Busturialdeko Ur Partzuergoa desegin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hartu du bere gain Busturialdeko urak kudeatzearen ardura, urte hasieran. Erabaki horrekin, ura multinazionalen esku utzi eta pribatizatzeko dagoen arriskuaz ohartarazi dute hainbat talde politikok eta eragilek. Eskualdeak historikoki izan duen defizit hidrikoa konpontzeko, tokian tokiko kudeaketa defendatu dute, itsasontziz ura inportatzen aritu beharrean, udako sikatean gertatu bezala.
Urak tokian tokiko kudeaketa jasangarria izan behar du, Europar Batasuneko uraren esparru-zuzentarauak eta Nazio Batuen Erakundeak adierazten dutenez. Horren arabera, harrotik ahalik eta gertuen kudeatu beharreko baliabidea da, udal eskuduntzek kudeatu beharrekoa, alegia. Bizkaian, alta, aholkuei entzungor egin eta azken urteotan eskualdeek zituzten ur partzuergoak desegin dituzte pixkanaka. Hori horrela, egun, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lurraldeko uraren %95etik gora kudeatzen du. Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) izan da desegiten azkena.
Jon Bernat Zubiri Bermeoko GUZAN talde munizipalistako kideak adierazi duenez, aspaldian hasi ziren eskualdeko agintari batzuk BUPen desinbertitzen: “2017. urtetik ez dira beharrezko inbertsioak egin, aurreko plangintzetan udalerri guztiek adostuak zituzten konponbideak ez dira gauzatu”, dio. Desegitearen alde agertu ziren eskualdeko udalerrietako EAJko alkateek, baliabide ekonomiko eta teknikoetan gabeziak daudela argudiatu izan dute. Eskualdea osatzen duten hamasei herrietatik bederatzik babestu zuten erabakia.
Bilbao Bizkaia Partzuergora sartzearen aurka azaldu dira EH Bilduk eskualdean dituen alkateak. Ez dute gogoko egungo eredua, eta ura eskualdean kudeatzea defendatzen dute. Desegin aurretiko legegintzaldian (2011-2015) BUPen lehendakari izandako eta egun Ea udalerriko alkate den Iratxe Arriolak jeltzaleen argudioak gaitzetsi eta nabarmendu du Busturialdean ez dagoela baliabide ekonomiko faltarik: “Milioi bat eurotik gorako soberakina egon da, aurrekontuaren laurdena baino gehiago inbertsioetara bideratzeko moduan”. Urdaibaiko urak kudeatzen zituen partzuergoa desegitearen atzean, uraren kudeaketa multinazionalen esku utzi eta “negozioa” egiteko asmoa dagoela uste du.
Ura kanpotik eramanda ere, Busturialdeak dituen gainerako defizit guztiek
hor jarraituko dute
Baliabide teknikoei dagokienean, partzuergo aldaketa gorabehera, inguruko ura kontsumitzen dute Busturialdean. Sei sistema desberdin dituzte. Gaur egunean, eskualdeko sistema osoa kontuan hartuta, udan defizit hidrikoa dagoela aitortu du Arriolak. Hain zuzen, adituen arabera ur falta egiturazko arazoa da Busturialdean eta baliabide propioekin sarritan ezin da bermatu, udako hilabeteetan nagusiki: Urdaibaiko uraren hornidurarako planak jasotzen duenez 70 eta 100 l/s arteko defizit hidrikoa dago.
