Ekologiston iritziz, oso albiste ona da Eusko Jaurlaritzak angula arrantzatzeko hurrengo kanpaina, 2025-2026, bertan behera utzi izana (1). Oso albiste ona da Jaurlaritzak espeziearen egoera oso kritikoa dela behingoz onartu izana, batez ere kontuan hartuta azken urteotan profesionalizazio-dekretuaren bidez angularen arrantzari kosta ahala kosta eusteko nolako ahaleginak egin dituen.
Erabakia “azken txosten zientifikoetan oinarrituta” hartu duela esan du, baina azken txosten horiek zientzialariak aspalditik esaka ari direna berrestera datoz, alegia, espeziea egoera kritikoan dago, segurtasun-muga biologikoetatik kanpo. Beraz, Gobernuak erabakia espeziearen egoera larriaren berri ematen duten txostenetan hartu izan balu, aspaldi hartuko zukeen, angula-arrantza kosta ahala kosta mantentzen tematu gabe, tematu den bezala. Azken txostenak ez ezik Arartekoak ekainaren 4an gai honi buruz argitaratu zuen ebazpen bat ere aipatzen du Jaurlaritzak, eta, gure ustez, Arartekoaren ebazpena erabakigarria izan da.
Izan ere, ebazpen hartan Arartekoak egurra eman zion Jaurlaritzari, gogotik eman ere (2). Ohartarazi duenez, Jaurlaritzak angularen inguruan onartu zuen dekretuaren “helburu nagusia (hau da, espeziearen arrantza profesionalizatzea) ez dator bat Europar Batasunean alor honetan indarrean dagoen erregulazioaren helburu nagusiarekin (hau da, aingira babestea)”. Arartekoak gehitu zuen ez dagoela Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen duen txosten zientifiko eta teknikorik. Gauzak horrela, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu zion “angularen arrantzaren erregulazioa berrikustea susta dezala, EBko zuzenbidetik eratorritako aingira europarraren populazioa berreskuratzeko eskatzen diren neurrietara egokitzeko”.
Arartekoak ebazpen hura argitaratu zuen Mutriku Natur Taldeak aurkeztutako kexa bati erantzunez, eta bat dator ia puntuz puntu talde ekologistok azken urteotan auzi honetan defendatu dugunarekin.
Aingira “galzori larrian” eta “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo” dagoela ikusirik, Europar Batasunak, 2023ko otsailean argitaratutako Erregelamendu baten bidez, angularen arrantza profesionala murriztu zuen, eta aisialdikoa guztiz debekatu. Beraz, Euskadiko Autonomia Erkidegoan debekatuta geratu zen, aisialdikoa baitzen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zen angula-arrantza bakarra. Orduan Jaurlaritzak profesionalizazio-dekretua atera zuen, EBren erabaki berrietara “egokitzeko” tresna zela argudiatuz, baina guk ohartarazi genuen bezala, hura ez zen egokitzea, Erregelamenduari izkin egitea baizik, arrantzatzen jarraitu ahal izateko.
Halaber, ohartarazi genuen ez zegoela txosten zientifiko eta teknikorik profesionalizazioa eta hari lortutako beste erabaki batzuk justifikatzen zituenik, hala nola, 150 lizentzia ematea edo 2024-2025 denboraldirako 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea. Eta baldin bazegoen, guri, behintzat, ez ziguten ematen, behin baino gehiagotan eskatu genuen arren. Hori dela eta, Arartekoak, Jauraritzak aurkeztutako txostenak ikusi ondoren, zera esan zuen: “Ondorioztatu behar da [txosten] bakar bat ere ez dela ex profeso bildu angularen arrantza profesionala Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea justifikatzen duen erabakia hartzeko prozesurako”; “txosten tekniko batek ere ez ditu justifikatzen, ezta aipatzen ere, aisialdiko arrantza profesionalizatzeko arrazoiak, ezta arrantza profesionalerako 150 lizentzia edo 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea erabaki duen irizpide tekniko edo zientifikoa ere” (3).
Egia esan, dekretuaren gabezia hauek guztiak txosten batean jaso zituen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 2024ko otsailean, baina Jaurlaritzak ezikusiarena egin zuen, txostena ez zela “loteslea” argudiatuz. Honen aurrean, Arartekoak zera esan zuen: “Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena loteslea ez bada ere, lotesleak dira horren txosten zorrotzak jasotzen dituen gogoeta juridikoak”.
“Gauzak horrela –esan genuen Mutriku Natur Taldeak eta Eguzkik ebazpenaz egin genuen balorazioan–, kontua da ea Jaurlaritzak oraingoan ere ezikusiarena egingo duen Arartekoaren gomedioaren aurrean. Izan ere, ebazpena dekretuaren zuzenketa osoa da”.
Profesionalizazio-dekretua Iñigo Urkulluren gobernuak onartu zuen, bere azken bileran. Orduan esan genuen hura kontseilari berriari zabalean egindako dejada zela, eta aukera bikaina zela kontseilari berriak erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen zuen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez zen. Bistan da kontseilariak ez zuela pilota bildu eta aukera alferrik galdu zuela. Arartekoak bigarren aukera eman dio, eta oraingoan bai, oraingoan pilota bildu du kontseilariak. Hori bai, lehenengo aukera alferrik pasatzen utzi izanaren ondorioz, aingira europarra espezie gisa eta biodibertsitatea atera dira galtzaile.
EGUZKI TALDE EKOLOGISTA ETA MUTRIKU NATUR TALDEA
(2) Arartekoaren ebazpena oso-osorik: GetDocumentServlet
(3) Esan dezagun, bide batez, kupoa 550 kilokoa bazen ere, 200 baino ezin izan direla arrantzatu, arrantzaleek berek lonjan deklaratu dutenaren arabera. Eta kontuan hartu behar da arrantzarako egunik aproposenak aukeratu direla. Angularen egoera larriaren beste testigantza bat.