“‘Trantsizio energetikoa’ lematzat duen bizimodu inperialak ez gaitu infernutik aterako”

  • Ekologismoa trantsizio energetikoaren dilemen aurrean gaiaz mintzatu da Jorge Riechmann ekologista ezkertiar antikapitalista Gasteizen, Araba Bizirik taldeak antolatuta. Adrián Almazán unibertsitateko irakasle eta Araba Bizirik taldeko kideak gidatu du solasaldia. Riechmannek klima larrialdiaren aurrean dauden hiru bideez hitz egin du eta hirugarren bidea defendatu du: energia eta material kontsumoak asko gutxituta eta gizarte berdintasuna garatuta egingo dena. Bi sektore jo ditu estrategikotzat aldaketa horretan: garraioa (auto elektrikoa ez dela irtenbidea azaldu du, garraio publikoa baizik) eta elikadura ("badakigu norantz egin behar dugun: agroekologiara", esan du). Bere liburu berriaren mamiaz ere aritu dira: Ekologismoa; iragana eta oraina, etorkizunari buruzko pare bat ideiarekin.

Adrián Almazán eta Jorge Riechmann Gasteizko hitzaldian. Argazkia: DosPorDos.

2024ko martxoaren 12an - 08:37
Azken eguneraketa: 11:02

Jorge Riechmann Madrilgoa da, Ekologistak Martxan eta Ezker Antikapitalista taldeetako kidea. "Hankutsik den ekologismo soziala" (dekrezentista) bultzatzen du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko etika eta filosofia politikoko irakasle da eta poesia idazten du, ekologiari buruzko saiakera lanez gain.

Gasteizen eman duen hitzaldiaren sarreran salatu du klima larrialdiaren aterabideak planteatzerakoan, propio gaia sinplifikatu eta ikuspegi murritza zabaltzen duela indarrean den diskurtsoak: trantsizio ekologikoa soilik trantsizio energetikoarekin lotzen duela, eta trantsizio energetikoa berriztagarriak gehitzearekin parekatzen duela. Trantsizio ekosoziala askoz gehiago dela oroitarazi du: mugikortasun eredua lantzea, elikadura sistema lantzea, biodibertsitatearen suntsiketa ere planteamenduen oinarrian kontuan hartzea... Baina energiaren gaira etorrita, hiru bide daudela azaldu du: orain arte bezala jarraitzea edo are gehiago azeleratzea da lehena; "trantsizio energetikoa" deitzen zaion aterabidea, kapitalismo berdea alegia, hori da bigarren bidea; eta hirugarren bide bat ere badagoela oroitarazi du, dekrezimendu azkarra eta inoizko gizarte berdintasun handiena oinarri izango dituena.

Jorge Riechmann bere liburu berria eskuan. Argazkia: DosPorDos.
A bidea, ultraeskuina eta infernuko atea

Riechmannek azaldu du klima larrialdiaren aurrean dagoen bideetako bat dela orain arte bezalaxe jarraitzea, "edo are gehiago azeleratzea gizarte industrialen garapena, eta erregai fosiletan oinarritutako energia gero eta gehiago erabiltzeko modua bilatzea". Jarrera honen barruan kokatu du ultraeskuina, zeinak feminismoaren eta ekologismoaren aurkako diskurtsoak zabaltzen dituen eta Trumpek bere diskurtsoetan haizatzen duen, "zulatu, neskatxa, zulatu" esalditxoa errepikatuz. "Bide honek desastre handi batera garamatza. Nazio Batuetako idazkari nagusi den Antonio Guterresek esana duen moduan, infernuko ateak zabaltzen dizkigu".

B bidea, premisa faltsuak eta bizitza inperialak

Bigarren bidea, "trantsizio energetikoa" izenean haizatzen dutenena, kapitalismo berdea da eta "premisa faltsuetan oinarritzen dela" adierazi du Riechmannek. "Aditzera ematen dute posible dela trantsizioa egitea, sozialki aldaketa esanguratsurik egin gabe". Ongizatea eta garapena ulertzeko modua kapitalismoaren berbera du, eta "bizitza inperialen" kontsumo moduei jarraitzen die. Baina Riechmannek iragarri du "bide horrek ez gaituela infernutik aterako": berriztagarriak izugarri hazita ere, eredua bera aldatzen ez bada, lortuko den bakarra erregai fosilak zerbait gutxiago kontsumitzea izango dela azaldu du.

Hitzaldian zehar "trantsizio energetikoa" terminoa bera auzitan jarri dute publikotik egin diren hitzartzeetan, eta Riechmannek oroitarazi du historian inoiz ez dela energiaren gaian trantsizio bat gertatu: "Sekula ez da bektore energetiko batetik beste bektore energetiko batera pasatu", energia iturri berriak aurreko energia iturriei gehitu egin zaizkie. "Eta aski da matematika soil batzuk egitea ohartzeko erregai fosilak opari geologiko bat direla, pozoitutako oparia. Ez dago ezer haiek eman diguten indarra emango digunik. Eolikoen bidez argindar unitate bat lortzeko 25 aldiz material gehiago behar da ikatz zentral batek behar duena baino. Horrekin ez dut esan nahi, noski, ikatz zentralekin eta beste erregai fosilekin jarraitu behar dugunik, esan nahi dudana da, askoz energia gutxiagorekin bizi behar dugula".