Defizit horren arrazoietako bat Gernika-Lumon dagoen La Vegako laugarren putzua industria garaian kontaminatu izana da Arriolaren esanetan. Bertan erabiltzen ez diren 60 l/s-ko daude, baina egun saneamendu sarera doaz zuzenean. Industriarako, kaleak garbitzeko, lorategiak ureztatzeko erabili daiteke, baina horren ordez edateko ura erabiltzen da. Bestalde, Busturialdeko enpresa handienak, Maierrek, eskualdean erabiltzen diren ur edangarriaren 12.000 litro metro kubotik 1.000 erabiltzen ditu egunero. Horrez gain, azken bi hamarkadetan ur harguneetatik gertu landatutako eukaliptoen ondorioz ur gutxiago biltzen da. 56 hornidura gune daude eskualdean zehar, baina gainazaleko uren %20 galdutzat ematen da. Era berean, Arriolak azpimarratu du urteetan ez direla egoki mantendu eskualdeko hornidura sareak, jario handiak dituztela eta ura galdu egiten dela. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BUPeko udalerri denek 2020an aho batez onarturiko Urdaibaiko Hornikuntza LEE partaidetza prozesuko planean azaltzen da sistemek %40 galtzen dutela batez beste eta zifra altua izanik berriztatzea beharrezkoa dela. Arriolaren hitzetan, baina, ez da inbertitu nahi izan eta soluzioa kanpotik ekarri nahi izan dute.
Zadorra sistemara konektatzea
“LEE planean ageri diren neurrien artean lehena zen hoditeria horiek konpontzea”, dio Arriolak. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak aldiz bestelako konponbideak aurreikusten ditu datozen urteetan. Horietako bat Mungia eta Bermeo artean hoditeria eraikitzea litzateke, eskualdea Zadorrako ur kudeaketa sistemara lotzeko. Egun, Mungiaraino iristen dira Zadorrako urak. Eako alkateak nabarmendu duenez LEE planean zortzigarren eta azken irtenbidea da Zadorrakoa.
Halaber, Zadorra sistemak bere arazoak ditu eta tokiko baliabideak alboratu eta han zentratzeak Bizkaia osoa hornitzeko ondorioak dakartza bere esanetan. Janire Brijueska Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Lehendakaritzako eta Gerentziako Kabineteko arduradunak azaldu duenez errekurtso propioak iristen ez direnean joko dute Zadorrako hargunera, Busturialdea Bilbao Bizkaia Partzuergoko parte den heinean "beste eskualdeekin egiten duten bezala".
Zubirik dioenez, azken asteetan Gernikan Guggenheim berria eraikitzeko baldintza gisa planteatu da ura Zadorratik ekartzea, argudiatuz ezin dela turismoaren garapen sakonagoa egin eskualdean, ez bada edateko uraren ahalmena handitzen. Hain zuzen ere, turismoa bultzatzeko 100 l/s-ko gehiago behar direla diote egungo agintariek, oposizioaren 60-70 l/s-ko defizitaren aurrean.
Bai Zubirik eta bai Arriolak argi dute halako erabakiak herritarrei begira baino turismoan oinarritutako garapen ekonomikoari erreparatuta hartu direla, baina ohartarazi dute Busturialdea ez dagoela masa turistiko handia jasotzeko prest: “Hainbat urtez abandonaturiko eskualdea izan da”. Hala, ura kanpotik ekarri arren gainerako defizit guztiek bertan jarraituko dutela uste dute.
Itsasontzi batean
Uda honetan Bizkaia osoan bezala, Busturialdean ere ohi baino euri gutxiago egin du eta hornidura segurtatzeko hartu diren neurrietan nagusienak zeresana eman du: ura itsasontziz eraman du Bilbao Bizkaia Partzuergoak. Urriaren erdira arte, Dutch Spirit itsasontzia eskualdea ur edangarriz hornitzen aritu da: Bilbao Bizkaia Partzuergoak Santurtziko portuan dagoen ur hargune batetik hartu eta Bermeoko portuan deskargatu du ura, egunean 2.000 metro kuboko ekarpena eginez. Brijueskak zehaztu du itsasontziaren bitartez 103.470 metro kubo sartu direla sisteman, “dena edateko”.
