Tiananmen ez hartu alferrik ahotan


2022ko abenduaren 05an - 12:00
Azken eguneraketa: 06:18

Halabeharrez –96 urteen halabeharrez, besteak beste– hil da Jiang Zemin baten batzuek “Tiananmenekoaz geroztiko protesta-mobilizazio handiena” dela dioten horren erdi-erdian. Eta, nola ez, zenduak gertakari haiekin izan zuen harremana hala moduz –alegia, eskas eta oker– obituorio guztietan oroitarazi bada, ez dira ezta ere bakanak duela 33 urtekoaren eta oraingoaren artean kidetasunak bilatzeari ekin dioten “adituak”. Tira, ez litzateke Tiananmen izena horren merke erabili behar. Ordukoagatik eta oraingoagatik.

Baina horretarako, egitateen bidez egia bilatzeko sen pittin bat ere eduki beharko litzateke; eta askotan ematen du ez dagoela halakorik. Edo copy&paste-ren kulturak, inoiz baino informazio-aukera gehiago dagoenean, inoiz baino endelegamendu gutxiagorekin uzten gaituela. Esku-eskura dauden argibide erosoenak ere baztertzen direlako, batek daki zergatik.

Duela 33 urte pasa, Tiananmeneko plazan akabera izan zuen hura, sistemaren benetako krisi politikoa izan zen Txinan. Iraultza Kulturalaren ondorengo larriena. 1976koak ez bezala, sustrai sozial garbia ere bazuelako, aginte politikoaren baitako joera-borraka sakonaz gain.

Tiananmenen akabera izan zuela diot, hasiera ez zuelako ez bertan ez orduan izan. Alderdiaren gailurreko desadostasunak ia hiru urte lehenagotik zetozen, 13. Kongresuaren prestamenetatik. Eta krisi sozialaren lehen agerbidea, prezeski, Jiang Zeminek aginte zuzenpean zuen Shanghain sutu eta gartu zen, Tiananmenekoa hasi baino hainbat hilabete lehenago. Jiangek “bere” Shanghaiko krisi hura nola kudeatu zuen faktore erabakigarria izango zen gero, Deng Xiaopingek eta konpaiek bidalitako tankeek Tiananmeneko plaza “garbitu” ondoren, Alderdiaren zuzendaritza berrantolatzeko orduan.

Idatzita dago. Ez Txinako iturri ofizal agerikoetan, baina bai, adibidez, Brent Scowcroft, Bush-aitaren Segurtasun Nazionaleko aholkulariaren oroitzapen argigarrietan.

Aurtengo azaroko azken asteburuan Txinako hainbat hiritan, C9 Ligako unibertsitateetatik (Tsingua, Beida, Fudan, Jiaotong...) gertu gehienetan, beren arropa txukunekin eta azken belaunaldiko Iphone edo Xiaomiekin irudiak hartu eta sareratzen arratsean elkartuta ikusi ditugun ehunka neska eta mutil horiek Txinako egungo sistema politikoan krisi serioa sorraraz dezaketela sinesteko... grina handia behar da. Edo kolapsismoa deitu ohi den horretan fede itsu samarra. Eta gazte horien abiaburu diren eliteko ikastegi txinatarren soziologiaz (eta politikaz) ezjakintasun larregi samarra.

Baina Zero-COVID estrategia Xi Jinpingen ateraldia besterik ez dela deritzonak, sinets dezake beste edozer ere.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude