Torturatuaren mina gaur

Argazkia: Ekinklik

2021eko uztailaren 14an - 08:31
Azken eguneraketa: 10:38

Torturaren munduan kazetari lanean sartzeak hainbatetan barrenak nahastuta ateratzea dakar. Eta eskerrak, bestela norbere buruaz kezkatzekoa litzateke eta. Ez, denborak ez gaitu ohitu. Duela 40 urte, 30, 20, 10... kalean, komunikabideetan, lagunen artean, etxean... entzundako edo irakurritako torturaren minak bizirik dirau euskal gizartean. Bizirik eta zokoratuta.

Esaten da 2014tik ez dela tortura salaketarik egon, euskal gatazkari lotutako gaietan bederen. Tarte horretan gainera, Eusko Jaurlaritzaren aginduz egin da Euskal Herrian egin den tortura ikerketarik zehatzena (2017), nahiz eta bakarrik EAEko kasuak aztertu dituen. 1960tik 2014ra 4.113 tortura salaketen berri jaso zituen, horietako 500 bideoz grabatu ziren eta 202 pertsonari Istanbuleko protokoloa egin zitzaion.

Euskal Memoria Fundazioak ere badu egina bere azterketa (1960-2013): 5.657 kasu Euskal Herrian, horietatik 693 Nafarroan. Iragan legealdian, Uxue Barkosen gobernuak ere agindu zuen ikerketa bat Nafarroan, 1960-1978an izandako tortura kasuei buruzkoa: 169 salaketa jasotzen ditu txostenak. Foru Gobernuak aitortu du 2014a arteko lana bukatzeko asmoa, baina legealdiaren bi urte pasatu dira jada. Nafarroako Torturatuen Sarearen ustez milatik gora dira herrialdeko torturatuak.

Esan liteke, beraz, torturaren biktimen ezagutzan zerbait aurreratu dela: Hegoaldeko bi gobernuek agindutako ikerketetan, sikiera 4.300 bat pertsonari aintzat hartu zaio –nolabait hau ere– torturatua izan dela. Urrats txikia torturaren biktimen aitortzaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean, baina erraldoia milaka torturaturentzat, haien eskaeretan aitortza delako behinena: Espainiako Estatuak aitor dezala bere zerbitzuko segurtasun indarrek hamarkadatan zehar torturatu zutela, inpunitatez eta estatuko sare zabal baten parte-hartze eta babesarekin. Baina nola onartu Madrildik euskal disidentziaren aurkako gerran, tortura arma indiskriminatu eta garrantzitsuenetakoa izan zela?

Hara paradoxa, lehen gatazkak tortura ikusarazten zuen euskal esparru zabal batean behintzat. Orain, ikerketen garaian, torturatuak gero eta zokoratuago daude, kontakizun nagusiaren harian galtzaileei dagokien moduan. Ez dago plakarik haien garrasiarentzat, ezta harrera ekitaldirik legebiltzarretan, lehendakaritzetan, diputazio edo udal aretoetan, kalean ere ozta-ozta... balirudike memoriaren zurrunbiloak betirako irentsi duela tortura, noizean behin Non dago Mikel? batek astindua eman arte. Zorionez –ikusgarritasuna eta ukendua da– eta zoritxarrez –ezin inoiz alboratu–, torturatuak dira haien borrokaren lehen lerroan, bereziki Nafarroan. Haien garrasia gero eta ozenagoa da, behar dute: "Tortura ikertu". Baina ez dakit gizartean entzuten zaien eta, duda barik, hori bai da kezkagarria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
"Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak"

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


2024-05-02 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude