ontziko arduradunen jokabidea arrantza sektorearen... [+]


Bermeoko herri mugimenduen Kabidxe gunea arriskuan da, EAJk han Gaztelugatxeko interpretazio zentroa ezarri nahi duelako

Kabidxe gune sozialean biltzen diren taldeek kezka adierazi dute. Udal Gobernuarekin (EAJ) interlokuziorako proposamena bidalita ere, hedabideen bidez jakin dute haiek, udalarekin 2014an adostutako akordioaren arabera, kudeatutako lokal publikoan ezarri nahi dutela... [+]


Ura Busturialdean
Emaria itxi ez dadin, hurbiletik kudeatzearen garrantzia

Busturialdeko Ur Partzuergoa desegin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hartu du bere gain Busturialdeko urak kudeatzearen ardura, urte hasieran. Erabaki horrekin, ura multinazionalen esku utzi eta pribatizatzeko dagoen arriskuaz ohartarazi dute hainbat talde politikok eta... [+]


Eguneraketa berriak daude