ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 26a

Txosten batek agerian utzi du Donostiako metro-pasantea ez dela bideragarria

  • Donostian eraiki asmo den metro pasanteari buruzko txosten teknikoa garatu du bizilagunen lantalde batek, eta bertan auzitan jartzen da Eusko Jaurlaritzak pasanteari emandako inbertsioa bideragarria ote den.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta
2018ko maiatzaren 10a

Azterketa-lana idatzi duen taldeko kide Jose Antonio Fernandez de Larrinoak aurkeztu du txostena prentsaurreko bidez. Eskatu du Jaurlaritzak pasantera bideratutako inbertsioa Topoaren eta EuskoTrenen egungo trenbideen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzera zuzentzea.

Jarraian EuskoTreneko langile Oskar Bordesek hartu du hitza, eta bere jardun profesionalean oinarrituta EuskoTrenek dituen gabeziak argitu ditu eta eta Jaurlaritzak pasanteari emandako lehentasuna auzitan jarri du, azterketa txostenaren ondorioekin bat eginez.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen plataformak parte hartu du prentsaurrekoan. Bertan adierazi dute txosten teknikoa Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS) aurkeztu diotela, eta puntuz-puntu aurkeztu dituzte txostenean ateratako ondorioak:

1. Txostenak demostratzen du ETSak gezurra esan duela eraginkortasun gabeziak Amarako geltokiari egozterakoan, “egiaz segurtasun eta eraginkortasun arazo handienak” Herrera ekialdean eta Errekalde mendebaldean aurkitzen direlako. Geltoki hauek “trenbide bikoitza ez dutelako”.

2. Bestalde, pasantea “ez da lehentasunezkoa eta ez du segurtasun eta eraginkortasun arazo larrientzat konponbiderik ekarriko”, txostenean jasotzen denez. Are, “pasantearen ekarpena ezdeusa” izango litzatekeela esaten da.

3. “Egungo Easoko geltokiak ez du eragiten erabiltzaileen tren aldaketarik, ezta denbora galerarik”, horregatik, txostenak salatu du pasantea ez dela beharrezkoa.

Honen guztiaren ondorioz, txostenak eskatu du “Metro-pasantearen proiektua gelditzea eta bertara bideratutako inbertsioak trenbide sarearen segurtasunera eta eraginkortasunera bideratzea”.

Gaur, ostegunerako, “Garraio publikoa eta Metroaren pasantea: Lehentasuna ala xahuketa?” mahai-ingurua antolatu du Satorralaia plataformak. Hizlariak garraio publikoko enpresa desberdinetan aritzen diren langileak izango dira. Mahai-ingurua arratsaldeko 19:00etan izango da, “Karmelitasen” parrokiako zine aretoan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Donostiako metroa?

Donostiako metroa? kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude