Tximino-baztanga zabaltzen ari dela-eta osasun larrialdia ezarri du OMEk

  • Covid-19arekin jazotakoa errepikatzea saihestu nahi duela argudiatuta ezarri da larrialdi egoera. Estigma eta diskriminazioa edozein birus bezain arriskutsua izan daitezkeela gaineratu du Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak.

Infektatutako zelula baten barruan (marroia) dauden tximinoaren baztanga-partikulen (urdinxka) koloreztatutako argazkia. Argazkia: NIAID, Flickr.

2022ko uztailaren 26an - 10:08
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Tximino-baztanga birusaren egoera “nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialdia” dela adierazi du erakundeak. Uztailaren 23an eman du prentsaurrekoa OMEko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek egoeraren inguruan informatzeko. Gaixotasuna munduan zehar azkar zabaltzen ari dela nabarmendu du.

OMEk ezarritako larrialdi-egoera bi urtetan eman duten bigarrena da eta adierazi du birusak mundu mailan duen arriskua erdi-mailakoa dela, Europan izan ezik: bertan arriskua altutzat jo dute. OMEren arabera, “larrialdia ezarri ezean eta gaixotasunari aurre azkar egiten ez badiogu, berriro ere Covid-19aren aurka egindako guduan egindako akats berberak egiteko arriskua dago”.

Kutsatuak

Ghebreyesus-ek prentsaurrekoan adierazi duenez, kutsatutako pertsonen gehiengoa gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak dira. Horregatik, azpimarratu du, beharrezko ikusten du pertsona talde horri herrialdeek informazio eta zerbitzu eraginkorrak ematea eta hauen osasuna, duintasuna eta giza eskubideak babesteko neurriak hartzea. “Estigma eta diskriminazioa edozein birus bezain arriskutsuak izan daitezke” dio OMEko zuzendariak eta erakundeei deia egin die, HIESa duten pertsonekin esperientzia dutenak barne, haiekin elkarlanean aritzeko estigma eta diskriminazio horri aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.