Gasteizko Artiumen egin zen hitzaldia, Araba Bizirik taldeak antolatuta eta jende ugari bertaratu zen. Argazkia: DosPorDos.
Bada D bide bat, sektore txikiek bere egin dutena

"Ez al dago irtenbiderik?" galdera erretorikoa entzun da Artiumeko aretoan. "Bai, baina oso zaila", aitortu du Riechmannek: "Dekrezimendu azkarra behar da eta inoiz ezagutu ez dugun gizarte berdintasun maila. Gizarte postkapitalista bat". Energetikoki eta materialki austeroa litzatekeen gizartea, alegia. Baina garbi du Riechmannek: "Gizarte berdintasunik gabe ez dago modurik dekrezentismoari leku egiteko. Horregatik landu behar dira ekosozialismoa eta ekofeminismoa". Publikoko galderei erantzunez, azaldu du ekofeminismoak planteatu duen ariketa egitea oinarrizkoa dela: "Pentsa dezagun zer dugun benetan beharrezko, bizitza esanguratsuak izateko. Eta azter dezagun benetan beharrezko den ondasun horiek noren esku dauden, eta nola antolatu ditzakegun horien ekoizpena eta banaketa, beti ere, Lurraren mugen barruan". Bide horrek mundu mailako justizia soziala lantzen duela dio Riechmannek: "Kontua ez da urruneko lehengusuekin onbera izan behar dugunik justizia edo moral kontu hutsengatik; baizik, infernua saihestu nahi badugu, kooperatu beharra daukagulako". Antimilitarismoa indartzea ere beharrezko ikusi du, bide horretan. Eta Almazánek azpimarratu du "kontrakulturak jokatu dezakeen papera, bestelako bizimodu ereduak eta balioak lantzeko". Egungo gizartean, sektore txikiek egiten dute bere, hirugarren bide hau.

Mugimendu ekologistaren dilemak hiru ateen aurrean

Hiru bide hauen aurrean, zer jarrera hartu behar dute mugimendu ekologistek? Ez dagoela bide errazik adierazi zuen Riechmannek:

"Esaten badugu askoz energia gutxiagorekin bizi behar dugula, esaten ari garena da kapitalismotik atera behar dugula, eta hori esanda marginaltasunean geratzen gara, talka egiten duelako ongi bizitzeaz gizartean nagusi den ideiarekin".

Beste ahulgunea da, energia eta material gutxiagorekin bizitzeak zuzenean dakarrela "pobretze material" bat, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa dela gizarte berdintasuna bermatzea, bestela egun oso prekario dauden jendeek ezingo diotelako egoera horri aurre egin: "Egun ez dugu indarrik gizarte berdintasunean aurrera egiteko, eta hori lortu gabe, ezin dugu bermatu sozialki bizimodu onik".

Baina kapitalismo berdearen doinura dantza egiteak ere baditu bere arriskuak mugimendu ekologistarentzat, Riechmannek ohartarazi duenez: "Hori laster kontra etorriko zaigu, ze herritarrek esango digute, berriztagarriekin bizimodu onaren promesa egin geniela eta ez dela horrela izan".

Adrián Almazánek Jorge Riechmannen liburu berriaren ekarpen nagusiak azaldu zituen.
Argazkia: DosPorDos.
"Badakigu norantz egin behar dugun: agroekologiara"

Ekologismoak laborariekin eta nekazal eremuekin aliantzak egitea "lehentasunezkoa" dela adierazi du Riechmannek, publikoaren galderei eranzunez. Azaldu du "badakigula norantz jo behar dugun: agroekologiara. Agroekologia oso ongi definituta dago, ezagutza eta praktika sendoak ditu". Agroekologian ari diren laborariak indartzearen eta ugaritzearen aldeko mezua eman du.

Aldi berean, kaleetan mobilizatu diren baserritarrei erreferentzia eginez, zehaztu du horien artean ere badirela aliatu potentzialak: "Denak ez dira elikadura industriaren kapitalista handiak. Bereizi egin behar dira, horietako batzuek sentitzen dute tranpan harrapatuta daudela, eta elkarri lagundu behar diogu askatzen. Hori da bidea, politikoki artikulatu behar dira aliantza horiek".

Almazánek bat egin du ideia horrekin, eta esan du elikaduraren sistema eraldatzea lortuko balitz, hori litzatekeela klima larrialdiaren aurrean lorpen estrategikorik indartsuena: "Egun kutsakorrenetakoa den sektorea agroekologiara aldatzea lortzen badugu, horrek dakarren aldea itzela da. Horregatik dago politikoki hain auzi indartsua elikaduran".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
Donostiako Udala vs. Ekologistak Martxan: nork du arrazoi?

Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla... [+]


Eskola inguruetako aire kutsadurarik handiena Donostiako hiru ikastetxetan eta Bilboko bitan atzeman dute

Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]


Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza

Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile... [+]


Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


Hasi da AEBetako Greenpeace desagerrarazi dezakeen epaiketa

Greenpeaceko kideak Dakota Acces oliobidearen aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte eta astelehenean aztertu du salaketa Dakotako auzitegiak. AEBko Greenpeacek gaiaren inguruan jasango duen bigarren epaiketa izango da, lehenengo kasua epaile federal batek bota zuen atzera... [+]


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


Eguneraketa berriak daude