Busturialde osoko ur kontsumoa 12.000 metro kubokoa da eguneko eta egunean 2.000 ekarrita, ez da %8ra iristen. Bermeok soilik egunean 4.000 metro kubo erabiltzen ditu. Arriolak azpimarratu du barkuak aspaldian utzi ziola funtzionatzeari eta bere ustez efektu mediatikoa lortzea izan da helburu nagusia –1,8 milioi euroko kostua izan du–. Brijueskak zehaztu du itsasontzia beharrezkoa zela, baina ez dela mekanismo propioak ezeztatzeko neurririk hartu, “osagarriak dira ura bermatu eta fluxu ekologikoak ez kaltetzeko”. Hala, azaldu duenez, beste neurri batzuk ere aztertu ziren itsasontziaren aurretik, ur gaziari gatza kentzea adibidez, baina ingurumenerako ez zela komenigarria ondorioztatu zuten. Ura kamioietan eramatea ere planteatu zuten, eta horrez gainera, gauetan uraren presioa jaistea erabaki zuten, eta ura hainbat jardueratarako erabiltzea debekatu.
Ikusteke dago etorkizunean emango diren pausuak pribatizazioaren bidean ote diren; momentuz, duela zenbait urte Madrilen aurrekari izan zen Canal Isabel II-an emandakoak jarraitu direla ohartarazi dute
Alternatibei erreparatuz, Gernika-Lumoko La Vegako putzua berrerabiltzearen aukeraz hitz egin du Arriolak. Horrez gain, defizit hidrikoa hornitzeko Oiz menditik Ajangizera doan hoditeria konpontzea ere beharrezkoa dela uste du; kondukzioa "Francoren garaikoa denez, galerak ditu –20 l/s-ko dakartza egun eta jatorrian 70 l/s-ko behar luke–. Adabakiak egin baino hoditeria guztia berritu beharko litzake bere aburuz: “Horrekin soilik konpon daiteke Busturialdeko defizit hidrikoaren arazoen %80”. Brijueskak, berriz, defendatu du hamar hilabetetan mantentze lanak egin dituztela eskualdean ura bermatzeko, hodiak konpondu, sistemara egokitu eta galerak aztertu dituztela. Hala, 78 l/s-ko berreskuratu dituztela lan horiekin.
Multinazionalen esku
Kudeaketa ereduak alderatuz, Bilbao Bizkaia Partzuergoak etorkizuneko bere helburuak lortzeko uraren inguruko hainbat multinazional esanguratsu azpikontratatu ditu, eta langileen %60 multinazional horientzako ari dira. “Nahiz eta Bilbao Bizkaiko lantaldea publikoa izan eraikuntza lanak eta kudeaketarenak enpresa handiek egiten dituzte. Ez dauka bere langilerik horretarako”, salatu du Arriolak.
Diru aldetik ere ez dago garbi kudeaketa berria hobea denik. BUPek 6-7 milioi eurotako aurrekontua zuen urtean. Bilbao Bizkaiak aldiz 200dik gorakoa lurralde osorako. Biztanle bakoitzeko kopurua kalkulatuz gero, Busturialdeak Bizkaiko batez bestekoa baino gehiago zuen lehen. Horrez gain, BUPek langile publiko egonkorrak izan ditu lantaldean, multinazionaletan azpikontratatu gabe. Halaber, hoditeria Udal Sarea SAren bidez gestionatzen du Bilbao Bizkaiak eta ekonomia eskaletan azpiegitura handiak darabiltza, azken urteotan 150 milioi euro jaso ditu horietarako.
Pribatizazioren atariko, publikoa kaskartzen dutela azpimarratu dute eredu horren kontrakoek: “Bilbao Bizkaiak modu deszentralizatuan eta arroen arabera funtzionatuko balu agian oso eraginkorra litzateke, baina egungo eredua ez da jasangarria”, dio Arriolak. Ikusteke dago etorkizunean emango diren pausuak pribatizazioaren bidean ote diren; momentuz, duela zenbait urte Madrilen aurrekari izan zen Canal Isabel II-an emandakoak jarraitu direla ohartarazi dute. Eta horren aurrean, ezinbestekotzat jo dituzte hurbileko kudeaketa eta herritarren parte hartzea, oinarrizko baliabidea dugun bertako urik gabe ez gelditzeko.
Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]
Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]
Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.
Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]